Gama garaiko kafeak

Merkeetan badira kalitate handikoak ere

Kilo laurdeneko ontzia 300 pezetatik 1.000 arte kostatzen da, kiloko. Arauak xedatutakoa hamahiru laginek betetzen dute
1 urtarrila de 2002

Merkeetan badira kalitate handikoak ere

/imgs/20020101/analisisa02.jpg
Jatorriz eta lantze-metodoen arabera desberdinak diren gama garaiko 13 kafe-lagin aztertu dira oraingoan. Horietako hamar ‘arabika ikuzi’ (edo ‘leun’) izenekoak dira, jatorri bakarrekoak (gure azterketan, Kolonbia, Kenya eta Costa Ricakoak), beste batzuk ‘blend’ motakoak, arabika ikuziekin egindakoak; beste bi, ‘arabika ez ikuziak’ (‘naturalak’) dira, Brasilgoak, eta azkenekoa, Ugandako ‘robusta’ plegukoa. Kafe horiek Bonka, Baqué, Saimaza, Fortaleza eta ‘O Gourmet’ markakoak dira.

Nutrizio alorretik baliorik ez du kafeak; suspergarria den heinean hartzen dugu eta, gainera, dauzkan lurrin eta ahogozoagatik eta edari freskagarri gisa ere kontsumitzen da. Bi barietate nagusi daude merkatuan: Coffea Arabica eta Coffea Robusta. Bien arteko desberdintasun nabarmenak dira ekoizteko modua, osaketa eta ezaugarri organoleptikoak (hau da, kontsumitzaileak dastatzean atzematen dituen zapore, usain, kolore, etab.). Arabica motakoak hobetsiak izaten dira, lurrin eta ahogozo zoragarriak dituztelako; Robusta barietatekoak, aldiz, sendoagoak dira eta, behar bezainbesteko proportzioan gehiturik, ederki janzten dute azken nahasketa.

Kafea lantzeko prozesuaren hasieran, fruitua eskuz bilduz gero mamia erauzten zaio eta egurats heze edo lehorrean tratatzen da, ‘kafe berdea’ lortzeko. Lehengai hori kalitateen arabera sailkatu, hautatu eta nahasiko da proportzio jakinetan, azken produktuaren arabera. Ondoren, txigortu eta ehotze egokiari esker, kafe-marka bakoitzeko bereizgarri den blend bakar hori osatuko da.

Marka eta mota batetik bestera sekulako aldeak daude prezioetan: 250 gramoko ontzi estandarrean saltzen diren merkeenak Bonka Puro Colombia (1,76 euros, 293 pezeta) eta Saimaza Colombia, Brasil eta Uganda (1,87 euros – 311 pezeta) dira. Fortaleza markak hainbat jatorritako kafeak 400 pezeta inguruan komertzializatzen ditu: Puro Colombia, Puro Kenya, Puro Arábica eta Puro Costa Rica. Baqué markako Kolonbia huts-hutsa 2,49 euros (415 pezeta) kostatzen da eta Colección Orígenes saileko kafeetako bat erosteko 3,91euros (650 pezeta) ordaindu behar da. ‘O’ Gourmet da denetan garestiena: Kenya eta Brasilgoak 5,14 euros kostatzen dira, eta Costa Ricakoa, 6euros.

Kafe ehoari aplikatzen zaion legeriak xedatuak ditu haren hezetasunaren, errautsen, ur-hondarreko solido disolbagarrien eta kafeina-edukiaren behe eta goreneko mugak. Parametro horietan lagin guztiak zuzen daude eta, bestetik, gehienen kolorea txigortze-maila ertainari dagokiona da. Ehotzeaz ari garela, Fortaleza markako lau laginak eta Ugandako Saimaza markakoan, merkatuan ohi duguna baino xeheagoa zen bitartean, Gourmet markak lodiago uzten du ale birrindua.

Kafe horietako batzuen etiketa hobetzeko modukoa da eta, areago, hainbat laginetan ez dago zuzen, ikuspegi horretatik.

