Hondakin berriak: elektriko eta elektronikoak

Ordenagailuak eta esku-telefonoak ere, birziklatzeko modukoak

Hondakin elektriko eta elektronikoak, Europan sortzen diren guztirako hondakinen %4ra iritsi dira.
1 urtarrila de 2002
Img medioambiente listado

Ordenagailuak eta esku-telefonoak ere, birziklatzeko modukoak

Irentsia dugu dagoeneko hainbat aparatu elektroniko -esku-telefonoak, ordenagailuak, musika-ekipoak eta egunero darabiltzagun beste hamaika traste- bizitza mugatua egin dezaten diseinatuak izan direla. Zer egin horiekin, zaharkitu, hondatu, hausten direnean edo, besterik gabe, baliatu dugunaren ordez aparatu modernoagoa eskuratu nahi dugunean? Europar Batasuneko Hondakin Elektriko eta Elektronikoez arduratzen den Lantaldeak eginiko azterketaren arabera, horrelako hondakinak (ordenagailuak eta esku-telefonoak, batik bat) guztirako hondakinen %4 izatera iritsi direlarik, gai horiek suntsitzea erronka latza bilakatzen ari da. Etxeko zabor elektronikoaz ari garela, urtean 100.000 eta 160.000 tona sortzen ari da Espainia.

Munta horri elektronika sektoreak, gainerako industriak eta merkataritza-establezimenduek ekoizten dituzten hondakinak eransten bazaizkio, ezin sinetsizko zenbakietara gerturatuko gara: 200.000 tona hondakin, urteko. Hondakin horien %70 birziklatzea lortuko balitz, 90.000 tona metal, 30.000 tona plastiko eta 13.000 tona beira berreskura litezke. Arazoaren larritasuna kontuan izaki, Europar Batasunak 1999an finkatu zuen 2002 urtetik aurrera jasoko den etxeko zabor elektronikoaren muga: 2,75 kilo urtean biztanleko. Dena den, oraingoz Europako estatu bakar bat ere ez da izango gai zifra horretan geratzeko. Ekologista eta adituen arreta hondakin grisetara (ordenagailuak eta esku-telefonoak sartzen dira multzo horretan) zuzendu da orain, luze gabe hondakin elektroniko berri gehientsuenak horiexek izango baitira.

Arautegi berria

Hondakin zurietatik gehienak fabrikatzeko kadmio, berun, bromo, merkurio, kromo hexabalente eta antzeko gaiak, berunezko bateriak, alkalinoak etab. baliatzen dira. Gai horietako asko gizaki, animalia eta landareentzat -gorputzean kontzentrazio jakin batean bilduz gero- toxikoak izateaz gainera, ingurumena endekatu egiten dute. Europako Ingurugiro Bulegoak (herritarrek sortutako federazioa da hau) eginiko kalkuluen arabera Europar Batasunak 1998 urtean sorturiko txatarra elektronikoa sei milioi tonara iritsi zen eta kontzeptu hori, 2004 urterako 7,4 tonara helduko dela kalkulatu du, hau da, hondakinen urteko hazkuntza %4koa izango da. Era berean, hondakin elektronikoen %90 zabortegietara doa, erre egiten da edo bertan behera uzten da, axolagabekeriaz. Horrenbestez, ekipo elektriko eta elektronikoen fabrikatzaileak, saltzen dituzten aparatuen ardura bereganatzera behartuko dituen arautegi berria prestatzen ari da Europako Parlamentua; hortaz, bizitza baliagarria amaitutakoan, produktu horiek jaso eta birziklatu egin beharko dituzte. Neurri honek konputagailuen prezioa %5ean garestituko omen du. Horrez gainera, 2006tik aurrera, berun, merkurio, kadmio, kromo hexabalente edota bifenil polibrominaturik daukan ordenagailu zein etxetresna elektrikoak fabrikatzea debekatu egingo da. Era berean, beste negozio-iturri bat irekiko omen da, material horiek birziklatuko dituzten enpresak sortuz.

Metalak birziklatzea

Hondakin elektriko eta elektronikoen muina dira metalak baina, dena den, birziklatzea ez da ezinezkoa, metalak berriro baliatzeari esker erauzte-prozesua (ingurunea larrikien erasotzen duen faseetako bat) aurreztu egiten da eta. Metalak berreskuratzeko naturatik erauzteko baino energia gutxiago erabili behar da (kobreari dagokionez, esate baterako, %10 gutxiago) eta hondakin gutxiago sortzen dira (%98 gutxiago, ahalezkoan ari bagara). Horrek ez du esan nahi metal birjinen ustiakuntza alboan utzi behar denik, garapen iraunkorrean birziklatzeak eginkizun garrantzitsua duela baizik, hurrengo belaunaldientzako metal arrunt eta preziatuen ekoizpenean, gehienbat. Berez duten balio ekonomikoaz gainera, metal birziklatuek beste balio bat dute, paregabea, ingurumen alorrekoa: betirako iraun dezaketenez, funtsezko baliabide dira.

