Telefonia mugikorreko antenak, osasunerako kaltegarri, bai ala ez?
Estatu espainiarreko paisaia edertzen duten harrera-igorpeneko hogeita bi mila antena horiek oraindik ez omen dira aski. Esku telefonoen estaldura zeinahi zokotara iritsi eta teknologia berri horren erabilera biderkatzeko helburuz antenak ere ugaltzeko ahaleginetan, Telefonica, Airtel-Vodafone eta Amena operatzaileek aurre egin behar diote antena horien (eta, hein apalago batean, telefono mugikorrek ere) erradiazio elektromagnetikoek herritarren osasunean eragiten dituzten ondorio kaltegarriez kezkaturik egunetik egunera haziz doan iritzi publikoari . Era berean, joan den irailaren 28an emaniko Errege Dekretua ere bete beharko dute aurrerantzean. Arau horrek sorreratik bertatik duen eginkizuna, telefonia mugikorreko sistemen igorpen irrati-elektrikoen peko esposizio-mailak arautu eta kontrolatzea.
Hona hemen, horrelako antenen igorpenen aurka egiten diren salaketa batzuk: ionizatzaile ez diren arren (hau da, zelula bizidunen molekulak eraldatzeko bezainbesteko tenperaturetara iristen ez badira ere), gure osasunarentzat kaltegarri gerta litekeen berotasuna sortzen dute. Bestetik, gure erritmo biologikoak -loaldi eta esna-aldiak, adibidez- aldaraz ditzakete eta, haien erruz, hormona eta minbiziaren aurkakoa (biak batera) den melatonina giza organismoak ekoizteari uzten diola ere leporatzen zaie: izan ere, sustantzia hori gauez sortu ohi dugunez, oso litekeena da ekoizpena erradiazioek galaraztea.
Lege-arau berriak, irradiazio horietarako jendearen esposizio-mugak finkatzeaz gainera, operatzaileei beraien jarduera lege-testuaren arabera egiazta dezaten agintzen die, eraiki berri diren estazioetatik gertuko inguruneetan nozitzen diren esposizio-graduak zehaztuz. Martxan dauden estazioek arauari egokitzeko, berriz, bederatzi hilabeteko epea ezarri da. Legezko egiaztapena data horretarako aurkeztuko ez balitz, instalazioa baimenik gabekotzat joko litzateke.
Era horretan, gizakiaren osasunean telefonia mugikorreko erradiazio ez-ionizatzaileek izan ditzaketen eraginen inguruko kezkari erantzuna eman eta, bide batez, alor horretan ere segurtasun neurriak ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak. Horretarako, uztailaren 12an onetsitako 1999/519/CE Aholkularitza-irizpideetara (eremu elektromagnetikoetako esposizioei buruzkoa) jo du Kontseiluak, alor honetan Europako estatu gehientsuen ildoan kokatuz.
Telefono mugikorren antenarik? Ez gure teilatuan behintzat
Telefonia mugikorreko antenek gizakiaren osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriez kezkaturik, herritar askok eskatzen dute beren inguruetan horrelako antenarik instala ez dadin. Aurrean dugu, berriro ere, betiko dilema: osasuna eta ingurugiroa errespetatzea ala aurrerakuntza teknologiko eta erosotasunen mesedetan jokatzea. Gogora dezagun Estatu espainiarrean egun hogeita lau milioiraino esku telefono daudela eta Confederación de Asociaciones de Vecinos y Usuarios (Auzokide eta Erabiltzaileen Elkarteen Konfederazioa) erakundeak salatu bezala, Estatuaren mugen barnean instalaturik dauden telefonia mugikorreko antenen %95 gaizki kokaturik daudela (bide beretik, Madrilgo 6.000 antenen %15 osasun zentro, ikastetxe pribatu eta geriatrikoen gainean jarrita daude). Lege hori egin duten legegileen eta gai eztabaidagarri horri buruz epaiak (batik bat, instalazioari uko egiten dioten auzokideei arrazoia aitortuz) eman dituzten epaileen eginkizuna ez da batere erraza: hainbat herrialdetan egin diren ikerkuntza zientifikoek ez dute balio izan horrelako igorpenek osasunean kalterik eragiten duten ala ez erabakitzeko.