Zaletasun pertsonalak gorabehera, kafearen onargarritasuna neurtzeko faktore behinen gisa espezialistek eginiko dastatze-proba batean zehazturiko kalitate organoleptiko (zaporea, kolorea, lurrina) hutsa kontuan izaki, kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Bonka Puro Colombia (1,76 euros eta 8,5 puntu dastatze-proban, batez beste) laginak eskaini zuen, ondotik Baqué 100% Colombia (2,49 euros eta 9 puntu) zetorkiola. Saimaza Colombia (1,87 euros eta ia 8 puntu ) ere aukera polita bada ere, hoberena Baqué Colección Orígenes (3,96 euros) da, 9,5 puntu lorturik. Markei dagokiela, aukera zabala eta prezio lehiakorrenak Fortalezak eskaintzen ditu.

Kafearen jakingarriak

Lehengaia, eskuarki, hainbat motatako kafe berdea da; hauek, nahasirik, marka bakoitzak erdietsi nahi dituen zapore, usain eta gorputza dituen blend edo nahaskia osatuko dute. Badira, dena den, plegu bakarreko kafeak osaturiko produktuak: horrelakoxeak dira hemen aztertu ditugunak.

Kafearen usain eta zaporea baldintzatzen dituen funtsezko faktorea txigortze-gradua da: zenbat eta txigortuago, orduan eta gorputz handi eta kolore ilunagoa hartzen du kafeak; alderantziz, txigortze arina hartutakoek garraztasun biziagoa agertzen dute. Kalitate handieneko aleak txigortzen dira ahulen, hauen egiazko zaporea era horretan hobeto erakusten dutelako. Txigortze latzak, kafeak dituen ezaugarri organoleptiko ez onuragarrienak estaltzen ditu, hain zuzen ere, txigortzeak eraldatu egiten dituelako aleen osaketa kimikoa (ura xahutzean, kafeak dituen azukreak karamelu bihurtzen dira) eta itxura fisikoa (alearen tamaina handitu eta kolore berdea marroi bilakatzen da). Txigortutakoan, aleak hainbat tamainatan ehotzen dira, azkenean zertara bideratuko diren gogoan izanda. Kafe ehoaren usainak oxigenoaren aurrean biziki sentiberak direnez, horrelako kafea hutsean edo atmosfera inertean ontziratu behar izaten da.

Laborategian

Legeriak agindurik, txigortze naturaleko kafe ehoak gutxieneko kafeina edukia (%0,7, gai lehorrarekiko), gehieneko hezetasuna (%5), guztirako errautsak (%6, gai lehorrarekiko) eta gehieneko ur-estraktuko solido disolbagarriak %20 eta %30 bitartean) eduki behar ditu. Lagin guzti-guztiek ongi betetzen dituzte legeak xedatutakoak, alor honetan.

Kafe ehoaren egonkortasunak funtsezkoa duen hezetasunaren batez bestekoa %3tik gertu zegoen. Kafeina-edukiaren batez bestekoa, aldiz, %1,17 inguruan geratu bazen ere, Saimaza Uganda laginak altuago erakutsi zuen (%2,3), ‘robusta’ motako kafeari dagokion bezala. Solido disolbagarrien proportzioan (kafea/ura erlazioa 100/10 izanik), Saimaza Uganda nabarmendu zen (%28,7), batez bestekoa %25,3 baizik izan ez zelarik.

Errautsen batez bestekoa %4,54era iristen da. Saimaza Uganda laginean hau ere altuagoa izan zen (%5,12), baina onartutako gehieneko (%6) mugaz azpitik zegoen. Kafearen azidotasun edo pH faktorea, azkenik, batez bestekoa 4,97 da, lagin gehienetan antzekoa, baina Saimaza Uganda laginean 5,24eraino iristen da. Azidotasun horrek eta dastatzen proban hautematen den garraztasunak ez dute zerikusirik.

