Hoberenetako bat, denetan merkeena
Oraingoan zortzi frijigailu elektriko aztertu dira; beren prezioak 50,42 eurotatik (8.390 pezeta; Philips HD-6110) 107,58 eurotara (17.900 pezeta; Tefal Visualis 100) doaz eta elikagaia frijitzeko tenperatura hautatzen duen termostatoak kontrolaturiko erresistentzia elektrikoek 4 litroraino olio berotu dezakete, handienetan.
Merkeena (Philips) eta garestiena (Tefal) dira kalitaterik hoberenekoak; halakotzat jotzen da ezaugarri teknikoez, funtzionatzeko segurtasunaz eta laborategiko probetan agerturiko emaitzez osaturiko balio orokorra. Philips HD-6110 lagina da kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Zortzien kalitatea onartzeko modukoa da, gutxienez, baina Taurus Star-3 eta Ufesa FR-1230 laginek ez dute betetzen segurtasun-araua, garrantzi gutxiko gabezia edo akatsak direla medio.
Hainbat atalek (ergonomia, erabilera eta maneiua, mantenua eta garbiketa, itxura eta bukaera, aginteen babesa, argibideen gidaliburua, berotzeko eta hozteko azkartasuna, termostatoaren zehaztasuna, frijitutakoaren kalitatea eta elektrizitatearen kontsumoa) osaturiko multzoan Tefal eta Philips nabarmendu ziren, orokorki, egokienak zirelako. Ergonomikoenak: Fagor F-5220, Taurus Prof-3 eta Ufesa FR-1230, maneiatzeko soiltasunagatik, plastikozko hiru helduleku dauzkatelako (horietako bi garraiatzeko eta bestea estalkia erabiltzeko) eta beren tamainagatik. Elektrizitate kontsumo apalenekoak: Philips eta Fagor, eta Ufesa FR-1515.
Baliatzeko errazak. Garbitzeko egokiena Tefal izan zen, kanpoko azalerak leun eta ia ertzik gabekoak zituelako; berotzen duen erresistentziak ez du olioa ukitzen (beraz, ez da zikintzen), olioa daukan kubeta atera egiten da eta usainen kontrako iragazkia erraz aldatzen da. Philips laginak ere kalifikazio ona jaso zuen arren, kubeta frijigailutik ezin bereiz daitekeenez, aparatua garbitzea ez da erraza. Solac 653 eta Ufesa FR-1515 laginek duten koipeen kontrako iragazkiaren erauzketa ez da batere soila. Bukaerari dagokionez, denetan hoberena Tefal izan zen: haria jasotzeko mekanismoa, usainen kontrako iragazkia daukan estalkia, honen perimetro osoan goma (itxidura hermetikoagoa) eta plastikozko egitura sendoa; frijitzen ari dena ikusteko leihoa dauka baina, kondentsazioaren aurkako mekanismorik ez duenez, ikusgarritasuna dezente eragozten da. Denetan egonkorrenak (goma ez labaingarrizko lau hanka dituztelako) Fagor, Taurus Prof-3, Tefal eta Ufesa FR-1230 dira.
Aginteak maneiatzea. Aginteak agertzen dituzten markei dagokienez, Philips HD-6110, Solac 653 eta Ufesa FR-1230 nabarmendu dira: frijigailuaren gainean, hainbat elikagai frijitzeko tenperatura eta denborak erakusten dituzte eta. Aginteen babesaz ari garela, hoberena Taurus Star-3 da. Solac 653, Taurus Prof-3 eta Ufesa FR-1515 laginetan, aginteek mugimenduaren aurrean erresistentzia ahulagoa ezartzen dute eta babesteko ezpainik ez daukate. Berotze-gunerik altuenera iristeko azkarrenak Fagor eta Ufesa FR-1515 izan ziren eta Taurus Star-3, Tefal eta Ufesa FR-1515 izan ziren hozteko denbora gutxien behar izan zutenak. Olioa hustean Tefal izan zen onena, erresistentzia kubetatik kanpo dagoelako eta, gainera, askatu egin baitaiteke, garbitzeko zein olioa ateratzeko. Philips lagina, berriz, irauli beharra dago, erabilitako olioa ateratzeko.
