12 ibairen egoera azterturik, beste horrenbeste hiritan

Hiri barruko ibaien erdia, oso eskas ekologia, heziketa eta aisialdiari dagokionez

Gaur egun hiru mehatxu nagusi dituzte gure ibaiek: kutxadura, ibaiko uraren erregulazioa eta habitat naturalak galtzea.
1 azaroa de 2001
Img tema listado

Ibaien ibilguek izaten dituzten aldaketa nagusiak presa eta urtegiak eraikitzearen, ura lekuz aldatzearen, nekazaritzako ustiakuntzen, dragatuen eta hondakin isurketen eta ur-ertzetan egiten diren eraikuntza-lanen ondorio izaten dira eta gorabehera horiek guztiek eragina izaten dute landare eta animalia espezieengan zein uraren kalitatean.

Hiri barruko ibaien erdia, oso eskas ekologia, heziketa eta aisialdiari dagokionez

Ibaiaren sistema ekologikoa soila eta delikatua izaten da eta, beraz, ibilbidean edozein aldaketa egiteak eragina izango du ibaiaren oreka naturalean. Uholdeak prebenitzeko eta nabigaziorako egindako kanalizazioek aldatu egin dute ibaien sakontasuna eta ibilbidea, eta drenajeko kanal bihurtzen dira; horrek ur ertzeko landaretza desagertzea ekartzen du eta ondorioz ura berotu egiten da, itzalik ez dagoelako eta hondatu egiten dira arrainak elikatu eta birsortzeko guneak. Hirietako eta industriako hondakinak isurtzearen ondorioz, okertu egin da ibaietako uraren kalitatea eta uretako habitata.

Gure ibaien hondamena eta galera moteltzeko, espezialistek diote behar-beharrezkoa dela ibaiak babestea, zentzuz erabiltzea eta galdutako baliabide naturalak leheneratzea; izan ere, ibaiek eta horien inguruko lautadek uholdeak hobeto kontrolatzeko aukera ematen dute, baliabide natural produktiboa dira, uraren kopurua eta kalitatea erregulatzen dute eta espezie natural mota zabala bizi da bertan. CONSUMERek 12 ibairen egoera aztertu du, beste horrenbeste hiritan. Zadorra (Gasteiz), Urumea (Donostia), Ibaizabal (Bilbo), Arga (Iruñea), Ebro (Logroño), Arlanzón (Burgos), Manzanares (Madril), Besós (Bartzelona), Guadalmedina (Malaga), Guadalquivir (Sevilla), Segura (Murtzia) eta Turia (Valentzia) dira. Hamabi ibai horietan lau alderdi aztertu dira: uraren kalitateari ematen zaion tratua, urbazterren kontserbazio egoera eta ibai eta urbazterrei aisialdirako eta heziketarako (ingurumen aldetik) ematen zaien erabilpena; guztira 29 aldagai aztertu dira.

Tratu txarra jasaten duten ibaiak

Emaitzak ez dira baikor egoteko modukoak eta argi uzten dute oraindik zeregin ugari dela ibaiak hiri barruko ibilbidean zehar ekosistema zaurgarri gisa errespeta ditzagun eta heziketa eta aisialdirako eskaintzen duten aukera egoki eta behar adina erabil dezagun. Hiruk bakarrik (Zadorrak, Gasteizen; Arlanzónek, Burgosen; eta Ebro ibaiak Logroñon) gainditu dute azterketa; batek ozta-ozta gainditu du eta gainerakoek oso nota eskasa atera dute. Lau ibaik, gainera, eskandaluzko suspentsoa atera dute. Hauexek dira, okerrenetik onenera: Gualdamedina, Malagan; Turia, Valentzia; Besós, Bartzelonan; eta Urumea, Donostian. Erdibidean, azterketa gainditu gabe geratu dira Arga (Iruñea), Guadalquivir (Sevilla) eta Bilboko itsasadarra, baina gutxienez 4 eta 4,5 puntu arteko kalifikazioa erdietsi dute orokorrean. Eta bakarrak lortu du lau ataletan azterketa gainditzea, Arlanzon ibaiak hain zuzen. Uraren kalitateari buruzkoa da kalifikazio onargarria duen bloke bakarra, hiru ibai bakarrik geratu baitira proba gainditu gabe; baina beste bitan ere (Turia eta Guadalmedinan) ezin izan da konparaketarik egin, ibaiek ez baitzuten urik. Alderdirik kritikoena lauretan garrantzitsuena da, hain zuzen ere: ibaiertzen kontserbazio egoera; zortzi ibai ez dira azterketa gainditzera iristen eta hamabi ibaien batez bestekoa ere suspentsoa da. Beste horrenbeste gertatzen da ibaia baliabide pedagogiko eta didaktiko gisa erabiltzeko aukerarekin. Instalazio eta ekipamenduen bidez egiten den aisialdiko erabilpenaren bitartez, egoera hobea da (onartzeko moduko batez bestekoa), baina bost hirik suspentsoa izan dute, beste horrenbeste ibaitan balorazioa oso positiboa den arren.

