Tomate frijitua eta ketchupa

Berdintsuak dira, baina ez gauza bera. Ketchupa tomate frijitua baino garestiagoa da, azukre gehiago du eta, horrenbestez, kaloria ugariago ere bai
1 azaroa de 2001

Tomate frijitua eta ketchupa

Tomate frijituaren sei lagin aztertu dira oraingoan, 332 eta 174 pezeta kiloko kostatzen direnak, eta beste sei lagin kecthupenak, hauen prezioak 688 eta 301 pezeta bitartean dabiltzala, kiloko.

Bai batekoa bai bestekoa, tomatea osagai nagusia duten saltsak dira. Kristalezko ontzian datozen bostak (hiru ketchup eta bi tomate frijitu) denetan garestienak dira; dena den, ez ontzia, ez prezio handiagoa, ez dira kalitate hobearen adierazle: dastatzaileek gutxien preziatu duten ketchupa Musa markakoa da, hau da, garestiena eta kristalezko ontzian datorrena. Era berean, dastatze-proban puntuaziorik kaskarrena lortu duen tomate frijitua Fruco da, kristalezko txarroan datorrena. Ketchupetan, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Prima laginak (plastikozko ontzia) eta tomate frijituan, Solis laginak (tetra brick) eskaintzen dute. Kalitaterik hobereneko kecthupa (tomate-eduki handiagoa eta dastatze-proban hobea, batik bat) Heinz da; tomate frijiturik onena, berriz, Helios; biak garesti dira eta kristalez ontziratuta datoz.

Tomate frijitua, funtsez, tomate, olio eta gatzak osaturik dagoen arren, baliteke azukrerik, barazkirik eta espeziarik ere edukitzea. Ketchup saltsa tomatez egiten da eta azukrea, ozpina eta barazki zein espeziak eransten zaizkio. Bata eta bestearen arteko alderik handienak hauek dira: tomate frijituak olioa dauka, ketchupak ez; azukrea (%2 eta %7,5 tartean) ketchuparen beste osagai bat den bitartean, tomate frijituan azidotasunaren zuzentzaile hutsa denez, %0,2 eta %2 bitarteko edukia ager dezake, hortik gora ez. Ketchupak gatz gehiago dauka tomate frijituak baino eta honek, era berean, C bitamina eta azido foliko gehiago duelarik, ketchupak potasio, kaltzio eta magnesio ugariago aportatzen du. Tomate frijituak gantz ugariago du, olioa baitarabil. Ketchupak ur eta olio gutxiago dauzka, baina karbohidrato gehiago, erantsitako azukrearen ondorioz. Ketchupak tomate frijituak baino %25 kaloria gehiago aportatzen du eta tomatearen edukia altuxeagoa du kecthupak, produktu bilduagoa delako. Kontserbatzaile ugariago ketchupak izaten ditu: Heinz laginak bakarrik ez du horrelakorik baliatzen; tomate frijituan, aldiz, Apis laginak bakarrik gehitzen du kontserbatzailea.

Aditiboak, uste baino gehiago

Sei ketchup horietatik bostek dituzte, legeak baimendutako kopuruetan, benzoato sodikoa (E-211) eta sorbato potasikoa (E-202). Heinz markakoak bakarrik egin dio uko horiek baliatzeari. Kontserbatzaile horiek tomate frijitu batean (Apis) ere hauteman ziren. Zaporearen indartzaile den glutamatoari dagokionez, tomate frijituek bakarrik adierazten dute horren agerpena etiketan, baina lagin guztietan agertzen da, tomatearen proteinak azido glutamikoa daukalako eta, hortaz, sustantzia hori analisietan glutamato gisa agertzen baita. Sei tomate frijituek erabiltzen duten glutamatoaren batez besteko kopurua 2.030 zati milioiko da; ketchupen laginetan, berriz, 1.332 zati milioiko. Legeriak xedatua duen gehieneko kopurua 10.000 zati milioiko denez, lagin guzti-guztiek errespetatzen dute muga hori. Lodikariez ari garela, Uncle Willians, Orlando eta Prima (hirurak, ketchup) laginek, eta Orlando tomate frijituak arto-almidoi eraldatua dutela adierazten dute (aurreko “almidoi hidrolizatua” da hau eta ez du zerikusirik aldakuntza genetikoekin). Ybarra laginak karboximetil zelulosa erantsi du, hau da, Musa laginak ere baliatu duena, guarrezko gomarekin batera. Tomate frijituetan, Starlux laginak patata-fekula gehitu dio produktuari, Apis eta Fruco laginek guar eta garrofinezko gomak, eta Solis eta Helios markakoek, azkenik, almidoi aldatua. Helios laginak azido zitrikoa gaineratu du.

