Telelana

Pijama erantzi gabe lan egitearen abantailak eta desabantailak

Telelanak helburuen araberako zuzendaritza eta ordutegien malgutasuna bultzatzen ditu, eta, era berean, lana eta familia-bizitza bateratzen ditu
1 ekaina de 2008

Pijama erantzi gabe lan egitearen abantailak eta desabantailak

Gero eta arruntagoa da pijama jantzita lan egitea. Duela urte gutxi arte, etxean bertan lan egitea ia pentsaezina zen besteren kontura ari ziren langileentzat. Baina teknologia iraultzak hautsi egin ditu tradiziozko eskemak. Gaur egun, ez da gauza handirik behar etxetik atera gabe lan egin ahal izateko: langileak derrigor lantokian egon behar ez izatea, enpresak Interneterako konexioa duen eskuko ordenagailua jartzea eta, langilearekin harremanetan egoteko, sakelako telefonoa ematea.

Telelanaren kontzeptua (telekomunikazioak erabiliz urrutitik lan egitea) 70eko hamarkadan sortu zen, petrolioaren krisia zela eta. Orduan, autoen joan-etorriak saihestea zuen helburu, eta hartara, energia aurreztea. Gaur egun, ordea, enpresak antolatzeko modu berria da, eta lana eta familia-bizitza bateratzeko tresna eraginkorra. Espainiari begira, 1999an enpresen % 13k zituzten telelana aukeratu zuten zenbait langile, eta 2006an, berriz, enpresen %50ek -Nuria Chinchilla eta Steven Poelmans irakasleen datuak dira, Enpresa Malgu eta Arduratsuaren Jardunbide Egokien Gidaliburutik hartuak-. Alabaina, oraindik ere gutxi dira etxetik bertatik lan egiten duten langileak (% 8). Estatu Batuetan edo iparraldeko herrialdeetan, berriz, langileen % 25ek aukeratzen dute telelana.

Ordutegien malgutasuna da erakargarri nagusietako bat langilearentzat, eta, bestea, bateragarri egin ditzakeela lana eta familia, eta gizarte-bizitza ere bai. Enpresek ere badituzte onurak, eta horrexegatik jotzen dute bide horretatik.Telelangileak emankorragoak dira (bai, behintzat, helburuen arabera lan egiten badute), eta lanpostuaren kostua % 50 merkatzera ere hel daitezke. Hala ere, begiratu batean abantailak baino hautematen ez badira ere, Durham Business School-eko irakasle batzuek honako ondorio hauek atera dituzte azterlan batean: laneko estresak telelangileengan eragin txikiagoa badu ere, telelangileek hautematen dute laneko ibilbidean aurrera egiteko aukera gutxiago dituztela, eta lantokiko giroaren eta lankideekiko harremanaren falta sumatzen dute. Enpresaburuek, berriz, nolabait zalantzan jartzen dute telelangileen parte-hartze eta konpromisoa.

Telelangile-gaiak

Lehen batean, edozein langile sar daiteke telelangileen taldean: norberaren edo besteren kontura jarduten direnak, lanaldi partziala edo osoa dutenak. Baina lanbide guztiek ez dute eskaintzen behar adina malgutasun etxetik bertatik lan egin ahal izateko. Oro har, informazioarekin zerikusia duten jardueretan egin daiteke telelana, informazioa sortu, aldatu, hedatu, partekatu eta erabiltzen duten jardueretan. Horren adibide ditugu dokumentalistak, analistak, programatzaileak, itzultzaileak, kontulariak, kazetariak edo aseguruetako agenteak. Telelanean aritzen dira, era berean, higiezinetako agenteak, ordenagailu programatzaileak, legelariak, kontulariak, aseguru eta burtsa artekariak (agenteak edo saltzaileak), sistemetako analistak, eta administrari laguntzaileak.