Ibaiko uraren kalitatea, gehien zaintzen dena

Atal honetan kontuan hartzen dira Hirigintzako Ordenamendu Planean hondakin-urei buruz egiten diren aipamen bereziak, ibaira botatzen den uraren kalitatea hobetzeko udalak duen politika, ibaiko urak hiriko ibilbidean zehar duen kalitatearen jarraipena egiteko politikak eta ura arazteko sistemen funtzionaltasuna. Ur-laginak ere jaso ziren, hiritik pasa ondoren ibaiko urak izaten dituen aldaketak aztertzeko, uraren kutsadura organikoa neurtzen duten bi parametro kimiko hartuta: OEB (oxigeno eskaera biologikoa) eta OEK (oxigenoaren eskaera kimikoa).

Ibaiko urari ematen zaion tratamenduaren aldetik ibairik onenak Zadorra (Gasteiz), Arlanzón (Burgos) eta Ebro (Logroño) izan dira. Eta okerrenak Arga (Iruñea) eta Besós (Bartzelona), azterketa gainditu ez duten bakarrak. Turia (Valentzia) eta Guadalmedina (Malaga) ez ziren ebaluatu atal honetan, ez baitzuten urik; orokorrean, azterturiko hamar ibaietan atal honetan izan zen emaitzarik onena, “ongi” batez beste. Hobetzeko gehien duen arloa Hiri Ordenamenduko Planeko (HOP) ur isurketei buruzko aipamena eta urak arazteko sistema dira. Ibaia hirian sartzen den lekuan eta ateratzen den lekuan hartutako uraren analisian emaitza onargarriak erdietsi ziren, bi suspentso bakarrik izan baitziren: Ibaizabalek Bilbon eta Besós ibaiak Bartzelonan. Eta balorazio positiboa jaso zuen (salbuespenak gorabehera), ibaietara isuritako uraren kalitatea hobetzeko egindako ahaleginak.

Ikerketa nola egin zen

Ingurumen eta ingurune naturalaren gestioan espezialista diren biologoz osatutako talde batek 12 hiriak bisitatu zituen eta hiri horietan zehar pasatzen diren ibaiei nolako tratua ematen diegun aztertu zuten. Hiri osoak ekosistema horrekin duen portaera ebaluatzea zen asmoa. Udal erakundeek, beste erakunde batzuek edo hiritarrek ibaia zenbateraino zaintzen duten ikertu zen. Ibai eta ibaiertzari buruzko informazioaren inguruko galdetegi bat bidali zen udaletara, beste inongo bidetatik ezin baitzen lortu informazioa. Gero, ibaiak bisitatu ziren eta biologo taldeak hiri bakoitzean zehar ibaiak egiten duen ibilbide zatia ikuskatu eta beste galdetegi bat bete zuen. Datu guztiak bildu ondoren, ibai bakoitzari buruzko txostena idatzi zen eta bakoitzaren azken kalifikaziora iristeko honako ponderazio sistema ezarri zen: uraren kalitateari ematen zaion tratua azken notaren %20 zen; ibaiertzen kontserbazio egoerari puntuazioaren zati handiena, %50; ibaiaren aisialdi eta jolaserako erabilerari %10eko balioa eman zitzaion eta, azkenik, ingurumen arloko gaien inguruko heziketarako ibaia erabiltzeari %20. Udalak eta bestelako erakunde eskudunek ibaiei buruzko informaziorik eman ez zuten kasuetan (aldizkari honetako teknikariek behin eta berriz eskatu eta informazioa bidaltzeko epe zabala eskaini zitzaien arren), materialik ezean, arlo horretan ekimenik ez dagoela ulertu da. Adibidez, sei udalek ez zuten informaziorik eman ibaietako ingurumen heziketarako programei buruz. Bada, baloraziorako, hiri horiek ez dute inolako heziketa programarik egiten ibai horretan.