Kecthupak, azukre gehiago

Tomate naturalaren urak edukiaren %95 betetzen duelarik, tomate frijituan kopuru erlatibo hori %82ra jaisten da eta ketchupean %72eraino. Hezetasunaren murrizketa horren zergatia, produktua lantzeko moduan datza: osagaiak gehitu eta tomatea bildu, murriztu egiten baita. Lagin batetik bestera, ordea, ez dago alde nabarmenik, ur kopuruei dagokienez.

Bi produktuek azukre soilak gehitzen dituzte. Tomate frijituan azukrearen agerpena ezin daiteke izan %5 baino handiagoa; ketchupean, aldiz, ez dago mugarik. Honek tomate frijituak baino askozaz ere azukre ugariago du, bigarren honi tomatearen azidotasuna orekatzeko helburuz bakarrik eransten zaiolako azukrea. Azukre gehien daukaten ketchup laginak (%7tik gora) Orlando, Uncle Willians eta Ybarra dira; azukrerik gutxien ezarri duena, Prima (%1,8). Heinz laginak %3,6 jarri dio eta Musa markakoak, %5,3. Azukre gehien daukan tomate frijitua Apis da (%2) eta gutxien daukana Solis (%0,2). Fabrikatzaileek sakarosa gaineratzen dute, azukre, glukosa, glukosa-xarabe edo fruktosa gisa. Apis eta Fruco laginek sagarra gehitzen dutenez, nahiz eta tomatea behin baino gehiagotan berotu, azukrea ez da karamelizatzen eta, hortaz, ez zaio tomateari tejo arrarorik eransten.

Tomate edukia

Brix graduek tomatea eta gainerako osagaiak jatorri duten solido disolbagarrien kopurua zehazteko balio dute. Tomatearen solido disolbagarrien kopurua zehazteko, guztira agertzen direnei azukrea eta gatza jatorri dutenak kentzen zaizkie. Solido disolbagarrien kopuru horrek adierazten du, gutxi gorabehera, baliaturiko tomate bilduaren kopurua. Ketchup laginek 25º Brix baino gehiago izan behar dituzte. Sei lagin gutxieneko horren gainetik dabiltza. Heinz da tomate gehien daukana, bertako solido disolbagarrien %25,2k tomatea baitute jatorri. Ondotik Prima datorkio, %23.4rekin. Tomate gutxien daukaten ketchupen laginak Orlando eta Uncle Willians dira (%17aren inguruan dabiltza biak). Tomate frijituetan (legeak ez du gutxienekorik xedatuta) gatz eta azukreen kopuruak berdintsuak dira lagin guztietan, baina ez horrela tomatearena. Helios da tomate gehien daukana, bertako solido disolbagarrien %20ak tomatea baitu jatorria. Starlux, Orlando eta Apis dira, beste muturrean, gutxien daukatenak: bertako solido disolbagarrien %14 inguru bakarrik dira tomatea jatorri dutenak. Solis (%15,5 eta Fruco (%16,6) ere Heliosetik urrun geratu dira. Bai ketchupean, baita tomate frijituan ere -salbuespenak salbuespen-, tomate eduki handienak lagin garestienek agertzen dituzte.

