Aldian-aldian garbituta, neke gutxiago
Eguzkia kaltegarria da autoen margo ilunentzat: azkarrago hondatzen da, zikinkeria gehiago nabaritzen da, eltxoak errazago itsasten dira aurreko kristalean, eta garbitu eta bost minutura berriro agertzen da hautsa. Euriak eta kazkabarrak lokatz fineko geruza batez estaltzen dute automobila; batez ere, gurpiletan eta kolpe-leungailuan pilatzen da geruza hori. Autoa kalte horien kontra babesteko modurik onena maiz garbitzea da, kanpotik bezala barrutik.
Garbitzeko ohitura hori hainbat faktoreren araberakoa izango da: ibilgailua zenbat erabiltzen dugun, non uzten dugun eta inguruko eguraldi baldintzak nolakoak diren. Astean behin garbitzeak, autoari itxura hobea emateaz gain, prezioa ere igo egin diezaioke saltzeko orduan. Baina garbitzeko zerbitzu guztiak eta tresna guztiak ez dira egokiak.
Noiz eta non garbitu autoa
- Maiz eta egoki garbitzen ez bada, pintura onena ere argitu eta arraildu egingo da industriako eta errepideko bertako kutsatzaileen eraginez.
- Txorien zirinak, intsektuen arrastoak, zuhaitzetako erretxinak, alkitran-orbanak, izotzaren kontrako gatzak edo bestelako zikinkeria kaltegarriak zenbat eta denbora gehiago irauten duen ibilgailuaren pinturaren gainean, orduan eta iraunkorragoa izango da haien eragin korrosiboa. Tenperatura handiek eta eguzkiaren erradiazioak areagotu egiten dute efektu kaustikoa.
- Zikina badago, komeni da autoa erabiltzen bukatu bezain pronto garbitzea, lokatza eta intsektuen arrastoak eta bestelako partikulak artean bigunak daudenean, modu horretara askoz errazago libratuko direlako. Zikinkeria lehortzen uzten bada, arriskua dago pinturan arrastoak egiteko edo orbanak bertan geratzeko.
- Ez garbitu autoa eguzkipean, izan ere, xaboia lehortu egin liteke autoa urarekin garbitu aurretik, eta arrastoak gera daitezke karrozerian.
- Ahal dela, ez sartu autoa zurda bidezko arrabolak dituzten garbiketa-estazioetan. Praktikoak dira, baina gehienetan plastikozko zurda horiek arrastoak uzten dituzte karrozerian.
- Ahal dela, ez eskuz garbitu. Eskuz garbitzeko, ur gutxi erabiltzen da, eta ur horretan nahastu egiten da zikinkeria (ore moduko bat sortzen da). Ore horrek urratu egiten du karrozeria eta kalte egiten dio, marra txiki ugari sortzen dituelako eta pintura-geruza murrizten duelako.
- Ahal den guztietan, ura presioan botatzeko sistema erabiltzen duten garbilekuetara eraman autoa, eta ur tratatua erabiltzen duten garbilekuetara (alderantzizko osmosi bidez tratatzen dute). Sistema horrek kaltzioa, mineralak eta kloroa kentzen dizkio urari. Ez du kare-arrastorik geratzen karrozerian, eta ibilgailua lehenago lehortzen da.
Ura presioan eta xaboia behetik gora
- Garbigarriaren ezaugarriak direla-eta (zikinkeria estatikoa ezabatzeko gai behar du izan), haren aktibo kimikoak eraginkorragoak dira, 80 gradutara eta 100 barreko presioan dagoen urarekin nahastuz gero. Xaboitu, berriz, behetik gora egin behar da, eta tutu malguaren ahoa karrozeriarekiko perpendikular jarrita; modu horretan, uniformeago kenduko dugu zikinkeria. Goitik behera eginez gero, garbitu gabeko inguruetan zabalduko da garbigarria, eta zikinkeria-orbanak utziko ditu. Kentzeko zailak izaten dira orban horiek, nahiz eta gero inguru hori garbitu. Gainera, tutuaren ahotik karrozeriara 6 bat zentimetroko tartea utzi behar da, uraren tenperaturari eta eraginkortasunari eusteko.
