Komunitate zientifikoa Poloetara begira
Horiexek dira poloetan zer jazotzen ari den zehatz-mehatz ezagutzera nazioarteko komunitatea eraman duten arrazoietako batzuk eta horregatik ekin zaio martxoan Poloen Nazioarteko 2007-2008 Urteari: hamabi hilabeteko epe horretan 220 ikerkuntza proiektu jarriko dira martxan, bertan 63 herrialdetako ia 50.000 zientzialarik esku hartuko dutelarik. Honelako ekimenak beste hirutan bakarrik gorpuztu dira azken 125 urteotan: aurrekoak 1882, 1932 eta 1957an izan ziren. Proiektu onen bitartez, herrialde askotan egiten ari diren ahaleginak batu nahi izan dira zona polarretako ikerkuntza sustatzeko baina, horretarako, sekulako diru eta denborazko inbertsioa egin beharra dagoenez, herrialde bakar batek ezingo lioke aurre egin horrelako bati. Poloen Urteko ikerkuntzan denetik aztertuko da, Antartidan eta Artikoan bizi diren itsas organismoak, pinguinoen osasuna, arrantza-baliabideen egoera, etab. Horiekin batera eta modu berezian, bi polo-eskualdeetako klima-aldaketa ikertuko da, berotze globalak horietan eragin berezia izan baitu.
Noiz eta zenbat izotz urtuko den
Adituen iritziz, polo-zonek eman dezaketen informazio baliotsuak planetan klima nola bilakatuko den aurreikusten lagunduko gaitu. Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Panelak, bere azken txostenean zioenez, mende honetan itsas mailaren igoera hasieran aurreikusiriko 59 zentimetro horietatik gorakoa izan daiteke: izan ere, inork ez dakit zehatz-mehatz zenbat izotz urtuko den poloetan. Balizko fenomeno horri egiteko gizarteak neurriak hartu behar baditu, itsasaldeko hirietako azpiegiturak babestuz, funtsezkoa da gorakada noraino irits daitekeen aurreikustea. Izotzen urtzeak lehorreko kliman eragina duten korronteetan eta itsas ekosistemetan ere izango ditu ondorioak. Zenbat izotz urtuko da poloetan, noiz urtuko da? Hori da, ezbairik gabe, Poloen Nazioarteko Urtean jorratuko den galdera behinena.
Horri erantzuteko esperimenturik harrigarrienak diseinatu dira, hala nola Antartidako izotzetako alderik sakonenetan perforazioak egitea ahalik eta izotz aspaldikoenaren (duela 900.000 urte osatu zenaren) laginak ateratzeko. Ikerlari batzuen aburuz, zortea lagun, orain dela milioi eta erdi urteko izotz laginak aurki daitezke. Izotz horrek une hartako aire-burbuilak atxiki zituen bere baitan; beraz, ikerlarien iritziz, burbuila horiek eta izotz-lagin horiek eskuan, ehunka mila urte asko igarota ere, artean atmosferan zeuden karbono-dioxidoen mailak ezagutu eta historia ostera berreraiki egin daiteke. Iraganean izotzen urtze-ziklo horiek nola bilakatu ziren jakinik, etorkizunean, berotze globaleko egoera batean poloek nola erantzungo duten hobeki aurreikusten lagun dezake horrek.
Espainiarren parte hartzea
Hor ere hartuko dute parte espainiarrek: Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluko lantalde batek, nazioarteko proiektu baten markoan, Antartidako pinguinoen osasuna aztertuko du, klima-aldaketak hegazti horiengan nolako eragina duen arakatzeko. Kontseilu horretako beste talde batek Artikoko arrantza-baliabideak ikertuko ditu eta Teknologia Aeroespazialeko Institutu Espainiarrak polo-zonetan ozono-zuloak nola eboluzionatu duen aztertuko du, fenomeno hori epe luzera nola bilakatuko den iragartzeko. Aipaturiko horiek, izan, Poloen Nazioarteko Urteko proiektu eta lehentasunen lagin txiki bat baizik ez dira. Urtea, zientzialarien komunitatearentzat, denbora laburrean pauso luzeak emateko aukera paregabea da.