Azidotasuna, gantzak, proteinak eta gatza

Tomate frijituaren azidotasunak %0,2 eta %0,8 bitartean ibili behar du. Oraingoan aztertutako laginen batez bestekoa %0,5 da eta mugak denek errespetatzen dituzte. Ketchuparen azidotasunak (hau azido eta garratzagoa da, erantsitako ozpinaren eraginez) %0,9tik gorakoa izan behar du. Batez bestekoa %1,3koa da eta lagin guzti-guztiak mugen barnean daude. Beste alde batetik, ketchupak gantza gutxi dauka: %0,5 baizik ez. Tomate frijituaren batez bestekoa %3,3 da, legeak adierazten duen gutxienekoa %3 delarik. Azterturiko seiek gantz portzentaje berdintsuak (denak zuzen) agertu zituzten. Gantza, esan dezagun, landarezkoa da eta, beraz, osasuntsua. Apis eta Fruco laginek ekilore olioa darabiltela zehazten dute eta gainerakoek “landarezko olioa” baizik ez dute adierazten.

Bi produktuen proteina-edukia berdintsua da (%1 eta %2 bitartekoa). Gatzari dagokionez, ketchuparen batez bestekoa %2,8koa denez, hipertentsioa nozitzen dutenek arretaz kontsumitu behar dute. Tomate frijituak duen gatzaren batez bestekoa %1,3 inguru ibiltzen da. Mota bateko zein besteko laginen arteko aldeak hutsaren parekoak dira.

Gogora dezagun bide batez egunean 0,5 gramo sodio baino gehiago kontsumitzea ez dela osasungarria. Tomate frijituak C bitamina daukan arren, naturalak baino gutxiago du; azido folikoan, berriz, naturalaren parean dabil. Ketchupak C bitamina gutxi du eta azido foliko gutxiago oraindik, baina potasio, kaltzio eta magnesio gehiago tomate frijituak baino. Tomate naturalak (18 kaloria 100 gramoko) hipokalorikoa den bitartean, frijituak 80 bat kaloria aportatzen du eta ketchup saltsa 100 kaloriaren inguruetan dabil, tomate bildua dela medio.

Laginen egoera higieniko-sanitarioa egiaztatzeko laborategian eginiko proba guztiek (salmonella, enterobakterioak, bacillus cedreus, aerobio mesofiloak) emaitza zuzenak, arauaren araberakoak, agertu dituzte.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Sei tomate frijitu (332 eta 174 pezeta kiloko kostatzen direnak) eta sei kecthup (688 eta 301 pezeta kiloko) aztertu dira .
  • Hamabiak ongi landuak daude eta alderdi guztietan araua ongi betetzen dute.
  • Kristalezko ontzian saltzen diren bostak (hiru ketchup eta bi tomate frijitu) garestienak dira. Dastatze-proban, kecthup kaskarrena Musa izan zen (kristalezko potoan). Prezio eta kalitatearen erlaziorik egokiena kecthupetan Prima (plastikozko ontzian) eta tomate frijituetan Solis (tetra brick) dira. Denetan kecthupik hoberena Heinz (kristalezko ontzia) eta tomate frijitu onena Helios (kristalezko ontzian hau ere) ditugu.
  • Tomate-edukia altuxeagoa du kecthupak. Bateko zein besteko garestienek, salbuespenak salbuespen, tomate gehiago daukate. Aditibo kontserbatzaile gehiago agertzen ditu ketchupak: Heinz laginak bakarrik ez ditu erabiltzen horrelakoak; tomate frijituan, aldiz, Apis da horiek erantsi dituen bakarra.
  • Bi produktuak desberdinak dira: ketchupa tomate frijituaren bikoa kostatzeaz gainera, gatz eta azukre gehiago dauka. Tomate frijituak C bitamina eta azido foliko gehiago aportatzen du; ketchupak, potasio, kaltzio eta magnesio gehiago. Tomate frijituak gantz gehiago eta ketchupak ur gutxiago eta karbohidrato gehiago ditu. Ketchupak tomate frijituak baino %25 kaloria gehiago ditu: bigarrenak 80 kaloria baizik ez du, 100 gramoko.
KETCHUPA
ORLANDO ORLANDO PRIMA HEINZ YBARRA UNCLE WILLIANS MUSA
PREZIOA (pezeta kiloko) 301 301 558 501 337 668
HEZETASUNA % 73 72 68 70 73 72
KARBOHIDRATOAK % 22 23 26 24 22 22
GANTZA % 0.3 0.5 0.6 0.5 0.2 0.3
AZIDOTASUNA º (1) 1.1 1.4 1.4 1.2 1.1 1.5
º BRIX (2) 28 28 32 30 28 28
SOLIDO DISOLBAGARRIAK % (3) 16.5 23.4 25.2 19.1 16.8 19.7
SAKAROSA % 7.5 1.8 3.6 7.1 7.4 5.3
KLORUROAK (sal) % 2.7 3 2.8 3 2.7 2.5
KONTSERBATZAILEAK, GUZTIRA zatiak milioiko (4) 748 692 0 883 827 588
EGOERA MIKROBIOLOGIKOA (5) Zuzen lagin guztietan
DASTAPENA (osoko puntuazioa) 6.3 6.2 7 6.2 6.1 5.5
TOMATE FRIJITUA
ORLANDO ORLANDO SOLIS FRUCO APIS HELIOS STARLUX
PREZIOA (pezeta kiloko) 175 174 263 194 332 185
HEZETASUNA % 84 83 82 82 78 84
KARBOHIDRATOAK % 10 10 11 11 16 10
GANTZA % 3.2 3.6 3.6 3.4 3.2 3.1
AZIDOTASUNA º (1) 0.5 0.4 0.6 0.5 0.5 0.4
º BRIX (2) 13 14 15 15 19 13
SOLIDO DISOLBAGARRIAK % (3) 14.1 15.5 16.6 14.5 20 13.8
SAKAROSA % 1 0.2 0.6 2 0.6 1
KLORUROAK (sal) % 1.3 1.5 1.1 1.4 1.3 1.3
KONTSERBATZAILEAK, GUZTIRA zatiak milioiko (4) 0 0 0 739 0 0
EGOERA MIKROBIOLOGIKOA (5) Zuzen lagin guztietan
DASTAPENA (osoko puntuazioa) 6.8 6.8 6 6.1 6.8 6.3

