Bizitza eurotan

Euroa etxean, euroa kalean

Diru berriak aginduko digu eurotan bizitzea eta, produktuen balioa kalkulatzeko, erreferentzia berriak sortzea.
1 azaroa de 2001
Img economia listado

Euroa etxean, euroa kalean

Euroa iristear dagoela (bi hilabete baino gutxiago falta dira), diru berri horrek etxeko bizimoduan ezarriko duen legeaz eta eragingo dituen aldaketez hamaika zalantza ditu kontsumitzaileak. Europako Banku Zentrala eta agintari lokalak atzerako zenbaketan ari dira, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera eurotan biziko diren 280 milioi europarrek aurretiaz txanpon berria ahalik eta hobekien ezagut dezaten. Eginkizun zaila da, gizarte sektore batzuei gauzak azaltzea ez baita kontu samurra eta, areago, euroaren ezarpena mesfidantzaz hartzen duenik ere bada oraino.

“Euro eguna” hurbildu ahala, euroari buruzko kanpainak areagotu egin dira: gutunontzian hamaika orri agertu, “eurobihurgailuak” ugaldu, euroak baliatuz erosketen plantak egiteko ekimen lokalak biderkatu, eta txanpon zein billete berriak (baita segurtasun elementuak ere) nolakoak izango diren hobeto ezagutuz goaz. Ahalegin guztiak norabide berean doaz orain, herritarrei beharrezko informazioa jakinaraztera: esate baterako, prezioak adierazteko txanpona aldatuko bada ere, kostuak aldaketarik izango ez duela.

Soldata eta pentsioek, aldaketarik ez

2002ko urtarrilaren 1etik aurrera euroa gure bizitzako osagai arrunt bihurtuko da. Hasiera batean, produktu eta zerbitzuen balioaren galera baldin bada gure sentsazio nagusia, diru berria iristeak ez du eragingo eros ahalmenaren murrizketarik, ordainsariak aurreko berberak izango direlako. Hilaren bukaeran gure soldata edo pentsioaren baliokidea eurotan jasoko dugu.

Nominan aurkituko dugun aldaketa bakarra, kontzeptuak -oinarrizko soldata, lanorduak, aparteko ordainsariak, kenketak, etab- eurotan adierazita ikustea izango da.

Kreditu txartelak, banka-kontuak, etab.

Hurrengo urteko lehen egunetan finantza erakundeek -horietako batzuk hasiak dira dagoeneko- kontuak eurotara aldatu eta ordaintze sistemak -txekeak, kreditu txartelak, zor txartelak, etab.- berrizendatuko dituzte, titularrak inongo kosturik jasateke.

Eurotara egokitzeko finantza erakundeek egingo dituzten jardueren kostua ez dute bizkarreratuko bezeroek. Txekeen erabilera zailago izango da, denbora apur batez: trantsizioan, hau da, pezeta eta euroa elkarrekin bizi diren epe horretan, bi txekera baliatu beharko dira, bata pezetatan, bestea eurotan. Baina, batean zein bestean eginda daudela, txekeak dirutan bihurtzeko arazorik ez da izango, martxoaren 1etik aurrera denak eurotan kobratuko baitira, egin ziren datan egin zirela ere.

Zergak

Hazienda ere europar bihurtu zaigu, nonbait. Oraingoz behintzat enpresek bakarrik aukera dezakete zorrak eurotan ordaintzea. 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera, zergak, Gizarte Segurantzako kotizazioak, Elkarteen Zergari buruzko aitorpenak eta BEZ eurotan ordain daitezke baina 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera herritar guzti-guztiek zergen aitorpenak -baita Pertsona Fisikoen Errentaren gainekoa bera ere- eurotan aurkeztu beharko dituzte. Horrela bada, 2002ko maiatzean PFEZ kitatzeko unean, 2001 urteko dokumentazio guztia eurotara itzuli beharko da.

Dendaz denda, euroa poltsikoan hartuta

Toki ikusgarrian kokaturiko eranskin urdin batek adieraziko du zein den Gizabidez Jarduteko Hitzarmena sinatu duen komertzioa: horren bitartez, moneta berriaren trantsizioan gehiegikeriarik ez egiteko konpromisoa hartu dute sinatzaileek. Establezimendu horiek ez diote iruzurrik egingo kontsumitzaileari, zehazki biribilduko dituzte kopuruak, txanponak beti eurotan itzuliko dituzte, kontsumitzaileari informazioa emango diote, etab., etab. 2002ko urtarrilaren 1era arte prezioak eurotan eta pezetatan adierazteko aske dira komertzioak. Data horretatik aurrera bi diruetan adierazi beharko dituzte prezioak nahitaez, eta eurotako prezioa pezetatakoa baino letra handiagotan agertu beharko da.

