Bioerregaiak

Biodiesela: errealitatearen bertute eta akatsak

Negutegi efektudun gasen emisioen mugapenak kutsadura gutxiago eragiten duen (nahiz oraino ekoizpen-kostu handiagoa daukan eta ezarpen urrikoa den) erregai batera begira zuzendu du arreta.
1 maiatza de 2007

Biodiesela: errealitatearen bertute eta akatsak

1900ko Pariseko Erakustaldi Unibertsalean Rudolf Diesel asmatzaile alemanak historiako estreinako diesel motorra aurkeztu du, kakahuete-olioz funtzionatzen duena; horregatik deritzo ?olio-motorra”. Horren bitartez, sortzaileak nekazaritza sustatu nahi du, energi iturri gisa. Ekilorea edota kakahueteak arras garestiak izanik, petrolioa nagusitu da, ordea. 2007 urtea: mende osoa igaro ondoren, Europar Batasunean 35 milioi m3 bioerregai ekoizten dira; horietako bat, landare oleaginosoen bidez moldatzen den biodiesela da. Diesel jauna zuzen zegoela frogatu du Historiak: landarezko olioak erregaitzat baliatzen dira eta biodieselaren etiketa bereizgarria gasolindegi askotan dago agerian: biodiesel hutsa (B100 izenekoa, hots, %100 biodiesel dena) zein gasolioz nahasita (proportzioen arabera, %10, %15 edo %20, B10, B15 edo B20 derizte), erregaiei buruzko Espainiako legeriak baimentzen duen bezala.

Hainbat faktorek eraginik, energi iturri berriztagarriak bilatzea geroz eta premiazkoagoa da. Berotze globalak, petrolioaren garestitzeak, Kioto eta beste hainbat protokolok eta erregai fosilen agorpenak bultzatzen dituzte herrialdeak energi iturri berriztagarriak sustatzera eta horrelakoak indarrean sartzeko epeak finkatzera. Legeriak xedatua duenez, garraio eta kalefakziorako biodieselaren europar merkatuak 2010.erako urteko 10.000 milioi litrotara iritsi behar du. Halaz ere, Europar Batasunak berak emaniko datuen arabera, egungo ekoizpen-gaitasuna urteko 2.400 milioi litrora baizik ez da iristen.

Espainian, Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteak bildutako datuek erakusten dutenez, bioerregaien ekoizpena 2006 urtean 445.577 tonatakoa izan zelarik, horien %28 (124.577 TM) baizik ez zen izan biodiesela. Bioerregaien salmentak, aitzitik, ekoizpena baino dezente mantsoago ugaldu ziren 2006an: aurreko urtekoaren aldean %19 baino ez zen areagotu, 241.849 tonetara iritsiz; hauen %21 inguru (62.909 TM) biodiesela zen. Energi terminoetan adierazteko, Espainiako findegietatik ekarritako biodieselaren salmentak, Espainian 2006 urtean kontsumitu zen automoziorako gasolio guztiaren merkatuaren %0,23ra bakarrik iritsi ziren; merkatu horretan, izan ere, 24 milioi tep (petrolio tona baliokide) saldu ziren.

Espainian biodiesela 12 lantegik ekoizten dute orain eta beste hamarka batzuk proiektuan daude, eraikitzear, baina martxan dauden 8.500 gasolindegietatik 200etan soilik (horietako 125, Katalunian) eskaintzen da biodiesela; Alemania eta Austrian, ordea, horrelako erregaia 1.800 gasolindegitan merkaturatzen da.

Landarezko lehengaiak

Biodiesela landarezko olio birjinatik eta birziklatuetatik ekoizten da. Landarezko olio birjina hazitik erauzten da, hazi-irina ganaduarentzako pentsuak moldatzeko utzita. Olioa findu egiten da, ekoizpen prozesuan sartu aurretik. Hirurehun motatako landare oleaginoso trata badaitezke ere bioerregai hau ekoizteko erabiliena koltza da, landare honek hektarea bakoitzeko olio-etekin handiena ematen baitu; ondotik soja, ekilorea eta palma datozkio. Dena den, erabilitako olioa ere balia daiteke horretarako: oso lehengai merkea da eta gainera, bestela hondakin izango litzatekeen hori birziklatzeko aukera ematen du olio-mota honek.

