Gorputz arrotzak: higuingarri baino areago, kanpotar
Gorputz arrotzak begian
Gorputz arrotz bereziak dira produktu kimikoen tantoak. Begia kalte dezaketen eta etxe barnean dauden produktuen zerrenda izugarri luzea da. Azidoak eta alkaliak bereziki arriskutsuak dira, ezin konponduzko kalteak eragin ditzakete-eta. Horrexegatik ezbeharra gertatu eta berehala jardun behar da: lehen-lehenik, uretan (ur epeletan, ahal dela) garbitzea da aurrena. Ur-txorro azpian edo xiringa batekin, begia sakon garbitu behar da, produktu guztia edo gehiena ekar dezan kanpora eta, ondoren, gaza esteril batez estaliko dugu. Orduan larrialdi zerbitzura joango gara, bertan lesioa aztertu eta tratamendua ipin dezaten.
Gorputz arrotzak belarrietan
Jolasean dabiltzala, oso litekeena da haurrek belarrian gauza txikiak sartzea. Horrelakorik gertatu bada, honela jardun behar da:
/imgs/20070501/img.salud.03.jpg Ez ahalegindu ateratzen inolako tresnarekin, objektua barrurago sartzeko eta, horrela, tinpanoa eta erdiko belarria kaltetzeko arriskua baitago.- Kalteturiko belarrirantz burua inklinatzea eta bortizkeriarik gabe astintzea, objektua grabitatez eror dadin laguntzeko.
- Batzuetan, objektua gutxi sartu denean, bistan agertzen da; malgua edo samurra bada, depilatzeko pintzetik atzematen eta kontu handiz ateratzen saia gaitezke
- Erraz ateratzerik ez badago, egokiena larrialdi zerbitzura jotzea da.
Intsektu bat sartu denean, ordea, honela jokatu behar da:
- Burua, kalteturiko belarria gora begira jartzea.
- Olio tanta batzuk sartzea, intsektua hil eta zuloan ager dadin, likidoaren azaleran.
- Burua beste aldera okertzea, olioa irtetean intsektua eraman dezan.
- Emaitza ona eman ohi du honek baina, halaz ere, kale egingo bagenu edo, intsektua irtenik ere, minak edo buxadura-sentsazioak edo ongi ez aditzearen sentsazioak bere horretan irauten badu, sendagilearengana joan behar da.
Gorputz arrotzak sudurrean
Gorputz arrotza sudurrean sartzen bada, belarrian sartu denean bezalatsu jokatu behar da. Ez da ahalegindu behar inolako tresnarekin ateratzen ezta gogor inhalatzen ere, horrela are eta gehiago sar daitekeelako. Objektua sudurrean dagoela ahotik arnastea komeni izaten da eta, libre dagoen sudurzuloa estalita, zintz egitea, kanporatzerik ba ote dagoen saiatzeko. Kanporatzen lortu ezean, egokiena larrialdi zerbitzura jotzea da.
Gorputz arrotzak arnaste-bideetan
Hona hemen gerta daitekeen egoera larriena: objektua zein tamainatakoa den eta arnaste-bideetan nola kokatu den, oso litekeena da bideak erabat edo partzialki buxatzea, ixtea. Gorputz arrotza trakean edo bronkioetan badago asfixia eragin dezakeenez, buxadura lehenbailehen ireki beharra dago.
Horrelakoetan pazienteari lehenbailehen Heimlich-en maniobra egin behar zaie, hots: eragindakoaren atzean kokaturik, ukabila zilborraren gainean ipini, ukabila beste eskuarekin hartu, toraxa inguraturik, eta ukabila gora eta barrura bortizki bultzatzea. Horrela arnaste-bideetan aire-korronte bizia (eztul artifizialaren antzeko zerbait) eragingo dugu: askotan, gorputz arrotza kanporatzeko aski izaten da hori. Maniobra horri esker bizi asko salbatu dira. Asfixiarik nozitu ez baina arnaste-bideetan gorputz arrotza sartu ote den zalantza badugu, larrialdi zerbitzura joan beharra dago. Baliteke objektua arnaste-arbolaren beste alde batean egotea: hori arrisku potentziala den heinean, egokiro diagnostikatu eta tratatu behar da.
Gorputz arrotzak digestio-bideetan
Normalean, helduen kasuan bereziki, objektuek heste osoa zeharkatzen dute arazorik eragin gabe, forma edo tamaina dela medio, buxaturik geratu ez bada. Digestio-hodiak eragiten duen defentsazko mekanismo batek ederki funtzionatzen du normalean: hesteen mugikortasunari esker, gorputz arrotza heste osoan zehar doa eta, sabelustean, arazorik gabe kanporatzen da, are objektu zorrotza denean ere. Zenbaitetan, ordea, tamaina handi-handikoa bada, baliteke hestegorrian geratu eta organoa buxatzea; kasu bakanen batean hestean gelditzen da objektua, larria izan daitekeen heste-buxadura eraginez. Horregatik, gorputz arrotza irentsi duen pertsonak listu asko egiten badu, sabelean mina nozitzen badu, goragalea edo ondoezaren beste zeinahi sintoma baldin badu, sendagilearengana joan behar du.