Gaitz zeliakoa

Gluten debekatuaren sindromea

Europako biztanleriaren %1ek gari, garagar eta zekalez eginiko elikagaien kontrako intolerantzia iraunkorra nozitzen du, pazienteari molestia larriak eragin diezazkiokeena.
1 abendua de 2006

Gluten debekatuaren sindromea

/imgs/20061201/img.salud.01.jpg

Europako biztanleriaren %1ek gari, garagar eta zekalez eginiko elikagaien kontrako intolerantzia iraunkorra nozitzen du, pazienteari molestia larriak eragin diezazkiokeena.

Garia, garagarra eta zekalea zereal edo laboreak dira eta horiekin osatzen dira Mendebaldeko dietan oinarrizkoak diren elikagai batzuk: ogia, esate baterako. Baina osagai horiek ezin dituzte pertsona guztiek irentsi: Europan, adibidez, ehun lagunetik batek, gaitz zeliakoa jasaten du. Emakumeetan gizonezkoetan baino arruntagoa den gaixotasun horren agerpena ezaguna dugu dagoeneko: esandako labore horien proteina baten (glutenaren) aurkako intolerantzia kronikoa da.

Huts eginiko xurgatzea

Digestio prozesuari esker irentsi dugun elikagaia partikula txikiagotan banatu eta partikula horiek (makronutrienteak), berriz, askoz ere partikula ñimiñoago (mikronutrienteak) bihurtuko dira. Zatitxo horiek sustrai mikroskopikoen itxurako ilez beterik dauden heste-hormetan xurgatzen dira. Gaitz zeliakoa nozitzen duen gizakiaren hesteetako ile horiek hantura-prozesua pairatzen dute, lautuz doaz eta azkenean, koadro larrienetan, desagertu egiten direnez, nutrienteen xurgatze-prozesu osoa bihurritu egiten da eta, ondorioz, hainbat eta heste-sintoma azaltzen dira, gabeziak eta metabolismoak eraginikoak.

Nahi izan gabeko herentzia

Gaixotasuna nozitzeko aukerarik handienak pazientearen lehen graduko senideak izateak erakusten digu gaitz honek garratzi handiko osagai genetikoa duela. Eritasuna umea txiki denean (bi urte dituenean) ager daiteke, bere dietan garia sartuz gero baina, era berean, heldutasunean ager daiteke, pertsonak 30 – 40 urte bete ondoren ere. Kasu gehienetan sintomak arin-arinak dira, ez dira ongi hautematen konplikazio latzak etorri arte. Beraz, oso litekeena da gaitz zeliakoak urte luzetan asintomatiko iraun eta, bat-batean, birusen bidezko infekzio, ebakuntza kirurgiko, estres- edo neke-aldi larri, lesio fisikoak ondorioztatu dituen istripu edo antzeko beste baten eraginez agertzea.

Diarrea eta gabezia nutrizionalak

Sintomatologia ohikoenak erakusten ditu diarrea kronikoa, pisu galera eta argaltzea, gabezia nutrizionalak (anemia, osteoporosia, K eta beste hainbat bitaminaren eta mineralen gabezia, etc.). Segun-eta zein adinetan eta nolako larritasunez azaltzen den, gaitz zeliakoaren aldaerak hauteman dira: diarrea, goragalea, gonbitoa, hazkuntza atzeratua, pisu urria, muskuluen okerreko garapena, sumintasuna, apatia, tristezia, barnerakoitasuna, etc agertzen dituzte haurrek. Helduetan, berriz, intzidentzia larriena 30 – 40 urte inguruko emakumeek agertzen dute, sintoma hauek azalduz: nekea, ahidura, sabeleko mina, meteorismoa (haizeak) eta flatulentzia, anemia ferropenikoa (burdina gabeziaren ondorioz) eta, zenbaitetan, idorreria. Antzekotasunak medio, zenbaitetan kolon narritatuarekin nahasten da gaitz zeliakoa.

Diagnostikoa, lehenbailehen

Gaixotasuna berandu diagnostikatzen bada edo tratamendua egokia ez bazaio ematen gaixoari, oso litekeena da epe luzera konplikazioak agertzea: barearen atrofia, hesteetako linfomak, digestio-tratuko kartzinomak, gutxiegitasun pankreatikoa eta beste hainbat. Funtsezkoa da, horrenbestez, ahalik eta azkarren diagnostikatzea; zenbaitetan diagnosia egitea zaila da, aitor dezagun, hastapeneko sintomatologiak berariazkotasun gutxi erakusten duelako. Susmorik arinenaren aurrean, dena dela, beharrezkoa da proba analitikoak eta heste-biopsiak osaturiko diagnostikoa egitea.