Ibaiertzak kontserbatzea, funtsezko lana eta konparaketako taula

Atal hauxe da garrantzitsuena, ez baitzaio alferrik ematen ibai bakoitzaren kalifikazioaren %50. Ibaiertzen kontserbazio egoera ebaluatzen da atal honetan, ibaiko ekosistemaren kalitatearen aldetik begiratuta. Horretarako honako hauek bildu ziren: HOPean ibai eta ibaiertzak babesteari buruz egiten den aipamenaren inguruko informazioa, ibaiertzak hobetu eta leheneratzeko ekimenak bultzatzeko udal politikak, hiri barruan ibaiertz zatiren bat babesteko figurarik den, ibaietako alboak eta Jabari Publiko Hidraulikoa errespetatzen diren, ibaiaren ibilbidearen morfologia eta emarien erregimena errespetatzen diren, ibaiko eta ibaiertzeko berezko landaretzaren kontserbazio egoera, ubide eta ibaiertzaren arteko loturaren egoera eta ibai-korridorearen jarraikortasuna, udalak ibaiko zenosiak (komunitate biziak, landaretza eta fauna) zenbateraino ezagutzen dituen, udalak hiriko espezie eta biotopoen katalogorik baduen, animalia edo landare espezie mehatxaturik badagoen eta ibaiaren ertzen egoera: faunarentzako iragazkortasuna, oinezkoentzako sarbiderik dagoen eta zaborrik den). Ibaiertzik onenak Zadorra eta Ebro ibaietan ikusi ziren, bikainak biak ere; eta txarrenak, berriz, Turia eta Guadalmedina ibaietan, oso eskasak. Estatuko ibaietako ibaiertzek, ingurumen ikuspuntutik begiratuta, berehala zerbait egitea eskatzen dute: 12 ibaietatik 8k ez dute proba gainditu. Gainditu duten beste biak Arlanzon eta Arga dira. Alderdirik kritikoenak, berriz: ibaiaren trazaduraren morfologiaren kontserbazioa (hiruk baino ez dute aprobatu), animalia ornogabeen eta espezie mehatxatuen komunitateak izatea eta ertzak faunarentzat iragazkorrak izatea. Ia guztiek gainditu zuten alderdi bakarra garbitasunarena izan zen: Guadalmedina ibaiaren ertzean bakarrik aurkitu ziren zaborrak.

Tokian tokiko oharrak

Leku bakoitzera egin zituzten ikustaldietan, ibai batzuei buruzko ohar interesgarriak jaso zituzten biologoek.

  • Zadorra, Gasteizen: Hiriko ibaiertzetan mehatxaturiko espezieak daude, okil txikia, martin arrantzale eta bisoi europarra besteak beste. Ibaitik hurbil interes natural handiko hezegune bat berregokitu da: Salburua aldea, nazioartean garrantzitsu den istingen Ramsar zerrendan sartuko den aintzira; urte guztian zehar uretako izaki bizidunen komunitate aberatsa ikus daiteke.
  • Bilboko ibaia: Arrainak bizi dira ibaiaren goiko aldean (Atxuri auzoan) eta ibaia itsasoratzen den lekuan (Portugalete aldean). Duela bost urte, ia ez zegoen bizitzarik gune horietan.
  • Arga, Iruñean: Hiria inguratzen duen harresiak ibaiaren ibilbide berbera jarraitzen du eta harresitik Arga ibaiak hirian zehar egiten duen bidearen ikuspegi onak daude.
  • Ebro, Logroñon: Urari lotutako hegaztiak eta fauna ikusteko aukera (koartza gorria, basahatea etab.).
  • Manzanares, Madrilen: Ibaiko urak, hirira iritsi aurretik Santillana eta El Pardo urtegietan geldiarazten dira. Hirira iristen denean errekasto txiki baten antzekoa da ibaia eta Madrilgo hondakin-urak dira emari bakarra (araztu ondoren). Hondakin-urak Leheneratzeko gune berriek urak tratatu eta berriro ibaira botatzen dituzte ekologikoki errekuperatzeko behar den kalitatearekin eta hirian zehar dauden bederatzi presek ura bildu eta ur-emaria erregulatzen dute.
  • Guadalquivir, Sevillan: Uholderik izan ez dadin desbideratu arren, ubideari eutsi egin zitzaion, ur-mailari esklusa bidez eutsita; esklusa horiek Sevillan sartzen den ibaiaren adarra eta Guadalquivirren ubidea komunikatzen dituzte. Horrela, ibaiaz gozatzeko aukera eman zaio hiriari, kultura, aisialdi eta ekonomia aldetik.
  • Arlanzón, Burgosen: Interes eta balio natural handiko fauna ikusteko aukera, adibidez erbinudea, anatidoak eta arrainak (amuarrainen arrantzarako gune bat dago).