Kafe ehoaren usaina oxigenoaren aurrean biziki sentibera denez, hutsean edo, bestela, gasen irteera (baina ez sarrerarik) ahalbideratzen duen norabide bakarreko balbuladun ontzietan komertzializatzen da. Ontzi gehienek, %0,3 baino hondarreko-oxigenoaren proportzio txikiagoa agertu zuten arren Fortaleza Costa Rica, Gourmet Kenya eta Costa Rica laginen proportzioak %0,7 eta %1 bitartekoak ziren. Balio horiek denak zuzen daudelarik, altu samarrak dira azken hiru horietakoak.

Koloreari dagokionez, kaferik ilunenak Saimaza Uganda, Gourmet Costa Rica, Fortaleza Puro Colombia, Fortaleza Puro Kenya eta Gourmet Brasil, txigortze bizia edo oso bizia nozitu dutelako. Fortaleza 100% Arábica, Baqué Orígenes, Gourmet Kenya eta Bonka Puro Colombia, aldiz, argienak dira, txigortze ertain-arina edo arina aplikatu zaielako. Gainerako laginek txigortze-maila ertaina agertu zuten, Saimaza Brasil eta Fortaleza Costa Rica markakoek izan ezik: hauek bizixeago txigortu dira.

Dastatze-proba: kafeaz aritzean, funtsezkoa

/imgs/20020101/analisisa01.jpg
Kafeak -blend edo nahasia ala plegu bakarrekoa- barietate eta mota bakoitzaren usaina, gorputza eta zaporea ederki ezagutzen dituzten adituek eginiko dastatze-proben bitartez balioesten dira, bere akats-tarte eta guzti. Lagin guzti-guztietan, dastaketan ondorioztaturiko jatorria eta etiketan adierazitakoa bat etorri ziren.

Dastatze horixe da kalitatea zehazteko funtsezko irizpidea. Usainaren balioespena lehorrean eta hezetasunean egiten da. Zaporeari dagokion proba egiteko, ur desmineralizatuan kafe infusioa %5ean prestatzen da. Eta kafea denboran barrena nola bilakatzen den ezagutzeko, azkenik, ontzia ireki eta handik bi astera beste dastaketa bat egin zen.

Dastatze-proba egiteko, kafeak hiru multzotan banatu ziren, lantze-prozesuen arabera. Arabika ikuzi edo suabeak (Colombia, Kenya, Costa Rica, eta %100 arabikaz osaturiko nahaskiak), arabika ikuzi gabe edo naturalak (Brasil) eta, azkenean, robusta motakoak (Uganda) balioztatu ziren. Aurrenekoen balio preziatuenak lurrinen aberastasuna, garraztasuna eta leuntasuna dira. Ikuzi gabekoenak, berriz, gorputza eta oreka; robusta plegukoen onurak, indarra eta intentsitatea. Ohiko baldintzetan, burtsako kotizazioez ari garela, kafe leun edo ikuzien balioa naturalen gainetik ohi dabil, eta biak ere robusta motakoen gainetik. Bereizgarri orokor horietatik kanpo, jatorri bakoitzari dagozkio berariazko ezaugarriak.

