Nagusia aguantatzea ere...!

Lanean nagusien gehiegikeriak nozitzen dituzten pertsonek trastorno fisiko, psíkiko edo, areago familiarrak pairatzen dituzte; hauek ahuldu edo arindu egin daitezkeen arren, konponbidea ez da bat ere erraza
1 maiatza de 2007

Nagusia aguantatzea ere...!

/imgs/20070501/img.interiormente.01.jpgLiskarrak eta igurtziak ekidin ezineko errealitateak dira pertsona arteko harremanetan, bai gizakia erdigunea duten taldeetan, baita lana erdigunea dutenetan ere. Pertsona guztiek ez dituzte interes berberak, ezta jarrera berberak, ezta nortasun-mota berberak ere. Familia, ingurunea eta hezkuntza-sistema sozializatzeko eginkizunean sartzen da gizarteko kideak liskar eta igurtzi horiei buru egin ahal izateko trebeziez hornitzea. Hori, ordea, ez da beti posible. Lan-mundua dugu horretarako laginik egokienetako bat. Norbaitek “nagusia ez dut aguantatzen” dioenean, ezin jasaneko ugazaba edo, bestela, inongo aginterik bereganatzeko gauza ez den enplegatua izango dugu aurrean, seguruenik.

Bereiz ditzagun, lehendabizi, “beharrezkoak” diren tentsioak eta debalde sortzen direnak, pertsonen arteko okerreko harremanen ondorioz. ?Beharrezko” horiek, erakundearen helburuei erantzuna eman beharraren ondorioz gertatzen direnak dira. Gizakiaren zeinahi jarduerak, aurrera eraman ahal izango bada, ezinbesteko tentsioa probokatu behar du. Nahitaezko aktibazio hori gabe atazak ez dira egiten behar bezain egokiro.

Arazoa dator erakundeek produkzio-erritmoak azkartzen dituztenean, presioak turrustan sortaraziz, hots, nagusi bakoitzak bere ekipoko kideei transferitzen dizkielarik. Norbaitek “ene nagusia ez dut aguantatzen” dioenean baliteke, agian “erakunde hau ez dut aguantatzen” esan nahi izatea. Zergatia: maiz, presioa eragiten duten nagusiak beren nagusiek eraginiko presioen biktima dira eta, horrela, erakundeak probokatzen duen tentsioaren nahitaezko kolaboratzaile bihurtzen dira.

“Mobbinga”

/imgs/20070501/img.interiormente.02.jpgBeste askotan, ordea, biktima hutsa baino beste zerbait gehiago da nagusia: debaldeko erasotzaile bihurtzen den norbait da eta, izaeraz horrela delako, kargu horrekin “gozatu” egiten du eta “bekatari ordaintzaileak” bilatu behar ditu. Horrelako egoerak ingelesezko mobbing hitzaz bataiatu dira.

Mobbing, jazarpen moral edo eraso psikologikoa lantegian zer den deskribatzeko, honela azalduko genuke: egoera horretan pertsona edo talde batek beste pertsona baten kontra epe luze batean muturrerainoko biolentzia psikologikoa sistematikoa egiten dute lantegian. Mobbing horretan erasotzailea biktimaren gainetik agertzen da beti enpresako eskala hierarkikoan.

Jazarpena era askotan ager daiteke

  • /imgs/20070501/img.interiormente.03.jpgEnplegatua gutxietsi edo aintzat ez hartzea eta, hortaz, lanik ez agintzea.
  • Enplegatuak eginiko lanak sistematikoki erdeinatzea.
  • Lankideak isolatzea, beraien arteko komunikazioa galaraziz.
  • Itxura, sinesmen edo arrazan oin harturik, pertsona horri gutxiespenezko iruzkinak egitea.
  • Langilea lankideen aurrean barregarri uztea.
  • Ezkutu zein ageriko iradokizun edo probokazio sexualak egitea.
  • Enplegatuei oihuka edo irainka aritzea.
  • Hitzez mehatxatzea.
  • Lankideen artean enplegatuaz gezurrak hedaraztea.
  • Enplegatuaren lana sistematikoki auzitan jartzea.

Enplegatuak nozitzen dituen jazarpen horren ondorioak

Nagusi patologikoen ondoreak pairatzen dituzten pertsonek kalbario latza bizi ohi dute; biktima ez ezik, inguruko pertsonek ere jasaten duten sufrikario hori hainbat eratan agertzen da.

