Ordaintzaile berankorren fitxategiak

Zordunen zerrendan ez du zernahik balio

Ordaindu gabeko zorren erregistroak erregulatzen dituzten arau zorrotzen helburua gehiegikeriak galaraztea da. Horretarako, aldian-aldian eguneratzen den informazioa muga batzuekin kontsulta dezake erabiltzaileak, diru-kopuru bat ordaindu ondoren
1 abendua de 2006
Img consejos listado 173

Zordunen zerrendan ez du zernahik balio

/imgs/20061201/img.consejo-del-mes-2.02.jpg

Berankor hori oso atributu atsegina ez bada ere, are eta okerragoak dira Espainiako ordaintzaile berankorren fitxategietakoren batean izena idatzia daukan titularrarentzako ondorioak. Enpresek eta elkartuek eskura ditzaketen zerrenda horietan ordaindu gabeko zorrei buruzko informazioa agertzen da. Bertan azaltzen den pertsonaren berankortasuna, beraz, bere hartzekodunak ez ezik, ordaintzaile horren kaudimena ebaluatzeko xedez fitxategira jotzen duten enpresa guztiek ere ezagutu ahal izango dute. Delako ordaintzaile berankor horrentzako kalte behinena, beraz, kredituak edo bestelako hainbat eragiketa kontratatzerik ez izatea da. Horregatik erregistro horretan ez da agertu behar duda-mudarik piztu dezakeen ez-ordaintzearen gaineko daturik.

Berankorren fitxategiak

Enpresa hauek ondare-kaudimenari buruzko informazioa eskaintzen diete beste enpresa batzuei. Ez-ordaintze eta zorren gaineko datuak beren enpresa elkartu edo bezeroengandik eskuratzen dira; enpresa horiek, zordunen informazioa emateaz gainera, beste pertsona batzuek emaniko informazioa ere eskuragarri dute, eragindakoen kaudimena balioztatu ahal izateko.

Nola sar gaitzakete berankorren fitxategian?

Hartzekodunak fitxategiari eskatzen dioenean, zordunak hipotekako letra bat, hornikuntza-faktura ordaindu ez duelako edo kreditu-txartelarekin behar ez bezalako eragiketa egin duelako. Dudarik gabeko eta bidez frogaturiko zorrak bakarrik fitxa daitezke da; horretarako, zorrak epe-muga gainditua behar du eta galdagarria izan. Hartzekodunak zordunari ordainketa egin dezan erreklamatu behar dio berariazko ordaintze-eskari bidez, zorduna fitxategian sartu aurretik. Fitxategiari datuak jakinarazten dizkiona hartzekoduna denez, berak ziurtatu behar du baldintza guzti-guztiak betetzen direla. Bestela ez du erregistroan inor sartzea bultzatu behar; egitekotan, lege-haustea du hori.

Erregistroan sartu dela jakinarazi behar zaio interesatuari?

Zorduna fitxategian erregistratu ahal izateko bere baimena jasotzea nahitaezkoa ez bada ere, bertan sartu denetik 30 eguneko epean fitxategiko arduradunak horren berri jakinarazi behar dio, jasotako datu guztiez -baita iturriez ere- informazioa biltzeko eskubidea daukala jakinaraziz.

Nola irten berankorren fitxategitik?

Datuak baliogabetu behar dira, bai legezko betebeharrak bete ez direlako, bai zorra ordaindu delako, bai sei urteko legezko epea bete delako.

Datuak baliogabetu ahal izateko, hartzekodunak deitu eta gorabeheraren berri eman behar du berankorren fitxategira. Datuak Babesteko Agentzia Espainiarrak xedatua duenez, berankorren fitxategiko arduradunak ez du eskumenik okerreko datuak aldatu edo baliogabetzeko.

Zorra ordaintzen badu edo legezko epea betetzen bada, hartzekodunari fitxategian baja eska dezan eskatu behar zaio. Hartzekodunak ahalik eta lasterren (astebetean, gehienez ere) horrela jokatzeko obligazioa du. Bestela jardutea lege-haustea litzateke eta, ondorioz, isuna ordaindu beharko luke, agian.

Datuek sei urte soilik iraun dezakete erregistroan?