Dastatze-proban hoberenak izan ziren Baqué Orígenes (10 puntu usainean eta 9 edanean), Baqué Colombia (10 usainean eta 8 edanean) eta Bonka Colombia (8 usainean eta 9 edanean), denak ere kalitate on-onekoak. Akatsen bat ere atzeman zitzaion laginen bati: Fortaleza Puro Colombia eta Puro Arábica, Gourmet markako hiruretan eta Saimaza Brasil laginean oxidazio-lorratzik hauteman zuten adituek. Fortaleza Puro Colombia eta Gourmet Costa Rica txigortze biziegiari dagozkion arrastoak agertu ziren (nabarmenak, Gourmet Brasil laginaren kasuan). Saimaza Uganda, azkenik, beste guztiez bestelako ezaugarri organoleptikoak hornitua zegoen, robusta pleguari dagokion legez.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Gama garaiko hamahiru kafe eho aztertu dira, 250 gramoko ontzian merkaturatuak. Horietako hamar, arabika ikuzi edo leunak dira, hainbat jatorritako plegu bakarrekoak (Colombia, Kenya eta Costa Rica); beste batzuk blend (nahasiak) dira, arabika ikuzietatik abiatuta. Beste bi arabika ikuzi gabeak (“naturalak”), biak ere Brasilgoak. Azkena, Ugandakoa, robusta motakoa da.
  • Hezetasun, errauts, ur-hondarreko solido disolbagarri eta kafeina-edukiari dagokienez, araua zorrotz betetzen dute denek. Gehienen kolorea txigortze ertainari dagokio.
  • Laginetako batzuen ehotze-tamaina ez da Estatu espainiarreko merkatuko ohikoa, larriago edo xeheagoa baizik.
  • Adituek eginiko dastatze-proban, hoberenak (usain eta zaporearen kalifikazioen batez bestekoa (8 puntu edo hortik gora lortu zutelako), Baqué Colección Orígenes (3,96 euros, 659 pezeta), Baqué Colombia eta Bonka Colombia izan ziren, hurrenez hurren.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Bonka Colombia (1,76 euros – 293 pezeta) eta Baqué Colombia (on-ona, 2,49 euros – 415 pezeta) dira. Saimaza Colombia (1,87 euros – 311 pezeta) ere aukera polita da.
  • Hiru kaferik garestienek (O Gourmet markakoak) eta robusta motako bakarrak (Saimaza Uganda), dastatze-proban kalifikazio kaskarrak jaso zituzten.
MARKA BONKA CAFÉ BAQUÉ SAIMAZA FORTALEZA
Izena/Jatorria PURO COLOMBIA La Colección 100% COLOMBIA Colección Orígenes COLOMBIA Grandes Orígenes PURO COLOMBIA
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Ez da zuzen
Prezioa (pezetatan, 250 gramoko ontzia) 293 415 311 402
Pisu garbia (g) 252.0 249.0 250.4 248.8
Hondakin-oxigenoa (%) 0.1 0.0-0.1 0.0-0.1 0.1
Kolorea1 60.2 57.2 58.6 50.4
Dentsitatea (g/cm3) 0.395 0.431 0.452 0.395
Hezetasuna 2(%) 3.66 2.27 4.61 2.53
Kafeina (gai lehorrarekiko) 3(%) 1.15 1.20 1.14 1.21
Ur-estraktuaren gai lehorra 4(%) 25.16 24.72 24.74 25.88
