Palestinakoaren neurriko gatazka larri batean profesionalki eta, ustez baita emozionalki ere, inplikaturik denbora asko daramazunean, posible da kanpoan geratzea eta borrokan ari diren bi aldeetako baten aldeko jarrera ez hartzea?
Kazetaritza egiteko premisetako bat beti distantzia gordetzea da. Nik 10 urtetik gora daramat profesionalki gatazka honetan murgilduta, baina leial eusten diot, edo ahalegintzen naiz behintzat, oinarrizko printzipio bati: etengabe apaltasun ariketa egiteari hain zuzen ere; horregatik, goizean esnatzean begiak lehen aldiz irekitzen diren moduan, kontatzen den istorio bakoitzarekin, idazten den kronika bakoitzarekin ere lehen aldiz ireki behar dira begiak. Horrek esan nahi du leku egokian egoten jakin eta gero ikusitakoa kontatu besterik ez dela egin behar. Ikuslea da albiste horren konklusioen jabe, edo zuk kontatu besterik egiten ez duzun errealitate hori interpretatu nahi duen edozein, bestela. Laburbilduz, beraz, apaltasuna izan behar da eta alde guztiekiko errespetua.
Zein albiste eman beharrak mindu zaitu gehien?
Hainbeste dira, zoritxarrez… badirudi albiste on bat ez dela albiste eta orduan, gauza txarrak bakarrik kontatzen dira azkenean, horiexek sartzen baitira albistegietan. Berri txarrak ematen ditut egunero. Arabiar eta palestinarren arteko gatazkaren oinarrian komunikazio porrot bat dago eta azken batean, gizakion ezaugarria, animaliengandik bereizten gaituena horixe da, komunikatzeko gaitasuna; eta ez komunikatzea aurreragoko estadio batera itzultzea da. Indarkeriari buruzko kronikak idazten ditudan bakoitzean, gure zibilizazioaren zati bat galdu dela sentitzen dut. Albisteren bat aipatu behar badut (hasperen egin, segundo batzuez pentsatu eta zalantzan geratzen da), egia esan, ezin dut ezer aipatu. Hainbeste dira…
Zenbateraino aldatu da gerrako korrespontsalaren lana teknologia berriak sartzearen ondorioz?
Gaur bertan Errusiako espioitza zerbitzuko (KGB) buruaren adierazpen batzuk irakurri ditut. Irailaren 11n New Yorken izan zen erasoak agerian utzi duen porrotetako bat horixe dela dio hain zuzen, estatu batuarrek, eta CIAk bereziki, teknologietan jarri dutela ahalegin guztia eta horiek azal dezakete zer gertatu den, zuzenean transmititu ere egin dezakete, baina ezin dute prebenitu gertatu behar dena; hori gizakiaren lana da. Orokortasunera mugatzen gara eta ahaztu egiten zaizkigu gauza partikularrak, partikulartasun horiek batu ere ez ditugu egiten eta gizatasuna kentzen ari gara gure munduari. Gizatasuna berreskuratzen jarri behar genuke ahalegina. Galaxietako gerra sortu edo egiteari utzi eta konponbidea oso zaharra da: komunikazioa.
Eta gerratik komunikatzea erabaki zenuen zuk; nola iritsi zinen gerrako ordezkari izan nahi izatera?
Askotan galdetzen didate eta nire erantzunekin desilusionatu egiten dudala iruditzen zait askotan. Nire gaur egungo lanpostua gorabehera askoren batura da. Ikasten ari nintzela, lagunek esaten zidaten egunkarientzat idazten lan egin nezala, kulturako gaiei buruz, oso artatsua nintzelako eta gai horiek gogoko nituelako. Are gehiago, esaten zidaten ez nindutela bizimodu gogor batean ikusten, ni oso fina nintzela uste baitzuten; baina orain eurak daude bulego bikainetan eta nik bizimodua atera eta ohe txarretan lo egin behar izaten dut sarri. Grazia egiten dit. Nire plana, hasieran, medio guztiak probatu eta gero aukeratzea zen. Egunkarietan idatzi nuen, irratietan lan egin eta telebistara iritsi nintzen. Golkoko gerra sortu zen eta hara joateko aukera izan nuen eta bidean konturatu nintzen gai nintzela unerik gogorrenetan ere patxadari eusteko, buru argia izaten dudala jendea nahasten den egoeratan eta buru argiz egiten diedala aurre egoera eta arazoei. Baina hori guztia bidean deskubritu dut; batzuetan, gauzak pasa eta gero pentsatu, eta neuk ere ezin izaten ditut neure erreakzioak ulertu.
