Gazteen hizkerak nornahi harrapatzen din?
Ni bai, harrapatu nau, baina ez heldu guztiak, segur aski, ez dutelako tutik ere ulertzen. Baina nik uste dut gazteek horrexegatik egiten dutela, gurasoek ez ulertzeko. Haiek hola behar dute hitz egin, hola egiten dituzte harremanak beste gazteekin. Guztiek ez dituzte erabiltzen hitz eta esapide berberak, baina hizkuntza-prozedurak oso antzekoak dituzte.
Zein dira prozedura horiek?
Beren hizkera paralelo horretan, bada hizkuntza-ezaugarri deigarri bat; sinonimoak eta ordezko lexikoak erabiltzen dituzte, batez ere, asko interesatzen zaizkien eremuetan: aisialdia, maite kontuak, sexua, edaria, iritzi ematea, beste pertsonekiko tratua. Beste ezaugarri berezi-berezia zera da, atzizki bitxiak sortzen dituztela. Beren helburua ez da inor baino bizkorragoa izatea, edo besterentzat ulergaitz gertatzea… haiek gozatu egin nahi dute, euren kideekin hitz eginez gozatu. Hitzen formak ere aldatzen dituzte, eta, hori aski ez, nonbait, eta hitz horiek ere moldatu eta berregin egiten dituzte.
Eta eremu guztietan erabiltzen dute hizkera hori?
Gazteekin bakarrik erabiltzen dute, euren kide jotzen dituztenekin, eta, gehienetan, egoera ez-formaletan eta ia ahozkoetan. Beno, orain arte horrela zen, baina orain, Txat-ekin eta Messengerrarekin, erabilera hedatzen ari da.
Gazteak desberdin mintzatzen dira, baina okerrago hitz egiten dute?
Haien estandar linguistikoa ez da garatu helduena bezainbeste, baina gazteak direlako gertatzen da hori. Ez dute heldu batek izan dezakeen komunikazio esperientzia, ez dute aukerarik izan egoera askotara egokitu behar izateko, eta beren komunikazio gaitasuna ere ez dute guztiz garatu. Logikoa da. Beraz, galdetzen badidazu ea pobreagoa den heldu batena baino, baietz erantzungo dizut, baina ñabardura horiek guztiak eginda.
Eta beste belaunaldi batzuetako gazteekin alderatuz gero, okerrago hitz egiten dute?
Ez. Eskolaren alderdia oso garrantzitsua da. Mundu guztia kexu da, ikasketa planak nola aldatu diren ikusita, diktaketak egiteari utzi zaiola diote eta ikaskuntza prozesuan alderdi teorikoa lehenetsi dela. Hori egia izan daiteke, eta, agian, atzera egin beharko dugu. Ez dakit. Adituek gogoeta egin beharko dute, esan bezala, inor ez baitago pozik. Egungo egoerak gogoeta eskatzen du, baina, beti hileta jotzen ari direnei esan beharko diegu hizkuntza ez doala gainbehera, hizkuntza garatu eta aldatu egiten dela. Gaur guztiz okerra iruditzen zaigun erabilera bat arau bihur daiteke. Hizkuntza bizirik dago eta aldatu egiten da, eta horren aurrean ezin dugu ezertxo ere egin.
Dena belarri haiz; alegia, ongi asko dakizu gazteek nola hitz egiten duten? Botila-festak egiten dituzu haiekin?
Ez, ez naute gonbidatzen. Gazteak gaztea nahi du. Ni dena belarri naiz, interesatzen zaidalako.
Arazoa da gazteen hizkera ez dutela aztertzen gazteek; helduok egiten dugu, eta askotan, geure aurreiritziak izaten ditugu. Zuri, lehenik eta behin, hauxe esango dizute: gazteen hizkera oso pobrea da. Baina sinonimoak sortzen dituzte, eta beren atzizkiak, eta helduekin ari direnean, haien hizkerara egokitzeko ahalegina egiten dute… Beraz, gazteen hizkera ez da pobrea.
Zuk oso ongi ezagutzen duzu gazteen hizkera. Eta helduena? Zer deritzozu helduen hizkerari?
Esan liteke eskola aspaldi demokratizatu zela. Ni behe mailakoa naiz, adibidez, eta ikaskide gutxi ginen behe mailakoak garai hartan; gehienak erdi mailakoak eta goi mailakoak ziren. Egun, guraso gehienek badute modua seme-alabak unibertsitatera eramateko, komunikabideek ere laguntzen dute hizkuntza-erabilera… Gaurko helduok ez genuke hitz egin behar garai batekoek baino okerrago, hobeto baizik.
Ez genuke, esan duzu, okerrago hitzegiten dugu, beraz?