(1) Azidotasuna, azido zitrikoa da tomate frijituan eta azido azetikoa ketchupean, eta halakotzat neurtzen da.

(2) Brix graduak, produktuak dauzkan solido disolbagarrien kopurua (hau da, hezetasun ez dena) zehazteko neurria da. Ketchupen kasuan, 25º brix baino gehiago eskatzen den bitartean, tomate frijituak ez du legezko gutxieneko finkaturik.

(3) Tomatea jatorri duten solido disolbagarriak dira hauek. Kopuru hori kalkulatzeko, 100i hezetasuna, erantsitako sakarosa eta kloruroak kentzen dizkiogu. Datu horrek adieraziko digu, gutxi gorabehera, laginak zenbat tomate daukan.

(4) Erabilitako bi kontserbatzaileak E-202, sorbato potasikoa, eta E-211, benzoato sodikoa, dira. Hor agertzen den zenbakia bien batura da, zati milioikotan adierazita.

(5) Bi produktuetan ere, Salmonellarik agertu behar ez duela xedatua du arauak. Tomate frijituan Bacillus cereus-en kopurua begiratzen da; ketchupean, berriz, aerobio mesofilo eta enterobakterioen kopurua. Lagin guztietan, atzemaniko kopuruak legeak xedaturiko gehieneko edukiak baino txikiagoak dira.

Banan-banan

Sei tomate frijituak eta sei kecthupak, banan-banan

Solis (tomate frijitua)

  • Tetra bricken ontziratua, 174 pezeta kiloko: merkeenetako bat, kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena.
  • Azukre gutxien daukana (%0,2). Tomate-edukian, hirugarrena (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %15,5).
  • Dastatze-proban, 6,8 puntu: hiru hoberenetako bat. Itxura eta zaporea gustatu zitzaien dastatzaileei.

Orlando (tomate frijitua)

  • Ontzi metalikoa, 175 pezeta kiloko: bi merkeenetako bat.
  • Azukre-eduki ertaina (%1). Tomate-edukirik urriena (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %14,1).
  • Dastatze-proban, 6,8 puntu: hiru hoberenetako bat. Usaina, biskositatea eta bukaerako zaporea gustatu zitzaizkien dastatzaileei.

