Telebista digitaleko plataformak

Kontratatu aurretiko gogoeta: merezi ote du?

Estatu espainiarrean ordaindu beharreko hiru telebista-plataforma digital dabiltza elkarren lehian. Kanalen eskaintza aztertu du CONSUMER-ek
1 urtarrila de 2002
Img informe listado

Kontratatu aurretiko gogoeta: merezi ote du?

Telebista konbentzionalaren aurrean esertzean, ikusleak utopiko deritzo gai-zerrenda zabal-zabaletik gustukoa aukeratu eta, gainera, publizitatea emateko etenik izan gabe ikusi ahal izateari. Beste horrenbeste gertatzen da lehen mailako kirol-ikuskizunekin edo egungo filmekin ere. Horregatik erabaki dute erabiltzaile askok dirurik ordaintzea: eduki erakargarri eta elkarreragilez josiriko neurri-neurriko telebista agintzen duten hiru plataforma digitaletako baten emisioak etxean jasotzearren, alegia. Horren truke, antena paraboliko baten instalazioa (Vía Digital eta Canal Satélite Digital-en kasuetan) edo hari gabeko teklatuaren erosketa (Quiero TV) eta, 2001 urteko “Anuario de Telebista” txostenaren arabera, hiru erabiltzailetik birentzat garesti samarrak diren hileroko kuotak ordaindu behar izaten dira.

Teknologia digitalari esker lehorretik (telebista konbentzionalak bezalaxe) edo satelite bidez askoz ere kanal gehiago igor daitezke, kostu txikiago baina kalitate handiagoarekin (DVD bitartez bezalatsu). Telebista analogiko dohainekoa (TVE, Antena 3 edo Tele 5) eta ordaindu beharrekoa (Canal +) dauden bezala, telebista digitala ere era irekian edo abonatuentzat bakarrik eman daiteke. Estatu espainolean lanean diharduten hiru plataforma digitalek (Canal Satélite Digital, Vía Digital eta Quiero TV) finantzabide horixe aukeratu dute.

Satelite bidezko plataforma digitalek duten abantaila handi bat, telebista tradizionala eta hari bidezkoa iristen ez diren tokietara heltzea da. Aski izaten da satelitearen estaldura-area barrenean egon (eskuarki, kontinente osoak izaten dira area horiek), antena parabolikoa ongi orientatua eta telebista-aparatuari loturiko deskodetzaile bat edukitzea. Alor honetako kanal-eskaintza ere, bestelako teknologiek egiten dutena baino ugariagoa da, honetan kanalak igortzeko “espazio” (espektro) handiagoa dutelako. Canal Satélite eta Vía Digital dira Estatu espainiarreko satelite bidezko telebista-plataforma digital bakarrak.

Baita lehorretik ere

Lehorreko telebista digitalari dagokionez, egungo antenen bitartez jaso daitekeen arren, gehienetan bestelako norabide batera zuzendu eta seinale-anplifikadorea aldatu egin behar izaten da. Quiero TV kanalak bakarrik darabil sistema hori, baina etorkizunean telebista “tradizionalek” (TVE, Telecinco, Antena 3, Canal +, erkidegoetako kateak eta maila lokaleko bakarren batek) eta beste bi kanal berrik (Net TV eta Veo TV) ere bide horretatik joko dute.

Bai lehorreko telebista digitalean, bai satelite bidezkoan ere, erabiltzaileak datuak baizik ez du jasotzen. Ezin igor dezake deus: horrek esan nahi du plataforma horiek eskaintzen dituzten zerbitzu elkarreragileetako asko baliatu ahal izateko edo ordaindu beharreko ikuste-bidezko gertakizun bat (futbol partidak edo estreinaldiko filmak) kontratatzeko ezinbestekoa da terminala telefonoari konektatzea (hau da, dei arrunt bat egitea), horrek eragiten duen gastua baztertu gabe, noski. Quiero TV firmaren eskaintzan sartzen den Interneterako konexioa ere telefono-hari bidez egiten denez, kontsumitzailea konektaturik egoten den denbora guztian telefono-dei lokal baten tarifan ordainduko du. Plataforma horretan ordainduko den azken prezioa, beraz, erabiltzaileak Interneten barrena chateatzen edo nabigatzen ematen dituen ordu-kopuruaren arabera aldatuko da.

Telebista digitalaren irudi eta soinuaren kalitateak, etxeko zinema delakoaren ikus-entzunezko sistemei ahalik eta zuku gehien ateratzea ahalbideratzen du. Bestetik, ematen diren film askotan bertsioa ere aukera daiteke: jatorrizkoa ala bikoiztua (baita zein hizkuntzatan bikoiztua ere); horri esker, plataforma horiek hizkuntzak praktikatzeko bide egoki bihurtuko dira.

Estatu espainiarreko futbol-liga, hiruretan

Futbolaz ari garela, lehen dibisioko futbol partida denak -autonomikoetakoa izan ezik (honakoa, larunbatetan ematen da, irekian)- eta astero-astero Canal + izenekoak aukeratzen duena hiru plataformek ematen dituzte. Azken hori, Canal + sarturik daukaten eskaintzetako bat berariaz kontratatu duten Canal Satelite-ko erabiltzaileek bakarrik ikus dezakete. Erabiltzaileak futbol-liga bakarrik ikusi nahi badu, partidak ikustearren prezioak antzekoak dira hiru kasuetan, Quiero TV merkexeago gertatzen bada ere (10,87 euro, Vía Digital-ek kobratzen dituen 11,65 euroen eta Canal Satélite-k eskatzen dituen 11,99 euroen aurrean).