Errotik suntsitu bai, baina nekez

Gaixotasuna egiaztatu eta berretsiz gero, tratamendu eraginkor bakarrari ekin behar zaio: bizi bitartean dietatik glutena erabat kentzea, zati txiki bat aski litzateke-eta eritasuna berriro abiarazteko.

Mendebaldeko herrialdeetan ez da kontu samurra glutenik gabeko dieta egitea, manufakturatutako elikagaien %75ek osagai daukatelako: aromen lurrungarri, koloratzaile, kontserbatzaile, lodigarri, hezetasunen galarazle edo bestela. Egun, produktuaren etiketan gluten daukan garia edo beste zeinahi labore baliatu dela adierazten da.

Elikagaien zerrenda

Baimendu eta debekaturiko elikagaien zerrenda luzea bada ere, orientazio gisa eman dezakegu hauxe, laburbildurik:

Glutena daukatenez, saihestu behar diren elikagaiak

  • /imgs/20061201/img.salud.02.jpgGari, garagar edo zekalez osaturiko ogi eta gainerako produktuak.
  • Gari, garagar, zekale edo semola osagai daukaten pasta landuak.
  • Entsaladak osatzeko onduak, haragi zukuak, saltsa eta zopak, gluten daukatenak.
  • Krema edo bexamelez prestatutako barazkiak, enpanadak, etc.

Glutenik ez daukate-eta, aholkatutako elikagaiak

  • /imgs/20061201/img.salud.03.jpgArto, arroz, soja irinez edo patataz osaturiko ogi eta pastak.
  • Soja, arto zuritu edo arrozekin prestaturiko zerealak.
  • Arrozez osaturiko fideo eta bestelako pastak
  • Esnea eta gazta (urtua, ez)
  • Artoa, arroza, soja
  • Industrial ez diren (elaboratuak ez dauden) fruta eta barazkiak.
  • Haragi mota guztiak, arrainak.

Prezio bizia eta laguntzarik ez

Glutenik gabeko elikagaien zerrenda luzea da egun baina denek dute oso-oso prezio garestia eta, gainera, Administrazioak ez du inolako laguntzarik ematen horrelakoak erosteko.

Aholku baliagarriak

/imgs/20061201/img.salud.04.jpg

Glutena dietatik erabat ezabatzeaz gainera, gabezia nutrizionalak zuzentzea xede duten bestelako neurriak ere hartu behar lirateke. Glutenik gabeko dietari esker, arazoari konponbidea eman eta hesteetako lesioak sendatu ahal izango diren arren, horrek ez du esan nahi pazienteak gaitzari arreta bideratu beharko ez dionik; alderantziz, ordea, gertu-gerturik segitu beharra dago.

  • Hobe da eritasun honen alderdi guztiak ezagutzea. Informazio hori sendagileak emango badigu ere, gaixo zeliakoen elkarteetan ere eskura daiteke.
  • Dietistari bisita egin eta espezialistaren (gastroenterologoaren) kontrola pasatzea komeni da, aldian behin, eboluzioa aztertzeko.
  • Zenbaitetan (gutxitan) dietatik glutena kentze hutsak ez dakar hobekuntza nabarmenik: gaitz zeliakoaren aldaera immune honek kortisonazko tratamendua ematea eskatzen du.
Erantsitako patologiak

Eritasun honetan gorpuzten den oinarrizko trastorno inmunologikoak, sindrome zeliakoaren aurretik edo ondoren azal daitezkeen bestelako patologien agerpena ere baldintzatzen du:

  • Dermatitis herpetiformea: zeliakoen %20k jasaten dutelarik (nerabeek eta heldu gazteek, batez ere), papulak (zaldarrak) eta hazkura ugari sortarazten ditu dermatitis honek.
  • Diabetes mellitus I, diabetes intsulina-dependentea: zeliakoen %8k pairatzen dute.
  • Down-en sindromea: erien %16k nozitzen du sindrome hau (zeliako ez direnen batez bestekoa baino ehun aldiz gehiago).
  • Tiroideko gaitza: pazienteen %14ei bilatzen zaielarik, hipotiroidismoa ohikoagoa da hipertiroidismoa baino.
  • Gaixotasun hepatikoa: gaixo zelaikoa tratamenduan jarri ez denean agertzen da. Dietatik glutena kenduz gero, koadrorik arinenak ezabatu egiten dira.