Errautsak 5(%) 4.27 4.41 4.09 4.56
pH 4.62 4.87 4.75 4.97
Granulometria (% bilduak)
0.250 mm baino gutxiago 23.9 31.1 23.6 28.1
0.500 mm baino gutxiago 69.5 60.6 65.5 89.2
0.800 mm baino gutxiago 98.5 98.9 96.9 98.8
0.800 mm baino gehiago 1.5 1.1 3.1 1.2
Blend edo mota erkatzean6 Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator
Balorazio organoleptikoa
Lurrina 8.0 10.0 7.5 6.75
Edaria 9.0 8.0 8.0 6.0
MARKA CAFÉ BAQUÉ FORTALEZA FORTALEZA “O” GOURMET
Izena/Jatorria La colección ORÍGENES Grandes orígenes PURO ARÁBICA Grandes Orígenes PURO KENYA KENYA “AA” WASHED
Etiketa Zuzen Ez da zuzen Ez da zuzen Ez da zuzen
Prezioa (pezetatan, 250 gramoko ontzia) 659 402 402 855
Pisu garbia (g) 249.2 251.5 248.2 249.6
Hondakin-oxigenoa (%) 0.0-0.1 0.0-0.1 0.0-0.1 0.8
Kolorea1 62.5 65.9 51.9 61.7
Dentsitatea (g/cm3) 0.436 0.403 0.395 0.395
Hezetasuna 2(%) 2.39 2.67 0.395 2.41
Kafeina (gai lehorrarekiko) 3(%) 1.36 1.24 1.32 1.15
Ur-estraktuaren gai lehorra 4(%) 26.21 24.66 26.27 23.16
Errautsak 5(%) 4.27 4.66 4.63 4.65
pH 4.85 4.92 4.88 5.05
Granulometria (% bilduak)
0.250 mm baino gutxiago 28.5 30.2 28.6 15.3
0.500 mm baino gutxiago 59.3 86.9 90.7 26.5
0.800 mm baino gutxiago 98.5 98.9 99.2 94.4
0.800 mm baino gehiago 1.5 1.1 0.8 5.6
Blend edo mota erkatzean6 Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator
Balorazio organoleptikoa
Lurrina 10.0 7.25 7.25 6.5
Edaria 9.0 6.5 7.0 4.75
MARKA FORTALEZA “O” GOURMET SAIMAZA “O” GOURMET SAIMAZA
Izena/Jatorria Grandes orígenes PURO COSTA RICA COSTA RICA “Caracolillo” Colección orígenes BRASIL BRASIL Colección Orígenes UGANDA
Etiketa Ez da zuzen Ez da zuzen Zuzen Ez da zuzen Zuzen
Prezioa (pezetatan, 250 gramoko ontzia) 402 999 311 855 311
Pisu garbia (g) 245.9 249.3 250.3 249.8 249.8
Hondarreko oxigenoa (%) 0.7 1.0 0.2-0.2 0.1-0.2 0.0-0.1
Kolorea1 55.5 48.4 55.8 51.3 46.7
Dentsitatea (g/cm3) 0.391 0.379 0.417 0.417 0.408
Hezetasuna2 (%) 2.25 3.00 4.58 1.92 4.76
Kafeina, gai lehorrarekiko 3 (%) 1.31 1.26 1.28 1.61 2.31
Ur-estraktuaren gai lehorra 4 (%) 25.69 24.55 24.13 24.86 28.66
Errautsak 5 (%) 4.49 4.47 4.90 4.59 5.12
pH 5.01 5.14 5.08 5.18 5.24
Granulometria (% bilduak)
0.250 mm baino gutxiago 27.0 18.1 25.0 21.0 29.9
0.500 mm baino gutxiago 87.6 34.6 66.7 38.0 82.3
0.800 mm baino gutxiago 99.6 96.4 97.2 89.2 98.7
0.800 mm baino gehiago 0.4 3.6 2.8 10.8 1.3
Blend edo mota erkatzean 6 Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator Adierazten duenarekin bat dator
Balorazio organoleptikoa (1/10)
– Lurrina 6.0 4.0 6.5 6.0 5.0
– Edaria 5.0 3.75 6.5 4.75 5.0

