Malgukidun koltxoiak

Prezio handiagoa ez da beti kalitate hobearen adierazle

Koltxoirik merkeenek jaso dute balorazio onena; prezio garestienekoek, aldiz, kalifikazio txarrena
1 azaroa de 2002
Img analisisbp

Prezio handiagoa ez da beti kalitate hobearen adierazle

135 zentimetroko zabalera (bi lagunentzakoak, beraz) duten zortzi koltxoi aztertu dira oraingoan; prezioetan alde handiak daude, batetik bestera: 181 eurotik (Star Kapok) 326 euroraino (Dormilón Zurbarán) baitoaz. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Star Kapok da, denetan merkeena izateaz gainera, proba guztietan koltxoirik onenetako bat dela erakutsi baitzuen.

Osoko balorazioan (bertan irmotasuna ez zen kontuan hartu, koltxoi gogor edo zurruna erabiltzailearen osasuna zaintzeko hobea denik ez baitago frogatua) egiaztatu zenez, kalifikazio hoberenak jaso zituzten laginak lau merkeenak izan ziren.

Koltxoien luzera 190 cm. da, horixe baita egun neurri estandarra; halaz ere, Comodón Dorsal Oro laginak hamar zentimetro gutxiago du, orain dela urte batzuk populazioaren altuera txikiago zenez, oheak ere laburrago egiten baitziren. Datu honek garrantzi handia du, koltxoiaren luzera erabiltzailearena baino hamar edo hogei zentimetro handiagoa izatea komeni baita.

Tamaina egokia

Koltxoi bakoitzaren luzera, zabalera eta lodiera hiru gune desberdinetan neurtu ondoren, tamainari dagokionez etiketek adierazitakoa lagin guztiek betetzen dutela egiaztatu zen.

Proben ondoren ere neurtu ziren koltxoiak: arauaren araberakoak dira denak, onarturiko aldaketak baino handiagorik ez baitzuten erakutsi.

Betegarria koltxoian zehar ondo banaturik ote zegoen egiaztatzeko, azalera zurrun baten gainean koltxoia horizontal ipinita, bere gainetik 1,5 kiloko indarra eragiten zuen arrabola lau bider iragan zen. Arrabola horrek, koltxoiaren betegarriek eraginiko deformazioak (10 mm. gehienez ere) grafikoki adierazteko balio du. Gainerako probak egin aurretik eta ondoren ere (beraz, bi aldiz) eginiko arrabolaren proba hori gainditu ez zuen lagin bakarra Eurocolchón izan zen, (12 mm. baino gorabehera handiagoak agertu zituelako).

Malgutasuna neurtzeko, koltxoiak egun oso batez azalera horizontal zurrun baten gainean ipini ziren, haien gainera 400 kg/m2-ko presioa uniformeki eraginez. Karga hori kendu zenetik bi ordutara, koltxoi guztietan batez besteko altuerak ez zuen arauak onarturiko %7ko aldaketa baino handiagorik agertu.

Proba horiek eginikoan, barne-osagaiek kalterik nozitu ote zuten egiaztatzeko, koltxoiak ireki egin ziren. Lagin bakar batean ere ez zen ikusi betegarriaren leku aldaketa edo barne-elementu metalikoen hausturarik.

Erresistentzia handiko josturak

Koltxoi bakoitzeko platabanda aldetik bina pusketa atera eta horiekin neurtu zen josturen erresistentzia: tiratze-proba nozitu behar izan zuten, ehuna hautsi arte, minutuko 100 mm-ko abiaduran. Comodón eta Relax laginak, jasan behar dituzten 130 newtonetara iritsi aurretik, puskatu egin ziren.

Suak hartzeko gaitasunari dagokionez, hamabost segundoz ipini ziren alderdi akoltxatua eta itxierako xingola 35 mm-ko gasezko garraren gainean. Alderdi akoltxatu guztiak kiskali baziren ere, Star, Dormilón eta Relax laginetakoak bakarrik sukartu ziren. Proba hori, nolanahi ere, ez da aski koltxoi osoaren suharberatasuna neurtzeko.

Koltxoiaren irmotasuna da (gorputzak eraginiko karga-presioaren aurka ezartzen duen erresistentzia, alegia) kontsumitzaileak gehien balioztatzen duen alderdietako bat. Dena den, zientziaren ikuspegitik koltxoi zurrun edo gogorra biguna baino hobea denik ezin esan daitekeenez, alderdi hau ez zen kontuan hartu osoko balorazioan. Irmotasuna neurtzeko, koltxoiak azalera horizontal zurrun baten gainean etzanik, beren gainean 50 kilogramoko pisua ipini zen: karga jarri aurretik eta kendu ondoren neurtu zen koltxoiaren batez besteko altuera. Bien arteko aldea zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta irmoago da koltxoia. Eurocolchón eta Comodón gertatu ziren gogorrenak; Flex eta Relax, berriz, irmotasunaren beste muturrean agertu ziren.

