Medusa izurria

Uretan... erre

Nahiz eta neurriak hartzen diren bainularien arriskua gutxitzeko, oso ikerketa gutxi bultzatzen da medusen izurriak zergatik gertatzen diren argitzeko, eta fenomeno horri behar bezala aurre egiteko
1 ekaina de 2008
Img medioambiente listado 545

Uretan... erre

Ez dezala piztu surik, kerik nahi ez duenak… edo medusarik. Ingurumenari eragindako kalteek ondorena ekartzen dute, lehenago edo geroago. Animalia erregarri horiek urteak daramatzate jada, gero eta maizago gainera, gure itsasertzeko hondartzak inbaditzen. Mediterraneoan ere, gero eta ugariagoak dira ornogabe horiek. Ez da harritzekoa: klima-aldaketak berotu egin du itsaso hori, eta medusen harrapariak desagertze bidean dira arrantzaren eraginez. Bai, hondartzetan badira hainbat neurri bainularien arriskua gutxitzeko, baina zientzialariak kexu dira ez dagoelako bitartekorik arazo hau ikertzeko eta irtenbideak eman ahal izateko.

Aurreko urtean, milaka pertsonak probatu zuten medusen ukitu erregarria, batez ere, Mediterraneo kostaldean. Bizkaiko Golkoa ere ez dago erabat salbu, nahiz eta hotzagoa den eta, ustez, desegokiagoa medusentzat. Uda honi begira zientzialariak ez dira ausartzen aurreikuspenik egitera. Bartzelonako Itsaso Zientzietako Institututik (ICM-CSIC) diotenez, ezinezkoa da aurretik jakitea zer gertatuko den, ez dagoelako fenomeno horri buruzko informazio zehatzik. Nolanahi ere, ICM-CSICko adituen arabera, oso litekeena da kontzentrazio handienak orain arte sarrien agertu diren leku beretan gertatzea.

Mediterraneoan ezezik, medusak mundu osoko ozeanoetan ugaritzen ari dira. Gehiegizko arrantza da, itxuraz, arrazoi nagusietako bat, arrantza-baliabideen gehiegizko ustiakuntza. Baina bada bestelako arrazoirik ere: itsasoko uretan ugaritu egin dira elikagaiak, eta klima-aldaketaren ondorioz, uraren tenperatura ere igotzen ari da. Gizakiak mundu osoan sortutako desoreka ekologikoaren ondorio garbia da medusena: berezko etsairik gabe, janaria sobera eta tenperatura egokiarekin, ugaritzen ari dira, eta nork gelditu? Blanesko Ikerketa Aurreratuen Zentroan diote -hau ere CISCkoa da- okerrena iristeko dagoela oraindik, eta medusena ez dela izango Mediterraneoak aurre egin beharreko arazo bakarra. Esaterako, 2006an, 80 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Genovan toxinaz betetako itsasoko airea arnasteagatik. Alga mikroskopiko batek eragindako toxinak ziren, antza.

Zorionez, Espainiako itsasertzera iristen diren medusa gehienak ez dira oso kaltegarriak. Alabaina, zientzialariek ohartarazi dute uraren tenperaturak igotzen jarraitzen badu espezie arriskutsuagoak ere etor daitezkeela, “karabela portugesa”, adibidez, Afrikako medusa espezieetako bat. Nolanahi ere, uneotan ezinezkoa da medusa-zopa bat gertatzea eta Mediterraneo osora zabaltzea, inoiz modu okerrean hala uste izan bada ere. Animalia horiek inguru mugatuetan biltzen dira, nahiz eta batzuetan, kilometroetako hedadura hartu eta itsasoko korronteek kostaldera bultzatu. Eremu itxietan baino ezin litezke gertatu halako fenomenoak, hala nola Mar Menor aintziran.

Hondartzetako neurriak

Aurreko urteetako esperientziak bultzaturik, erakundeek hainbat neurri hartu dituzte bainularien arriskua murrizteko. Adibidez, medusak biltzeko eta ateratzeko sistemak ezarri dituzte hondartzatik gertu, bai eta hondakin organiko moduan tratatzeko sistemak ere. Eta medusaren ziztada gertatuz gero, berehalako osasun neurriak hartzeko sistemak ere jarri dituzte, ziztadaren eragina murrizteko. Neurri horiei guztiei esker, aukera dago hondartzaz gozatzeko, betiere onartuta badagoela arrisku txiki bat, baina, orobat, badirela bermeak aurre egiteko.