Jolas eta aisialdirako erabilpenak, gutxitan eta konparaketako taula

Atal honetan, ibai bakoitzaren kalifikazio osoaren %10, ibaiaren ertzean eta inguruan aisialdi eta denbora pasarako guneak izatea baloratzen da, eta aisialdiko ekintza horietan ibilgailu-trafikoak eraginik ez izatea, berdeguneak edukitzea, garbitasun maila eta aisialdirako tresneriarik dagoen eta zein kontserbazio egoeratan dagoen. Lau ibaik (Arlanzón, Manzanares, Zadorra eta Ebrok) suspentsoa jaso duten arren, beste lauk puntuazio bikaina jaso dute eta batek (Argak) oso ona. Okerrenak Turia eta Guadalmedina ibaiak izan dira. Alderdirik kritikoena aisialdirako instalaziorik eza da, bost ibaitan ez baitago horrelakorik. Beste alderdi negatibo bat: bost hiritan ibilgailu-trafikoa ibaiertzetako aisialdi guneetatik hurbil pasatzen da. Gune horien garbitasunean bi bakarrik agertu dira eskas. Eta berdeguneei dagokienez, erdipurdikoa da egoera: hamabi ibaietatik hiruk suspentsoa izan dute eta lauk bakarrik erdietsi dute “ongi”.

Ibaiaren heziketa eta ingurumeneko aukerak

Ibaiak eta ibaiertzak heziketarako eskaintzen dituen erabilerak baloratzen dira, HOPean ingurumen heziketarako programez egiten diren aipamenak, azken lau urteotan ingurumen arloko heziketarako kanpaina, programa edo proiektuetarako izan den laguntza (diru laguntza, sustapena, partehartzea), jendearentzat ibaiaren inguruan bertan dauden espezie eta inguruneari buruzko informazioa eta bisitak egiteko edo ingurumen heziketarako kanpaina, ekintza edo programetarako argitaraturiko heziketa-materiala kontuan hartuta. Atal garrantzitsua da (ibai bakoitzaren kalifikazioaren %20 biltzen du), ibaia heziketarako erabiltzeak, berez dituen eragin didaktiko positiboez gain, hiritarrak kontzientziatzea eragin baitezake eta udalak eta gainerako erakundeak ekosistema zaintzera bultzatu. Baina ibaiak heziketarako eskaintzen dituen aukerak oso gutxi erabiltzen dira. Batez besteko nota suspentso garbia da; lauk bakarrik gainditu dute proba eta bakarra (Arlanzon) iritsi da bikainera. Manzanares ibaiak eta Bilbokoak “ongi” erdietsi dute eta Guadalquivir, berriz, aprobatu hutsean geratu da. Arga, Besós, Guadalmedina eta Turia dira okerrenak. Ingurumen arloko heziketa eta hiritarrei ibaian bertan ematen zaie informazioa dira gutxien landu diren arloak: Ibaizabalek eta Guadalquivir ibaiak bakarrik gainditu dute azterketa.