Ezaugarri fisikoak

Ohantze bakoitza bereiz egoteari esker, bi pertsona etzanik daudenean, haietako baten mugimenduek ez dute bestearen erosotasuna eragozten. Dormilón, Comodón eta Flex dira ezaugarri hori duten bakarrak.

Koltxoiek hainbat motatako errefortzuak izaten dituzte: gerrialdekoa (Eurocolchón, Pikolín eta Laxy), bizkarrezurra lerro-lerro mantentzeko; perimetrokoa (Dormilón eta Laxy), ertzen irmotasuna areagotu eta koltxoia desitxuratzea (zapatak jartzeko ohean esertzen garenean, adibidez) galarazteko; platabandakoak (Star eta Comodón), koltxoi alboak sendotzeko edota izkinetan (Relax da honelakorik ez duen bakarra), produktua zein erabiltzailea babesteko.

Hona beste elementu garrantzizko bat: aireztapen-balbulek barne-osagaiak egurastea erraztu eta, batzuetan, zikintasunik koltxoi barnera sartzea saihesten dute. Azterturiko koltxoiek bi balbula-mota dauzkate: plastikozko babestuak (hobeki baloratu ziren) eta bestelakoak, hau da, metalezko zulo ireki bat.

Lagin guztiek dituzte aireztapen-balbulak, baina horien kopurua biziki aldatzen da batetik bestera: Eurocolchón (504 balbula), Comodón (364 balbula) eta Pikolín (224 balbula) laginek babesik gabeko metalezkoak dauzkatela, Dormilón, Flex, Relax eta Laxy (4 balbula) eta Star (2 balbula) plastikozko babestuak dituzte.

Garraiatzeko erraztasuna

Heldulekuei esker koltxoia aiseago irauli eta eraman daiteke toki batetik bestera. Star, Dormilón, Flex eta Relax laginek badituzte heldulekuak. Adierazgarri gertatzen da aireztapen-balbula gehien dituzten koltxoiek (Eurocolchón, Comodón eta Pikolín) heldulekurik ez edukitzea, aireztapen hobea erosotasunaren lepotik ordainduz.

Koltxoien kanpo-aldeko tapizatua bi ehun desberdinez egina dute laginek: Laxy, Pikolin, Star, Dormilón, Comodón eta Relax koltxoien kanpo-aldea pikezkoa da; Eurocolchón eta Flex, aitzitik, damaskozkoa.

Entregatutako berme-agiri guztiak zuzen zeuden, nahiz indarraldi desberdinekoak izan: Comodón laginak bere produktua fabrikazio-akats guztien kontra zortzi urtez bermatzen duelarik, gainontzekoek urtebeteko berme-aldia baizik ez dute eskaintzen, kontzeptu jakin batzuetan luzeagoa bada ere. Etiketaz ari garela, Pikolín eta Relax laginak bakarrik daude zuzen; enparauak oker daude alderdiren batean.

EGUNEROKO PREMIA

Behar bezala atseden hartuko badugu, funtsezkoa da gauero-gauero koltxoi on batean lo egitea. Gizakiak, batenaz beste, bere bizitzaren herena ohean ematen duela jakinik, erabiltzaileak nahi bezain gogor eta erosoa izan behar du koltxoiak (irizpide hau ez da zientifikoa, subjektiboa baizik); era berean, iraupen luzeko eta erresistentzia handikoa izango da, aukeran, eta eguneroko erabilerak ez du koltxoiaren itxura hondatuko.

Noiz aldatu behar dugu koltxoia? Haren bizitza dozena bat urtekoa da. Horrek ez du esan nahi erabiltzaileak lehenago ere alda dezakeela hurrengo sintometakoren bat hautematen badugu:

  • Koltxoiaren deformazioa dela medio, gauean pixkanaka ohearen erdialdean erortzeari nekez saihesten diogu.
  • Goizean sarri lepoko eta bizkarreko minak esnatzen gara.
  • Ohaidearen mugimenduek (latzak ez badira ere) gure loaldia eten edo esnatu egiten gaituzte.
  • Hots eta soinuka hasi da koltxoia.
  • Kanpoko oihala histu eta higatu egin da.