Nik uste dut baietz eta oharkabean, gainera. SMSetako hizkerak hizkuntza idatziari kalte egingo diolako ustea hedatzen ari da, baina oraingoz ezin da halakorik esan. Denok idatzi dugu lehen SMSa hizkuntzaren arauak nahiko ongi barneratu ondoren, eta badakigu gauza bat dela idaztea eta bestea hitz egitea. Egokitu egiten gara, harritzeko moduan egokitu ere, eskuko telefonoak eskaintzen duen tresnara. Behatzak azkar mugitzera, laburdurak ere elkar ulertzeko asmatzera. Noski, elkar ulertzeko testuinguru bat behar dute gazteek, beren testuingurua. Baina egokitze prozesua da, eta niri harrigarria bezain onuragarria iruditzen zait. Oraingoz ez da ezer gertatu, eta ezin ibiliko gara larrituta gertatu ez den zerbaitegatik, eta gertatuko ote den ere, ikusi egin behar.
Gurasoek kezkatu behar ote lukete beren seme-alabei ulertzen ez dietelako?
Niri gustatuko litzaidake ulertzea nire semeak zer esaten duen, oinarri-oinarrizkoa, behintzat. Esaten duena guztiz kriptikoa bada, nik saiatu behar nuke jakiten zer esaten ari den, eta, era berean, gustatuko litzaidake jakitea Interneteko zein orritan sartzen den, zein lagunekin dabilen, maitemintzen den edo ez, sentikorra den, esaten duena ulertzea ere gustatuko litzaidake. Larritu behar genuke? Ez nahitaez. Nik ezertxo ere ez ulertu arren, nire semea edo alaba maitagarria izan liteke. Baina, noski, helduok jokoz kanpo uzten gaitu horrek.
Eta nola jakin zer esaten duen?
Ezin gara lo geratu; guraso bati, gehienera ere, niri gertatzen zaidana gertatuko zaio: gazteek esaten duten guztia ulertzen dut, badakidalako zein testuingurutan ari diren, baina ez naiz gai erabiltzeko. Aholku bat emango nieke gurasoei: saiatu gazteei entzuten, aurreiritzirik gabe. Zure semeari edo alabari galdetzen badiozu: “Hainbesteko lana al da Messengerra ulertzeko moduan idaztea?”, hark azkar erantzungo dizu: “Baina, ulertzen da eta”. Gazteek ulertzen dute guk zer esaten dugun, eta guk ez haiek zer esaten duten; beraz, guk egin behar dugu ahalegina. Nola? Zabaldu egin behar ditugu belarriak eta burua.
Irakurtzeko ohiturarik ez duenak zuzen hitz egin ote dezake?
Zuzen hitz egin dezake, bai, baina, segur aski, muga gehiago eduki ditu, irakurtzeko ohitura duenak baino, hura jantziagoa izango baita, eta komunikazio esperientzia gehiago edukiko ditu. Kontuan hartu behar da ez direla gauza bera egokitasuna eta zuzentasuna. Gazteei egozten zaien gabeziarik handiena zera da, ez dakitela erregistroa aldatzen. Ni ez nator guztiz bat horrekin, baina aitortzen dut kostatzen zaiela erregistro batzuetara aldatzea, komunikazio esperientzia gutxiago baitute, ikasten ari direnez. Erregistroa aldatzen ez jakitea edozein helduri gerta dakioke; ni medikua banaiz, goren mailako medikua, eta beste inork baino gehiago badakit nire arloari buruz, eta ez banaiz gai nire kontsultara etortzen denak uler nazan, medikuntzaz ezertxo ere ez dakien gizonak edo emakumeak ez badu ulertzen nik esana, kasu horretan ni naiz ezgauza erregistroa aldatzeko. Hau da, erregistroak askotarikoak dira, eta horregatik, erregistroa aldatzeak eskatzen du besteengana egokitzea. Izan gaitezke oso jantziak, eta besteengana ez egokitu, eta izan gaitezke ezjakinak, eta zuzen samar hitz egin, gure mugekin… Hala eta guztiz ere, gauza bat da hitz egitea, eta beste bat idaztea. Segur aski, jende gehienak nahiko zuzen hitz egingo du bere eremuan. Nik sekula ez dut hitz egingo politikari batek bezala, saiatuta ere ez, baina gai naiz irakasle batek bezala hitz egiteko.
Eta gazte batek bezala ere bai, ezta?
