Modesto Lomba, diseinugile eta Espainiako Moda Sortzaileen Elkarteko buru

"Arroparen ebakera ona amonak preziatzen du gazteak baino hobeto"

1 enero de 2002
Img entrevista

Beherapen garaia da hau: nola egin behar zaie aurre, zure iritziz?

Beherapenetan ere, beste zeinahi arropa-erosketatan bezala, arroparen osaketa, marka eta prezioa begiratzea komeni izaten da. Hiru datu horiek ezagutuz gero kontuak egin behar ditugu, zer erosiko dugun eta zein preziotan -eurotan orain- kalkulatzeko. Aukera onak ere bilatuko ditugu, baina ez ahantzi kalitatea ordaindu egiten dela. Nolanahi ere, erosketak zuhurtziaz egin beharko genituzke, ametsak eta itxaropenak nahasteke, behar dugun huraxe hautatuz.

Premia da janztea baina, moda ez al da kontsumismo hutsa eta ikur kultural bihurtu?

Modak eta kulturak bat egin dute, historiak ederki azaltzen duen bezala. Gorputza estaltzeko beharra abiagune hartzen den arren, luze gabe estetikaren kontzeptua agertzen da, biluziari ihes egitea gustu onez eta besteengan atsegina pizteko helburua harturik. Aurkikuntzen garaietan ehunak funtsezko bihurtu ziren: zetaren bidea eta lihoarena dira horren bi adibide. Ehun-fabrikak iraultza industrialaren eta emakumearen askapenaren ikur bilakatu ziren. Baina moda munduko iraultza nagusia joan den mendearen erdialdean gertatu zen, diseinatzailea agertu baitzen estreinakoz. Arropagintzatik sorturiko profesional horrek ez du jatorri jakinik. Sormen alderdia eta alderdi industriala bereizten hasi dira, orain ez du jostunak erabakiko zer egin behar duen, moda sortzen duen diseinatzailearen lana horren aurretik dagoelako. Dena den, moda eta diseinua ez dira nahasi behar. Moda diseinuaren ondorio izaki, kontsumo gehiagoren eragile bada ere, kontsumitu beharreko ideia berriak sortzea ez da diseinuaren helburu bakarra, eginkizun sakon eta iraunkorragoa du, joera sortzailea baitu sorleku.

Beraz, zer ikusten da pasarela edo ibiltokietan eta zer onura aterako ote die kontsumitzaileak glamour-ez beteriko eszenifikazio horiei?

Ibiltokia erakusleihoa da, moda alorrean egiten ari dena gaztigatzeko bideetako bat; desfile horiek egintza kulturaltzat, sormenaren adierazpidetzat jo behar ditugu. Ibiltokia prestatzean gure xedea ez da saltze hutsa: soinekoak komertzialki aurkezteko bestelako bideak ditugu. Ibiltokian, irizpideak, zaletasunak, nortasunak eta kontzeptuak erakusten dira.

Laurogeiko hamarkadan, are laurogeita hamarreko hasieran ere, ibiltokia eskandalu-iturri zen, desfileak eta proposamenak lege-urratzaileak ziren. Orain, berriz, badirudi sormenaren urak baretu direla.

Zortzigarren hamarkada hura sormen eta ausardiaz beteriko garaia izan zen. Egun, gizartea bera ere kontserbatzaileagoa da, ez du aldaketarik nahi, lasaitasunaren bila dabil. Dena dela, ordura arte egindakoa haustea da diseinatzaile gazteen eginkizuna, beraiek izan behar dute kontsumitzailea harrituko dutenak.

Gazteria horixe dabil orain eskean: modako profesional bihurtu edo hezkuntzan trebatzeko, ordea, ez du zentrorik aurkitzen. Berariazko heziketa hori Unibertsitatera eramateko proposamena zeuk egin zenuen. Ba al da horren berririk?

Unibertsitate mailaz janztea baino areago, modako profesionalek goi mailako ikasketak egitea da kontua. Modaren industriak, gainera, bere burua handitzeko eta lanpostuak sortzeko ahalmen izugarria du: begira Italia edo Estatu Batuetara, adibidez. Estatu espainiarrean oinarrizko antolamendu industrialik ez dago, ez dago zuzendari, kudeatzaile, estilista, jostun, komunikatzailerik… Moda lanbide hartu nahi duten gazte horiengana zuzenduriko ikastaroak antolatzen ditu gure Elkarteak.

Azken hamarkada honetan diseinugile berriak estetika minimalistaren alde agertu dira: beltza, zuria eta, batez ere, soiltasuna. Minimalismo hori efimeroa da ala, zeharo beste aldera, sendo finkaturiko mugimendu artistikoa?