Nolanahi ere, koltxoiaren bizitza luzatzeko, hobe da hiru hilean behin iraultzea, luzeran eta zabaleran; bestela, betegarriko aparrak bildu eta gogortu egiten dira, luzera.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Malgukiekin hornituriko 135 cm-ko zabaleradun 8 koltxoi aztertu dira, beren prezioak 181 eurotatik (Star Kapok) 326 eurotara (Dormilón Zurbarán) doazela.
  • Koltxoi egokia erabiltzaileak nahi duen bezain gogorra (irmotasuna eta kalitatea ez baita gauza bera) eta malgua da, betegarria uniformeki banatua dauka, bi ohantze edo etzalekuak bereiz ditu, heldulekuak, hainbat eratako errefortzuak, aireztapen-balbulak dauzka eta tiraka eginez gero, erresistentzia agertu behar du. Era berean, ahal den heinean, suak ez du hondatuko.
  • Azterketako probetan koltxoi guztiek emaitza berdintsuak agertu zituzten. Batetik besterako aldeak ezaugarri fisikoetan nabarmendu ziren: ohantzeen bereizketa, errefortzu motak, aireztapen-balbulen kalitate eta kopurua eta heldulekuez horniturik egotea.
  • Betegarriaren banaketan Eurocolchón laginak huts egin zuen. Comodón eta Relax laginen josturek, aplikaturiko arauak agintzen duena baino erresistentzia gutxiago eragiten dute.
  • Alderdi akoltxatua kiskali egin zen garra gerturatzean, baina Star, Dormilón eta Relax laginenak suak hartu zituen.
  • Koltxoi guztiek 6 puntutik gorako kalifikazioak jaso zituzten. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Star Kapok da: merkeena izaki, bera da hoberenetako bat (7,2 puntu).
Marka STAR LAXY PIKOLIN EUROCOLCHÓN
Modeloa Kapok Olimpo King Imperial Iris
Neurriak 1,35×1,90 1,35×1,90 1,35×1,90 1,35×1,90
Prezioa (eurotan) 181,62 240,00 275,54 241,94
Informazioa
– Etiketa Ez dago zuzen Ez dago zuzen Egokia Ez dago zuzen
– Bermea Egokia Egokia Egokia Egokia
– Produktua erabili eta mantentzeko argibideak Bai Bai Bai Bai
Ezaugarri teknikoak
– Neurrien kontrola Egokia Egokia Egokia Egokia
– Betegarriaren banaketa Egokia Egokia Egokia Ez dago zuzen
– Irmotasun globala (mm)1 44,5 47 50 27
– Elastikotasuna Egokia Egokia Egokia Egokia
– Neurrien kontrola saiakeren ondoan Egokia Egokia Egokia Egokia
– Betegarriaren banaketa saiakeren ondoan Egokia Egokia Egokia Ez dago zuzen
– Barne-osagaiak saiakeren ondoan Egokia Egokia Egokia Egokia
– Ekarriaren aurkako erresistentzia josturetan Egokia Egokia Egokia Egokia
– Ertzaren edo ixteko zintaren suharberatasuna Erregarria Ez Ez Ez
Ezaugarri fisikoak
– Ohantze-bereizketa Bai Bai Bai Bai
– Gerrialdeko errefortzuak Ez Bai Bai Bai
– Platabandako errefortzuak Bai Ez Ez Ez
– Izkinetako errefortzuak Bai Bai Bai Bai
– Perimetroko errefortzua Ez Bai Ez Ez
– Aireztapen-balbulen Ezlakotasuna Plasti-
kozkoa
Plasti-
kozkoa
Metalezko irekia Metalezko irekia
– Aireztapen-balbulen kopurua 2 4 224 504
– Heldulekuak, kopurua 4 Ez Ez Ez
– Kanpoko ehunaren Ezlakotasuna Pike Pike Pike Damasko
Osoko balorazioa 7,2 8,6 8,5 7,1
Marka COMODON RELAX FLEX DORMILON
Modeloa Dorsal Oro Orión Cairo Zurbarán
Neurriak 1,35×1,80 1,35×1,90 1,35×1,90 1,35×1,90
Prezioa (eurotan) 305,55 294,50 324,96 326,35
Informazioa
– Etiketa Ez dago zuzen Egokia Ez dago zuzen Ez dago zuzen
– Bermea Egokia Egokia Egokia Egokia
– Produktua erabili eta mantentzeko argibideak Bai Bai Bai Bai
Ezaugarri teknikoak
– Neurrien kontrola Egokia Egokia Egokia Egokia
– Betegarriaren banaketa Egokia Egokia Egokia Egokia
– Irmotasun globala (mm)1 40 59,5 62 50
– Elastikotasuna Egokia Egokia Egokia Egokia
– Neurrien kontrola saiakeren ondoan Egokia Egokia Egokia Egokia
– Betegarriaren banaketa saiakeren ondoan Egokia Egokia Egokia Egokia
– Barne-osagaiak saiakeren ondoan Egokia Egokia Egokia Egokia
– Ekarriaren aurkako erresistentzia josturetan Ez dago zuzen Ez dago zuzen Egokia Egokia
– Ertzaren edo ixteko zintaren suharberatasuna Ez Erregarria Ez Gar
Ezaugarri fisikoak
– Ohantze-bereizketa Ez Bai Ez Ez
– Gerrialdeko errefortzuak Ez Ez Ez Ez
– Platabandako errefortzuak Bai Ez Ez Ez
– Izkinetako errefortzuak Bai Ez Bai Bai
– Perimetroko errefortzua Ez Ez Ez Bai
– Aireztapen-balbulen Ezlakotasuna Metalezko irekia Plasti-
kozkoa
Plasti-
kozkoa
Plasti-
kozkoa
– Aireztapen-balbulen kopurua 364 4 4 4
– Heldulekuak, kopurua Ez 4 4 4
– Kanpoko ehunaren Ezlakotasuna Pike Pike Damasko Pike
Osoko balorazioa 6,7 6,2 6,8 6,8