Hala ere, langile askok baztertu egiten dute aukera hori. Telelanak diziplina eskatzen du, eta kultur hesiak apurtu behar dira, hala nola egunero bulegora joan beharra. Telelangile-gaiak menderatu egin behar du bere lana, diziplina jarri behar dio bere buruari, eta informatikari eta komunikazioari buruzko oinarrizko ezagutzak behar ditu. Gainera, beste gaitasun batzuk ere behar ditu: norberaren burua motibatzeko, egokitzeko eta antolatzeko gaitasuna; norberarekiko konfiantza; ekimena…

Telelanak, bestalde, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten gizarte taldeei ere eskaintzen dizkie lan aukerak. Horien artean, mugitzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak aipa ditzakegu; izan ere, telelanari esker, ohiko lantokira joan beharrak ekartzen dituen eragozpenak desagertzen dira. Gauza bera gertatzen da lan munduan hainbat hamarkadaz bereizkeria jasan izan duten beste talde batzuekin ere. Amen kasuan, adibidez, telelanak eta ordutegi malgutasunak aukera ematen die lanbidean jarraitzeko eta, aldi berean, familia eta bizitza pertsonala zaintzeko. Hala ere, emakume askok eragozpen handiak sumatzen dizkiote telelanari: lana eta etxea bateratzeak kanpora gutxiago ateratzea eragin dezake, eta ohi baino gehiago bakartu daitezke.

Lana eta familia-bizitza bateratzea

Duela mende erdi, Europako langileen % 92k garrantzi handiagoa ematen zioten lanari, bizitza pribatuari baino. XXI. mendean, berriz, % 54k garrantzitsuagotzat jotzen dute alderdi pertsonala, Monster enplegu atariak telelanari buruz egin duen azken inkestaren arabera. Ildo bereko adierazpenak egin zituen, 2004an, Europako Parlamentuak. Hain zuzen ere, martxoaren 9ko aktan bildutako hamar aginduetako batean honako hau xedatu zuten: urrundik lan egiteko modua dagoenean, garrantzitsua dela aukera hori egitea, emakume zein gizonezko langileek lanbidearekin, familiarekin eta hezkuntzarekin lotutako eginbeharrak bete ahal izateko, eta norberaren eta enpresaren interesen arteko oreka lortzeko.

Hala eta guztiz, familientzako laguntzetan inbertsio txikienak egiten dituen Europako herrialdeetako bat Espainia da. Barne produktu gordinaren % 0,8ko inbertsioa, hain zuzen, Laneko Gogobetetasunari eta Bizi-kalitateari buruzko 2007ko Catenon Azterlanaren arabera. Ikerketa horren arabera, Espainiako enpresek ez dute hartzen aski neurri lana eta familia-bizitza bateratzeko. Espainiako konpainien % 5ek baino ez dute langileentzako haurtzaindegirik, eta % 10ek bakarrik onartzen dituzte ordutegi malguak (lau langiletik hiruk eskatzen dute malgutasuna).

Egoera hori kontuan hartuta, lana eta familia-bizitza bateratzeko aukerarik onena telelana dela esan dezakegu, bereziki norbait gure mende badago etxean (haurrak edo adinekoak) edo etxeko norbaitek mugitzeko arazoak baditu, eta baita norbait urrun bizi bada ere. Izan ere, telelanak leku berean biltzen ditu familia eta lana.

2004an, Telefonica konpainiako I+G arloak saiakuntza bat egin zuen, eta parte hartu zutenen % 90en iritziz, telelanak hobetu egiten du lana eta familia-bizitza bateratzeko modua. Aldiz, bakar baten iritziz ere ez du oztopatzen. Gainera, ahaideek ontzat ematen dute telelana. Laburbilduz, telelanaren eta bizitza pertsonalaren arteko egokitzapenari 4,5 puntu eman zizkioten, 1etik 5era.

Hala ere, lana eta etxea bereizten dituen lerroa mehea da, eta horrek gatazkak eragin ditzake familian. Izan ere, familiako erantzukizunak lanean sar daitezke eta ordutegi finkorik ez izateak lanarekiko mendetasuna eragin dezake, besteak beste. Arazoak saihesteko, aukera bat izan daiteke egun batzuetan etxean eta beste batzuetan bulegoan lan egitea. Aukera horrek nabarmendu egiten ditu telelanaren abantailak, familiari begira kontzentrazioa eta malgutasuna handiagoak direlako, eta bakartze arazoak nabarmen gutxitzen ditu, eta, horrez gain, enpresaburuekin eta lankideekin harremanetan egoteko modua ematen du.

