Seme-alabek Interneten aurki dezaketen edukien beldurrak eraginik.
Beraiek sekula agertuko ez luketen trebeziaz seme-alabak Interneten nabigatzen ari direla idoro izan dute gurasoek askotan, beldurturik bezain liluraturik. Sarean handik hara mugitzen jakitea, gizakiak sortu duen ezagutza-garraiorako lanabesik eraginkorren eta handiena eskuratzeko ezinbestekoa izango da. Era berean, ordea, ikara larriagoa eragingo dien beste zerbaiten ateak zabalduko zaizkie guraso horiei: bortizkeria, arrazakeria, era guztietako xenofobia… Areago, berez gaiztakeriazkoak ez badira ere, ume horien adinari egokiturik ez dauden hainbat elementu ere bai.
Nolanahi ere, Internet munduan espazio zein denbora alorreko mugarik ez dagoela, aita-amak nola kontrola dezake bere haurrak zein orri bisitatzen duen? Seme-alabentzat egokiak diren orriak eta ez direnak bereizteko gauza direla baieztatzen dute aplikazio batzuek: umezain zibernetiko berriak dira horiek.
Testuingurua, arazo iturri
Beren megahertzio eta gigabyteez oso harro badaude ere, ordenagailuak oraindik ez dira gauza esaldi bat ulertzeko edo, are gehiago, argazki batek zer agertzen duen interpretatzeko. Egiari zor, egundoko kalkulu konplexuak tximista bezain azkar egiteko inongo arazorik ez dute, baina “ulertzea” bezain gauza erraza ez da sartzen horien logikan. Horrenbestez, gabezia hori arindu edo ezabatzeko, konponbide teknologikoetara jo beharra dago. Gehienetan, espazioa orriz orri miatzen dute, gurasoek aurretiaz mugatu duten hiztegiko hitzik ba ote dagoen egiaztatzeko.
Benetan zail-zaila izango luke horrelako programa batek gertaera bortitzen irudiak bakarrik agertuko lituzkeen orri baterako sarrera murriztea baina, halaz ere, lesbiana edo sexua hitzak dituzten orrietan sartzerik gehiegitan galaraziko du, dokumentu horiek homosexualen eskubideak aipatu bakarrik egiten badute ere, aurreneko kasuan, edo nozitu nahi ez den haurdunaldirik ez izateko neurriak, bigarrenean. Testuingurua ulertzeko berezko ezintasunak programa horiek zamatu egiten ditu; areago, onen-onenean, adingabekoan gurasoek ezarri nahi duten arduraren laguntzaile -ordezkari ez, inondik ere- bihurtzen ditu.
Web orriak ez ezik…
Edonola ere, bost urteko bizitzan bide luzea egin dute programa horiek. Gaur egun ohiko kontua da nabigazioa -zuzen edo oker- zentsuratze hutsera ez mugatzea: aitzitik ordea, posta elektronikoko mezu, chat eta eztabaida foroak ere kontrolatzen dituzte. Era horretan, ume txikiek (pertsona ezezagunei beren datu pertsonalak emanez) beren burua arriskutan jartzeari saihets egiten zaio.
Nolanahi ere, gurasoak erabaki beharko du: zentsura negatiboa ala positiboa. Lehen kasuan, haurrak web orria oso-osorik arakatu ahal izango du, unean uneko orria egokia den ala ez, programaren esku utzirik. Bigarrenean, aditu talde batek aurretiaz hautaturiko hainbat orri bakarrik bisitatu ahal izango ditu. Bigarren hau askozaz ere seguruagoa da, ume txikiarentzat egokia ez den web batean sartzerik izango ez duelako haurrak, baina bere miatze-ahalmenak mugatzeaz gainera, Internetek bereizgarrien duen ezaugarria ezabatu ere egingo du: edukien aniztasuna.