  • Sintoma psikosomatikoak
    • Fisikoak: zefalea tentsionalak, insomnioa, alterazio kardiobaskularrak, loaren trastornoak, digestioaren trastornoak…
    • Psikikoak: sumingarritasuna, antsietatea, paniko krisiak, depresioak, arreta zuzentzeko eta kontzentratzeko zailtasunak, oroimenaren alterazioak. Zenbaitetan, pertsonak bere buruaz duda egiten du, beheragokotzat hartzen du bere burua.
  • Lanak nozitzen du disfuntzioa. Lanaren kopurua eta kalitatea jaitsi egiten dira. Talde-lanean aritzeko zailtasunak, lanean baja maiz hartzen da, enpresaz aldatzeko gogoa pizten da. Ase ez dauden pertsonen baturak giro desatsegina sortarazten du lantegian eta horrek pertsonengan ez ezik, erakundean ere izaten du eraginik. Axolagabekerien ondoriozko deskuiduak maizago gertatzen dira eta, beraz, istripuen arriskua areagotzen da.
  • Famili giroan du eragina. Frustrazioek pertsona gehiago harrapatzen dituzte. Norbaitek bizitzaren herena edo gehiago nagusien neurrigabeko presiopean ematen duenean, presio horrek eragiten dion antsietatea horretan errurik bat ere ez dutenei pasarazten die azkenean: senitartekoei, ezkontideari, seme-alabei. Azkenean hauek ere nozitzen dituzte mobbingaren ondorioak.

Nola defendatu?

Eraginiko pertsonak bere defentsak sortu beharko ditu, bere buruaren eta senitartekoen osasun mentala zaintzeko:

  • Bere buruaren nortasuna indartuz.
  • Asertibitatea (tinko izateko eta ezezkoa ematen ikasteko trebezia) landuz
  • Antsietatea eta estresari aurre egiteko teknikak baliatuz
  • Bere buruaren alderdi positiboak ahalik eta gehien garatuz.
  • Bai antsietate-maila apaltzeko, bai era guztietako egoera kaltegarriei buru egiten ikasteko ere, profesional baten laguntza eskatuz, beldurrik gabe.

Aldaketak egituretan

Egoera eredugarria, egiturak aldatu eta enplegatuak jazartzen dituzten nagusiak desagertzea da. Pertsona arteko harremanetan beti agertzen diren gatazkak konponduko lituzketen egitura iraunkor eta heldua eduki beharko lukete erakundeek, pertsona horientzat ez ezik, enpresarentzat ere mesedegarri gertatuko litzatekeelako.

Gatazkak hauteman eta behar bezala kudeatzeko, mobbingaren sintomak garaiz ezagutu eta lehenbailehen sendatzeko trebeziak garatu beharko lituzke erakundeak. Horretarako, kexu egiteko eta anonimatuan aritzeko eskubidea bermatuz, gatazka pertsonalak konpontzeko arau garbiak agertu beharko lirateke lantegian bertan, pertsonen arteko artekaritza-sistemak aurreikusten dituztenak. Helburu horiek erdiesteko, ordea, pertsona arteko harremanetan eta gatazken konponketan langile guztiek entrenatu beharko lukete.

Erakundeak aldatuko direla itxarotea, oro har, mirariaren zain geratzea da. Maila pertsonaleko irtenbidea ere ez da gizakiari beste enpresa batera joan dadin aholkatzea, enpresa berri horretan ere beste horrenbeste edo, areago, egoera okerragoa topatuko duelako, akaso.

Nagusi patologikoaren izaera

Hainbat ezaugarri agertzen dituzte maiz horrelako pertsonek:

  • Beren baitako gabeziak konpentsatzeko, aginduak ematea dute beharrezkoa, beren azpian presionatu ahal izateko moduko norbait izatea, era horretan “zu baino gehiago naiz ni” horren gogobetetasuna bizitzeko.
  • Balio pertsonalak ez ohi dituzte aintzat hartu. Lan kontuetan daude zentratuago eta, hortaz, pertsonak lanabes huts gisa hartzen dituzte, azkenean giza hondakin bihurtuko direnak.
  • Pertsona egolatra eta nartzizista horientzat unibertsoaren erdigunea beren burua da.
  • Erru-sentimendurik ez dute, ia. Ez dute autokritikarik egiten, beren ideia eta jarduerak ez dituzte behin ere zalantzan jartzen eta, horrela egiten badute, beren nagusiek eragindako presioaren ondorioz edo, bestela, nagusi horiei atsegin gertatzeko dihardute horrela.
  • Aurre egiten zaienean koldarrak izan ohi dira.