Frijitzeko saskiaren heldulekua desmuntagarria izatea eta behar bezala babesturik egotea komeni izaten da. Fagor, Solac, Taurus Prof-3, Ufesa FR-1230 eta Ufesa FR-1515 laginetakoa desmuntagarria da eta besteetan, berriz, finkoa, heldulekua plastikozkoa den arren. Philips eta Tefal markakoetan heldulekua tolesgarria izateari esker, istripu-arriskua arindu egiten da. Tefal laginak daukan usainen kontrako iragazkiak gantzen kontrakotzat ere funtzionatzen du. Philips, Solac eta Ufesa FR-1230 laginek gantzen kontrakoa bakarrik daukate eta beste hirurek, azkenik, inolako iragazkirik ez dute.
Onartzeko moduan frijitzen dute gehienek. Proban, aurrez kuzinaturiko 500 gramo patata izoztu sei minutuz frijitu ziren. Ukitu aldetik, Philips izan zen onena: bertan frijituriko patatak ongi eginik agertu ziren, gantza ia hautematen ez zelarik; denetan okerrena, aldiz, Solac izan zen: patatak kanpo aldetik oso frijiturik zeuden, baina barrutik lehor eta gantzik gabe. Uniformetasun alorretik, denek jaso zuten kalifikazio ona, Solac-ek izan ezik, bertan frijituriko patata gehienak kiskali egin zirelako. Gorritzean, egokienak Philips eta Taurus Star-3 izan ziren eta txarrenak Solac 653 (patatak kiskali zituelako) eta Fagor F-5220 (gorritzera iritsi ez zelako). Laburbilduz: bost laginek ongi frijitu zuten gure proban, bik (Fagor eta Taurus Prof-3) onartzeko moduan eta bakarrak (Solac), gaizki.
Kontsumoan, batetik bestera alde handia. Energi gasturik apalena egin zutenak Fagor, Philips eta Ufesa FR-1515 (0,5 kilowatt orduko) izan ziren. Elektrizitatearen kontsumo handiena egin zutenak, Taurus markako biak: 0,7 kw orduko baino zerbait gutxixeago. Fagor, Taurus Prof-3, eta Ufesa markako bi laginek etiketan adierazitakoa baino potentzia handiagoa dute; dena den, baimenduriko tolerantzia ez zuten laginek gainditu; aitzitik, Philips, Solac, Taurus Star-3 eta Tefal laginak adierazitakoaz behetik zebiltzan.
Frijitzeko behar duten olio-kopuruari dagokiola, Philips, Tefal eta Solac laginetan goreneko maila 2,2 eta 2,5 litro bitartean zegoen; Ufesa FR-1230, Fagor, Taurus Star-3 eta Ufesa FR-1515, berriz, balio hori 2,7 eta 2,9 litro artean zebilen. Olio gehien behar izan zuena Taurus Prof-3 (3,4 litro) izan zen. Philips, Fagor, Solac, Taurus Star-3, Tefal, Ufesa FR-1515 laginak dira olio gutxienekin frijitzen dutenak. Adierazitako eta egiazko olio-edukieren arteko aldea handia da kasuren batean: Philips laginak adierazi duena baino %10 gehiago behar du eta Taurus Prof-3 laginak, berriz, etiketan aitortutakoa baino %24 gehiago. Philips eta Ufesa FR-1230 laginek bakarrik adierazten dute argibide-liburuan erabilitako olioarekin zer egin behar den.
Termostatoak, tamaina, pisua, etab.
Termostato gehienek lanean jarduteko 150ºC eta 190ºC bitarteko tenperatura-zerrenda ematen dute. Tenperatura kontrolatzeak berebiziko garrantzia dauka: 150ºC baino tenperatura hotzagoetan frijitzea ez da aholkatzen, elikagaiek gantz gehiegi xukatzen dutelako eta; 225 ºC baino tenperatura beroagoan, aldiz, arriskutsua izango litzateke (olioak su har dezake eta). Goreneko tenperaturan, fidagarrien agertzen diren termostatoak Philips, Taurus Prof-3, Tefal eta Ufesa FR-1230 laginenak dira. Tenperatura hotzenean, berriz, Tefal eta Ufesa markako biak izan ziren onenak. Termostatoak adierazten duena eta olioaren benetako tenperaturaren arteko alde handiena Fagor laginak erakutsi zuen goreneko tenperaturan eta Philips-ek hotzenean: desbideraketak %15 eta %20 bitartekoak izan ziren.