Quiero TV kanaleko programazioa bi lehiakideena baino askoz ere apalagoa da. Plataforma honek egiten duen eskaintza mugatu bakarrean ezin da beste kanalik erantsi edo bertatik kendu. Horren ordainetan, Interneterako sarrera bideratzen duen bakarra da eta, orrialde konplexuetan barrena nabigatzeko edo behera kargaturiko edukiak gordetzeko aukera ematen ez badu ere, internauta hasi berrien premiak ase-betetzeko modukoa da.

Nabarmenki legez kanpokoak diren arren, gutxienekoa soilik ordainduta, erostunari plataforma bateko programazio osoa (ikustearren ordaindu behar diren gertakizunak barne: estreinaldiko zinema, pornografia edo futbola, adibidez) ikustea ahalbideratzen dioten txartel piratak biziki ugaldu dira azken garaiotan; beraz, erabiltzaile horientzat kanal-bildumaren prezioa ez da funtsezko faktorea. Gainontzeko erabiltzaileentzat, erositako edukien prezioa eta kalitatea balioestea ezinbestekoa da, eskaintza batetik bestera alde handiak hautematen dira eta.

Eskaintza hutsa baino gehiago

Estreinaldiko hainbat film edo liga espainiarreko zenbait partida jasotzen dituzten eskaintzak ez lirateke, berez, plataforma baten aldeko hautua egiteko arrazoi. Bata edo bestea taxuz aukeratzeko klabea, ordea, teorikoki kalitate handikoa den programazio hagitz segmentatua ikustearren ordaintzea merezi duen baloratu beharko da kasu bakoitzean. Operadore bakoitzeko web guneetan bertako programazioari buruzko xehekapen handiko informazioa agertzen da: geroagoko erabiltzailea baliatu ahal izango da informazio horretaz hemen erakutsitako koadroak osatzeko.

Nolanahi ere, ikusleak zerbait izan behar du kontuan: kanal konbentzionalen programazio oparo baina, maizegi, antzutik, zer eta noiz ikusi nahi den aukeratzea izaten da gehienetan alternatibarik egokiena.

Ordaindu beharreko kanalak

CANAL SATÉLITE DIGITAL

902 155 166 /www.csatelite.es

  • Konexioa: 90,15 euro (15.000 pezeta.)
  • Deskodifikatzailea: 7,99 euro (1.329 pezeta hileko)
  • Antena: 15.000 eta 20.000 pezeta artean (indibiduala)
  • Instalatzeko epea: eskakizunaren arabera.
  • Hileko kuota:

Aukerako multzoak

  • Pay per view*:
  • Estreinaldiko zinema: 3,75 euro (624 pezeta.)
  • X zinema: 4,51 euro (750 pezeta.)
  • Futbola: 11,99 euro (1.995 pezeta.)
  • Zerbitzu elkarreragileak: dendak, meteorologia, banka, burtsa, kirol eta jokoak.

QUIERO TV

902 502 525 / www.quierotv.es

  • Konexioa: 59,80 euro (9.950 pezeta.)
  • Deskodifikatzailea: 7,21 euro hileko (1.200 pezeta)
  • Hari gabeko teklatua (ezinbestekoa): 29,75 euro (4.950 pezeta. Ordainketa bakarra)
  • Instalatzeko epea: astebetea.
  • Hileko kuota: 22,54 euro (3.750 pezeta)
  • 14 kanal, 20 telebista-programa baino gehiago, Interneterako sarrera, posta elektronikoa eta zerbitzu elkarreragileak.

Aukerako multzoak: ez da horrelakorik

  • Pay per view*:
  • Quiero Club Zinema: 2’4 euro (400 pezeta.)
  • Quiero Club Privado (X zinema): 3’61 euro (600 pezeta.)
  • Quiero Club DTX (futbola): 10’97 euro (1.825 pezeta.)

Zerbitzu elkarreragileak: Internet, e-mail, 5 posta-kontu, esku-telefonoetarako mezuak, dendak (bidaiak, liburuak, osasuna, musika, hotelak, etxez-etxeko janari-zerbitzuak, etc.), horoskopoa, finantzak, loteriak, umorea, jolasak, kirola, meteorologia, lehiaketak, etc.

VÍA DIGITAL

902 200 035 / www.via.tv

  • Konexioa: 30,02 euro (4.495 pezeta.)
  • Deskodifikatzailea: hileko kuotan sartua.
  • Antena: konexio-kuotan sartua.
  • Instalatzeko epea: eskatu denetik 3 lanegunean.
  • Hileko kuota: 5,98 euro (995 pezeta.)
  • Aukerako multzoak:

Neurri-neurriko kanala:

  • Canal Barça: 4,51 euro hileko (750 pezeta)
  • Canal ludiTV (joko elkarreragileen kanala): 4,21 euro hileko (700 pezeta).
  • Erabateko futbola: 9,02 euro hileko (1.500 pezeta).
  • PlayBoy: Famili giroko Vía-n, 9,02 euro (1.500 pezeta). Hortik aurrerako multzoetan: 5,98 euro (995 pezeta)
  • Aparteko kanala: 30 audio-kanal.
  • Edukiak:

Pay per view*:

  • Estreinaldiko zinema: 3,61 euro (600 pezeta.)
  • Asteazkena (Ikuslearen eguna): 2,40 euro (400 pezeta.)
  • Helduentzako zinema
  • Futbola

Zerbitzu elkarreragileak: 48 zerbitzu. Banka-eragiketak, posta elektronikoa, esku-telefonoetarako mezuak, ikuskizunentzako txartelen erosketa, eguraldiari, errepideei eta hegaldiei buruzko informazioa, lehiaketak.

*Ordaintzea ikustearren. Film, partida edo ikuskizun bakoitzeko prezioa.