Espainian biodiesela ekoizteko baliatuenak diren lehengaiak dira frijitzeko erabilitako olioak eta ekilore olioa. Orain, koltza olioarekin eta Brassica carinata (“Etiopiako mostaza” deritzon) landarearekin ari dira frogak egiten.

Hondakinak biltzeko arazoak

Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan biodiesela landare oleaginosoetatik erauzitako olioez ekoizten da: ekiloretik (Italian) eta koltzatik (Europa Erdialdeko herrialdeetan). Mendebaldeak landarezko olio garbien aldeko apustua egin du baina sukaldean erabilitako olioa eta animali koipeak dira Txinan biodiesela moldatzeko lehengai nagusietako bi. World Watch Institute-ren txosten baten arabera, Txinako jatetxeetako sukaldeek milioika tona hondakin olio ekoizten dute urtero-urtero. Olio hori, aresti arte, zakarrontzira zihoan edo, bestela, maila apalagoko ostatuetan erabiltzen zen, baina erabilera hori toxikazio ugariren iturri ohi zen.

Frijitzeko olio erabilia da biodiesela ekoizteko perspektibarik egokiena erakusten duen aukera: bera da denetan lehengairik merkeena eta, olio hori baliatuz, hondakin gisa tratatzearen kostuei saihets egiten zaie. Espainian erabilitako olioen ekoizpena urteko 750.000 tona ingurukoa da, 2004 urteko datuen arabera. Erregaiak arautzeko markoari buruzko txostenak frijitzeko olioa birziklatu eta biodiesel bihurtzea proposatzen duen arren, gai hori biltzeak arazoak sortarazten ditu, Hondakinei buruzko 10/98 Legeak erabilitako olioa isurtzea debekatzen badu ere. Europar Batzordeak proposatu du Espainiako Ingurumen Ministerioak eta udalek frijitutako olioa, oleinak eta gantzak biltzeko sistema egokia sor dezaten, hiru etapatan: industriala, ostalaritzakoa eta etxekoa.

Arazo behinena, ekoizpen kostua

Biodiesela, prezioan behintzat, ezin lehia daiteke gaurkoz diesel konbentzionalarekin: bioerregaiaren ekoizpen kostua gasolina eta gasolioarenaren bikoa da, zergak kanpo. Fiskalitateari dagokionez (2003/30/CE Arteztaraua), biodiesela Hidrokarburoen Zergatik salbuetsita dago baina bere komertzializazioari, berriz, Hidrokarburoen Txikizkako Salmenten gaineko Zerga zamatzen zaio. Halaz ere, eragozpen hori apalduz joango da pixkanaka. Prozesatzeko teknologia hobetu eta merkatu egiten da egunez egun. Espainian, egun, ekilore oliotik bioerregaia ekoizteko lantegi baten prezioa ia 2.000 milioi pezeta bada ere, hemendik hamar urtera %30 gutxiago kostatuko da.

Lehengaiak ere laguntzen du: ekilore, koltza eta soja haziak egunetik egunera merkatuz doaz eta, konparazioz, gasolioaren prezioa goraka ari da, etengabe. Lehia ezabatuz doa baina, desagertu arte eta salbuespenak salbuespen, gasolindegietan biodieselak diesel tradizionalaren prezioa izango du. Horrela bada, Nafarroan litro bat biodiesel 0?845 eta 0?909 euro artean kostatzen da baina Bartzelonan 0?949 euro ere kosta daiteke. Madrilen biodiesel litroa ez da jaitsi 0?928 eurotik eta, segun eta non, 0?932 euro ere kostatzen da. Valentziako gasolindegietan 0?903 eta 0?926 euro artean dabil litroko; Bizkaia eta Sevillako gasolindegi batzuetan, azkenik, 0`879 eurotan eros daiteke bioerregai hau.