(1) Irmotasuna: koltxoien osoko balorazioan proba honetako emaitza ez da kontuan hartu. Zenbat eta zenbaki altuagoa, orduan eta bigunagoa.

Banan-banan

Koltxoiak, banan-banan

Star

  • Modeloa: Kapok
  • 181,62 euro, denetan merkeena
  • Osoko balorazioa: 7,2 puntu
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Etiketa ez dago zuzen: produktuaren Industri Erregistro-zenbakia eta osaketa ez dira agertzen. Gerrialdeko eta perimetroko errefortzurik gabe. Aireztapen-balbula gutxien (2) daukana, baina plastikozko babestuak dira (hobeak). Koltxoiaren platabandan lau helduleku. Beste birena bezala, itxierako zinta suak hartu zuen.

Laxy

  • Modeloa: Olimpo
  • 240 euro, bigarren merkeena.
  • Osoko balorazioa: denetan hoberena, 8,6 puntu
  • Etiketa ez dago zuzen: fabrikatzailearen helbidea eta Industri Erregistro Zenbakia ez dira agertzen. Platabandako errefortzurik ez. Lau aireztapen-balbula, plastikozko eta babestuak (hobeak). Heldulekurik ez.

Pikolín

  • Modeloa: King
  • 275,54 euro
  • Osoko balorazioa, bigarren hoberena: 8,5 puntu.
  • Perimetroko zein platabandako errefortzurik ez. 224 aireztapen-balbula metalezko ireki (plastikozko babestuek baino balorazio okerragokoak). Heldulekurik ez.

Eurocolchón

  • Modeloa: Imperial Iris
  • 241,94 euro
  • Osoko balorazioa: 7,1 puntu.
  • Etiketa ez dago zuzen: Industri Erregistro-zenbakia ez da agertzen. Betegarriaren banaketan huts egin duen bakarra. Irmotasunez, gogorrena. Heldulekurik ez. Ez platabandako ez perimetroko errefortzurik. Aireztapen-balbula gehien (504) dauzkana, baina metalezko irekiak dira (plastikozko babestuek baino balorazio okerragokoak).

Comodón

  • Modeloa: Dorsal Oro
  • 305,55 euro
  • Osoko balorazioa, bigarren txarrena: 6,7 puntu.
  • Etiketa ez dago zuzen: Industri Erregistro-zenbakia eta osaketa ez dira agertzen. Ohantze-bereizketarik ez, ezta gerrialdeko zein perimetroko errefortzurik ere. 364 aireztapen-balbula metalezko ireki (plastikozko babestuek baino balorazio okerragokoak). Heldulekurik ez. Josturen tiratze-proban huts egin zuen.

Relax

  • Modeloa: Orión
  • 294,50 euro
  • Osoko balorazioa, denetan okerrena: 6,2 puntu.
  • Inolako errefortzurik ez. Lau aireztapen-balbula, plastikozko eta babestuak (kalitate hobekoak). Lau helduleku. Josturen tiratze-proban huts egin zuen. Beste birena bezala, itxierako zinta suak hartu zuen.

Flex

  • Modeloa: Cairo
  • 324,96 euro, bigarren garestiena.
  • Osoko balorazioa: 6,8 puntu.
  • Etiketa ez dago zuzen: Industri Erregistro-zenbakia ez da agertzen. Denetan samurrena. Ez du ohantze bereizketarik, ezta gerrialdeko, platabandako zein perimetroko errefortzurik. Lau aireztapen-balbula, plastikozko eta babestuak (kalitate hobekoak). Lau helduleku.

Dormilón

  • Modeloa: Zurbarán
  • 326,35 euro, denetan garestiena.
  • Osoko balorazioa: 6,8 puntu.
  • Etiketa ez dago zuzen: Industri Erregistro-zenbakia eta osaketa ez dira agertzen. Ohantze-bereizketarik ez. Ezta gerrialdeko zein platabandako errefortzurik ere. Lau aireztapen-balbula, plastikozko eta babestuak (kalitate hobekoak). Lau helduleku. Beste birena bezala, itxierako zinta suak hartu zuen.