5.205 animalia espezie, desagertzear
2000ko urtarrilaren 6an hilik aurkitu zuten Pirinioetako azken basahuntza. Espezie hori desager ez zedin bide genetikoa erabiltzeko azken orduan egindako ahaleginak gorabehera, basahuntz espezie hori, Penintsulako faunako bitxietako bat, desagertu egin zen. Kanarietako itsas mikak (hegaztia) ere akabera bera izan zuen handik hilabete gutxira. Bi izen horiek desagertu egin dira dagoeneko estatu mailan desagertzeko arriskuan dauden eta desagertzen ari diren 278 espezieen zerrendatik. Horien artean aipagarria da irletako, bereziki Kanariar irletako, endemismo maila handia, artxipelagokoak baino ez ziren espezieak desagertu baitira. Baina zalantzarik gabe, Espainiako faunaren babesari buruzko kezkarik handiena katamotz iberiarraren ingurukoa da, horixe baita Lurreko felido mehatxatuena.
Espezieen desagerpenaren mundu mailako krisia uste baino askozaz ere larriagoa da. Naturaren aldeko Munduko Batasunak (UICN), naturaren kontserbazioan diharduen mundu mailako erakunderik handienak, Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorria argitaratzen du aldian behin. Azkenak, 2000ko irailekoak, argi uzten zuen guztira 5.205 animalia espezie (aurreko ikerketan baino 200 gehiago) desagertzeko arrisku larrian izango direla etorkizun hurbilean, ia kasu guztietan gizakiaren jardunaren ondorioz. 1996an egindako azken ebaluazioaz geroztik, desagertzeko arrisku kritikoan dauden primateen kopurua 13tik 19ra igo da eta mehatxupean dauden albatros espezie kopurua 3tik 16ra igo da, alturako arrantzaren eraginez.
Zerrenda Gorria
UICNren Zerrenda Gorriaren sistemak irizpide zientifikoak erabiltzen ditu espezieak sailkatu eta mehatxatu, arrisku egoera kritikoko, arriskuko edo zaurgarritzat jotzeko. Azken bost urteotan ugaztun eta hegazti mehatxatuen portzentaje osoan aldaketa esanguratsurik izan ez den arren, espezie batzuk arrisku handiagoko kategoriara pasa izanak argi adierazten du arazoa larrituz doala. 1996ko zerrendan 169 ugaztun zeuden arrisku kritikoan eta 315 arriskuan; 2000ko analisiak 180 ugaztun jasotzen ditu arrisku kritikoen sailean eta 340 arriskukoan. Arazoaren latza oso erraz ikusten da zifratan adierazita: ugaztunen lau espezietik bat eta hegaztien zortzi espezietik bat desagertzeko arriskuan daude.
Joera hori geldiarazteko gobernuek ingurumen arloko inbertsioak 100 bider handi ditzaten eskatzen du IUCN erakundeak. Eta suntsipen horretan gizakiak izan duen eragina erabakigarria da, izan ere, indartsuenaren legea espezieen arteko hautaketa naturaleko prozesu bat den arren, gizakion partehartzearen eraginez desagertze erritmoa naturala baino 50 bider handiagoa dela kalkulatzen da eta gizakiaren ekintzari leporatzen zaio zuzenean azken 500 urteotan 816 espezie desagertu izana. Zerrenda horrek iceberg-aren punta baino ez du erakusten eta mundu guztiko adituek ohartarazi dute mende honetako lehen hamarkadetan izaki zoragarri asko desagertuko dela, kontserbazioarekiko babes, partehartze eta konpromiso maila nabarmen areagotzen ez badugu behintzat.
Mundu guztiko arazoa
Suntsipenik handiena planetako gune tropikaletan gertatzen den arren -bioaniztasuna aberatsagoa baita leku horietan- Europako fauna eta landaretza ere ez dira salbu geratzen habitata aldatu eta suntsitzeak lurreko ekosistemarengan duen eragin latzetik. Horrela, Espainian 600 katamotz iberiar baino gutxiago daude -horixe da munduan mehatxatuen dagoen felidoa-, 70 hartz arre, 30 giloi ar; itsas txakur fraidea desagertutzat jotzen da eta beste espezie batzuen biztanleria zehatzaren berririk ez dago; horiek guztiak Europan mehatxatuak daudenak dira. Perla-muskuilua, adibidez, Mendebaldeko Pirinioetako ur korronteetan egon ohi den moluskua, gogor gutxitu da azken urteotan. Beste espezie batzuk, giloia edo fritilaria (zingiretako landarea), gutxitu egin dira nekazaritza intentsiboko praktiken eraginez.