Automobil markek elkar hartu ez

Auto fabrikatzaileak ez dira ados jartzen erregai honek diesel modeloetan arazorik sortzen duen eztabaidatzean. Automobil marka batzuek berariaz aholkatzen duten bitartean, beste batzuek motorrak etorkizunean arazoak izan ditzakeela ohartarazten diote erabiltzaileari. Arazoa garbi dago: ibilgailuetako elikatze-sistemako hodi eta junturen fabrikazioan baliatzen diren goma eta kautxuak landarezko olioek disolbatu egiten dituztenez, diesel %100 erregaia luze erabiliz gero hodi horiek endekatu egin litezke, pororik edo erregai-galerarik eraginez.

Nolanahi ere, azken hamar urteotan fabrikatu diren diesel ibilgailu guztiek (egun errepideetan dabiltzanen %80k) biodiesela ?baita %100ekoa? kezkarik gabe balia dezakete, motorretan inolako aldaketarik egin beharrik izateke. Baina, gasolindegietan erregaia hartzen duten ibilgailuak %100eko biodiesela erabiltzeko prestatuak dauden kontrolatzea ezinezkoa denez, egun bioerregaia bi eratara komertzializatzen da: bai huts-hutsik (B100 izenekoa), baita gasoliorekin %10 – %20 arteko proportzioz nahasita (B10, B15 eta B20 izenekoak).

Biodieselaren abantaila eta eragozpenak

Beste hainbat erregairekiko abantailak

Ingurugiro alorrekoak

  • Bioerregai hau erabat landarezkoa da eta erabat biodegradagarria. Energia berriztagarri eta agortezina da hori, ez du sortarazten hondakin toxiko edo arriskutsurik.
  • Negutegi efektua eragiten duen CO2 gasaren emisioa %90en urritzen du produktuaren ziklo osoan, olioaren sorburu den landareak bere bizitza osoan araztu baitu karbono-dioxidoa (berriztagarri ez den emisioaren %10 hori lantegian erantsi zaion metanolari eta produktuaren bizi-zikloan beharrezkoak diren energi kontsumoei dagokie).
  • Ez du eragiten negutegi-efekturik, errekuntzan sortzen den CO2 (karbono-dioxido) hori, erregaia ekoizteko beharrezkoak diren landareen hazkuntzan fotosintesiaren bidez atzeman delako; beraz, ez du areagotu atmosferako karbono-dioxidoaren kopurua: horri CO2-en ziklo itxia deritzo.
  • Biodiesel hutsa (%100) erabiltzeak ingurugiro alorrean abantaila handiak eskaintzen ditu, gasolio konbentzionalaren aldean, emisioen murrizketari dagokionez, batik bat. Honelakoetan, adibidez, sufre-oxidoen emisiorik ez dago; karbono-dioxidoenak %80 txikiagoak dira; partikulenak %65 txikiagoak dira eta hidrokarburo eta karbono-monoxidoenak, berriz, %50 txikiagoak.
  • Bioerregaiak ez dauka bentzenorik, ezta minbizia eragin dezakeen bestelakorik ere (hidrokarburo aromatiko poliziklikoak). Biodieselak, landaretiko erregaia den aldetik, ez dauka osasunarentzat kaltegarri izan daitekeen substantziarik, hidrokarburoek ez bezala: hauek osagai aromatiko eta bentzeno kantzerigenoak dauzkate. Substantzia kutsagarri horiek ez igortzeak arnasketa-aparatuko gaixotasunak eta alergiak nozitzeko arriskua arintzen du.
  • Bioerregaiaren ekoizpenak, merkatu-alorreko arrazoiak medio, nekazaritzan baliatu diren baina pixkanaka abandonatzen ari diren lurrek nozi ditzaketen desertizazio eta erosio fenomenoak saihestuz, lurzorua horrela erabiltzeko aukera ematen dute.