Moneta berria indarrean sartzen denetik zazpi egunera urtarrileko beherapenak iristean, etiketa bakoitzak lau prezio (zehazki biribildurik) agertu beharko ditu: aurrekoa eta oraingo beheratua, biak ere pezeta eta eurotan.

Ukitu, begiratu eta okertu: horra hor nola bereizi billete faltsuak

Izan ere, dagoeneko gertatu diren iruzurrak ekiditeko, billete eta txanpon faltsuak eta benetakoak ezagutu eta bereizteko zalantza dakar berarekin moneta berria indarrean sartzeak.

Eurotako billeteen ukitzea, kolorea eta bestelako ezaugarriak gehien-gehientsuenok ez ezagutzearen ondorioz, iruzur-iturri izan daiteke eta, areago, moneta-agintarietan konfiantza ez izatea ekar dezake. Horrelakorik gerta ez dadin, Europako Banku Zentralak, kide diren herrialdeetako banku zentralekin batera, ahaleginak eta bi egin ditu euroa dela eta, harturiko segurtasun neurriak ezagutarazteko eta, tokian tokiko diruei dagozkienak ez ezik, beste sistema sofistikatuago batzuk erantsi dizkio diru berriari.

Billete faltsuak hautemateko segurtasun neurriak, kontsumitzaileentzat bederen, Espainiako Bankuak emaniko aholkuetan labur daitezke: ukitu, begiratu eta okertu.

  • Ukitu Eurotako billeteak batez ere kotoi zuntzez fabrikaturiko paper berezian daude inprimaturik. Ukitu irmo, sendo, latzekoak dira. Horrez gainera, billeteetako elementu batzuen inpresio kalkografikoa -hau da, erliebean egina- (Europako Banku Zentralaren inizialak, billetearen balioa adierazten duten zifrak eta ate-leihoetako elementuak), ikusmenean arazoak dituzten pertsonei laguntza emateaz gainera, billeteen benetakotasuna hautemateko balio duen ukitze bereziki nabarmena du.
  • Okertu Bera okertu eta inklinatzean hautematen diren hologramak dauzka billeteak.
  • Begiratu Ur-marka, segurtasun-haria, kointzidentzi elementua, banda iridiszentea, kolorez aldatzen den tinta eta beste hainbat segurtasun elementu ikusgarri ditu billeteak, argitara begiratzean hauteman daitezkeenak.
  • Ur-marka: billeteak inprimatu gabe daukan tokian, bi alderdietatik argitara ikus daitekeen aztarna da hau. Bai monumentu arkitektoniko nagusia, baita billetearen balio faziala ikus daitezke. Marka hau paperean bertan sortzen da eta lodiera aldatu egiten da, fabrikazio prozesuan zehar.
  • Segurtasun-haria: fabrikazio etapan paperean txertatzen da hau ere. Billetea argitara begiratzean, bera goitik behera zeharkatzen duen lerro ilun bat ikus daiteke; ondoren, billetearen balio fazialaren aldamenean, “euro” hitza.
  • Banda holografikoa: balio txikieneko billeteen (5Euro, 10Euro eta 20Euro) aurrealdeko eskuinaldean banda holografiko bat dago. Billetea biratzean, euroaren ikurra eta billetearen balioa adierazten duen zifra (5, 10, 20) kolore distiratsuetan agertzen da.
  • Holograma: balio handieneko billeteen (50Euro, 100Euro, 200Euro eta 500Euro) aurrealdean holograma bat (patch) ezarri dute, diru faltsutzea zailago bihurtzeko. Billetea mugitzean, bertan ezarritako monumentu arkitektonikoaren irudia eta billetearen balioa adierazten duen zifra kolore distiratsuetan agertzen da.
  • Kointzidentzi elementua: honakoa ere hauteman daiteke, argitara orobat. Billetearen aurrealdeko goiko ezkerreko izkinan kokaturik agertzen da. Billetearen alderdi bakoitzetik marrazturiko lerro irregularrek bat eginik, balio faziala adierazten duen zifra osorik eta zehazki osatzen dute.
  • Banda iridiszentea: balio txikieneko billeteek (5Euro, 10Euro eta 20Euro), atzealdean bakarrik agertzen den banda iridiszentea daukate. Argitasun handian distiratsua da eta bandaren barnean euroaren ikurra ikus daiteke, billetearen balioa adierazten duen zifrarekin batera.
  • Tintaren kolorea: balio handieneko lau billeteetan, atzealdeko eskuin aldeko beheko izkinan, billetearen balioa adierazten duen tintaren kolorea aldatu egiten da. Balio faziala adierazten duen zifra more kolorekoa da, aurretik begiratuta, eta oliba kolorekoa (edo, areago, marroia) angelutik so eginez gero.