Sei urteko hori hasten da norbait fitxategian alta emandakoan edo, gehienez ere, bete gabeko obligazioaren epe-mugatik lau hilabetera. Sei urteko hori, beraz, ez da datuek fitxategian iraungo dutena, zorraren aspaldikotasuna baizik.

Zer gertatzen da “zero saldoa” aipamenaz fitxatu direnekin?

Ordaindutako zorren kasuan, “zero saldoa” aipamena mantentzea debekatua dago. Horri eustekotan ez da ematen eragindako pertsonaren egungo egoeraren egiazko irudia, iraganeko zorrak gogoratzen baitira. Zorra ordaindutakoan era guztietako aipamenak ezabatu behar dira, eragindakoaren egoera eta fitxategian behin ere egonak ez direnena berdin-berdina izan dadin.

Nolako eskubideak ditu eragindakoak?

Erregistraturiko informazioa jasotzeko eta, okerrekoa izatekotan, zuzentzeko edo baliogabetzeko eskubidea du.

Eskubideak egikaritzeko lehen pausoa zein da?

Lehenik eta behin, informazioa jaso behar da, hartzekodunaren aurrean datuak eskuratzeko eskubidea egikarituz, hartzekodunak jakinarazi baitzizkion datuak ordaintzaile berankorren fitxategiari. Datuak nork eman zituen ez jakitekotan, kontuan izan fitxategiko arduradunak eragindakoari hartzekodunaren datuen berri gaztigatzeko obligazioa daukala. Eskaera jaso duenetik hilabeteko epean arduradun horrek ebazpena eman behar du. Eskatutakoa aintzat hartzekotan, hurrengo hamar egunean datuak eskuragarri jarri behar dizkio ordaintzaile berankor izan denari. Hilabeteko epea pasatuko balitz berariazko erantzunik eman gabe edo datuak eskuratzea galaraziko baliote, Datuak Babesteko Agentzia Espainiarraren babesa eskatu ahal izango luke.

Nolako datuak eman behar dituzte?

Prozesaturiko haren datu pertsonalen, hauen jatorriaren gaineko informazioa eta egin diren edo egitea espero diren komunikazioak.

Erregistraturiko datuak okerrekoak badira, zer egin daiteke?

Datu horiek zuzendu edo baliogabetu egin ditzatela eska diezaioke titularrak era fede-emailean hartzekodunari. Honek, eskaera jaso duenetik hamar eguneko epean, bere fitxategian erregistraturiko datuak zuzendu edo baliogabetzeaz gainera, ahalik eta lasterren, ordaintzaile berankorren fitxategiko arduradunari datu horiek baliogabetu edo zuzen ditzan eskatu beharko dio.

Hartzekodunari eskatu zaionari men egitea bidezko ez dela iruditzen bazaio, eskatzaileari hamar eguneko epean jakinarazi beharko dio bere jarrera, eskatzaileak Datuak Babesteko Agentzia Espainiarraren babesa eskatu ahal izan dezan. Babes-eskari hori egin dezake, era berean, epe horretan erantzunik jasotzen ez badu.

Aholkuak
  • Eskari guztiak era fede-emailean egin behar dira, NAN agiriarekin batera.
  • Eskubideak babestea dela eta, Datuak Babesteko Agentzia Espainiarrera idaztea da bide egokia; eskaerarekin batera, igorritako idazki guztien, horrelakoak hartu izanaren agirien eta, baldin balego, jasotakoen kopiak entregatu behar dira. Eskubideak egikaritzeko agiri-ereduak eskura daude www.agpd.es. orrian.
  • Fitxategiak bertan zarela jakinarazi ez badizu (zor jakin bakoitzeko jakinarazpen bana), sala ezazu Agentzia horren aurrean lege-hauste larria egiteagatik. Jakinarazpena egiaztatzea fitxategiko arduradunaren erantzukizuna da.
  • Zeinahi lege-urratze dela eta, aurkeztu salaketa Agentzian, froga eta guzti. Organismo horrek legez kontrako jokamoldeak isunekin zigortu ahal izango baditu ere, eragindako kalteengatik (moralak, maileguen ukazioa, etab.) ez du indemnizaziorik ordainduko; horretarako, epaitegira jo beharko da.