Modelo guztietako kanpo aldeak kubetatik bereiz dauzkate (airezko tarte bat erdian dagoela: “pareta hotzen” sistema deritzo horri) erredurarik gerta ez dadin. Plastikozko paretak dituzten laginek hartu zuten tenperatura eta metalezkoak zituztenen artean alderik ez zen nabarmendu. Zortzi frijigailuetatik, erresistentziak aparatuari kateaturik zeuzkaten laginak Philips eta Tefal ziren (horrenbestez, garbitzeko unean eragozpen latzagoak agertzen zituzten) bi.
Espazio gehien betetzen dutenak Fagor F-5220 (57 zentimetro), Ufesa FR-1230 eta Taurus Prof-3 (53 eta 54 cm) dira. Txikienak, Solac (38 cm) eta Taurus Star-3 (39 cm). Kargari dagokionean, denetan arinena Philips HD 6110 (2 kilo) da eta astunena, berriz, Tefal (4, 5 kilo). Alde handia, nolanahi ere.
Lautatik batean, segurtasuna hobetzeko modukoa. Frijigailu gehientsuenak seguruak badira ere, Philips eta Taurus Star-3 laginen kanpo aldeak eta Tefal laginaren kristalezko leihoa gehiegi berotu ziren. Nolanahi ere, horri buruzko arautegirik ez dago. Bestetik, bi arau-urraketa hauteman ziren azterketan: Taurus Star-3 laginean, onartzen den gehieneko tenperatura (225ºC) gainditu egin zuen olioak eta Ufesa FR-1230 laginaren plastikozko heldulekuak gehiegi berotu ziren.
Hainbat kasutan, bilgarrian eta aparatuan adierazitakoaren artean aldeak hauteman zituen CONSUMER-ek. Tefal laginean, adibidez, hainbat elikagai prestatzeko aholkatzen diren denborak eta tenperaturak ez dira berdinak ontzian eta aparatuan. Taurus Star-3 laginaren bilgarriak frijigailuak gantzen kontrako iragazkia daukala badio ere, horrelakorik ez da; Ufesa FR-1230 laginaren kasuan, aldiz, saskiaren heldulekuak babesa badu ere, ontzian ez da azaltzen horrelakorik.
Xehetasun txikiren bat gorabehera, kontsumitzaileari eskaintzen zaion informazioa zuzena da, baina Tefal laginaren berme-agirian ez dago tokirik eroslearen datuak sartzeko.
Nola frijitu elikagaiak
Frijitzeko olio egokienak oliba olioa eta “oleiko ugaridun” ekilore olioa dira: azaleran sortzen zaien geruzari esker, elikagaiek gantz gutxiago xurgatzen dutelako, ur-edukia mantentzen dutelako eta ahogozo hobekoak gertatzen direlako. Horiek dira tenperatura altuetan (160-200ºC) oliorik egonkorrenak (gehienetan balia daitezkeenak) frijitzeko eta deskonposatzeko denbora gehien behar dutenak. Azido oleiko (bihotzarentzako osasungarri den gantz monoinsaturatua) ugari edukitzeari esker dira honelako olioak gantz poliinsaturatu asko dituzten gainontzekoak (arto, soia, ekilore etab.) baino egonkorragoak: horietan, tenperatura altuek oxidazioa eta egituraren eraldaketa eragiten dute berehala. Oliba olioak eta “oleiko ugaridun” ekilore olioak gainerakoek baino apar gutxiago sortzen dute frijigailuan.
- Ez nahasi olio berria eta erabilitakoa; ez nahasi oliba olioa edo oleiko ugaridun ekilore olioa bestelako landare-gantz likido batekin (irakite-gune desberdinak dituzte; oleiko ugari daukan olioak bestelakoek baino tenperatura altuagoak hobeto pairatzen ditu, baina bietakoak nahasten baldin baditugu, batak bestea erretzen duenez, gai narritagarriak eta toxiko izan daitezkeenak osatzen dira).
- Ez berotu gehiegi. Frijitzen ari den bitartean, ez gainditu 170ºC.
- Erregulatu frijigailuko termostatoa, olioari kerik ez jariatzeko eta ez belzteko.