Ekonomikoak

  • Landarezko olioak erabiliz energi hornikuntza jasangarriaren alde dihardugu; horrek, bistan da, petrolioarekiko dugun morrontza arintzen du, hornikuntzaren segurantzia eta aniztasuna bermatzen du eta nekazaritza munduaren garapen sozio-ekonomikoa areagotzen laguntzen du.
  • Karbono-dioxidoaren tona hainbat kostatzen da: kostu hori emisio-eskubideen Europako merkatuan salerosi egiten da. 2010 urterako Espainiak bioerregaiei kontuetan hartuak dituen konpromisoak betetzen baditu, atmosferara sei milioi CO2 tona igortzea ekidingo du, hots, urtean 118 milioi euro aurreztuko ditu, egungo prezioetan (20 euro inguru, tonako).
  • Horrelakoak erabiltzeak motorren bizitza baliagarria luzatu egin dezake, bioerregaia biziki lubrifikagarria denez, igurztea, higadura, hotsak eta mantenu-gastuak arintzen baititu.
  • Biodieselak disolbatzeko duen ahalmena ere nabarmendu beharra dago: horri esker ez da ikatzik sortzen mekanismoetan eta motorretako erregai-zirkuituko kondukzio- eta injekzio-sistemak garbi iraunarazten ditu.

Segurtasun eta garraioa

  • Biodieselaren garraioa seguruagoa da, likido hori biodegradagarria baita. Erregai hau erreka edo itsasoan isuriz gero, erregai fosilek baino kutsadura arinagoa eragingo luke.
  • Idahoko Unibertsitateak eginiko saio batzuek frogatu dutenez, bioerregaiak ur-soluzio batean 28 egun eman ondoren %95eko endekapena agertu zuen, azukreak bezala. Epe horretan, berriz, gasolioa %40tan bakarrik endekatzen da.
  • Ez da merkantzia arriskutsua, suhartze-puntua 110º C-tik gora baitu eta bere maneiu eta metatzea seguruak direlako.
  • Beste zeinahi diesel erregai konbentzional bezala meta eta maneia daiteke.

Beste hainbat erregaiekiko eragozpenak

  • Biodieselaren eragozpen behinena, oraingoz, prezioa da: honakoa produzitzeko kostua gasolina eta gasolioarenaren biko dira, zergarik erantsi gabe.
  • Bioerregaiak energiaren mundu-merkatuan esanguratsu izan daitezen azalera eskergetan hazi behar dira landareak; izan ere, hazkuntza osoaren %7 baizik ez da bihurtzen erregai. Espainiari dagokiola, lurralde osoaren herena baliatuko balitz, horrek erregaien barne-eskakizuna soilik aseko luke.
  • Monolaborantzako azalera eskergak sortzeak herbizida, intsektizida, ongarri eta gainerako produktu erasokorrak ugari erabilarazten ditu, ez gizakiaren osasunarentzat (nekazariena, noski, landareak inork ez baititu jango) ez lurzoruaren kalitatearentzat mesedegarri ez liratekeen balizko izurriteak kontrolatzeko). Monolaborantzari emaniko azalera, gainera, izurriteen aurrean askoz ere ahulagoa da hainbat espezieren laborantza mistoak hartzen dituen alderdiak baino.
  • Tenperatura hotzetan kristal modura solidotzen has daiteke eta kristaltxo horiek erregai-hodiak buxa ditzakete.
  • Disolbagarria denez, kautxu naturala, poliuretanozko aparra eta antzeko materialak bigundu eta endekatu egin ditzakeenez, ibilgailua aspaldikoa baldin bada, biodiesela erabiltzen hasi aurretik baliteke motorreko mangera eta erreten batzuk aldatu behar izatea.
  • Ur-defizit historikoa duten eskualdeetan biodiesela ekoizteak duen eragozpen behinena ur-gastu ikaragarria da: metodo konbentzionalaz baliatzeko, izan ere, lauzpabost tona ur behar dira tona bat biodiesel ekoizteko.