Ordenagailuak

Ordenagailua etxetresna elektrikoetako bat da egun. Etxean ez ezik, enpresetan ere aparatu horiek ezinbestekoak direnez, nonahi ari zaizkigu ugaltzen egunik egun. Baina hozkailu, telebista edo ikuzgailuekin gertatu zen bezala, estreinako ordenagailuen bizitza baliagarria ere amaitu egin da. Orain, jabeek arazo larriari egin behar diote buru: zer egin, ezertarako balio ez duten aparatu horiekin? Zenbaitetan, konponketak egiten dituzten lantegian uzten dira. Teknikariek, gogoz kontra, konpontzeko entregatu zaizkien baina azkenean jasoko ez diren etxetresna elektrikoak metatzen dituzte lantokian. Abandonaturiko aparatu horiek -asko eta asko, ordenagailuak- konpondu ondoren eskola edo herri-erakundeei emakida gisa entregatzen zaizkie. Konputagailuak suntsiketatik salbatzeko beste aukera bat, trukean ekipo zaharrak onartzen direneko promozio eta kanpainetan baliatzea da. Nolanahi ere, BUB zirkuitua (berrerabili, urritu, birziklatzea) nagusitzen ari da nonahi. Hona berrerabiltzeko era bat: ekipoa desmuntatu, hondaturiko piezak aldatu, pintatu eta birgaitzea, modelo berriak sortarazten dituen itxaropenak bete ditzaten. Erabilitako ekipoei “tripak ateratzen” zaizkie, baliatzeko moduko atalak sailkatu eta gainerako gaiak birziklatu egiten dira. Inprimagailuaren plastikozko piezak, esate baterako, diskete baten kaxa edo plastikozko koilara bihur daitezke.

Hondakin elektriko eta elektronikoen motak

Hondakin teknologikoak hiru lerrotan sailkatzen dira, koloreen arabera:

  • Lerro zuria: hozkailuak, ikuzgailuak, baxera-garbitzaileak, labeak eta sukaldeak.
  • Lerro marroia: telebistak, musika-ekipoak, bideoak, etab.
  • Lerro grisa: ekipo informatikoak (teklatuak, CPU, saguak) eta esku-telefonoak. Hondakin teknologiko gehientsuenak oraingoz ez badira ere, izango dira, denboraren buruan.
Esku-telefonoak: beste aparatu bat birziklatzeko katean

Espainiar estatuan 20 milioi esku-telefono omen daude, horietatik 3 milioi, zaharkiturik. Horrelako telefonoek sor dezaketen hondakin-munta ikaragarria izan litekeenez, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten estatu espainoleko herrietan Esku-Telefonoen Jasotze Kanpaina abiatu zen iazko udan. Hirurehun bat bilgune instalatu dira establezimendu eta zerbitzu teknikoetan, herritarrak horrelako hondakinak bildu eta birziklatzeak daukan garrantziaz (lehengaiak eta natur baliabideak aurreztea dela eta) kontzientziatzeko. Kanpainaren onarpenari buruzko daturik oraingoz ez dugun arren, Madril Erkidegoan 2001eko urtarriletik uztailera arte eginiko estreinako esperientziak oso emaitza onak eskaini ditu: esku-telefonoetan bakarrik, 8 tona hondakin jaso ziren (51.000 aparatu, hor nonbait).

Esku-telefonoek sortarazitako hondakinak bi kategoriatan sailkatzen dira: osagarriak (kartutxo, “eskuak libre”, antena, teklatu, transformagailuak…) eta terminalak (osagarri elektriko, karkasa, bateria, zirkuitu-plakak…). Jasotzeko gunean esku-telefonoa entregatu ondoren, Erandion (Bizkaia) dagoen birziklatze-lantegira eramaten dira: bertan, bateria atera eta hondakin arriskugarrien kudeatzaile baimendu batera eramango da. Han ere, gai metalikoak eta plastikoak bereizi eta, txiki-txiki birrindu ondoren, telefono berriak fabrikatzeko edo gai elektronikoak baliatzeko tratatuko dira. Prozesu horri esker, esku-telefonoen osagaien %95 birziklatu egiten da. Aurtengo lehen hilabeteetan onartzeko dagoen Hondakin Elektriko eta Elektronikoen Plan Nazional izenekoaren aitzindari da aipatu dugun kanpaina hau, aspalditik martxan jarrita