Telelantokia, erdibideko aukera

Etxea edo lantokia. Horiek dira bi aukerak, baina beste bat ere bada, erdibidekoa: telelantokiak, edo bitarteko partekatuak eskaintzen dituzten guneak. Etxeak eta lantokiak dituzten ia abantaila guztiak biltzen dituzte telelantokiek, eta ia desabantaila bakar bat ere ez. Gune publikoak izaten dira, eta gehienetan udalek eta autonomia erkidegoek babesten dituzte. Internet eta teknologia berriak doan eta kalitatez erabili ahal izateko tresneria izaten dute. Hartara, langileak ez du inbertsiorik egin behar izaten berehala zaharkitzen diren ekipo eta programa informatikoak erosteko. Erabiltzaileak balio handiko sostengu teknikoa izaten du, eta, gainera, etenaldirik gabe lan egin ahal izaten du, inork edo ezerk ez baitio trabarik egingo.

Batik bat, teknologia berriek irispide zaila duten landa eremuetan eta egoera txarrean dauden herriguneetan egoten dira, eta enpresa pribatuetako langileek, euren kontura lan egiten duten profesionalek edo enpresa txikiek erabili ahal izaten dituzte.

Telelantokietan ohikoa izaten da zenbait telelangile batera aritzea, euren arteko harreman profesionalik ez badute ere. Nork bere lana egiten du, baina zalantzaren bat dutenean, elkarri kontsulta egin diezaiokete edo kafea elkarrekin har dezakete, eta hartara, giza harremanak eta lanekoak erraztu egiten dira.

Lege hutsunea

Espainiako Legediak telelana ez du arautzen, berariaz, baina debekatu ere ez du egiten. Enpresetako langileek telelana aukeratzeak ez dakar berekin betebehar eta eskubide gehigarririk telelangile-enpresaburu harremanean, eta lehen batean, Langileen Estatutuko 13. artikuluak arautzen du harreman hori.

Nolanahi ere, 2002ko uztailaz geroztik, Telelanari buruzko Europako Esparru Akordioa dago indarrean. Telelangileek eta enpresetako lokaletan aritzen diren soldatapeko langileek babes bera izan dezaten lortu nahi da akordioaren bidez, eta honako hauek arautzen ditu: telelanaren definizioa eta ezarpen eremua, telelana aukera gisa, laneko baldintzak, datuen babesa, bizitza pribatua, ekipamenduak, osasuna eta segurtasuna, lanaren antolakuntza, trebakuntza, talde eskubideak, eta jarraipena. Akordioak malgutasuna eta segurtasuna parekatzen ditu, eta lanpostuen kalitatea indartzen du; izan ere, telelana kontratu batekin lotzen du, eta maila berean jartzen ditu telelangileak eta enpresetako lokaletan aritzen diren soldatapeko langileak.


Telelan motak


  • Norberaren etxean.
    Hazteko ahalmen handiena duen telelan mota da.

    • Nor bere kontura. Datuekin zerikusia duten lanak dituzten profesionalek edo azterketa eta diseinu lanetan aritzen direnek egin ohi dutena. Aukera honi bultzada emateko bide nagusietako bat da beste enpresa edo profesional batzuk azpikontratatzea (enpresaren jarduera nagusiarekin zerikusi zuzena ez duten lanak egiteko).
    • Besteren kontura. Langileen beharrizanen eta enpresaren politikaren ondorio izan daiteke. Ohikoa izaten da langileek egun batzuetan etxetik lan egitea eta beste batzuetan bulegora joatea (astean bi edo hiru egunez etxean lan egitea eta gainerako egunetan enpresara joatea, bileretan parte hartu eta lan egiteko).
  • Telelantokiak. Bitarteko partekatuak dituzten bulegoak dira, lan egin ahal izateko beharrezkoak diren telekomunikazio instalazioak eta tresna informatikoak dituztenak.
  • Telelangile mugikorrak. Bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko, sarritan lekualdatu behar izaten duten langileak dira. Tresneria informatikoak mantentzeko lanetan aritzen direnak, saltzaile bidaiariak, erreportariak, aholkulariak eta abar izaten dira. Arrazoi hori dela-eta, garrantzitsua da oso, telefono sareak eta kateko ordenagailuak erabiltzea, lanean ari diren bitartean enpresarekin harremanetan egoteko.