Aipagarriena

Alde positibotik:

  • Ebro ibaia Logroñon eta Zadorra Gasteizen, aipagarri dira ibai bazterren zainketari dagokionez eta ubidearen morfologia errespetatzen dutelako. Eta baita ibaiari buruzko ingurumen-heziketako ekintzengatik ere.
  • Arlanzón Burgosen eta Ebro, ibaiko fauna interesgarria dela eta.
  • Manzanares ibaia Madrilen eta Arlanzón, aisialdirako guneengatik: ekipamendu ona dute eta ingurune naturalean egoki integraturik daude.
  • Manzanares eta Arlanzón ibaiak, ibaiaren eta hiriaren baloreei buruzko informazioa ibaian bertan ematen duten bakarrak direlako: fauna, landaretza, paisaia…

Alde negatibotik:

  • Bilboko ibaia eta Guadalmedina, Malagan, ibaien kanalizazioagatik dira aipagarri; margen naturalak galdu egiten dira. Ibaiertzen zikina eta zaborrak ere aipagarri dira.
  • Manzanares eta Arlanzón ibaiak, presak eginda dituztelako eta horrek ur emarien erregimen naturala aldatzen duelako.
  • Arga, Iruñean, eta Segura, Murtzian, ibaiko berezko landaretzaren ordez lorategiak eta landaretza exotikoa jarri direlako.
  • Donostia da azterturiko hirien artean hondakin-urak arazten ez dituen ibai bakarra: itsasora isurtzen ditu “itsaspeko hustubide” bitartez.
  • Besós, Bartzelonan, eta Ibaizabal Bilbon: analisi kimiko bidez urari egindako kalitate azterketa gainditu ez zuten ibai bakarrak, frogaturik geratu baitzen hirian sartzean baino dezente kutsatuago ateratzen dela ibaia hiritik.

Zer egin hiriko ibaien tratua hobetzeko?

  • Uraren kalitatea:
    1. Gero eta inbertsio handiagoak egiten dira hondakin-urak arazteko eta udalak saiatzen dira araudia betetzen. Hala ere, sarritan gertatzen dira isurketa toxiko kontrolatu gabeak ere eta horren ondorioz, arrainak hil eta ibaiak eta ibaiertzak kutsatzeaz gain, administrazio publiko eta enpresen ingurumen arloko politikak zikintzen dira. Industrialdeak eta ur-araztegiak hobeto kontrolatuta eta ingurumen-ikuskaritzak eginda hobetu egingo litzateke ibaietako urak hirietatik irtetean duen kalitatea.
    2. Etxeetako hondakin-uren kopurua eta kalitatea gure etxeko ohiturekin dago lotuta. Produktu toxikoak (olioa, disolbatzaileak, pinturak, botikak, etab.) bildu eta tratatzeko edukiontzi berezietan uztea, edateko uraren kontsumo handiegia saihestea, komuna zaborrak botatzeko ez erabiltzea, eta ur beltzak eta industriako ur zikinak egoki administra ditzaten agintariei eskatzea neurri egokiak dira eta kontsumitzaileen eskura daude gure ibaien osasuna hobetzeko.
  • Ibaiertzen kontserbazioa:
    1. Ibaiaren bidearen berezko dinamika, ubide naturala errespetatzea, jatorrizko trazaduraren morfologiari bere horretan eutsi eta ibaiertzak bertako eta berezko landaretzarekin zaintzea funtsezkoa da gure ibaien kalitate ekologikoari eusteko. Neurri positiboak: kanalizazio eta presak egiteko lanak eta uholdeetarako lautadak okupatzeko joera geldiaraztea eta ibaien izaera funtzio anitza berreskuratzeko proiektua abian jartzea (meandroak berreskuratu, ubideak zabaldu, ertzak konpondu, uholdeetarako lautadak libratu…), horrela ibaiak bere burua era natural eta orekatuan eraberritu dezan.
    2. Ibaien ekosistema ezagutzeko ahaleginak egin: Landaretza, fauna eta gune natural interesgarrien katalogoak egin, hirian zehar dituen balore naturalak ikertu edo natura zaintzeko ekimen pribatuak babestea udal agintarien esku dauden jarduerak dira.
  • Ibaiaren eta ibaiertzaren aisialdirako erabilpenak: Ongi etorri aisialdirako guneak egokitzeko ekimenei, ibaiaren balio naturalak zaintzearekin batera egiten badira. Neurri positiboak: berdeguneei lorategi itxura handiegia ematea saihestu egin behar da eta horretarako, gune degradatuak landaretza autoktonoz aldatu, aisialdiko ekintzak egiteko gutxieneko altzari batzuk jarri eta zaindu, interes ekologiko handieneko guneak (landaretza zaurgarria, fauna basatiaren ugalketa, atseden eta elikadurarako guneak, zapalduta erraz hondatzen diren lurrak, etab.) aisialdiko erabileratik babestu.
  • Ibaiaren heziketarako erabilerak: Ibaiak konta ezin ahala balore ditu heziketarako. Udal erakundeek, ikastetxeek eta elkarteek hiriko ibaiari buruz abian jar ditzaketen ingurumen-programek ez dute parekorik hiritarrarengatik hurbileko eremutik kanpo. Gure ibaiak eta ibaiertzak osasuntsu zaintzeko beharra oso erraz barnera daiteke hirian bertan egin daitezkeen heziketa esperientzia xumeen bitartez.
Beharrezkoa da... mentalitate aldaketa