Ez, ez, nik ez baitut haiek bizi duten komunikazio testuingurua, eta haien bizipenak ere ez ditut. Behin gertatu zitzaidan: ikerketa bat egiten ari nintzen, eta nerabeen Txat batean sartu nintzen Interneten, 12 urtetik 16ra bitarteko gazteekin; mezuak trukatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen haietako azkarrenek segituan igarri zidatela, haiek esaten zuten guztia ulertu arren, ni ez nintzelako gai haiek bezala idazteko, haien hitzekin. Heldu gehienek ez dute ulertzen gazteen hizkera, eta ulertzekoa da horrek min pixka bat ematea. Noski, nire semeari edo alabari ez badiot ulertzen, pentsa dezaket hor zerbait gertatzen dela, gustatuko litzaidakeelako ulertzea. Baina, noski, nire semea edo alaba ez da bizi nire munduan, beste batean bizi da, beste pertsona batzuekin eta beste bizipen batzuekin.
Irakurtzeak konponduko ote du komunikazio gaitasunarekin dagoen arazoa?
Ez dakit horrek konponduko duen… nik ezagutzen ditut batere irakurtzen ez duten pertsonak, egunkaririk ere ez, eta zoriontsu dira. Baina hizkuntza garatzea eta lantzea bada kontua, horretarako bai, irakurtzea oso garrantzitsua da
Komunikabideek badute lotura irakurtzearekin. Zer esango zenuke horietan erabiltzen den hizkuntzaz, ikaratzeko modukoa ote da?
Hori gehiegi esatea izango da, baina zenbait esparrutan gero eta gehiago jotzen ari dira erabilera eta fenomeno bitxietara; bereziki beren esparrukoak jotzen dituzte erabilera horiek, eta horretan tematzen dira. Kiroletako hizkeran ikusten dira gehien horrelakoak, beste inon erabiliko ez lituzketen terminoak eta abar. Nolanahi ere, komunikabideen arazoez ari garenean, hizkuntza idatziaren arazoez ari gara. Idatzita dagoenak indar handiz eragiten digu, aukera ematen baitigu irakurtzen edo interpretatzen ari garen horri buruz pentsatzeko; ahoz ari garenean ez da hori gertatzen, ez hain modu nabarmenean, behintzat.
Kazetarien batez besteko hizkuntza maila non jarriko zenuke?
Erdi parean. Ez da hain kaskarra; ez, behintzat, esaten den bezainbeste. Bada gauza bat, ordea, nahiko lan ematen diena, eta ez dakit zergatik. Puntuazioa. Kazetari askok arazo handia dute puntuazioa erabiltzerakoan, eta horrek asko zailtzen du irakurleari gauzak ongi adierazteko bidea, ortografia akats batek baino gehiago.
Internetek zer ekarri dio hizkuntzari, aukerak edo hondamendia?
Internet zoragarria da. Komunikazioaren mundua irauli du, eremu guztietan, gainera, baita eremu pertsonalean ere. Gazteek, adibidez, sekula ez dute idatzi gaur adina; baina gaur, ez dute idazten lehengo tokietan, ez lehen bezala, eta ez lehengo euskarrietan ere. Hain zuzen, horixe bereizten ikasi behar dugu: mezu elektroniko formal bat idaztea ez dela lagun bati idaztea bezala, mezu elektroniko bat idaztea ez dela Messengerrez aritzea bezala, mezu elektroniko bat idaztea ez dela azterketa bat egitea bezala, eta idaztea ez dela hitz egitea. Lortzen badugu hori garbi eduki dezaten, nola ez dira horretara egokituko; gizakiok gaitasun harrigarria dugu zernahitara egokitzeko.
SMSekin ere ez dago zertan larritu?
SMSek oso ongi erakusten dute zein ongi egokitu diren gure gazteak idazkera berri batera; euskarri hori ez zuten ezagutzen, moldatu dira, izugarri gustatu zaie, eta etekin aparta ateratzen diote. Haiek bereizten badute gauza bat dela SMSa, bestea Messengerra, bestea azterka bat eta bestea kazetaritzako testu bat, hori bereizten badute, ez dute arazorik edukiko, eta, gainera, gure komunikazio ikuspegiak aberastuko dituzte. Gazteek sekula ez dute idatzi eta komunikatu gaur adina.
Zuk idazten duzu SMSrik?
Bai, noski. Ez asko ere, ez naiz ongi moldatzen eta.
Eta ongi idazten dituzu?
Uff, ez, sakelakoak ez badu testu-igarlerik, laburdurekin idazten dut, euskarriak hala eskatzen baitu. Baina, horrez gain, bada beste gauza bat oso garrantzitsua, nahiz eta oso gutxi aipatzen den: zuk lagun bati bidaltzen badiozu SMS bat, nahi duzun guztia labur dezakezu, hark ulertzen badu. Baina era honetako SMS bat bidaltzen baduzu: “Elkarretaratzea Plaza Nagusian, protesta egiteko halakoren kontra”. Mezu horrek horrela joan behar du, ezinbestekoa baita mundu guztiak ulertzea, ez zure laguntxoak soilik.