Ez da komeni ez dakigun lanetan sartzerik
Erraz ekidin daitezkeen argindar-ihesak, entxufe, kable edo larakoen manipulazio okerrak eta matxura txikiak geure kabuz konpontzeko grinak etxeko istripu ugari eragiten du urtero -horietako zenbait oso larriak-; neurri xume batzuekin ekidin daitezke batzuk. Hala ere, zalantzarik edukiz gero seguru jokatu behar da eta profesional bat kontratatu.
- Instalazio batean edo gailu elektrikoekin lanean ari zarenean, errespeta itzazu segurtasun arauak. Heriotz arriskua izateaz gain, oker jokatzeak sutea ere eragin dezake.
- Ez hasi ez dakizun lanetan. Eskatu profesional baten zerbitzua.
- Edozein konponketa egiten hasi aurretik, kendu argindarra. Deskonektatu ondoren ere zalantzan bazaude, erabili tentsio-detektagailu bat elektrizitate-ihesik ez dagoela ziurtatzeko.
- Ez ahaztu gizakien gorputz bustia elektrizitate-eramaile paregabea dela. Instalazioak eta gailu elektrikoak manipulatzean eskuak lehor eduki beti.
- Ez ibili oinutsik edo oinak bustita.
- Egiaztatu zirkuituek eta gailu elektrikoek “lurrerako hartunea” konektaturik dutela. Lurrerako hartunea entxufetik lurrerako konexio bat da (berdea eta horia) -lurra elektrizitate-eramaile paregabea da- ihesak edo isolamendu okerrak eragindako korrontea deskargatzeko balio duena. Etxetresna elektriko indartsuak lurrerako hartunea duten entxufeetara konektatzea komeni da, hartune hori segurtasun elementua baita, zirkuitu edo gailu baten akatsa gertatuta ere.
- Noizean behin, sakatu etengailu diferentzialaren proba-botoia, behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko. Etengailu horrek salto egiten du argindar-ihesak antzematen dituenean eta salbamendu-elementu gisa ere hartzen da, korrontea ihesi duen etxetresna bat ukitzean elektrokutatzea ekiditen baitu. Matxuratuta dagoenak salto egiten ez badu, ez da babestuta egongo. Gailuren batek karranpa ematen badu, deskonektatu berehala eta deitu teknikariari. Baliteke zure etxeak diferentzialik ez edukitzea edo daukazunak balio ez izatea.
- Deskonektatu sarri-sarri erabiltzen ez dituzun gailu elektrikoak. Manipulatu edo garbitu behar dituzun etxetresna elektrikoak ere deskonektatu. Gailuak deskonektatzeko, larakotik heldu beti, sekula ez kabletik.
- Kable hondatuen ordez jarri berriak. Ahal dela ez egin junturarik, baina egiten baduzu, ez erabili zinta isolatzailea kable muturrak lotzeko. Metodo segurua ez izateaz gain, debekatu egiten du araudiak. Erabili horretarako berariazko lokailuak.
- Ez blokeatu etengailu automatikoak, instalazioak huts eginez gero libreki funtziona dezaten.
- Salto egin duen fusible baten ordez sekula ez ipini intentsitate handiagoko bat.
- Klabeak hormara josteko ez erabili grapa arruntik. Isolamendua eten eta kontaktua egin lezakete.
- “Lapurrek” ahalmen mugatua izaten dute eta ez da sekula muga hori gainditu behar. Ez konektatu gailu asko entxufe berean, larregiko kargak zirkuitua erre eta sutea eragin baitezake. Hautatu segurtasun handiko modeloak eta baztertu entxufe eta egokigailuz osaturiko kateak.
- Gogoratu bainugela dela etxeko gelarik arriskutsuena, ura eta elektrizitatea elkartzen direlako. Baineratik hurbil ez jarri etengailu, entxufe eta argiztapen-gailurik; debekaturik dago metro bat baino gutxiagora etengailuak jartzea ere.
- Entxuferen bat hondaturik badago, aldatu lehenbailehen. Horrela ez da larregi berotu eta zirkuitulaburrik edo suterik gertatuko. Erreta baldin badago, aldatu eta ez entxufatu berriro potentzia handiko gailurik, horrelaxe erretzen baitira entxufeak.