- Gehiegi edo gehiegitan beroturiko oliorik ez erabili: gai narritagarriak eta toxiko izan daitezkeenak sortzen dira horrela.
- Frijitu beharreko elikagaiak, lehor-lehorrak egon daitezela: urak olioaren deskonposizioa areagotzen du.
- Frijitu ondoren, bahetu olioa, bertan geratu diren hondakinak eliminatzeko, olioaren deskonposizioa areagotzen dute eta.
- Olioa zenbat aldiz bero daiteke (padera edo zartaginean zein frijigailuan)? Ez dago kopuru finkorik. Frijitzea nolako baldintzetan egin den, alde handia izango da: nolako olioa, zein tenperatura, zenbat denbora, nolako elikagaia…
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Aztertu diren zortzi frijigailu elektrikoen prezioak 50,42 eurotatik (Philips HD-6110) 107,58 eurotara (Tefal Visialis 1000) bitartekoak dira.
- Kontsumitzaileari ematen zaion informazioa zuzena da, baina Tefal laginaren berme-agirian ez dira sartzen eroslearen datuak, horretarako tokirik ezean.
- Segurtasun araua bi laginek urratzen dute: Taurus Star-3 laginean, onarturiko gehieneko tenperatura gainditu egiten baitu olioak eta Ufesa FR-1230 lagineko heldulekuak onartutakoa baino gehiago berotzen direlako.
- Tefal laginak daukan usainen kontrako iragazkiak koipeen kontrako iragazkitzat ere funtzionatzen du. Philips, Solac eta Ufesa FR-1515 koipeen kontrakoa bakarrik dute eta gainerakoek ez dute iragazkirik.
- Elektrizitateari dagokionez, batzuek besteek baino %40 gehiago kontsumitzen dute. Kontsumo apalenekoak Philips, Fagor eta Ufesa FR-1515 dira.
- Erabiltzeko erraztasuna onartzeko modukoa da denetan. Termostato zehatzenak Tefal Visialis 1000 eta Ufesa FR-1230 laginenak dira.
- Zortzietatik bostek ongi frijitzen dute, bik (Fagor eta Taurus Prof-3) onartzeko moduan eta bakarrak (Solac), gaizki.
- Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Philips HD-6110 da, denetan merkeena; Tefal Visialis 1000 laginarekin batera, azterketa osoan “oso ongi” kalifikazio orokor bakarrak izan dira.
Marka | PHILIPS | TEFAL | FAGOR | UFESA | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Modeloa | HD-6110 | VISUALIS 1000 | F-5220 | FR-1515 | ||||
Prezioa (euro/pezeta) | ||||||||
50.42/ 8.390 | 107.58/ 17.900 | 60.04/ 9.990 | 66.05/ 10.990 | |||||
Kontsumitzailea- rentzako informazioa | ||||||||
– Etiketa eta adierazpenak | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ||||
– Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ||||
– Bermea | ZUZEN | Ez da zuzen | ZUZEN | ZUZEN | ||||
Segurtasuna | ||||||||
ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | |||||
Ezaugarri teknikoak / Prestazioak | ||||||||
– Potentzia neurtua (W) | 1858 | 1891 | 2021 | 2185 | ||||
– Pisua (kg) | 2.0 | 4.5 | 2.7 | 3.5 | ||||
– Olio-kubetaren edukiera: (gehien / gutxien) (l) | 2.2 / 1.7 | 2.3 / 2.0 | 2.9 / 1.8 | 2.9 / 2.0 | ||||
– Filtroak: usain kontrakoa / koipe kontrakoa | Ez / Bai | Bai / Bai | Ez / Ez | Ez / Bai | ||||
– Tenperatu- raren kontrola: maila/posizioak |
150 – 190/ 5 | 150 – 190/ 6 | 160 – 190/ 4 | 160 – 190/ 4 | ||||
Erabilgarritasuna | ||||||||
– Ergonomia | ONGI | ONGI | OSO ONGI | ONGI | ||||
– Erabilera eta maneiua | ONGI | ONGI | ONGI | ONGI | ||||