Euroa eta makina “txanponjaleak”

Estatu espainiarrean 407.396 joko-makina dabiltza funtzionatzen, hainbat establezimendutan. Euroa iristerako, den-denek egon behar dute prestaturik. Hasieran behintzat, bi txanponak onartzen dituen makinarik ez da izango. Pezetak eta euroak batera ditugun hilabete horietan, euroak edo pezetak onartzen dituzten makinen artean aukeratzeko parada izango dute erabiltzaileek. Epe hori bukatutakoan, makina txanponjale bateko partida baten prezioa 0,20 euro izango da (33 pezeta). Neurri horrek arazorik ondoriozta dezake 50 zentimoko txanpona sartuz gero: horrelakoetan, erabiltzaileak bi partida jokatzeko aukera izango du eta gainerako 10 zentimoak hurrengo erabiltzaileak baliatu ahal izango ditu, baina makinak ez dizkio itzuliko erabiltzaileari. Asociación Nacional de Empresas de Máquinas Recreativas (Aisialdiko Makinen Enpresen Espainiako Elkartea) delako elkarteak nabarmendu nahi du 10 zentimoko pusketa hori ez doala ez tabernako jabearen, ez makinaren jabearen eskuetara; “hurrengo jokaldia” egiteko baliagarri geratuko da, beraz.

Neurri horretatik EAE eta Kataluniako txanponjaleak salbuetsirik daude. Autonomi erkidego horietan, 10 zentimoek “bi ala bat ez” partida jokatzeko aukera ematen dute. “Ziberkafetegi”, atsedenaldi zentro edo azalera handietan kokaturiko bideojokoen makinei dagokienez, euro bateko prezioa ezarri da, makina horien konplexutasuna halakoxea izaki: horietako batzuk 4 milioi pezeta baino gehiago kostatzen dira eta gaur egun horietako gehienetan jokatzea 200 pezeta kostatzen da.

Diru itzulketa egin beharreko programazioa eta txanpon-kutxatilak aldatzea, makinen serigrafia eta antzekoak direla eta, sektoreak nozituko duen kostua zehazteko dago oraindik. Hala eta guztiz, sistema horiek aldatzea 20.000 pezetatik 120.000 pezeta bitarte kostatuko da makina bakoitzeko, euroa indarrean sartzeko data hurbildu ahala prezio hori areagotzen ari bada ere.

Neurri horietara iristeko, horrelako makinen enpresariek 1997an ekin zioten bilera profesionalak egiteari: horrenbestez, arazoak aski goiz azaldu dira. Aisialdirako Makinen Enpresen Espainiako Elkarteak, nolanahi ere, erabiltzailea lasaitu egin nahi izan du, honelako zerbitzu eta produktuak xedatzen dituzten arauak hagitz zorrotzak direlako eta, bestetik, homologatzeko sistema eta nahitaezko ziurtapena fabrikatzaileak bakarrik eman dezake, Espainiako Barne Ministerioaren agindupean dagoen Jokoaren Batzorde Nazionalak ikuskaritza egin ondoren.

Hortik aurrera, Barne zein Ekonomia alorreko Kontseilaritza izango da tokian tokiko ikuskaritza eta berrikuspenak egiteko arduraduna.

Euroa taxietan

2002ko urtarrilaren 1eko goizaldean, Gabon Zaharra oraindik, taxi-gidariari pezetak emango dizkiogu eta hark guri euroak itzuliko. Horixe da sektoreak Administrazioarekin harturiko konpromisoetako bat. Honez gainera, “Euroari buruzko hainbat alderdi direla eta, Ekonomia, Energia eta Enpresa Txikiaren Estatu Idazkaritzarekin harturiko Akordioa” dela bide, taxi gidariek moneta berria ezagutarazi eta sartzea errazteko kanpainetan esku hartzeko konpromisoa hartu dute.

Zerbitzuetako sektorean sarturiko profesionalen taldea den aldetik, hiritarrak kontzientziatu eta lasaitzeko kanpainan esku hartzeko konpromisoa dute. Horrenbestez, Estatu espainiarrean lanean dabiltzan 77.000 taxiek 2002ko urtarrilaren 1ean bertan (hau da, Gabon Zaharreko ospakizunean bertan) euroak itzuli beharko dizkiote bezeroari.

Nolanahi ere, taxien erabiltzaileei gauzak errazteko konpromiso hori sektorerik kaltegarrienetara ere zabaltzen denez, adin handiko pertsonak direnean, taxi gidariek arreta eta azalpenak oraindik eta hobeki emateko hitza emana dute. Horrekin batera, sektoreak taximetroak egokitzeko konpromisoa ere hartu du, nahiz orain bertan Estatu espainiarreko taxien %75 prestatuak dauden euroaren sarrerarako. Gainerako %25a Urte Berri egunerako egokitu beharko da.