Katamotz iberiarra, munduko felido mehatxatuena
Azken 10 urteotan erdira jaitsi da katamotz iberiarren biztanleria, gizakiak egin dion jazarpena, habitataren galera eta untxi biztanleria gutxitzeagatik, untxia baita katamotzaren elikaduraren oinarria. 600 ale inguru izango direla kalkulatzen da, batez ere Espainian, baina bi talde bakarrik dira epe luzera espeziaren bideragarritasuna bermatzeko bezain handiak. Behinola iberiar penintsula guztian hedaturik bazegoen ere, katamotza lurraldea galduz joan da nekazaritzaren eta eraikuntzen eraginez. Misomatosiak, untxi kopurua gutxitzeko sartu zen gaixotasunak, nabarmen gutxitu zituen untxiak, baina katamotzaren elikabide nagusia izanik, gogor urritu ziren horiek ere. Hala ere, dagoeneko ehizatzen ez den arren, katamotz asko hil egiten da untxientzako tranpek eragindako zaurien ondorioz, eta beste asko errepideak gurutzatzean. Felido hori legez babesterik dago eta oraindik aurki daiteke erreserba batzuetan, untxi kopurua gehitzeko neurriak hartzen direlako eta katamotza gatibutasunean hazteko ahaleginak egiten direlako, berriro ere basoan sartzeko.
Urtxakurrak: kopuruak gora egin du
Gizakiaren eskuartzeari esker salbamen edo gutxienez esperantza adibide dugu urtxakurra, ibai, errekatxo eta gune hezeetan eta itsas bazterrean bizi den ugaztun erdi-uretakoa. Biztanleria berreskuratzea ibai batzuen kutsadura maila gutxitzearen ondorio dela uste da. Hala ere, hobekuntza erlatibo hori gorabehera, gaur egun ez dago itsas txakurrik mendearen erdi aldera bizileku zuten tokien erdian. Biztanleria 4.000 eta 6.000 ale artekoa izan daitekeela kalkulatzen da. Espezie horren biziraupena mehatxupean dago Europa guztian hainbat arrazoirengatik, habitataren suntsipen edo eraldakuntzatik hasi eta ezkutuko ehiztari, kutsadura, harrapakinak gutxitzea edo selektiboak ez diren arrantza-arteak erabiltzeagatik besteak beste.
- Hainbat portaera eta maxima geure egin eta balea-olioa eta tigre, puma, itsas txakur edo azeri zuriaren larruz egindako berokirik ez erosi. Gauza bera suge, iguana edo oreinaren larruz egindako oinetako, gerriko, poltsa eta zorroekin.
- Ez kontsumitu espezie babestuetatik ateratako elikagairik (izkira, txori txiki edo igel-hankarik) eta salatu gobernuko edo tokian tokiko agintarien aurrean elikagai horiek eskaintzen dituzten establezimenduak.
- Erlatxori, amilotx zuri, kaskabeltz edo txonta eta antzeko hegazti txikiak ehizatuta, intsektizida naturalak eta oreka ekologikoa kentzen dizkiogu naturari: urek galdu egiten dute larba eta eltxo, ezpara, landaketa eta animalien izurri eta bestelako intsektu kaltegarriak jaten dituzten animalien izurrilkari efektua.
- – Heziketan saiatu. Ume askok eta natura maite dutela dioten zenbaitek harrapatu egiten dituzte anfibioak (arrabioak, igelak), narrastiak (sugandilak), intsektuak (tximeletak, kakalardoak), oskoldunak (ibai-karramarroak), etab., animalia horietako asko desagertzeko arrisku larrian daudela jakin gabe -eta areago, axolarik gabe-. Espainian anfibio eta narrastien %90 desagertzeko arriskuan dira eta beste horrenbeste gertatzen zaie intsektu eta beste ornogabe batzuen ia erdiari.