– Mantenu eta garbiketa | ONGI | OSO ONGI | ARRUNT | ARRUNT | ||||
– Kanpoko itxura eta bukaera | ONGI | ONGI | ARRUNT | ONGI | ||||
– Aginteen babespena | ONGI | ONGI | ONGI | ARRUNT | ||||
– Argibideen liburua | ONGI | ONGI | ONGI | ARRUNT | ||||
– Azkartasuna: berotzean/ hoztean | N/ N | N/ B | B/ ARRUNT | ONGI/ ONGI | ||||
– Termosta- toaren zehaztasuna: gutxieneko tenp/ gehieneko tenp. |
GAIZKI/ OSO ONGI | OSO ONGI/ OSO ONGI | ARRUNT/ GAIZKI | OSO ONGI/ ARRUNT | ||||
– Frijitzea | ONGI | ONGI | ARRUNT | ONGI | ||||
– Elektrizitate- kontsumoa | ONGI | ARRUNT | ONGI | ONGI | ||||
Osoko balioztapena | ||||||||
Oso ongi | Oso ongi | ongi | ongi |
Marka | SOLAC | TAURUS | TAURUS | UFESA | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Modeloa | 653 | PROF-3 | STAR-3 | FR-1230 | ||||
Prezioa (euro/pezeta) | ||||||||
66.05/ 10.990 | 78.07/ 12.990 | 54.04/ 8.992 | 93.16/ 15.500 | |||||
Kontsumitzailea- rentzako informazioa | ||||||||
– Etiketa eta adierazpenak | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | |||||
– Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ||||
– Bermea | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ZUZEN | ||||
Segurtasuna | ||||||||
ZUZEN | ZUZEN | Ez da zuzen | Ez da zuzen | |||||
Ezaugarri teknikoak / Prestazioak | ||||||||
– Potentzia neurtua (W) | 2070 | 1969 | 1866 | 1868 | ||||
– Pisua (kg) | 3.3 | 3.2 | 3.6 | 3.4 | ||||
– Olio-kubetaren edukiera: (gehien / gutxien) (l) | 2.4 / 1.8 | 3.4 / 2.3 | 2.9 / 2.0 | 2.7 / 2.5 | ||||
– Filtroak: usain kontrakoa / koipe kontrakoa | Ez / Bai | Ez / Ez | Ez / Ez | Ez / Ez | ||||
– Tenperatu- raren kontrola: maila/posizioak |
140 – 190/ 6 | 150 – 190/ 3 | 150 – 190/ 3 | 160 – 190/ 4 | ||||
Erabilgarritasuna | ||||||||
– Ergonomia | ARRUNT | OSO ONGI | ARRUNT | OSO ONGI | ||||
– Erabilera eta maneiua | ONGI | ONGI | ONGI | ONGI | ||||
– Mantenu eta garbiketa | ARRUNT | ARRUNT | ARRUNT | ARRUNT | ||||
– Kanpoko itxura eta bukaera | ONGI | ARRUNT | ONGI | ARRUNT | ||||
– Aginteen babespena | ARRUNT | ARRUNT | OSO ONGI | ONGI | ||||
– Argibideen liburua | ARRUNT | ARRUNT | ARRUNT | ARRUNT | ||||
– Azkartasuna: berotzean/ hoztean | ARRUNT/ ARRUNT | ARRUNT/ ARRUNT | ARRUNT/ B | ARRUNT/ ARRUNT | ||||
– Termosta- toaren zehaztasuna: gutxieneko tenp/ gehieneko tenp. |
ONGI/ARRUNT | ARRUNT/OSO ONGI | ONGI/ARRUNT | OSO ONGI/OSO ONGI | ||||
– Frijitzea | GAIZKI | ARRUNT | ONGI | ONGI | ||||
– Elektrizitate- kontsumoa | ARRUNT | ARRUNT | ARRUNT | ONGI | ||||
Osoko balioztapena | ||||||||
Onartzeko moduan | Onartzeko moduan | Onartzeko moduan | Onartzeko moduan |
Banan-banan
Banan-banan
PHILIPS HD-6110
- 50,42 euro, 8.390 pezeta. Merkeena eta kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena.
- Kalitate orokorra: oso ongi.
- Sendoa eta ergonomikoa, denetan arinena (2 kilo). Koipeen kontrako iragazkia, estalki desmuntagarria, plastikozko heldulekuak eta 5 posizioko termostatoa. Kubeta atera ezinekoa daukan bakarra. Elektrizitate-kontsumorik apalena. Ergonomia, bukaera, mantenua, aginteen babesa, goieneko tenperaturetan termostatoaren zehaztasuna eta frijituen kalitatea, oso onak. Tenperatura hotzenetan, termostatoak zehaztasun eskasa.