Minimalismoa ere bilakatu egingo da, barrokoa edo erromantizismoa bilakatu ziren bezala, mugimendu artistikoa den aldetik: halakotzat, gainera, itzali egingo da azkenean, baina bertako kontzeptuak beste hainbat alorretan txertaturik utziko ditu: etxean, musikan eta, akaso, gastronomian bertan ere bai. Pasatu, pasatuko da, dudarik gabe, oraino hori bazterrean uzteko bezain korronte indartsurik sortu ez bada ere.

Hona mende bukaeraren beste bereizgarri bat: diseinua merkatzea, gorantz datorren modaren balio erantsia daraman arropa merkea, alegia.

Kontsumitzaileak ederki daki zer den merkea, sasi-luxuak ez du engainatzen. Kalitate handiko ehunak erdi dohainik eros daitezkeela agertu nahi izan du merkatuak, baina edonork daki hori ezinezkoa dela. Arropa merkea erosten duzunean jakin behar duzu haren bizitza laburra izango dela. Egun, berriz, irudia eta diseinua erantsi zaizkio arropa horri eta, hortaz, arazoa hortxe agertzen da: diseinua ez da erregistratzeko moduko copyright bat.

Eliteko diseinua herritartzeak nolako eragina izaten du sortzaileengan?

Hori ez dugu kezka larria, erosteko unean ez faltsifikaziorik ez imitaziorik hartu nahi ez duen kontsumitzailea bizirik dagoelako oraino. Kopia merkeak eta jatorrizko lan garestiak bizirik irauten duten bitartean, bitarteko zona hori ezabatzeak kezkatzen nau ni. Konparazio baterako, Picassoren litografia bat ala Picassoren koadro bat erosteko aukera, kontsumoa edo goi-mailako kontsumoa, hor dago koska: biek dute balioa, bakoitzak berea, baina batetik besterako aldea sekulakoa da. Ospeko jantzi bat edukitzea gustatuko litzaigukeen eta edukitzeko ahalbiderik badugun, horra kontsumitzaile garen aldetik geure buruari egin beharreko galdera.

Kalitatea eta ehun naturalak loturik al doaz, ezinbestez?

Ehun berriekin ikerkuntzan jardun gara gu, baina oinarria betikoa da, klasikoa: artile, zeta eta liho on-onak.

Non sartuko dugu Balenciagaren betiko obsesioa: ebakera?

Lan osoaren sustraia eta egitura da. Patroiak diseinatzea ikerkuntzaren ondoriozko arkitektura-lana da: non egin pintza, non ebaketa; horri erantsi behar zaio ehun klasikoak maisuki maneiatzea eta bolumen berriez gorpuztea, bestelako jantziak sor daitezen… Lana teknologia berriekin egiten baduzu ere, joskintza gaurkoz, ebakitzen jakitea da, funtsez. Patroi ona zer den master ikastaroetan irakatsi beharko litzaioke gazteriari. Behar bezala ebakitako ehun onak garrantzi osoa zuen garaia ez dute ezagutu gazteek. Gure estudiora neska ezkongai bat datorrenean, haren aldamenean amona baldin badu, badakigu komunikazioa askoz ere errazagoa izango dugula eta gure lana hobeto ulertuko dela.

Moda eta anorexiaren arteko loturaz…

Gainditzen hasitako gaia da hori. Moda eta gaixotasun hori lotzeak hedabideetan morboa sortarazi zuen arren, errealitateak frogatu eta sendagileek egiaztatu zutenez, anorexia gaitz serio eta konplexuegia da, ezin egotz lekioke modako diseinugileek halako edo bestelako itxurak agertzeari. Ez dugu horrenbesterainoko ahalmenik. Anorexia arazo larria da: amari modeloak argal-argal izateak alabaren anorexia eragin duela esatea ez da batere mesedegarria haren sufrikarioa arintzeko.

Arropa ez ezik, bazter guztiak ere bete ditu dagoeneko modak: osagarriak, apainketa, perfumeak, etxeko tresnak…

Artisau izateari utzi baitio diseinugileak, egun bere lana orokorragoa da. Modako diseinugile batzuk, hazkuntzaz, arkitekto, ingeniari edota filosofoak dira. Diseinatzailea zaletasunen analista da eta denetik egingo du azkenean, diseinuak dena biltzen baitu bere baitan. Diseinugile baten markak, maiz, era guztietako produktu ugari ditu. Enpresariak animatuko nituzke nik hemendik, alor horretara jo dezaten, oso copyright gutxi ditugulako. Italiar diseinua horixe da, hain zuzen, alor guztietako diseinua. Geure lizentziak egin behar ditugu guk.