KPIren protagonista nagusia, kontsumitzailea
Hedabideek, tartean behin, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) igo egin dela jakinarazten digute, datu horrek herritar soilarengan eragina duelako eta, beraz, teoria ekonomiko hutsaz harago doalako. Izan ere, horrelaxe izaten da, batzuetan nekez uler dezakegun kontzeptutzat agertzen diguten arren.
KPI delako adierazle edo aldaki estatistiko horrek, familiaren kontsumoa osatzen duten artikulu-multzoaren prezioa denboran zehar zenbat garestitu edo merkatu den jakiteko aukera ematen digu. KPI horretan elikagaiak, garraioa, hezkuntza, jantziak, etab. sartzen dira, produktu industrialak (makineria, lanabesak…) kanpo utzirik. Horrenbestez, kontsumo arrunteko artikulu-multzoan du eragina, ez horietako batzuen baitan, eta ez du zehazten produktu horien prezioak, banan-banan, zein diren, denboran barrena osotasuna nola aldatu den baizik.
KPI indizea etxeko aurrekontuan
Esate baterako, oraingo KPI iazkoa baino %3 handiagoa baldin bada, horrek esan nahi du artikulu berberak erosteko, orduan baino %3 diru gehiago gastatu beharko dugula egun eta, horrenbestez, geure burua ez txirotzeko, duela urtebete baino %3 gehiago irabazi behar dugula orain. Horregatik aplikatzen da indize hori soldata-hitzarmenetan, etxeko errentetan, pentsio-politikan eta, oro har, bizi-maila mantentzea garrantzizkoa duten negozio publiko zein pribatu guztietan. (Gogora dezagun oraingo izena hartu aurretik Bizitzaren kostu-indizea zeritzola adierazle horri).
Ekonomi sistema konplexuaren arabera kalkulatzen da
Estatu espainiarrean indize hori 2001 urtera arte, ondorengo zortzi kontsumo-ondasun multzoen prezioen arabera kalkulatzen zen: elikagaiak, janzteko artikuluak, etxebizitzaren errenta, etxeko hornidura, botikak, garraioa, hezkuntza eta kultur ondasunak eta gainerako kontsumo-artikuluak. Multzo horietako bakoitzaren indizea hiru mailatan kalkulatzen da: herrialde, erkidego eta estatu mailan. Era horretan, Estatu espainolean kontsumo-ondasunen guztirako prezioa bi, sei, hogeita hamar edo nahi den hilabetetan nola aldatu den ezagutzeaz gainera (estatuko indize orokorra), adibidez, Bizkaian azken urte honetan arropa eta oinetakoen prezioek nolako aldaketa egin duten (herrialde horretako jantzi-alorreko artikuluen prezioen indizea) ere jakin dezakegu.
Erosketa-saskia
Estatu espainiarreko Estatistikako Institutu Nazionalak -“etxeko aurrekontuei” buruzko inkestak eginez- zehazten du familiak nolako produktuak kontsumitzen dituen eta etxeko gastu orokorrean produktu bakoitzari nolako gastua dagokion. Adibidez, Estatu espainiarreko familien elikadurarako artikulu tipikoak, janzteko unean erabiltzen dituen artikuluak, etxeko hornidura osatzen dutenak eta antzekoak ezagutzen direnez, batenaz besteko familiak elikatzeko, janzteko edota etxebizitza ordaintzeko, guztirako aurrekontutik zenbateko kopuruak bideratzen dituen. Inkesta horietako emaitzekin etxeko kontsumoaren adierazle den erosketa-saskia osatzen da, hau da, gaur egun eta Estatu horri dagokionez, 57 artikuluren multzoa. Saskia osatutakoan, hainbat herrialdetako saltoki jakin -eta finko- batzuetan (komertzioak, botikak, ikastetxeak, etab.) artikulu horiek dituzten prezioak apuntatzen dira. Lehen behapena egiten den uneari oinarri unea deritzo. Hortik aurrera, hilero-hilero, artikulu horien prezioak saltoki horiexetan hartuko dira, oinarri uneaz geroztik nola eta zenbat aldatu diren ohartaraziz: aldaki horixe izango da indizea adierazten duena
Produktu batek garrantzirik galtzean edo merkatutik desagertzen denean, zer gertatzen da?
