Euroa, bidaide merkea
Biribilak izan daitezke aurtengo oporrak. Lagun ezin hobea dugu eskura, biribila hori ere, eta Europako mapa darama bizkar zorroan. Euroa da. Azken urteetan asko igo da, nazioarteko hainbat diru baino gehiago (dolarra, yena, libera esterlina). Garai batean pentsaezina izan zitekeen guretzat zenbait tokitara joatea, New Yorkera, Tokiora eta Londresera, esaterako, baina egun, inoiz baino eskurago ditugu -edo patrikarago…-.
Berdin gertatu da Latinoamerikako diruekin ere. Haiek baino indartsuago dago euroa, eta ametsak ez dira jada amets huts: Txileko hondartzak, Argentinako Patagonia, Mexikoko Karibe… Beste urte batzuetako diru berarekin, orain aukera izan dezakegu beti nahi izan dugun txoko hura bisitatzeko. Baina, kontuz! Bidaia batzuk merkatu diren bezala, beste batzuk garestitu egin dira. Portugalen, adibidez, erreforma ekonomiko handiak egin behar izan dituzte, eta asko igo da bizi maila. Suitzara joatea ere lehen baino garestiagoa da orain, hango dirua euroaren gainetik baitago. Jarraian erakutsiko dizugu zein leku izan daitezkeen aproposak aurten oporretan joateko, eta zein ez. Tokian tokiko diruak zer kotizazio duen aztertuko dugu:
- Brasil
- Suitza
- Israel
- Senegal
- Ginea
- Burundi
- Boli Kosta
- Eslovenia
- Malta
- Zipre
- Polonia
- Eslovakia
- Kroazia
- Australia
- Zeelanda
- EEUU
- Canadá
- México
- Argentina
- Gran Bretaña
- Marruecos
- Egipto
- Turquia
- Siria
- Líbano
- India
- Rusia
- China
- Japón
Amerika
Ameriketara joatea izan daiteke aurtengo aukerarik onenetakoa, prezio aldetik, behintzat. Estatu Batuetan jarri dute begia bidaia agentziek, dolarra ahul baitago -inoiz baino ahulago-, euroaren aldean. Duela urtebete, 1,35 dolar balio zuen euroak, eta orain, 1,60 dolar balio du (% 18 gehiago, 2007ko maiatzean baino). Lo egiteko lekuak, janaria eta opariak askoz merkeago irtengo zaizkigu aurten (% 10 aurreztera irits gaitezke), eta, beraz, egokiera paregabea izan daiteke zenbait hiri bisitatzeko: New York, Washington, Los Angeles, Chicago edo Disney, Orlando.
Baina Ameriketan aurten bada beste leku bat ere, aski erakargarria, eta modu onekoa: Kanada. Bere dolarra dute Kanadan, eta azken urtean, euroarekin alderatuta, % 20 egin du behera. Inflazioa ongi kontrolatua dute, eta, azken urtean gauzak garestitu egin badira ere, Kanadan denboralditxo bat pasatu nahi duenak gehiago sumatuko du -bere alde, noski- hango diruaren ahuleziak ekarriko dion onura.
Son latindarra:
ingelesarekin ongi moldatu ez eta gaztelaniarekin dabilenak, berriz, hortxe dauzka, adibidez, Argentina eta Mexiko. Bi herrialde horietan, hurrenez hurren, % 20 eta % 12 debaluatu dira hango pesoak azken urtean. Horrez gain, hegazkin konpainiak elkarren lehian ari dira, nork tarifa merkeagoak eskaini. Eskaintza asko handitu da, eta, ondorioz, merkatu ere bai, batez ere, Riviera Mayarako hegaldiak (Mexiko).
Brasilgo hondartza ederretara joateko asmoa beste baterako utzi beharko dugu, azken hilabeteetan garestitu egin baitira.
Hango ekonomia suspertzen ari da, eta dirua ere indartu egin da. Orain dela urtebete, 3 erreal balio zuen euro batek, eta orain, 2,66 erreal, % 12 gutxiago, beraz. Hango bizi maila Europakoa baino apalagoa da, baina Brasilen oporrak egin nahi dituenak iaz baino gehiago ordaindu beharko du.
Europa
Europan, hamabost herrialdek erabiltzen dute euroa (euroguneko herrialdeak dira). Beste herrialde askok, ordea, bakoitzak bere dirua du, eta bere berezitasun ekonomiko eta politikoak. Horrek batzuetan mesede egingo die gure oporrei -ikuspuntu ekonomikotik- eta beste batzuetan ez. Erresuma Batua da, une honetan, lekurik erakargarrienetakoa, hango diruak % 20ko balioa galdu baitu euroarekin alderatuta (2007 maiatzean, 0,67 libera ematen zituzten euro batengatik, eta orain, 0,80 libera). Ingalaterrara, Eskoziara edo Galesera joatea merkexeagoa da, duela urtebete baino. Toki bat bereizi behar eta, Londres bereizi liteke; jendeak joera handia du hara joateko, eta hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainiak lehia handian ari dira harako eskaintzekin.
