Garrantzitsuena, energia zentzuz eta geroari ihes egiten utzi gabe kontsumitzea
Etxe bateko energia kontsumo osoaren %64 inguru eragiten du berogailuak; eta larregiko gastu hori nabarmen murriztea lortzen da berokuntza sistema egoki erabiliz gero. Espainiako estatuan, milioi bat etxebizitzak baino gehiagok daukate berogailu kolektiboa eta hiru milioi baino gehiagok sistema indibiduala. Azken horiek gastua murrizteko eta tarifa merkeagoak izateko aukera ematen dute.
- Eraikin batean nekez lortuko da tenperatura atseginik sabai, horma eta zoruetan isolamendu egokia eduki ezean.
- Saiatu bero-ihesak ekiditen eta babestu zure etxea hotzaren aurrean, ate eta leihoetan kristal bikoitza eta burleteak jarrita. Isolamendu termiko egoki batekin %20 eta %40 artean aurrez daiteke berokuntzan.
- Zuen etxeko berokuntza sistema kolektiboa bada, eta bero handiegia sentitzen baduzu, ez ireki leihoak; itxi berogailuen giltzak.
- Ez eduki leihoak zabalik behar baino luzaroago. 10 minutu aski dira gela aireztatzeko. Denbora horretatik aurrera alferrik berritzen da airea, beroa galdu eta etxeko tenperaturak behera egiten du.
- Eduki berogailuaren termostatoa 20 gradutan, tenperatura atsegina baita etxerako. Hortik gorako gradu bakoitzeko %6 eta 8 artean energia gehiago gastatuko duzu.
- Ordu batzuez etxetik alde egin behar baduzu, jaitsi termostatoa 15 gradura. Luzaro etxetik kanpo egon behar baduzu -egun bat ego gehiago-, deskonektatu erabat gerogailua.
- Erabili salgai dauden termostato programagarriak, berogailuaren funtzionamendu programa hautatzeko aukera ematen baitute, etxebizitzaren okupazioaren eta erabiltzaileen nahiaren arabera.
- Jaitsi tenperatura gutxiago erabiltzen dituzun gela edo etxeko guneetan.
- Ikuskatu eta garbitu etxeko berokuntza sistema behar bezala, urtero. Eraginkorrago eta seguruagoa izango da.
- Ez estali erradiadoreak, etekinik handiena eman dezaten.
- Berogailua altxa beharrean, aldendu aulki eta besaulkiak ate eta leihoetatik. Etxea epel egon arren, leiho baten alboan eserita baldin bazaude hotz sentituko duzu agian, beirak ez baitu hormak bezain ondo blokeatzen hotza.
Etiketa energetikoak, zer dira?
Etxetresna elektrikoen eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa ematen dute etiketa energetikoek. Batzuetan, komenigarria izaten da tresna elektriko batek bere bizitzan zehar egingo duen kontsumoa baloratzea, etxetresna garestixeagoa izan arren, energia gutxiago gastatzen badu, konpentsatu egingo baitu epe luzera, batez ere izozkailu edo lehorgailu elektrikoen kasuan, oso noizean behin erosi eta luzaro irauten baitute.
Zazpi etiketa mota daude eta kontsumo elektrikoaren arabera, kolore desberdinarekin eta alfabetoko letra batekin sailkatzen dira:
- A: eraginkorrenak, %55ekoa baino energia kontsumo txikiagoa dutenak.
- B: kontsumo maila handixeagoa, %55 eta %75 artekoa.
- C: %75 eta %90 arteko kontsumoa dute.
- D: %90 eta %100 arteko energia gastua adierazten dute.
- E: energia gehiago erabiltzen dute, %100 eta %110 arteko portzentajea.
- F: energia xahutzea %110 eta %125 artekoa duten gailu elektrikoak.
- G: %125etik gorako energia gastua.
Bero segurua
- Etxeko berogailuak edozein akats baldin badu, jakinarazi fabrikatzailearen zerbitzu teknikoari edo enpresa instalatzaile baimendu bati, konpon dezaten.
- Berogailua gasezkoa baldin bada, gogoratu 4 urtetik behin aztertu eta egiaztapen ofiziala eman behar diola enpresa instalatzaile baimendu batek.
- Gas usaina hartzen baduzu, ez piztu etengailu, gailu elektriko edo pospolorik. Ireki ate eta leihoak, itxi gasaren giltza eta deitu enpresa baimendu bati, instalazioa aztertu eta konpon dezan.
- Butanozko berogailu katalitikoekin arreta berezia behar da. Gortina, oihal eta antzeko material suharberetatik urruti eduki eta sekula ez utzi piztuta lo zaudela.
- Berogailu sistema elektrikoa baduzu, ez ukitu esku eta oin bustiekin. Sekula ere ez oinutsik. Bereziki kontuz jokatu bainugelan erradiadorea baduzu.
- Sekula ez erabili kableak zuriturik edo kabilak apurturik dituen gailu elektrikorik.
- Ez estali erradiadoreak arropa edo bestelako gauzekin. Arropa bustia lehortzeko ez erabili estufarik.