Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Hirigune historikoak: 18 hiritako 144 kale hartu ditugu, alde zaharretakoak guztiak, eta bizitzeko zer baldintza eskaintzen duten aztertu dugu : Zerbitzu eta azpiegitura eskasak hirigune historikoetan
Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Madril eta Bartzelona soilik daude "ongi". A Coruñak, Alacantek, Kordobak, Murtziak, Oviedok eta Valentziak dituzte gabeziarik handienak
Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Logroño, Zaragoza, Gasteiz, Valladolid, A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Granada, Madril, Malaga eta Murtzia bisitatu dituzte aldizkari honetako teknikariek, eta hiri horietako zortzi kalerik adierazgarrienak aztertu dituzte. Kale bakoitzak han bizi denari zer baldintza eskaintzen dizkion ikertu dute; hau da, ea nahitaezkoak zaizkion elementuak badituen kale horrek, eta oinarri-oinarrizko beharrei erantzuteko aukera ematen dion. Ebaluazioa egiteko, kaleak banan-banan ikusi dituzte teknikariek, eta, horren osagarri, udalei galdetegi bat eman diete (Alacantekoak, Valentziakoak, Madrilgoak, Murtziakoak, Sevillakoak eta Valladolidekoak ez dute erantzun, nahiz eta CONSUMER EROSKI-k behin eta berriro galdegin). Horrez gain, inkesta bat egin diete gune horietan bizi diren 1.000 laguni, haiek zer iritzi duten jakiteko.
Ikerketaren ondorioek erakusten dute hirigune historikoen baldintzak ez direla egoki-egokiak han bizi izateko. Oro har, erdipurdiko emaitza lortu dute, eta “onargarri” izatera baino ez dira iristen. Zerbitzuetan antzeman dira gabeziarik handienak (dendak, elikagai saltokiak, ikastetxeak, osasun etxeak, gizarte zerbitzuak, erakundeen ordezkaritzak, kirol guneak, aisiarako tokiak edo eremu berdeak), eta, garbi esateko, “txartzat” jo behar dira. Beste hainbat alderdi ere hortxe-hortxe geratu dira, eta “onargarritzat” soilik har daitezke: garbitasuna eta mantentze lanak, mugikortasuna, irispideak eta hiri altzariak.
‘Ongi’ dauden hiriak bost baino ez dira (Bartzelona, Madril, Iruñea, Valladolid eta Zaragoza), eta gainerako guztiak, hortik behera. Bilbo, Granada, Logroño, Malaga, Donostia, Sevilla eta Gasteiz ‘onargarri’ daude, eta besteak, A Coruña, Alacant, Kordoba, Murtzia, Oviedo eta Valentzia, ‘hala-hola’.
Hirigune historikoetako biztanleen inkestak ere bat datoz iritzi horrekin. 1.000 egin ditugu, 100 Madrilen eta Bartzelonan, eta 50 gainerakoetan, eta hamarretik sei ez daude batere gustura garbitasunarekin, eta beste hainbestek salatu dute eremu berdeen falta sumatzen dutela eta daudenak nahiko utzita daudela; % 46ren iritziz, eraikinak oso egoera txarrean daude, eta hirutik batek esan du zerbitzuak falta direla.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Ez dago aurreko orririk
- Orri honetan zaude: [Or. 1 de 5]
- Joan hurrengo orrialdera Ostalaritzako lokal asko, haurrentzako guneak eskas »