CONSUMER EROSKI ere euskaraz
Paperezko edizioa ere euskara hutsean izango du gaurtik aurrera CONSUMER EROSKIk, kontsumitzaileei zuzendutako aldizkari zabalduenak. 15.000 ale izango ditu hilero eta beraz, euskarazko prentsaren alorrean, hedapen handienetakoa duen aldizkaria izango da. Hiru hamarkada dituen CONSUMER EROSKI aldizkariarentzat mugarria da euskal edizioa izatea. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako supermerkatu eta hipermerkatu guztietan egongo da. Dohan, gaztelerazko aldizkaria bezala. EROSKIko zuzendariak, Agustin Marcaidek agindu du irakurle guztien esku egongo dela, “aldizkaria irakurri nahi duenak irakurri ahal izango du, geure dendetan egongo baita”. Eroski Fundazioak argitaratzen du aldizkaria eta Marcaideren hitzetan bere helburua euskararen normalizazioari ekarpena egitea da, “geure neurrian beti ere eta kontutan izanik kontsumo gaietan erreferentzia garela, eguneroko gauzetan:elikagaiak, osasuna, etxeko ekonomia, aisia, hezkuntza, teknologia berriak edo ingurumena”.
Paperezkoa baino lehen, Interneten bazeuden CONSUMER EROSKIren edukinak euskaraz. Duela hamar urte 1998ko martxoan hasi zuen ibilbide hori aldizkariak. Aspalditik bazegoena orain paperera dator, hizkuntza ongi zainduta. “Edukina berbera da baina euskaraz kontatua eta estilo jakin batekin: itzulpen hotzetatik aldegin eta interpretaziora jo”, Marcaideren hitzetan. “Horixe izan da erronka nagusia, hizkuntza ulerterreza lortzea, berez datorrena eta xamurra, hizkuntzaren tradizioa ahazten ez duena baina kazetaritza modernoaren moldeak ere buruan dituena”. Azken hilabeteotan euskarazko edizioaren arduradunak izan duten lehen zailtasuna CONSUMER EROSKIk bere dituen gaietan euskaraz dagoen tradizio eskasa izan da. Lexikoa falta da, batzutan. “Hirigune historikoen bizi baldintzak aztertu ditugu, eguzki betaurrekoen ezaugarri teknikoei buruz hitzegin dugu eta orbainik utzi gabe egiten diren ebakuntzen inguruan eta nola egin dugun, ba, esaldi luzeak atzean utzita, ahozko lengoia idatzia erabilita eta ahal izan den guztietan euskarak eta euskal kulturak bere dituen esamoldeak, hitz joku eta irudiak erabilita”. Agustin Marcaide, Eroskiko zuaendariaren hitzak.
Adibide moduan, “lanak erreta” titulua erabili da “Burn out” sindromeak jotako gaixoei buruz hitzegiteko. Eta titular politak bilatu dira, erakargarriak eta euskararen aukerak aprobetxatzen dituztenak. Esate baterako, eguzki betaurrekoak konparatu dira ale honetan eta garestienak ez direla hobeak izan da ondorio nagusia. Titulua beraz, hauxe: “modak itsutzen gaitu eta betaurreko txarrek”. Jabe bat baino gehiago dituzten etxeei buruzko artikuluak, halako kontratuen arazoak aztertzen zituen eta jarri zaion tituluak hitz jokua egiten du, halaxe: “Giltza gehiegi ate bakarrarentzat”, Euskaraz idatzi nahi izan dute arduradunek, alegia, euskaldunentzat.
Batzutan zaila izan da. Bela arinari buruzko infografia, esate baterako, euskaraz tradizio eskasa duen gaiari buruz aritzen da. Itsasoko hiztegia kontuan hartu behar izan eta era berean, hiztegia egin, kirol honi buruz azalpenak emateko modua bilatu, teknikoa bai, baina ulergarria.