Azken aukera
Ez dezagun ahantz, dena den, gurasoek azkeneko bidea hartzeko aukera izango dutela: seme-alabak nondik nora ibili diren jakitea. Nabigatzeko programa gehientsuenek (ez bakarrik edukiak kontrolatzeko berariazkoek) artxibo historikoa gordetzen dute, bertan bisita gehien hartu dituzten web guneak agertuz. Horrela, Sarerako lotura ñimiñoei zuku gehiago ateratzen diete ordenagailuek eta, bide batez, internautak bisita berriro egitean, orri horiexetara azkarrago sartzeko aukera emango diote erabiltzaileari. Hortik aita-amek jakin ahal izango dute etxean instalatzerakoan Interneti izendatu zitzaion erabilera baliatzen duten adin txikikoek. Egia esan, eskarmentu txiki batez, lorratz horiek ezabatzen ikasiko du zeinahi haurrek baina, erregistro bat hutsik egoteak, frogak ezkutatzeko saiakera maltzurra adieraziko dio aita-amari.
Hitz batez, aplikazio horien publizitateak sekulako mirariak iragartzen baditu ere, gurasoek benetan eraginiko kontrola funtsezkoa izango da aurrerantzean ere. Noski, Baquía albisteetako web guneak zioen bezala, “teknologia ez da arazoa, ezta konponbidea ere”.
Ongi aukeratzeko
Interneten Erabiltzaileen Elkarteak bost puntuko zerrenda eskaini die erabiltzaileei, seme-alabek bisita ditzaketen orriak murriztuko dituen programa erosi aurretik, beren buruari plantea diezaioten. Hona:
- Web gune baterako sarbidea galarazteko unean zein irizpide hartzen da kontuan (sexua, bortizkeria, etab)? Programak zein mailataraino ahalbideratzen du galarazpena zorroztea? Murrizketa edo galarazpen horiek merkatuko estandarren araberakoak al dira?
- Edukiak filtratzeko zein sistema erabiltzen da? Erabiltzaileak pertsonaliza ditzakeen aurretiaz zehazturiko termino zerrendak baliatzen al ditu? Aurretiaz debekaturiko helbideak sartzen al dira bertan?
- Hainbat web orritarako sarbidea galarazten badu, zerrenda hori Interneten bitartez gaurkotzeko aukera ematen al du? Ezer kostatzen al da?
- Erraz konfiguratu eta baliatzeko modukoa al da? Informatikaz gauza askorik ez dakiten gurasoentzako programa egokia al da?
- Informatikaz dezente dakien haurrari galarazpenak ezartzeko bezain segurua al da? Ezarritako galarazpenei saihets egiten dieten bestelako nabigazio-programen erabilera debekatzen al du?
- Asociación de Usuarios de Internet (Interneten Erabiltzaileen Elkartea) Pornografia, xenofobia edo biolentziazko edukia duten hainbat orritarako sarbidea galarazten duten programen zerrenda osoak. Aplikazio horien balorazio laburrak agertzen dira tarteka, eta espainierara itzulirik daudenen aipamen berezia egiten da.
- SuperKids Programa hezitzaileak erkatzea eginkizun duen argitalpena. Bertako ikerlanen artean, Interneteko arriskuetatik haurrak babesteko sei aplikazioren azterketa jarri dituzte. Aplikazioen arteko konparazioak egiteko formula arina ere eskaintzen du.
- Family Guide Book “Hor kanpoan oihana baita” dio, orrialdeetan zehar, oihan tropikaleko arriskuak eta Internetekoak baliokidetzat hartzen dituen web interesgarri honen azpitituluak. Saretik barrena dabilen haurrak aurrean dituen arrisku-mota desberdinak azaltzeko estilo zuzen eta ulerterraza darabil.
- CyberPatrol Edukiak kontrolatzeko programarik aitortuenetako bat. Berari esker hamaikatxo profil sor daitezke, adinaren arabera, haur bakoitzak hainbat orri-motatarako sarbidea aurkitzeko. Beste hainbat eginkizunekin batera, adin txikikoei chat-etan konpromisozko informazio pertsonalik ematea galarazi egiten die.