Oraingo taximetroaren ordez eurotan dabilen berria jartzearen batez besteko kostua 90.000 pezeta ingurukoa da, eta taxi jabeak berak ordaindu behar du. Adiera horretan, hainbat erkidegotako profesionalen elkarteek %50erainoko dirulaguntzak eskatu dituzte, kostu hori arintzeko. Dena den, erkidegoetako administrazioek ez dute inongo erantzunik eman.

Orain jartzen ari diren taximetroek bi diruetako irakurketa eskaintzen dute, 2001eko abendura arte baliagarri izan behar dutelako, bi diruek batera irauten duten bitartean eta ondoren, pezeta desagertutakoan, euroa bakarrik erabiltzen denean. Horregatik sektoreak ziurtatu nahi du diru aldaketak taxiaren tarifen aldaketarik ez duela inondik ere ekarriko.

Federació Valenciana del Taxi-ko presidente Félix Cañego jaunaren arabera, “2002 urteko tarifak -gainerako urtekoak bezalaxe- ofizialak dira eta Administrazioak xedaturik daude. Horrela bada, 2002ko urtarriletik aurrera tarifen igoera gerta liteke baina hori ohiko kontua da, urtero-urtero gertatzen delako urtearen hasieran, aseguruak, gasolioak, ibilgailuaren amortizazioak eta taxi gidarien soldatek ere gora egiten dutelako, baina euroak berak edo moneta aldaketak ez dute garestitzerik ondorioztatuko”.

Taxiaren erabiltzaileak ibilbidearen kostua bi diruetan zein den jakin dezaten, baliokidetza-taula agertuko dute taxiek, bezeroak kalkulua berehala egin ahal izan dezan. Beste alde batetik, erabiltzaileari itzuli beharreko buelta edukitzea nahitaezkoa izango da, 20 euroko (3.328 pezeta) billetera arte eta pasu-kontagailuak prezio biribila adierazi beharko du, aurreikusirik dagoenez.

Taxi gidariaren kezka: aurreneko hilabeteetan zirkulatuko duen esku-diru kopuru eskerga. Horregatik, bi diruak edukitzeaz gainera, lapurretarik ez nozitzeko bezain seguruak izango diren kutxak ezartzea aztertzen ari dira orain sektoreko profesionalak. Horregatik nagusitzen ari da hauteman azkarreko GPS sistema, manparak eta, bezeroa susmagarri gertatzen denean, alarma sistema daukan gasolindegi, taberna edo toki publiko baten aldamenean uzteko araua.

Autobusa, metroa…

Garraio publikoko enpresek (autobusak, trenak, metroak) Gizabidezko Jardueraren Kodea betetzeko konpromisoa hartu dute. Bi diruek elkarren aldamenean iraungo duten hilabeteetan, enpresa horien erreferentzia euroa izango da. Prezioa eurotan ezarrita erosiko du bezeroak txartela, txanpon bat zein bestea erabiliz ordaindu ahal izango duen arren. Txarteldegian euroak eta pezetak onartuko dira otsailaren 28ra arte, eta bueltak beti euroetan itzuliko zaizkio bezeroari.

Txartelak saltzen dituzten makinek, teknikoki eraldatuak gertatu ahala, euroak txanpon eta billeteetan onartuko dituzte. Prozesu horrek erabat burututa egon behar du 2002ko martxoaren 1erako. Hortik aurrerakoan, makinek zein txarteldegiek euroak bakar-bakarrik onartuko dituzte.

Lehen egunetarako aholkuak

Instituzioek ofizialki harturiko neurriez gainera, aurreneko egunetan batik bat, iruzurrari saihets egiteko moduko neurriak hartzea iradokitzen dute moneta-agintariek:

  • Esku dirua lortzeko ohiko bideetatik lortzea billeteak: kutxazain automatikoak, finantza erakundeak, merkataritza establezimenduak, etab.. 15 kilometro baino hurbilago finantza erakunderik ez duten herri guneetara banka agenteak gerturatuko dira beren zerbitzuak eskaintzera. Horrelakoetan, udalaren bitartez, bertara etorriko den pertsona agente baimenduna dela egiaztatzea komeni izaten da.
  • Espainiako Bankuak aholkatzen du komertzioen jokamoldeetara begiratu eta Gizabidez Jarduteko Hitzarmena sinatu dutenak hautatzea, horiek baitute informazioa emateko, prezioak mantentzeko, prezioak bi diruetan agertzeko eta kopuruak zehazki biribiltzeko konpromisoa bereganaturik.
  • 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera, era berean, transakzio bakoitzean moneta bakarra (euroa, ahal dela) erabiltzea ere aholkatzen dute.
  • Moneta berria ez da indarrean sartuko 2002ko urtarrilaren 1era arte eta inork ez dauzka euroak oraindik, finantza erakundeek eta banaketa zentroek izan ezik. Beraz, diru berria eskaintzen digunak mesfidantza sortu behar du guregan.