Helios (tomate frijitua)

  • Kristalezko ontzia, 332 pezeta kiloko; denetan garestiena, baina kalitaterik hoberenekoa.
  • Azukre-edukirik txikienetakoa (%0,6). Tomate-edukirik handienekoa (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %20).
  • Dastatze-proban, 6,8 puntu: hiru hoberenetako bat. Azterturiko ezaugarri denetan puntuazio onak. Zapore gozoa.

Starlux (tomate frijitua)

  • Ontzi metalikoa, 185 pezeta kiloko: merkea.
  • Azukre-eduki ertaina (%1). Tomate-edukirik urriena (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %13,8).
  • Dastatze-proban, 6,3 puntu: ez du ezaugarri nabarmenik. Itxura, usain eta biskositatean, puntuazio apalak.

Apis (tomate frijitua)

  • Tetra brickean ontziratua, 194 pezeta kiloko: merkea.
  • Azukre-eduki handienekoa (%2). Tomate-eduki urria (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %14,5).
  • Aditibo kontserbatzaileak dauzkan bakarra, glutamato (zaporea indartzeko aditiboa) gehien daukana.
  • Dastatze-proban, 6,1 puntu: itxura eta biskositatea ditu bereizgarriak.

Fruco (tomate frijitua)

  • Kristalezko ontzia, 263 pezeta kiloko: garestia.
  • Azukre-eduki txikienetakoa (%0,6) eta gatz gutxien daukana (%1,1).
  • Tomate-edukia, bigarren handiena (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %16,6).
  • Dastatze-proban, 6 puntu: ongi, baina denetan txarrena. Biskositatea du nabarmentzekoa, baina bukaerako zaporea ez du ona.

Prima (ketchupa)

  • Plastikozko ontzia, 301 pezeta kiloko: merkeena denetan. Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Azukre-eduki txikienekoa (%1,8). Tomate-edukirik handienekoa (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %23,4). Gatz gehien daukana (%3).
  • Dastatze-proban, 6,2 puntu. Itxura eta usainik onena, nabarmentzekoak.

Heinz (ketchupa)

  • Kristalezko ontzia, 558 pezeta kiloko: garestia, baina kalitate hoberenekoa.
  • Azukre-edukia: bigarren txikiena (%3,6). Tomate-edukirik handienekoa (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %25,2). Kontserbatzailerik ez daukan bakarra.
  • Dastatze-proban, 7 puntu: hoberena. Kalifikazio garaienak zapore, gozotasun, biskositate eta bukaerako zaporean.

Orlando (ketchupa)

  • Plastikozko ontzia, 301 pezeta kiloko: merkeena denetan.
  • Azukre-eduki handienekoa (%7,5). Tomate-edukirik urrienekoa (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %16,5).
  • Dastatze-proban, 6,3 puntu. Bereizgarririk ez. Zapore ona.

Uncle Williams (ketchupa)

  • Plastikozko ontzia, 337 pezeta kiloko: merkea.
  • Azukre-eduki handia (%7,4). Tomate gutxi (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %16,8).
  • Dastatze-proban, 6,1 puntu. Bereizgarririk ez.

Ybarra (ketchupa)

  • Kristalezko ontzia, 501 pezeta kiloko.
  • Azukre asko (%7,1). Tomate-edukian, balio ertaina (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %19,1), baina hoberenetatik urrun. Gatz asko (%3).
  • Dastatze-proban, 6,2 puntu. Itxura du nabarmentzekoa.

Musa (ketchupa)

  • Kristalezko ontzia, 688 pezeta kiloko: garestiena denetan.
  • Azukre-eduki ertain-handia (%5,3) eta gatzetan, urriena (%2,5).
  • Tomate-edukia, ertaina (tomatea jatorri duten solido disolbagarrien %19,7).
  • Dastatze-proban, txarrena: 5,5 puntu. Kalifikazio apalenak parametro denetan. Laginaren kolore iluna eta zapore biziegia ez zitzaien gustatu dastatzaileei.