Telelanaren abantailak eta desabantailak

Telelanaren abantailak

Langilearentzat

  • Lan ordutegi malguagoak. Laneko orduak antolatu eta nork bere beharrizanetara egokitu ditzake.
  • Autonomia handiagoa. Izaera independentea duten pertsonei, erantzukizuna euren gain hartzea gustatzen zaienei, telelanak autonomia handiagoa eskaintzen die.
  • Ezintasunen bat duten pertsonak laneratzen laguntzen du.
  • Aurrezpena. Joan-etorri gutxiago egiten dira, eta, ondorioz, denbora eta dirua aurrezten da. Arropa formal gutxiago erosi behar izateak eta etxetik kanpo otordu gutxiago egin behar izateak ere gastuak murrizten laguntzen du. Gainera, telelangileek ez dute egunero bulegora joan behar izaten, eta, ondorioz, etxebizitza merkeagoak dauden lekuetan bizi daitezke.

Enpresarentzat

  • Malgutasuna handitzen da, enpresa barruan zein kanpoan. Talentu handiko langileak erakarri eta atxikitzeko, nahitaezkoa da enpresek malgutasuna eskaintzea.
  • Lana eta familia-bizitza bateratzen laguntzeko modu errentagarria da.
  • Lan hutsegiteak murrizten dira.
  • Enpresaren kostu finkoak txikitzen dira (leku gutxiago behar dute bulegoetarako, eta gutxiago kostatzen zaizkie argia, energia, garraioak, alokairua eta bulegoko ekipamenduak).
  • Emankortasuna handiagoa da, helburuen, emankortasunaren edo emaitzen arabera egiten delako lan. Zenbait azterlanen arabera, telelangilearen emankortasuna % 20-30 handitu daiteke.
  • Enpresak eta bezeroak gerturatzen dira. Telelanak eskariei askoz azkarrago erantzuteko modua ematen du, eta erantzuteko ahalmena, eraginkortasuna, zerbitzuaren kalitatea eta irudia hobetzen dira.
  • Langileen artean bizikidetza arazo gutxiago izaten dira.
  • Hedapen geografikoa areagotzen da.
  • Lan hutsegiteak gutxitzen dira eta denbora gutxiago galtzen da alferrik, lanorduek gora egiten dute, kalitate eta motibazio handiagoarekin egiten da lan, eta abar.

Telelanaren desabantailak

Langilearentzat

  • Laneko girorik eza desabantaila izan daiteke: bakardadea, sostengurik edo komunikaziorik eza… Horrek guztiak motibazioa, talde balioak, laneko gogoa eta emankortasuna galaraz ditzake.
  • Telelangileek gizarte zerbitzu eta babes gutxiago izaten dituzte, batez ere, norberaren kontura aritzen diren telelangileek.
  • Segurtasunik eza eragiten du, lanari zein gizarteari begira, eta telelangileak babesik ez duela senti dezake, berariazko araudirik ez dagoelako laneko istripuei, gaixotasunei eta abarri buruz.
  • Enpresara gutxiago joateak lanean gora egiteko aukerak gutxitu ditzakeela sentitu dezake langileak.
  • Joan-etorriak eta mugimendua gutxitzen dira, eta langilea ohitu egin daiteke egotera eta ez mugitzera.
  • Bakartzeko joera dakar halabeharrez.
  • Telelanak diziplina eta antolatzeko ahalmena eskatzen dizkio norberari, eta etekina ezin hobea izateko, atseden hartu behar da.
  • Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruzko etengabeko trebakuntza behar da, lan merkatutik kanpo ez gelditzeko.
  • Familiako erantzukizunak lanean sartzeko arriskua dago.

Enpresarentzat

  • Langilearen bakartzeak eragina du emankortasunean, eta horrek ekar dezake enpresak emankortasun txikiagoa izatea.
  • Pertsonen arteko harremanak gutxitzen dira, eta desagertu ere egin daitezke. Hartara, ideia emankorren trukeak mugatu edo desagertu egin daitezke, taldeko elkarreragina gutxitu, eta enpresa kulturaren hedapena oztopatu. Horrek guztiak eragina izan dezake lan taldearen ahalmen operatiboan.
  • Gatazkak sor daitezke, telelangileen leialtasuna dela-eta, enpresetako datu bankuetan sartu badaitezke.
  • Kasu batzuetan, telelangileen diru saria bulegoan lanaldi osoan aritzen diren langileen kostua baino handiagoa izan daiteke.