IRUDIETAN

Historiaren pausoan

1 ekaina de 2008
Img fotorreportajep 159

Historiaren pausoan

Via de la Plata bidea egiten ari den erromesak hamaika kontraste aurkituko ditu, kilometroak adina ia (980). Hegotik Iparrerako ibilian, Mediterraneoko klimatik, klima atlantikora pasatuko da, mesetak eta artadiak atzean utzi, eta pagoak eta haritzak aurkituko ditu mendirik mendi. Eta historiaren arrastoak nonahi. Erromatarren galtzada zaharrak eramango du, eta halaxe begiztatuko du Pelayo ermitauak 812. urtean egin zuen aurkikuntza, Iria Flavia inguruko kastro batean: Santiago Nagusia Apostoluaren gorpuzkinak. Ordutik hasi ziren erromesak Donejakue bidea egiten, eta menderen mende, milioika erromes abiatu izan dira oinez, ikustera, ikastera, bilatzera eta bilatuak aurkitzera.

/imgs/20080601/historia3.jpgRuben García Blázquez

Giraldatik Obradoirora

Garai batean mezkita izan zen eraikina, egun, Sevillako katedrala da, Pizkunde garaikoa. Mezkita haren minaretea izan zenari bizkar emango dio Santiagoko Katedral erromaniko, gotiko eta barrokoa jomuga hartuta abiatzen denak. Erromako zibilizazioaren historiak eta arteak lagunduko du bidean: orduko hiriak, zirkuak, tenpluak, akueduktuak, zubiak, arkuak eta gotorlekuak. Batzuk hondatuta daude, beste batzuek iraun dute, eta asko zaharberritu egin dituzte. Erromatarren antzinako hiri betikoan, Italican, topatuko ditu lehen hondakinak; Hispaniako Erroma joko du hurrena, Emerita Augusta hura, Merida, alegia. Caceres, Salamanca eta Zamora igaro, eta Asturica Augusta iritsia izango du (Urbs Magnifica edo Astorga). Handik aurrera, ez du izango lehengo biderik eta eguraldirik. Iparrorratzak Mendebaldea erakutsiko dio, eta Erdi Arora eramango dute erromatarren harriek.

/imgs/20080601/historia5.jpgRuben García Blázquez

/imgs/20080601/historia1.jpgRuben García Blázquez

/imgs/20080601/historia12.jpgRuben García Blázquez

Erromatar ingeniarien ondare aparta

Antonioren Ibilbidetik doa Vía de la Platako bidea. Meridatik Zamorara zihoan galtzada (XXIV.a) eta Zamoratik Astorgara zihoana (XXVI.a) hartuko lituzke bide hark. K.a.-ko lehen mendean egin zuten, erromatarren inbasio garaian, eta helburu militarra baino ez zuen (gerora garrantzi handia izan zuen merkataritza harremanetarako). Ez dago bide zuzenagorik Hegotik Iparrera joateko, eta horrek erakusten du erromatar ingeniariek zorroztasun handiz egiten zutela lan. Ipar-Hegoen arteko noranzkoan ez du aldaketa nabarmenik, ez angelu-bira deigarririk ere, beharrezko den tokietan salbu, eta zeharka-zeharka doan arren, eta eremu zail eta askotarikoak igarotzen dituen arren, aurrera eta aurrera egiten du.

/imgs/20080601/historia4.jpgRuben García Blázquez
/imgs/20080601/historia6.jpgRuben García Blázquez

Arabiar jatorriko izena

‘de Plata’ (zilarra) izena nondik datorren jakitea ez da erraza, baina zilarrarekin, behintzat, ez du zerikusirik. Zenbaitek dio latinezko delapidata hitzetik datorrela (‘harriz egindako galtzada’ esan nahi du), baina José Manuel Roldán Hervás katedradunak besterik dio Iter Ab Emerita Asturicam lanean. Hark esaten du arabierazko BaLaTa hitzetik datorrela (‘harlauzak jarri’ esan nahi du): “Herriak entzun zuen arabierazko hitz arrotz haren hotsa, eta gaztelaniaz gehien hurbiltzen zitzaionaren bidetik bereganatu zuen; plata hitza zen hori”.

/imgs/20080601/historia10.jpgRuben García Blázquez
/imgs/20080601/historia13.jpgRuben García Blázquez

Milia-zutabeak eta Caparrako arkua

Distantziak neurtzeko, milia-zutabeak jartzen zituzten erromatarrek, 1.480 metrotik behin (mila pauso bikoitz neurtzen zuen erromatarren miliak). Zutabe zilindrikoak ziren, granitoz eginak, eta oraindik ere ikus daiteke bat edo beste. Zutabe bakoitzak zizelkatua darama zenbatgarren milian dagoen, eta zein enperadorek eman zuen agindua bidea eraikitzeko edo moldatzeko. Baina Via de la Platako ikurrik seinalatuena Caparrako Arkua da, tetrapylum izenekoa (Erromaren handitasuna gurtzea eta oroitaraztea beste helbururik ez zuen).

/imgs/20080601/historia8.jpgRuben García Blázquez
/imgs/20080601/historia9.jpgRuben García Blázquez

Artelatz eta artadien artetik, baso atlantikora

Via de la Platako natura ere handia da handia. Larre eta lautadak, artelatz eta arte zelaiak, errekastoak eta ikusmira amaigabea aurrean. Horiek dira oinezkoaren bidelagunak, eta bidea ez galtzeko, gezi horiak, lurrean marraztuak batzuk, harkaitzetan besteak, edo granitozko kuboetan bestela. Iparra erakusten dute beti, eta hantxe desagertzen dira, Iparrean. Bideak Mendebaldera egiten duenean, Santiagoren maskorrek hartzen dute gezien lekua, eta haiekin bat agertzen dira pago eta haritz basoak, mendiak eta aldapa luzeak, eta bide zoko bihurriak. Via de la Platako bideak zehatz-mehatz ekarri gaitu behar zuen lekura. Atzean geratu da erromatarren garaia, eta iraganeko denboretan barrena, etorkizunera heldu gara.

/imgs/20080601/historia11.jpgRuben García Blázquez
/imgs/20080601/historia14.jpgRuben García Blázquez