Europar Batasunetik kanpo dauden herrialdeen artean, merezi du Errusiara eta Turkiara joatea. Hango diruek ere balioa galdu dute euroarekin alderatuta (% 25 Turkiako lirak eta % 5 inguru Errusiako errubloak). Turkia da, hain zuzen, kontinente zaharreko lekurik merkeena, hango bizi maila beste lekuetakoa baino dezente apalagoa baita). Hiru euroren truke jan daiteke, eta hotel on batean gaua pasatzeak 35 euro balio du. Errusiara joateko garairik onena ere hau izan daiteke, aurreikuspenek diotenez, hango ekonomiak nabarmen egingo baitu hobera datozen urteetan, eta, ondorioz, gauzak garestitu egingo dira. 2007an, adibidez, % 8 igo zen BPG (ez zuen izan halako gorakadarik 2000. urteaz gero).
Europa Ekialdeko herrialdeek zer eskaintzen duten aztertzeko garai egokia izan daiteke oraingoa, aurrerantzean asko garestitu baitaitezke harako bidaiak. Euroa erabiltzen hasi diren azken herrialdeetan, adibidez (Eslovenia, Malta, Zipre), salneurriek gora egin dute nabarmen azken hilabeteetan, eta iaz baino garestiagoa da aurten hara joatea. Eta are garestiagoa izango da aurki, hango salneurriak herrialderik aurreratuenetakoen parera iritsiko direla esaten baitute aurreikuspenek, Alemaniako eta Frantziako salneurrien parera, hain zuzen. Inguru horietara joan nahi duenak, beraz, aurten joatea izango du onena, gerorako utzi gabe. Berdin gertatzen da Europar Batasunean sartu berri diren herrialdeekin: Polonia, Eslovakia edo Kroazia. Poliki-poliki, Europako batez bestekora hurbiltzen ari da herrialde horien bizi maila, eta jada ez da halako pagotxa leku horietara bidaiatzea. Dena dela, herrialde horietara joan nahi duenak alferrik eramango ditu euroak; Kroazian kuna erabili beharko du, koroa Eslovakian eta sloty-a Polonian. Horien balioa apenas aldatzen den euroarekin alderatuta.
Egonkortasun ekonomiko eta politiko handia du Suitzak, eta herrialderik garestienetakoa izaten jarraitzen du. Hango dirua, franko suitzarra, oso indartsu dago, eta, urtebetean, % 5eko balioa irabazi du euroarekin alderatuta. Hango bizi maila, gainera, Espainiakoa baino gorago dago. Horrez gain, kontuan hartu behar da aurten han jokatuko dela futboleko Eurokopa, eta bidaiak garestitzen ari dira.
Asia
Espainian bizi diren herritarrek ez dute ohitura handirik Asiara joateko oporrak pasatzera. Hala ere, Txinak gero eta zale gehiago ditu (Olinpiar Jokoak han izateak zerikusi handia du, nola ez). Bisitari asko izango dituztela jakinda, hotelen prezioak igotzen ari dira, baina azken urtean, hango diruak, yuanak, % 25eko balioa galdu du euroarekin alderatuta. Hegazkina eta lotarako lekua garestixeago atera daitezke, agian, Mexikora edo Argentinara joaten bagara baino, baina janaria, garraiobideak eta erosketak merkeagoak izango dira.
Txinarekin batera, Japonia ere hor dago. Beti joatekotan egon direnek aurtengo udan izan dezakete aukera ona. Hango diruak, yen-ak, balioa galdu du euroarekin alderatuta (% 12 inguru), eta tresna elektronikorik berrienak ohi baino merkeago aurkitu ahal izango ditu horien bila doanak.
Ausartenek hor dauzkate India, Siria eta Libano ere. Hango diruek libera esterlina erabiltzen dute erreferentzia modura, eta liberak, esan bezala, balioa galdu du.
Ez da unerik onena Israelera joateko. Hango diruak, shequel-ak, duela urtebete baino % 7 gehiago balio du euroaren aldean. Ez da ohiko turismo lekua, eta hegaldi gutxi eta garestiak izaten dira hara joateko. Mexikora joatea eta han 12 egun pasatzea 800 euro kostako litzateke, eta Israelera hegazkinez joate hutsa, 600 euro (hegaldirik merkeena hartuta, gainera).
Ozeania
Garestia da Ozeaniara bidaiatzea -beti izan da hala-, eta diru trukea ere ez dago gure alde. Urte honetan, Australiako liberak eta Zeelanda Berriko dolarrak balioa galdu dute euroarekin alderatuta (% 5 inguru biek ere), baina oporretarako eskaintza gutxi aurkituko ditugu, urrun dagoelako eta beste leku batzuk nahiago izaten ditugulako.
Afrika
Euroaren indarrak bultzatuta, Afrikan ere aurki ditzakegu leku interesgarriak, diruz ongi samar ateratzeko modua emango digutenak. Maroko da horietako bat. Dirham-ak % 3 inguru galdu du azken hamabi hilabeteetan. Maroko berez da nahiko herrialde merkea gu oporretan joateko, baina euroaren gorakadak are gehiago aurrezteko aukera ematen digu. Gauza bera gertatzen da Egiptorekin; Egiptoko libera da hango dirua, eta balioa galdu euroarekin alderatuta (libera esterlina erabiltzen du erreferentzia moduan).
Hobe da ez joatea Senegalera, Gineara, Burundira eta Boli Kostara. Suitzako frankoa erabiltzen dute herrialde horiek erreferentzia modura, eta Suitzako dirua euroa baino indartsuago agertu da azken hilabeteetan. Herrialde horiek bizi maila apalagoa dute guk baino, eta hori gure alde izan dezakegu.