Kontzientziarik eza edo abentura izpiritua izan daiteke, agian?
Behin, Susan Sontag idazle amerikarrarekin bidaian nindoala, esan zidan lanbide honetan, lan mota honetan, bi eratako gizon-emakumeak izaten direla beti: edo seme-alaba bakarrak, edo seme-alaba zaharrenak, maiorazkoak. Horixe da nire kasua eta lankide askoren kasuan konfirmatu dut hala dela. Bere buruari erronkak eta helburuak jartzen, hordagoak botatzen ohituta dagoen jende mota baten lana da hau. Eta bakarrik egoteko gai ez denak, ezin du egin. Ezkerrera edo eskuinera jo behar den bi minutuan erabaki behar denean, konfiantza handia behar da norbere buruarengan, edo bizitzan zehar erabaki asko hartu izanaren esperientzia.
Eta nola erabakitzen du batek marraren beste aldean jartzea, Basamortuko Ekaitzeko gauetan zehar Bagdaden egin zenuen bezala?
Betebeharraren zentzua da, gauzak ondo egin nahia, nolabaiteko perfekzionismo dosia. Jostun batentzat perfekzionista izatea trajeak ongi moztea da, eta lan mota honetan, berriz, gauzak gertatzen diren lekuan egotea da eta ez gertatzen dena bigarren edo hirugarren pertsonen bitartez kontatzea. Gertaeraren lekuan baldin bazaude, zuzenean ikusten duzu eta orduan, konta dezakezu. Golkoko gerran egotea erabaki pertsonala izan zen; bisatuak lorturik genituen eta Bagdadera joan bezperan TVEko albistegietako buruak argi utzi zidan aukera pertsonala zela, joan nahi ez banuen ez zela ezer gertatzen. Baina ez nuen zalantzarik izan. Bisatua genuen 20 kazetariok bilera egin genuen, eta bitxia den arren, neu nintzen emakume bakarra; gogoan dut Bagdadera joatea zein arriskutsu zen esaten ari ginela, 10 egun ziren gerra hasi zela eta bonbardeoak etengabeak ziren. Nire iritzia galdetu zidatenean, bisatua bagenuenez ez genuela zalantzarik izan behar esan nuen. Gogoan dut lankide ingeles batek -geroago Moskuko kolpe militarretako batean hil zenak- nola esan zuen: “pozten naiz hemen norbaitek arrautzak dituelako”. Betebeharraren zentzua da, perfekzionismoa eta, jakina, bokazioa ere bai, erabaki horiek lehen mailan jartzen dituena; agian beste batzuentzat ez dute garrantzi hori izango. Baina barruko har moduko bat ere bada, mugiarazi eta gertaeren lekura eramaten zaituena, bukaerara arte bultza egiten duena.
Nolakoa da gerrako berriemaile baten eguneroko bizitza, Jerusalemen kasu honetan?
Hilean pare bat aldiz egiten ditut erosketak, gogoratzen banaiz, izan ere etxeko bizitza arrapaladan konpontzen baita. Goizean jaiki, prentsa irakurri eta nazioarteko kanalak ikusten ditut, mundua nola dagoen, gauzak nola dauden jakiteko. Loreei begiratu. Eta irakurri. Nik izugarri irakurtzen dut, funtsezkoa da lan hau egiteko. Gero korrespontsaliara hurbiltzen naiz eta bidean kaleko jendearekin, nire hiriko pertsonekin hitz egiteko aprobetxatzen dut. Gero, tximistaren abiaduran gertatzen dira gauzak. Adibidez, atzo (elkarrizketa urriaren 5ean egin zen), nork pentsatu behar zuen Itsaso Beltzaren gainean hegazkin bat bota behar zutenik. Beno, bada, ez dakit beste zentzu bat garatzen ote dugun edo zer, baina zerbait gertatu behar zuen sentimendu argiarekin esnatu nintzen atzo. Azkenean, gertatu denaren inguruko azalpenak eta informazioa eman dezakezu, baina lanean ari zarela, aurrean duzuna besterik ez duzu ikusten eta zorroztasun eta apaltasunerako ahalegina egin behar da etengabe, gaur ikusi duzuna bakarrik kontatzeko.