1. Kolorea: honen intentsitate eta txigortze-graduaren alderantzizko proportzioan ulertu behar dira datuak. Balore altuagoak kolore-intentsitate apalagoaren (eta, beraz, txigortze-gradu txikiagoaren) adierazle dira.

2. Hezetasuna: %5a, gehienez ere.

3. Kafeina gai lehorrarekiko, gutxienez %0.7a

4. Ur-estraktuaren gai lehorrean legeak onarturiko mugak: %20 eta %30 artean.

5. Errautsak: gehienekoa %6a, gai lehorrarekiko.

6. Blend: nahasketa edo osaketa, dastatze bidez balioetsi.

Banan-banan

Banan-banan

Bonka (Kolonbiar jatorrikoak)

  • Puro Colombia
  • 1,76 euros (293 pezeta). Denetan merkeena, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokienetako bat. Kafeina-eduki apala (%1,15).
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Colombia Excelso P.E. (prestaera europarra), egungo uzta.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 8 puntu, txigortze ertain-arina, atsegina, bizkorgarria, azidulatua, konpentsatua. Edanean: 9 puntu, garraztasun ertaina, gorputz ertaina, hondar-gustu garbia, garraztasun arina, mikaztasun arina, konpentsatua.

Café Baqué (Kolonbiar jatorrikoak)

  • La Colección 100% Colombia
  • 2,49 euros (415 pezeta). Colombia motakoetan hoberena, baita garestiena ere, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokienetako bat.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Colombia Excelso P.E. (prestaera europarra), egungo uzta.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 10 puntu, txigortze ertaina, oso atsegina, bizkorgarria, azidulatua, orekatua. Edanean: 8 puntu, garraztasun ertain-apala, gorputz arina, ahoan garapen urrikoa, hondar-gustu garbia, urtsua, zelulosen lorratzak. Ireki ondoren, kalitate organoleptikoa urrituz doa pixkanaka.

Saimaza (Kolonbiar jatorrikoak)

  • Colección Orígenes Colombia
  • 1,87 euros (311 pezeta). Aukera polita.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Colombia Excelso P.E. (prestaera europarra), egungo uzta. Dentsitate handienekoa (0,452 g/cm3) baina kafeina-eduki apala eta errauts gutxi (%1,14).
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 7,5 puntu, txigortze ertaina, atsegina, azidulatua. Edanean: 8 puntu, garraztasun ertain-garaia, deskonpentsaturik zitrikoen aldera, gorputz ertain-arina, hondar-gustu garbia, garraztasuna. Ireki ondoren, kalitate organoleptikoa urrituz doa azkar samar.

Fortaleza (Kolonbiar jatorrikoak)

  • Grandes Orígenes Puro Colombia
  • 2,42 euros (402 pezeta).
  • Etiketa ez dago zuzen. Kolore iluna, txigortze bizia. Ohikoa baino xeheago ehoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Colombia Excelso P.E. (prestaera europarra), egungo uzta.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 6,75 puntu, oxidazio-lorratzik, txigortze bizia, zuzen. Edanean: 6 puntu, garraztasun ertain-apal edo urria, gorputz ertaina, hondar-gustu garbia, garraztasun eta lakartasun tamainakoak, oxidazio arina, profil laua. Ireki ondoren, kalitate organoleptikoa urrituz doa azkar samar.

Café Baqué (%100 arabika jatorrikoak)

  • Colección Orígenes
  • 3,96 euros (659 pezeta). Garestia, baina dastatze-proban hoberena (9,5 puntu).
  • Blend edo motaren balioespena: %30 Costa Rica SHB, %30 Guatemala SHB, %40 Java arabika.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 10 puntu, txigortze ertain-arina, oso atsegina, bizkorgarria, azidulatua, orekatua. Edanean: 9 puntu, garraztasun ertaina, gorputz ertaina, hondar-gustu garbia, garraztasun arina, mikaztasun arina, oso konpentsatua. Ireki ondoren, oso bilakaera ona: produktua ederki zaindua.

Fortaleza (%100 arabika jatorrikoak)

  • Grandes Orígenes Puro Arábica
  • 2,42 euros (402 pezeta).
  • Etiketa ez dago zuzen. Kolore argia, txigortze ertain-arina edo arina.
  • Blend edo motaren balioespena: %30 Kenya arabika ikuzia AA, %30 Costa Rica SHB, %40 Colombia Excelso (prestaera europarra).
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 7,25 puntu, txigortze arina, atsegina, azidulatua, oxidazio lorratzak. Edanean: 6,5 puntu, garraztasun ertaina, gorputz ertaina, hondar-gustu garbia, garraztasun arina, mikaztasun eta lakartasun arina. Ireki ondoren kalitate organoleptikoa abiadura ertain-azkarrean desagertuz doa.

Fortaleza (Kenyar jatorrikoak)

  • Grandes Orígenes Puro Kenya
  • 2,42 euros (402 pezeta).
  • Etiketa ez dago zuzen. Kolore iluna, txigortze bizia. Ohikoa baino ehotze-tamaina xeheagoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 arabika Kenya ikuzia AA.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 7,75 puntu, txigortze bizia, atsegina, azidulatua. Edanean: 7 puntu, garraztasun ertain-garaia, profil deskonpentsatua, gorputz ertain-arina, hondar-gustu garbia, garraztasuna, lakartasuna (ale heltzaka), leuntasun eskasa. Ireki ondoren kalitate organoleptikoa abiadura ertain-azkarrean desagertuz doa.