Indizea egiten duten Estatistikako Institutuko teknikariek, izan ere, establezimendu jakin batzuetan ondasun jakin batzuen prezioak nola aldatzen diren behatzen dute baina, ulertzen den bezala, datu hori herritar guztien etxeko gastu osoari aplika dakioke, produktuak eta saltokiak aukeratzean bete-betean asmatu baldin badute. Gainera, produktu horien pisuak edo garrantzi erlatiboak irizpide onarekin finkatu badira, bilakaera hori -lege estatistikoen arabera- kontsumo-artikulu multzo osoaren bilakaeraren parekoa izango da.
Zenbaitetan, dena den, hilero behatua izan den artikuluren bat ez da saltzen, kontsumitzaileak horren ordez berria nahiago izaten duelako, adibidez; oso litekeena da, era berean, lehen neurketa horiek egiten ziren saltokiren batek garrantzirik galdu eta, horien ordez, besteren bat irabaztea. Lehen kasuan, orain saltzen ez den artikuluaren partez saltzen ari dena sartuko da erosketa-saskian eta, ordezkapenak indizean eraginik izan ez dezan, ez da konparatuko artikulu berriaren prezioa aurrekoarekin, erosketa-saskian sartu aurreko hilabeteetan artikulu berriak zuen prezioarekin baizik. Bigarren kasuan, berriz, lehenagoko saltokiaren ezaugarriak dituen beste bat bilatu beharko da eta baliokidetzat hartuko da aurrerantzean.
Kontsumitzailearen zaletasunak aldatzekotan…
Aresti arte zaletasunek gehiago irauten zuten, aldaketa mantsoagoa zen eta erosketa-saskia hamabi edo hamabost urtean behin aldatuta, aski izaten zen. Gaur, aldiz, lauzpabost igarota, saski berria eratu beharra dago. Erosketa-saskia egiazko kontsumoaren arabera egokitzeko ez dago beste biderik: etxeko aurrekontuei buruzko inkestak egiten berriro hasi eta, hortik ateratako emaitzekin, saski berria antolatzea.
Horixe da, hain zuzen ere, Estatu espainiarreko egungo KPIren kasua, 1990eko apirila eta 1991ko martxoa bitartean eginiko estatistika-galderetan funtsa duena, oinarri unea 1992 urtea izaki. Bazen garaia kontsumo-saskia gaurkotzekoa, beraz: horretan ari dira orain Estatu espainiarrean, 2001 urtean bidezko inkestak egin ondoren, Indize berrian aldakuntza tekniko garrantzitsuak sartuko direlako: kanpo-aldekoak (hala nola, egungo zortzi indize partzialen ordez, hamabiraino izatea), balioztapen-sistemari dagozkionak (indize partzialen garrantzia etengabe gaurkoturik izateari edo kontsumoen aldaketen dinamismoaz) eta bestelakoak (esate baterako, Estatu espainiarreko indizea eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetakoak erkatzea ahalbideratzen dutenak). Dena den, behin betiko eraikuntza burutu arte zain egon beharko, indize berri horren berritasunak goresten hasi aurretik.
KPI ulertzea
KPI herritar xumeari era askotan azaltzen zaion arren, soilena oinarri unean indizeari 100eko balioa ematen diona da, 100 horren arabera hurrengo hilabeteak baloratuz. Era horretan, data jakin batean 103 balioa dagoela, esate baterako, oinarri uneaz geroztik prezioek %3an gora egin dutela adierazten du eta, era berean, 105 balioak prezioak %5ean garestitu direla oinarri unetik data horretara arte. Indizea agertzeko beste modu bat, aurreko hilabetekoaren aldean egin duen gora nahiz beherako aldaketa jakinaraztea da. Askotan erabiltzen den beste bat, irakurtzeko unean zailago gertatzen bada ere, joan den urteko hil horretako indizearekin nolako aldaketa egon den erakusten duena da. Baliagarria da hau ere, prezioen inflazioa urteko sasoi edo garaien arabera nola aldatzen den agertzen digulako.