Badirudi orain, ia mundu guztiko informazio kateak gure eskura ditugun honetan, mendebaldeko ikusleari iristen zaizkion albiste guztiak berdinak direla, entzuten den katea gorabehera. Non dago iragazkia, iragazkirik baldin badago? Edo, bestela esanda, zertan antzematen da hedabide bakoitzaren berezitasuna?
Kazetaria gertakariak gertatzen diren lekuan egotea da gakoa. Gero, iturri instituzionalagoak ere erabiliko ditu eta, ondoren, gertatzen ari denaren lekukoez hitz egingo du eta horiek eroso sentitzea lortzen badu, hobeto. Hori funtsezkoa da informazio ona emateko, zerbait gertatu den lekura joan eta jendearekin hitz egiten baduzu, entzuten badiezu eta esponja bihurtzen bazara, gauza guztiak jakitea lortzen duzu. Kronika Espainiara iristen denean bukatzen da nire lana. Madrilera deitzen dut iritsi den jakiteko, eta iritsi bada, bukatu da nire eginkizuna. Niri gehiago gustatzen zait idaztea, baina telebistak ere badu gauza on bat: nire hitzak moztu egin ditzakete, baina sekula ezin da ezer erantsi, eta beraz lasaitasun hori geratzen zait, sekula ezingo dute nire ahotan jarri esan ez dudan ezer.
Jendearekin hitz egitea aipatu duzu… nolakoak dira pertsonak nor, Ekialde Hurbilean?
Giro erasokorra da hemengoa, neurotikoa, edozein izkina gurutzatzean lehergailu batek eztanda egingo duela espero dute hiritarrek eta hori igarri egiten da pertsonengan, edozergatik salto egiten baitute; berehala sumintzen da jendea. Kalean doazela pertsonek aurpegian duten keinuan ere antzematen da hori.
Segurtasunik eza kazetariari ere kutsatuko zaio. Badago inolako segurtasun bermerik kazetari, kamerari edo argazkilariarentzat?
Lanean egoteak ez gaitu ezertatik babesten; saiatzen gara arriskua saihesten, baina arriskua hortxe dago beti.
Kulturaren zati bat musulmana duen herrialde batean emakume izateak, zailago egiten du zure eguneroko lana?
Ez dut sekula inolako arazorik izan. Egia da, bai, gizartearengan ez bezala, lantokietan aurreiritzi asko dagoela eta behin eta berriz frogatu behar dugula ez dagoela inolako desberdintasunik gizonezko eta emakumeen artean, gauza bera lortzeko bost aldiz lan gehiago egin behar bada ere. Baina bidea urratzen ari gara. Duela urte batzuk oso garesti ordaindu nuen gizonezkoen mundu batean, pata negra tribuan prima donna izan gabe eta era profesionalean sartzen saiatu izana. Espero dut horrek balio izango zuela atzetik datozen neskek gauzak errazago izan ditzaten. Emakume horietako bakar bati nire lan egiteko moduak zerbaitetarako balio izan badio, nahikoa sari izango dut hori, nire hasierako zailtasunen ordain gisa.
Denboraren zentzua eta errutina profesionalarena, produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izatea, emakumearen arazo bereziak… zenbateraino geratzen dira bigarren mailan, egunero erlojuaren aurka eta hain ingurune arriskutsu eta tentsio handikoan lan egiten denean?
Zentzua erabat galtzen da eta oinarrizkoenarekin konforme izaten zara. 92tik 96ra, Bosniako gerran zehar, Budapesten bizi nintzen eta hilabeteak eta hilabeteak ematen nituen Sarajevon; gogoan dut nola behin Madrilera itzuli nintzen eta saltoki handi batean sartu nintzen eta hamar segundora irten egin nuen. Fisikoki ere min ematen zidan, oso gaizki sentitu nintzen, eskaintza zaparrada hain zen handia, ezin izan nuen jasan.