Jokabide oldakorra
Errepidean, ez aurrera eta ez atzera geratu gara: auto ilara amaigabeen erruz, atzeratuta gabiltza. Autotik ikus dezakegun, batzuek lasaitasunez egiten diotela aurre egoerari. Beste batzuek, aldiz, keinu eta imintzioekin adierazten dute tentsioa, oihuka madarikatzen dute, klaxona jo eta errei batetik bestera dabiltza, ataka horretatik ihes egiteko saialdi antzuan. Zer dela-eta batzuk hain lasai eta besteak, seko ernegatuta? Oldarkortasunaren eraginez.
Pertsona oldarkorrek tentsio emozional handia izaten dute eguneroko egoeretan eta herritarrek baino tolerantzia maila txikiagoa izaten dute. Gogoeta egin beharrean, zuzenean jotzen dute ekintzara, baita eurek edo gainerakoek kalteak izango dituztela aurreikusten dutenean ere. Horregatik esaten da pertsona bat oldarkor jokatzen ari dela batere gogoetarik egin gabe eta zuhurtziarik gabe aritzen denean, hau da, unean uneko usteari erantzunez jarduten duenean.
Hira
Jokaera oldarkorra are nabarmenagoa da pertsona horrek egoera probokaziotzat jotzen baldin badu. Horrelakoetan sortzen den emozioa hira da. Oso epe laburrera hainbat onura lor ditzake, besteak beste, egoera aldatzea, nolabaiteko kontrol sentipena izatea eta haserrealdiaren ondorengo tentsio fisiologikoa gutxitzea. Baina sentimendu negatiboak adierazteko modu desegokiak eragin kaltegarriak ekarriko dizkio epe ertain edo luzera: lege arazoak izan ditzake; erruduntasuna sentitu, eragindako kalteak direla eta; bere buruaren estimu eskasa, kontrolatzeko gai ez izategatik eta ingurukoek beregan zuten konfiantzaren galera (betiko geratuko zaio “oldarkor eta arazotsu” fama).
Raymond W. Novaco psikologoaren arabera, gure haserrea pitz eta erreakzio oldarkorra eragin dezaketen funtsezko lau probokazio mota daude. Ezin konta ahala adibiderekin azal daitezke:
- Frustrazioa; esate baterako, ikasgairen bat gainditu ez izanagatik edo norbaitek hitzordura huts egin duelako.
- Haserrea sor dezaketen gertakariak ere izaten dira; agiri garrantzitsuren bat galtzeagatik edo auto ilara baten harrapatuta egoteagatik.
- Lankide batek egin duen aipamen ironiko baten ondorioz, edo autobidean probokatuta sentitu garelako auto batek eskuinetik aurreratu digulako.
- Lagunarteko afari batean harremanari buruzko alderdi pribatu bat kontatzen duen bikotekidearen zuzentasun gabezia edo isun baten ustezko bidegabekeria ere horrelako jokabidearen eragile izan daitezke.
Larritasuna
Pertsona haserrekorrek duten erreakzio oldarkorra ez bezalakoa izaten dute, bestalde, Arreta Faltaren Nahasmendua duten haur, gazte eta helduek (izan hiperaktibo edo ez). Aurretik arazoren batean huts egin badute eta arazo horri berriz aurre egin behar badiote, oso emozio mingarria sentitu ohi dute: larritasuna. Arazoari arrakastaz erantzuteko gai izango ez direla pentsatzen dute, eta ziurgabetasun hori murrizte aldera, berehala bilatu nahi izaten diote konponbidea arazoari. Ez dute batere pazientziarik, eta horrek areagotu egiten du arazoa: gogoetarik egin ezean, huts egiteko aukerak ugaritu egiten dira; ondorioz, areagotu egiten da ezintasunaren kontzientzia, pertsona larritu eta era oldarkorrean erantzungo du. Oldarkortasun horrek, izaten du ondorio txarrik: estimua galtzen diote bere buruari, eta gizartean, nahiko modu bidegabean, pertsona horien irudi txarra zabaltzen da. Egia esan, pertsona horien gaitasuna batez bestekoarenaren gainetik egon ohi da, baina informazioa egituratu, ebazpen metodoak aplikatu eta abarretarako, denbora hartzeko zailtasuna dute eta besteak baino ezgaiagoak dirudite.
Oldarkortasun funtzionala
Bada pertsona oldarkorren hirugarren talde bat, oldarkortasun funtzionala dutenena. Erabakia ongi pentsatu ondoren onuraren bat lortuko luketen arren, presaka, zirt edo zart, hartzen dituzte erabakiak. Oldarkortasun funtzionala sormen lanetan jarduten duten pertsonengan da ohikoa (artea, kirola edo negozioekin lotutako zereginetan), eta, batik bat, beren buruan uste osoa dutenengan, arrisku handia onartzeko prest daudenengan, eta ausardia handia dutenengan.
Beste muturrean, oldarkortasuna ezin kontrolatuzko erreakzio bilakatu zaien pertsonak ditugu. Estres faktoreak izan ohi dituzte, baina horrek ez ditu zuritzen, ez indarkeria, ez besteei eragin diezazkieketen kalteak. Oldarkortasuna zinez kaltegarria izan litekeela ohartu ere egiten ez diren pertsona horiei Aldizkako Eztanda Nahasmendua diagnostikatzen diete.
Jardun edo ez jardun
Gogoeta egiteko joera duten pertsonekin alderatuta, pertsona oldarkorrei antsietate txikiagoa sortzen die akats egiteak (ez baitute hartzen denborarik ezer aztertzeko eta aurreikusteko). Egiten dituzten ekintza guztien helburua berehala arrakasta lortzea da; ez horrenbeste porrota saihestea. Argi dago pertsona horien emaitza benetan eskasa dela, eta, gainera, ikaskuntza eskatzen duten zereginetarako ia ez dute motibaziorik. Antzekoak diren egoeretan eredu berari jarraituz jarduten dute beti, automatizatu egin dituzte beren erreakzioak. Horrenbestez, saihestu egiten dituzte erabakiak hartzeko prozesuan funtsezkoak diren hiru pauso, bereziki, arriskutsutzat jotzen dituzten egoerei aurre egin behar dietenean. Hauexek dira hiru pauso horiek:
- Egoera, premiak eta pertsonaren gaitasunak aintzat hartuta, neurrizko helburuak finkatzea.
- Arazoak konpontzeko estrategiak eta ekintzak eratu eta sustatzea.
- Nork bere jokabidea aztertzea eta emaitzak gainbegiratzea, hurrengoetan hobetu ahal izateko.
E.D. Copeland eta V.L. Loveren arabera (1995), gutxienez adierazle zerrenda honetako lau ezaugarri dituen pertsonak arazoak izan ditzake bere bulkadak kontrolatzeko.
- Esperientzia kitzikagarri eta arriskutsuak bilatzea.
- Frustrazio eta asperdurari begira, tolerantzia gutxi izatea.
- Pentsatu aurretik jardutea, edozein arazo edo egoeratan.
- Batere antolatua ez izatea, jardueren plangintza sekula ez egitea.
- Aurreikuspen falta, gauzak ahaztea, toki guztietara berandu iristea.
- Jarduera batetik bestera jauzian ibiltzea.
- Talde baten, egonarri handia behar denean, bere txandari itxaroteko gaitasunik ez izatea.
- Arazoak ez edukitzeko, gainbegiratze lan handia behar izatea.
- Behar bezala ez jokatzeagatik arazoak izatea.
- Sormen handia edukitzea, baina egindako proposamenak lanketa behar duten zirriborroak izatea.