Hiriaren egituraren barruan dagoen arren, hiri bat zeharkatzen duen ibaiak ez du nahitaez aldatu behar. Baso edo aintzira batek bezala, ibaiek eta ekosistema guztiek baldintza jakin batzuk dituzte biziari eusteko. Makal, sahats eta lizarrez jantzitako ibaien alboak, irla eta hartxintxarrezko hondartzak dituzten meandroak, edozein ibairen ibilbide eta ohiko emariaren aldaketaren ondorioz, hormigoizko ibai ertzak eta bertako landaretzarekin zerikusirik ez duten espezie exotikoz jantzitako lorategiak ikusten ditugu gure hirietan, diseinu zuzeneko kanalak, zingira eta aintzirako landaretza bizi daitekeen ertzik gabeko ibaiak, eta ibaia berezko izaera eta jatorrizko dinamikarik gabe uzten duten presa artifizialak.

Hiritar gehienek lerro zuzenak eskertzen ditu hiriaren egituran, gauzak oso ordenatuta eta paisaiaren konposaketak kontrolik gabe egin denaren itxurarik ez izatea. Horrela bakarrik uler daiteke zergatik dagoen faktore ez “ordenatu” edo “kontrolagarriak” sartzen dituzten giroak kentzeko joera, ibaien ekosistemak esate baterako. Gaur egungo egoerara eraman gaitu horrek, izan ere, hiritar askok txalotuta, ibaien ordez kanalak jarri dira, ibaiertzen ordez lorategiak eta ibai bazterrak zementuzko pasealeku bihurtu, errepide edo gune eraiki bihurtzen ez direnean. Baina jarduera hauez harro dagoen gizarte hau, gogotsu azaltzen da hiritik kanpo dauden ongi zainduriko ingurune naturalak (gune babestuak) gozatzeko.

Europako zenbait herrialde ibaien jatorrizko itxura berreskuratzen hasi da, ibaiei beren funtzionamendu egokia itzuliz, ibaiak berriro bere burua eraiki dezan. Eta hori lor daiteke, Suitzak eta Alemaniak frogatu dutenez, segurtasuna eta ekonomia arriskuan jarri gabe, gizakien inguruneari ematen dioten erabilera ibai eta ibaiertzen baldintza naturaletara egokituta. Teknikoki bideragarriak dira, baina jarduketa horiek egingo badira, beharrezkoa da gure “kalekume” mentalitatean nagusi diren hiriko paisaiari buruzko estetika, kultura eta ingurumen baloreak aldatzea.