Errege Dekretu hori eta CONSUMERek kontsultatu dituen epai ugariak (revista.consumer.es helbidean ikus daitezke) arretaz irakurri ondoren, ziurtasun zientifikorik ezean, zuhurtasun printzipioa lehenetsi behar dela ondorioztatzen da. Beste aldetik, antena horiek operatzaile bat baino gehiagok erabiltzea komeni da, instalazioen kopurua murriztuko bada. Baina zentzu onez josiriko planteamendu horrek oraindik ez du abegirik izan Estatu espainiarrean: nork bere antena ezartzen du, enpresak ez baitira akordioetara iristen. Merkatua bereganatzeko borrokan, ezinbestez, hiruretako bat instalaturik dagoen tokian luze gabe beste biak ere kokatuko dira: era horretan, transmisio antenen kopurua hirukoizten ari da, etengabe.
Nor da antenak instalatzea onesten duena
Etxebizitzetako telefonia mugikorreko antenen instalazioa (edo, hizkera teknikoan, “jabetza horizontalaren erregimenaren peko azpiegitura komunak”), telefonia mugikorreko sistemen igorpen elektromagnetikoak etxebizitza partikularretan sartu eta honek gizakien osasunean izan ditzakeen eraginak Justizia Epaitegiek ere izan dute jorratzeko gaia (eskas oraindik, problematika hau berria baita). Eraikinen estalkietan oinarri-estazioak eta antenak instalatzea dela eta, auzokideen komunitateetako jabe-batzordeetan erabakiak hartzeko erregimena eta igorpen elektromagnetikoek eragin ditzaketen kalteei buruzko frogarik eza izan dira epaitegiek jorratu dituzten funtsezko gaiak, jabeen komunitateek telefonia mugikorraren oinarri-estazioetako elementu komunen instalazioa baimentzeko hartu dituzten erabakien baliogabetasuna aldarrikatzeko unean.
Nolanahi ere, kalterik eragiten dutenik frogatu ezinean, arduraz jardutearren eta osasuna babesteko, hirietako eraikinen teilatu eta gainerako estalkietan telefonia mugikorreko oinarri-estazioak eta antenak instalatzea legezkoa ez denik ez dute erabatekotasunez eta aho batez esan epaileek. Alderantziz, zorpekotza dela eta, auzokideen komunitateetako erabakiak hartzearen legezko jurisprudentzia erregimenera jo behar dela berretsi dute. Adiera horretan, jurisprudentziak adierazi izan duen legez, bere etxebizitzan (elementu partikularra den aldetik) elementu komunetatik (edo beste jabe baten partikularretatik) letorkeen tarte-sartzerik jasateko inolako obligaziorik ez du auzokideak: ez uhin elektromagnetikoena, ez ur-filtrazioak, ezta kirats edo hotsik ere. Bestetik, orain arte emaniko epai gehientsuen arabera, eraikin bateko elementu komunetan telefonia-sistemetako elementu horiek instala daitezen balioz erabaki ahal izateko, jabekide guzti-guztien aldeko botoa jaso beharra dago, nahitaez.
Lege berriak dioena
Eremu publiko irrati-elektikoa babesteko baldintzak xedatu eta telefonia mugikorreko antenen igorpen irrati-elektrikoak mugatzen ditu Errege Dekretuak, igorpen horien aurrean biztanleen osasuna babesteko neurriak jasotzen dituen bitartean. Era berean, igorpen irrati-elektrikoen eraginpeko eremu magnetikoetan herritarrak egon daitezkeen gehieneko epe-mugak xedatzen ditu, Europatik emaniko aholkuekin bat etorriz. Beste alde batetik, esposizio-mailak kontrolatzeko eta jarraitzeko mekanismoak ere zehazten ditu Dekretuak, ikuskaritza-planak finkatu eta telekomunikazioetako operatzaileek egin beharreko egiaztapen eta txostenen bitartez burutzekoak.