- Ura alderantzizko osmosi bidez tratatuta badago, ez da beharrezkoa karrozeria lehortzea; areago, ez da lehortu behar, trapuak orbanak utziko lituzke eta.
- Alkitran-orbanak alkohol pixka batekin kendu, eta ondoren urarekin pasatu.
- Autoaren azpialdeko eta gurpiletako lokatza kentzeko, eskuila bigun bat erabili. Urak lokatza bigundu duenean -txorrotarekin beti-, orduan pasa eskuila.
- Argiak ondo garbitu behar dira, izan ere, zikinkeriak argitasuna kentzen die, eta, ondorioz, ikusmena ere galdu egiten da. Argien gaineko hauts-geruza soil batek % 10 murriztu dezake haien eraginkortasuna.
Atzeko kristalak, leihoak eta eskuilak
- Autoa garbitzen duzun bakoitzean garbitu eskuilak ere, haietan itsatsitako zikinkeriak eta koipe partikulek ez ditzaten zikindu atzeko kristalak edo arrastorik utz ez dezaten. Zapi bat pasatu kristal-garbigarriarekin bustita astean behin.
- Kristalak hobeto garbitzen dira likido garbigarri pixka bat botatzen bada haizetako-garbigailuaren ur ontzian.
- Itsatsitako eltxoak kentzeko, hartu frutak eta barazkiak gordetzeko erabiltzen diren sare plastiko horietako bat eta saiatu harekin. Kristala karraskatzen dute, baina arrastorik egin gabe.
Aginte-mahaia eta barruko beste gainazalak
- Aldian-aldian garbitu aginte-mahaia, sabaia eta plastikozko estaldurak. Autoari itxura hobea emateaz gain, ez duzu arnastu beharko hautsa eta pilatutako zikinkeria.
- Inoiz ez garbitu aginte-mahaia eta airbag-aren gainazala disolbatzaileren bat duen produktu batekin, izan ere, erre egiten dute, eta gainazalak porotsu bihurtzen dira.
- Zapi eta aerosol bereziak daude barrua garbitzeko eta hauts-harrapatzaileak automobilak garbitzeko eta iraunarazteko. Etxeko hautsa kentzeko zapia ere erabil liteke, eta iristeko zailak diren lekuetan, eskuila leun bat.
- Ez pasatu xurgagailurik inguru horretan, piezaren bat urratu edo hondatu baitezake makinak.
Tapizatuak eta estaldurak
- Eserlekuetan aldian behin xurgagailua pasatzea, ez dago modu hoberik berri-berri edukitzeko.
- Ateetako, gauzak uzteko erretiluko, sabaiko eta abarretako estaldurak eta tapizatua garbitzeko, produktu bereziak erabili behar dira: edo apar lehorra, edo orbanentzako eskuila biguna.
- Zaindu garbiketako aparrak indartsuegiak izan ez daitezen, kolorea arraildu dezakete eta. Fabrikatzailearen aholkuei jarraitu beti.
- Larruzko eserlekuak aldian-aldian garbitu, denborarekin kolorea hondatu eta gal ez dadin.
- Ez utzi larrua eguzkipean denbora askoan, kolorea galduko du bestela.
- Gainazal horietako hautsa eta zikinkeria kentzeko, zapi bustia pasatzea da onena. Zatiren bat oso zikina badago, erabili horiek kentzeko dagoen produktu bereziren bat.
- Normal erabiliz gero, komeni da sei hilabetetik behin produktu bereziak ematea larrua hidratatuta egon dadin. Produktu horiek edozein auto-saltokitan edo denda espezializatutan aurki daitezke.