Alabaina, emaitzak ez dira leku guztietan onak izan. Adibidez, hondartza-lerroko 100 metro horietatik kanpo ontziekin egindako bilketak oso gutxitan izan dira eraginkorrak, medusen kontzentrazioa oso handia izan denean baino ez. Sare finkoak ere erabiltzen dira, eta gelditu, gelditzen dituzte medusak, baina animalia horiek lortzen dute sareak haustea eta hondartzara iristea. Ondorioak jakinak dira.

Era berean, eusteko eta ateratzeko sistemen eraginkortasuna mugatua da, oso eskala txikian jarduten baitute. Ondorioz, zientzialariek behin eta berriro azpimarratu dute egiazko irtenbidea arazoa errotik moztea dela, izurria sortzen duten arrazoiak deuseztatzea. Eta, bistan da, hori ezin da lortu goizetik gauera. Arazoa da gaur egun ez dela ikerketa-proiektuetan inbertitzen, eta, ondorioz, ez dela oraindik zehatz-mehatz ezagutzen zein den egoeraren neurria: zenbat medusa dauden, nola hazten eta ugaritzen diren, non biltzen diren, eta abar.


Ziztada saihesteko gomendioak…

  • Medusak hondartzatik gertu badaude, uretatik kanpo egon behar da, batez ere asko daudenean.
  • Eguzkitako kremak, egoki erabiliz gero, eguzki-erradiazioak iragazteaz gain, geruza isolatzailea sortzen du medusen garroen kontra, baita ur gainean dauden beste espezieen eta gai toxikoen kontra ere.
  • Kontuan izan behar da medusek ez dutela eraso egiten, baizik eta nahi gabe haien garroak ukitutakoan ziztatzen dutela. Hori dela-eta, astiro-astiro atera behar da uretatik, mugimendu zakarrik gabe, garroak ez ustekabean erakartzeko.
  • Ez da inoiz medusa bat ukitu behar, nahiz eta itsasotik kanpora egon, eta, itxuraz, hilik egon, izan ere, bere harizpi edo filamentuen zelula erregarriek bizirik jarrai dezakete eta animaliarengandik askatu egin daitezke.
  • Ez da larritu behar bat ikusiz gero. Mediterraneoko espezie gehienak ez dira arriskutsuak.

…eta nola jokatu batek ziztatuz gero

Medusa batek ziztatuz gero, hauek izaten dira sintoma ohikoenak: bat-bateko mina eta azkura, erredura modukoa, gorritasuna, hantura eta, batzuetan, odola. Oso garrantzitsua da uretatik ateratzea; ur gaziarekin garbitzea (inoiz ez ur gezarekin, zelula erregarriak apur baititzake); hondarrarekin edo xukaderarekin hazka ez egitea; garroaren aztarnak ateratzea, agerian badaude, behintzat; eta hotza jartzea, izotzez betetako poltsa bat, adibidez, hamabost bat minutuan. Ez da komeni bestelako substantziarik ematea, amoniakorik, esaterako, azala narritatzen baitu. Ziztada jaso duenak okerrera egiten badu ordu erdiren buruan, osasun zentro batera jo behar da lehenbailehen.

Gogoan izan behar da zauri bat dela, eta ondo zaindu behar dela, ez gaiztotzeko. Antiseptiko bat jartzeak, iodo-tintura, adibidez, eta bendekin estaltzeak lagundu egiten du zauria orbantzen.

Medusak, toxikoak eta beharrezkoak

Medusak animalia ornogabeak dira; koralekin, gorgoniekin eta anemonekin batera knidarioen familiakoak dira. Grezierazko knide (asuna) hitzetik dator izena. 8.000 espezie ezagutzen dira, eta horietatik 1.000 izan daitezke toxikoak gizakiarentzat. Batzuk hilgarriak ere izan daitezke, “Australiako ezpa”, esaterako. Medusa espezie horrek marrazoek baino jende gehiago hiltzen du antipodetan. Osaeragatik dauka itxura garden hori (% 95 ura da); uretan ezkutatzeko balio die horrek.

Medusak haragijaleak dira (planktona, krustazeo txikiak eta arrain txikiak jaten dituzte), eta berebiziko eginkizuna dute itsasoko kate trofikoetan; elikadura sareetan, alegia. Elikagaia harrapatzeko eta bere burua babesteko zelula erregarriak baliatzen dituzte. Harizpi pozoitsuak dauzkate zelula horiek. Hala, animaliaren azala ukituz gero, harizpiak biktiman iltzatzen dira, eta pozoia ziztatzen du medusak.