Hor ezar daitekeen eragozpena bistan da: seguru samar, mundu zabaleko zientzialariek ikerkuntzan segitzekotan, esposizio-muga horiek aldatu beharko dira, lehenago edo geroago. Igorpen irrati-elektrikoen eremuetan egotearen balizko arriskutik babestea dela eta, Errege Dekretuaren aplikazioari dagozkion eskarmentuez, hiru urteren buruan txostena egiteko konpromisoa hartu du Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak. Horrela bada, baliagarri egongo den zientzi bizipen eta ebidentziaren arabera, eta Zientzia eta Teknologia, Osasun eta Kontsumoko Ministerioak emango duen informazioa aztertu ondotik, Autonomi Erkidegoekin elkarlanean, igorpen irrati-elektrikoen pean hiritarrak egoteak nolako arriskuak eragin litzakeen balioztatuko du. Balioztapen horretan, jakina, igorpenen eremuan egondako pertsonen kopurua, bakoitzaren ezaugarri epidemiologikoak, adina, esposizio-aldia, nolakotasun sanitarioak eta txostena ahalik eta zehatzen gertatzeko beste gorabehera guztiak hartuko dira kontuan. Halaber, Osasun eta Kontsumoko Ministerioak segurtatzen duenez, Errege Dekretua zientziaren aurrerakuntzaren arabera egokituko du, arriskuen prebentzio printzipioa eta eginiko balioztapenak gogoan izaki.
Telefonia mugikorreko antenak eta auzokideen komunitateak
Telefonia mugikorreko oinarri-estazioa bere ardurapeko eraikinean instalatzeko eskaintza hartzean, zer egin behar du jabekideen presidenteak?
Ordezkatzen duen komunitatearen izenean, eskaintza onartu edo arbuiatzeko eskumenik ez du presidenteak. Behar bezain aldez aurretik jabekideei ezohiko batzarrerako dei egin behar izaten die horrelakoetan, aztergai hori eguneko gaien zerrendan berariaz sartuta, erabakia batzarrak har dezan.
Erabakia baliozkoa izan dadin nahitaezkoa al da aho batez hartzea?
Telefoniako oinarri-estazioak eta antenak eraikinaren estalkian jartzen direnez eta estalki hori elementu komuna den aldetik, baliozkoak izan daitezen aho batez hartutakoak izan behar dute akordioek, baldintza nagusi gisa. Estazio horiek 1.500 kilo baino gehiago pisatzen dute eta, horrenbestez, toki horietan instalatzeko, estalkia egokitzeko lan handiak egin behar izaten dira. Lan horiek, eraikinaren edo estalkiaren aldakuntza garrantzitsua eragiten duten heinean, erabakiak aho batez hartu beharko dira.
Gehiengoak harturiko erabakia baliozko izan al liteke inoiz?
Bilboko Lehen Instantziako 2. Epaitegiak, 2001eko ekainaren bederatzian emaniko epaian, telefonia mugikorreko estazio baten instalakuntza lan txiki eta subsidiariotzat jo zuen. Adiera horretan, batzordearen hiru bostenek harturiko erabakia ere aski izango litzateke.
Hala eta guztiz, harturiko erabakiarekin bat ez datozen auzokideek jabekideen batzordearen aurkako salaketa egin al dezakete?
Bai, hainbat arrazoi direla medio. Baliteke instalazio horrek eraikinaren itxura eta tankera aldatzen dituela ulertzea eta, hortaz, harturiko akordioa baliogabekotzat jotzea, aho batez hartu ez delako. Erabakia epaileak hartuko du. Horrekin konforme ez daudenek, Jabetza Horizontaleko 18.1, c) artikulura ere jo ahal izango dute; testu horrek xedatzen duenez, jabekideen batzordean harturiko akordioen aurka egiteko modukoak izango dira, horrelakorik nozitzeko obligazio juridikoa ez daukan jaberen bat larriki kalteturik gertatzen denean. Horrelako kasuetan, hiru hilabeteko epea izango lukete epaiketetara jotzeko. Epaile zenbaiten iritziz, oinarri-estazioen eta antenen igorpen ez-ionizatzaileak gertueneko etxebizitzen barnean sartzen dira baina etxe partikularretan ez dagoela zertan jasanik horrelako erasorik. Dena den, epai horietan berresten den bezala, aspaldian auziaz badago funts handiko zalantza: igorpenak osasunarentzat kaltegarri diren ala ez, alegia.
Nolanahi ere, ba al dago horrelako antena eta oinarri-estazioak instalatzerik?
Espainiako Konstituzioak berariaz babesten dituelarik, etxebizitza partikularrak ez du zergatik jasan kanpotiko esku-sartzerik: kiratsak, burrunbak, ur-filtrazioak, igorpen elektromagnetikoak bezala, auzokideak nahitaez jasan beharrekoak ez dituenez, noiznahi jo ahal izango du epailearengana, erasoari amaiera eman dakion eskatzera. Kasu hauei zorpekotzaren lege- eta jurisprudentzia-erregimenak aplikatzen ari zaizkie epaile batzuk. Espainiako Kode Zibilaren arabera, beste norbaiten jabetzakoa den eraikin baten mesedetarako, eraikin bati ezarritako zama bat da zorpekotza.