Fortaleza (Kostarrikar jatorrikoak)

  • Grandes Orígenes Puro Costa Rica
  • 2,42 euros (402 pezeta).
  • Etiketa ez dago zuzen. Ohikoa baino ehotze-tamaina xeheagoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Costa Rica SHB.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 6 puntu, bertan nabarmentzen baita zelulosen usain zuzen-apala. Edanean: 5 puntu, garraztasun ertain-apala, gorputz arina, hondar-gustua, tamainako lakartasuna, garraztasun arina eta zelulosa-gustua. Ireki ondoren kalitate organoleptikoa abiadura ertain-apalean desagertuz doa.

Saimaza (Brasildar jatorrikoak)

  • Colección Orígenes Brasil
  • 1,87 euros (311 pezeta).
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Brasil gogor garbia.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 6,5 puntu, txigortze ertain-bizia, oxidazio-arrastoak.
  • Edanean: 6,5 puntu, ia garraztasunik gabea, gorputz ertain-lodia, hondar-gustu garbia, lakartasun-lorratzik, mikaztasun arina eta oxidazioa. Ireki ondoren, bilakaera arrunt-apala.

Saimaza (Ugandar jatorrikoak)

  • Colección Orígenes Uganda
  • 1,87 euros (311 pezeta).
  • Gainontzekoak ez bezalakoa, azterturiko kafeetan, robusta motako bakarra. Txigortze bizi-bizia. Gehieneko hezetasun, kafeina (%2,31), gai lehor eta errautsen edukiak, pH-rik altuena. Ohikoa baino ehotze-tamaina xeheagoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Robusta Uganda Standard.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 5 puntu, txigortze bizi-biziko robusta pleguari dagokion bezala. Edanean: 5 puntu, robusta ertainari dagokion legez, garraztasunik gabea, gorputz lodia, mikaztasun handiko hondar-gustua, txigortze bizia. Ireki ondoren bilakaera arrunt-apala.
  • Kenya “AA” Washed
  • 5,14 euros (855 pezeta), Garestia.
  • Etiketa ez dago zuzen. Gai lehor eta kafeina-eduki apalak (%1,15), baina zuzen. Ohikoa baino ehotze-tamaina larriagoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 arabika Kenya ikuzia AA.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 6,5 puntu, oxidazio-lorratzak. Edanean: 4,75 puntu, garraztasun ertaina, gorputz ertain-arina, hondar-gustuan oxidazioa agertzen da, lakartasun arina, tamainako garraztasuna. Ireki ondoren kalitate organoleptikoa abiadura azkarrean desagertuz doa.
  • Costa Rica “Caracolillo”
  • 6 euros (999 pezeta), denetan garestiena.
  • Etiketa ez dago zuzen. Hondar-oxigenoaren edukia, altu samarra. Kolore iluna, txigortze bizi-bizia. Ohikoa baino ehotze-tamaina larriagoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Costa Rica SHB.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 4 puntu, oxidazioaren eta txigortze biziaren arrasto nabarmenak. Edanean: 3,75 puntu, garraztasun apala, gorputz arina, oxidazio-arrasto nabarmenak, oxidazioa hondar-gustuan, garraztasun arina, lakartasuna (ale heltzaka), leuntasun eskasa. Ireki ondoren, bilakaera eskasa.
  • Brasil
  • 5,14 euros (855 pezeta). Garestienetako bat.
  • Etiketa ez dago zuzen. Kolore iluna, txigortze bizia. Hezetasun txikienekoa. Ohikoa baino ehotze larrixeagoa.
  • Blend edo motaren balioespena: %100 Brasil gogor garbia.
  • Ezaugarri organoleptikoak: usaina: 6 puntu, txigortze biziaren eta oxidazioaren arrasto nabarmenak. Edanean: 7 puntu, garraztasunik gabea, gorputz ertain-lodia, hondar-gustu mikatz samarra eta errauts-lorratzez nabarmendua (txigortze biziegiaren adierazgarri), lakartasuna. Ireki ondoren, bilakaera eskasa.