Azaroko KPI, 1962tik 2001era arte
1979 | 15,5 |
---|---|
1980 | 15,3 |
1981 | 14,3 |
1982 | 13,2 |
1983 | 13,0 |
1984 | 10,0 |
1985 | 8,5 |
1986 | 8,2 |
1987 | 4,7 |
1988 | 5,4 |
1989 | 7,3 |
1990 | 6,7 |
1991 | 5,7 |
1992 | 5,1 |
1993 | 4,7 |
1994 | 4,4 |
1995 | 4,4 |
1996 | 3,5 |
1997 | 2,0 |
1998 | 1,4 |
1999 | 2,7 |
2000 | 4,1 |
2001 | -0,1 |
KPI kalkulatu ahal izateko, hilero-hilero apuntatzen diren prezioei dagozkien produktuen hautaketa sen onak agintzen digu. Etxean kontsumitu ohi diren produktuak dira beti eta horietako bakoitzak saskian izango duen garrantzia ere, sen onak adieraziko du: etxeko patrikan produktu jakin batek nolako gastu-portzentajea eragiten duen, produktu horrek guztirako gastuan duen garrantziarekin erkatuz kalkulatzen da. Erosketa eta produktu horiek guztiak ez doaz nahitaez “premia” kontzeptuarekin loturik, gastuarekin baizik. Zinemara joatea ezinbestekoa, funtsezkoa edo nahitaezkoa ez bada ere, txartelen kostua familia batentzat ohiko gastua izaten da: hortik begiratzen zaio.
Beste aldetik, deigarri gerta daiteke familiak etxebizitza erosteko eskuarki halabeharrez hartu behar izaten den hipoteka horren aztarnarik ez agertzea. Gastu hori ez agertzea garrantzi handiko arrazoian dago sustraitua: etxebizitza erostea inbertsiotzat jotzen da, ez gastu gisa. Aitzitik ordea, etxebizitza alokatzearen gastua agertu egiten da: egozpen hori orokorra izaten da familia guztientzat eta horrexegatik azaltzen da hileroko erosketa-saskian. Dena den kontzeptu horren balio erlatiboa ez da handia, familiak etxebizitza jabetzan edukitzea baita ohikoa.
KPI indizean hainbat produktu sartu direlako eta kontrakoagatik ere piztu izan dira eztabaidak: 2001eko maiatzean, hain zuzen ere, tabakoa saskitik kendu beharra eta edari alkoholdunei aitortu beharreko garrantzia, eztabaidan jorratzeko gai polemikoak izan ziren. Artikuluen hautaketa irizpide arbitrario nahiz politikoen arabera egiten ez denez, agintariek ez kontsumitzea nahiago luketen produktuak saskian badira ere, dudarik ez dago: Estatu espainoleko familia ertain batek hilean tabako eta alkoholetan nolabaiteko gastua egiten du. Dena den, proposamen horren gibelean ez dago osasunaren aldeko kezka eta erosketa-saskian tabakoa ateratzeko asmoa bakarrik, bai bata bai bestea sekulako zeharkako zergek zamaturik daude eta, horrenbestez, KPI eraldatu egiten dute biek; hortaz, horiek bertatik kenduko balira, inflazioan eraginik izan gabe bi produktuen kontsumoa zamatzen segitzeko formula emango litzateke. Baina hori iruzurrez jokatzea litzateke, espainiarrek erretzen segitzen dutelako eta, hortaz, hileko aurrekontuaren zati bat bizio hori mantentzera bideratzen dute oraindik.