Eraikineko teilatuan ezarritako oinarri-estaziotik datozen igorpen elektromagnetikoak eraikin batean sartzeak jabekideen komunitatearen aldeko zorpekotzarik ondorioztatzen al du?
Epaileak horrelaxe interpretatzen ari dira orain. Kanpo-iturri batek igorririk, telefonia mugikorreko erradiazioak etengabe etxebizitza batean sartzeak, zorpekotza den aldetik, legezko kausaren babesa eduki edo, bestela, jabekideak onartua izan behar du. Legezko kausaren babesik ez badu eta jabekideak horretarako baimenik eman ez badu, esku-sartzerik egon badagoela egiaztaturik, beste inork bere etxebizitzan edo bestelako tokian nozitzeko obligazioa izan dezan, erasoa eragiten duenak esku-sartze horrek inolako kalterik eragiten ez duela frogatu beharko du.
Horrenbestez, telefonia mugikorreko erradiazio ez-ionizatzaileen esku-sartze hori osasunarentzat kaltegarri ez dela frogatzea aski izango litzateke?
Halaxe dirudien arren, zientzialarien komunitateak horrelakorik egiaztatzean kontsensurik bilatu ez duenez, inor ez da gai erradiazio horiek osasunarentzat kaltegarri ez direnik berresteko. Epaile zenbaitek dioenez, gizakiaren osasunean erradiazioek izan ditzaketen eragin kaltegarriez zalantza oinarriduna baizik ezin adieraz dezakete.
Dena den, gai honi buruzko azterketa zientifikorik egongo da…
Egon badira, datuak ikusirik, baina nazioarteko zientzialarien komunitateak ondorioztatu du gizakiaren osasunean eta ingurunean uhin elektromagnetikoek izan ditzaketen eragin kaltegarriez ebidentzia zientifikorik ez dagoela. Oraintxe egiten ari diren azterketetatik 2006 urterako ondorioak ateratzea espero dute baina, bien bitartean, Estatu espainiarrean joan den irailean onetsi zen Errege Dekretuak jasotzen dituen aholkuak ditugu, hau da, Europar Batasunak emanikoak.
- Norbaiten jabetzako eraikinean eta, areago, -intimitate-eskubide konstituzionala den neurrian- familia bat dagoen etxebizitza batean esku-sartzerik badagoela frogatuz gero, horrek kalterik eragiten ez duela frogatu beharko du esku-sartzeen eragileak, eragilea baita esku-sartzearen legezkotasuna berretsi behar duena.
- Jabekideen komunitateak, etxebizitza batean nozitzen duten igorpen elektromagnetikoen intromisioak kalterik eragiten ez duela egiaztatuko balu, lege aldetiko ahalmena izango luke igorpenak egiten jarraitzeko. Baina froga hori ezin egin liteke, ikerkuntza zientifikoaren egungo egoera kontuan harturik.
- Beste alderdi juridiko bat Jabetza Horizontalaren Legean aurkituko dugu, oraindik: baliozkoa izan dadin, eraikin bateko elementu komunetan telefoniako oinarri-estazioa instalatzea arautuko duen lege-erregimena zein den, horixe da kontu eztabaidagarria. Gai horri emaniko epai urrien gehien-gehientsuenek, gehiengo batez harturiko erabakiak baliogabetu dituzte. Batzuek, akordioarekin bat ez zetozen jabekideen etxebizitzen gaineko zorpekotza ikusten zutelako; beste batzuek, Jabetza Horizontalaren Legearen arabera, erabaki horiek nahitaez aho batez hartu behar direla diotelako.
- Osasunean izan ditzaketen eraginei dagokienez, ziurtasunik ez dago. Beraz, seguru aski 2006 baino lehenago ez, baina noizbait ikerlanek jakinaraziko dituzten datuen zain egon behar. Erakunde sozial batzuen aburuz, jarrera hori arriskutsua da telefonia mugikorreko erradiazio ez-ionizatzaileek kalteturiko herritarren osasunarentzat.