12 hiriak, banan-banan eta baliorazioz orrokoa

  1. Arlanzón ibaia (Burgos). Kalifikazio orokorra: Oso ongi
    • Onena
      • Ibaiaren alboak bertako landaretzaz zainduta daude, hiriaren kanpoko aldean eta barruan.
      • Interes handiko landaretza eta fauna ikus daiteke.
      • Atseden eta aisialdirako gune bikaina, ongi hornitua eta hobeto zaindua.
      • Burgosko Udalak ahalegina egiten du ingurumen-heziketako jardueretan.
    • Txarrena
      • Ibaiaren zenbait zatitan harri-lubetak daude eraikita eta horrek eragotzi egiten du ibai bazterrak erosiotik babesten dituen landaretza naturala bertan finkatzea.
      • Meandroak lehortuta daude.
      • Hiri barruko ibilbidearen azken zatia nahiko desitxuratuta dago.
  2. Zadorra ibaia (Gasteiz). Kalifikazio orokorra: Oso ongi
    • Onena
      • Ibaia egoera naturalean dago
      • Uretako eta urbazterreko landaretza ugari du
      • Arrainak bizirik
    • Txarrena
      • Ibaiertzean baratze ilegalak daude
      • Bi meandro galduta
  3. Ebro ibaia (Logroño). Kalifikazio orokorra: Oso ongi
    • Onena
      • Ibaiertzeko landaretza egoera onean dago ibaiak hiri barruan egiten duen ia ibilbide guztian zehar. Interes handiko hegaztiak eta fauna ikusteko aukera.
      • Ibaiaren albotik oinezkoentzako ibilbidea.
    • Txarrena
      • Irlan bertakoa ez den landaretza aldatu da.
      • Ibiaren ezkerreko ertzean landaretzak gorabeherak ditu.
      • Ibaiari buruzko azalpen eta informazioa ematen duten panelik ez.
  4. Manzanares ibaia (Madril). Kalifikazio orokorra: Onargarri.
    • Onena
      • Arrainak bizirik
      • Hegazti-fauna
      • Espezie eta giroei buruzko informazio-kartelak tokian bertan.
      • Ur-emariari eusteko presak: horiek gabe ibaia lehor egongo litzateke zatirik handienean.
    • Txarrena
      • Ibaia erabat bideratuta dago Madrilen zehar.
      • Presa ugari (9) 12 kilometrotan zehar. Beharrezkoak dira ur-emariari eusteko, baina larregi dira ikuspegi ekologikotik.
  5. Arga ibaia (Iruñea). Kalifikazio orokorra: Erdipurdi.
    • Onena
      • Ezkerreko aldea landaretza naturalez zaindurik dago.
      • Ibaian zehar dituen lorategi berdeak.
      • Oinezkoak nekez irits daitezke ibai ertzera.
    • Txarrena
      • Gune batzuetan zuhaitzak bota egin dira, landaketa berriak egiteko.
      • Oinezkoentzako bidea egokitzeko eta ibaiaren eskuineko aldea lorategi bihurtzeko egindako obrekin berezko izaera galdu egin du ibaiak.
  6. Guadalquivir ibaia (Sevilla). Kalifikazio orokorra: Gaizki.
    • Onena
      • Ibaia kiroletarako erabiltzea
    • Txarrena
      • Bideratzea dela eta, ibaiak galdu egin du berezko egoera.
  7. Ibaizabal (Bilbo) Kalifikazio orokorra: Gaizki.
    • Onena
      • Ibaian gora arrainak daude (lehen lagina hartu zen puntuan)
      • Kirol instalazioak, saskibaloiko pistak, hockeykoak…
    • Txarrena
      • Ibaia erabat bideratuta dago
      • Ibaitik hurbil dauden guneetan zikin ugari dago
  8. Segura ibaia (Murtzia) Kalifikazio orokorra: Gaizki.
    • Onena
      • Orokorrean itxura ona
      • Lorategiak eta oinez ibiltzeko lekuak
      • Hegazti-fauna (uroilo arruntak txitekin)
    • Txarrena
      • Ibaia bideratuta dago
      • Arrain-bizitzarik ez dago
  9. Urumea ibaia (Donostia). Kalifikazio orokorra: Gaizki-Oso gaizki
    • Onena
      • Arrainak bizirik
      • Pasealekuak oso garbi
    • Txarrena
      • Ibaia erabat bideraturik dago hiri guztian zehar.
  10. Besós ibaia (Bartzelona) Kalifikazio orokorra: Oso gaizki
    • Onena
      • Parke bat sortu da Santa Coloma de Gramenet hirian, gunea berreskuratzeko.
      • Hiriaren beheko aldea bideratu egin da, uholderik izan ez dadin
      • Ibaiertzetan landaretza dago
    • Txarrena
      • Bideratzea dela eta, ibaiak galdu egin du berezko egoera.
      • Argindar dorreak daude ibaiaren ibilbide guztian zehar.
  11. Turia ibaia (Valentzia) Kalifikazio orokorra: Oso gaizki
    • Onena
      • Uholdeak izateko arriskua murriztu egin da ibaia bideratzeari esker
      • Ubide zaharrean berdegune eta kirol-parke berriak daude
    • Txarrena
      • Ibaia galdu egin da Valentzian pasatzean eta baita fauna eta landaretza ere
  12. Guadalmedina ibaia (Malaga) Kalifikazio orokorra: Oso gaizki
    • Txarrena
      • Ibaia lehor dago
      • Ibaiaren kudeaketa txarra egiten da hirian zehar pasatzen denean
      • Zaborra pilatuta
      • Orokorrean egoera txarra