TEFAL VISIALIS 1000
- 107,58 euro, 17.900 pezeta. Denetan garestiena.
- Kalitate orokorra: oso ongi.
- Berme-agiria ez da zuzena. Sendo eta ergonomiko samarra, denetan astunena (4,5 kilo). Koipeen eta usainen kontrako iragazkia eta 6 posizioko termostatoa. Estalki desmuntagarria, bere leiho eta guzti (baina kondentsazioaren kontrako sistemarik gabe) eta plastikozko heldulekuak. Philips laginarekin batera, hoberena mantenuaz eta garbiketaz, eta termostatoaren zehaztasunean.
FAGOR F-5220
- 60,04 euro, 9.990 pezeta.
- Kalitate orokorra: ongi.
- Oso ergonomiko, sendo eta arina (2,7 kilo). Estalki desmuntagarria eta plastikozko heldulekuak, pizgailua eta 4 posizioko termostatoa. Iragazkirik ez. Argibide-liburua, oso ongi. Berotzean azkarrenetako bat, goiko tenperaturetan termostatoaren desbideraketa handia delarik (%15-%20 inguru). Elektrizitate-kontsumo apala.
UFESA FR-1515
- 66,05 euro, 10.990 pezeta.
- Kalitate orokorra: ongi.
- Hiru urteko bermea (bigarren eta hirugarrenean, osagaiak bakarrik). Ergonomiko eta sendo samarra. Koipeen kontrako iragazkia, estalki desmuntagarria, 4 posizioko termostatoa, pizgailua eta pilotua. Berotzen eta hozten azkar-azkarra, behereneko tenperaturetan termostatoaren zehaztasuna da nabarmentzekoa.
SOLAC 653
- 66,05 euro, 10.990 pezeta.
- Kalitate orokorra: onartzeko modukoa.
- Hiru urteko bermea (bigarren eta hirugarrenean, osagaiak bakarrik). Sendo samarra baina ez oso ergonomikoa: ez dauka heldulekurik. Koipeen kontrako iragazkia, estalki desmuntagarria, 6 posizioko termostatoa, baina behereneko tenperatura hotzegia bada ere (140ºC). Itxura eta bukaeraz, ongi. Frijitze-kalitatean proba gainditu ez duen bakarra.
TAURUS Prof-3
- 78,07 euro, 12.990 pezeta.
- Kalitate orokorra: onartzeko modukoa.
- Argibideetan ez da agertzen “Ez ipini estalkia aparatuaren gainean frijitzen ari den bitartean” adierazpena. Oso ergonomiko eta sendoa. Estalki desmuntagarria, plastikozko heldulekuak eta 4 posizio baizik ez dituen termostatoa. Goreneko tenperaturetan termostatoaren zehaztasuna da nabarmentzekoa. Iragazkirik ez. Adierazita dagoen eta benetan behar duen olio-bolumena ez datoz bat (%24eko aldea).
TAURUS STAR-3
- 54.04 euro, 8.992 pezeta. Merkea
- Kalitate orokorra: onartzeko modukoa.
- Sendo samarra baina, ergonomiaz, ahulenetakoa. Estalki desmuntagarria eta 3 posizio baizik ez dituen termostatoa; pizgailua. Ez iragazkirik (sarexka metaliko bat baino ez), ez hanka ez-labaingarririk ere. Segurtasun araua urratzen du: onarturiko goreneko tenperatura gainditu egiten du eta paretak gehiegi berotzen dira. Funda garden batekin babesturik daude aginteak.
UFESA FR-1230
- 93.16 euro, 15.500 pezeta. Garestia.
- Kalitate orokorra: onartzeko modukoa
- Hiru urteko bermea (bigarren eta hirugarrenean, osagaiak bakarrik). Oso ergonomiko eta sendoa. Estalki desmuntagarria eta plastikozko heldulekuak, 4 posizioko termostatoa, pizgailua eta pilotua. Iragazkirik ez. Segurtasun araua urratzen du: plastikozko heldulekuak gehiegi berotzen dira. Termostatoaren zehaztasuna du nabarmentzekoa.