Hirietako berdeguneak: 36 parke azterturik

Ekipamendua eta segurtasuna, hobetu beharreko alderdiak

Hirietako parke hauen kalitate "berdeak" emaitza onekin gainditu du azterketa eta beste alderdi batzuetan hutsuneak antzeman baziren ere, parke guzti-guztiek gainditu dute oro har azterketa.
1 azaroa de 2002
Img temap 122

Ekipamendua eta segurtasuna, hobetu beharreko alderdiak

Gure hirietako berdeguneak aztertu eta zein egoeratan dauden jakiteko asmoz, CONSUMER aldizkariak 36 parke edo lorategi adierazgarri bisitatu ditu 12 hiritan: Madril, Bartzelona, Valentzia, Alacant, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruña, Malaga, Santander, Logroño eta A Coruñan.

Hona ondorio nagusia: azterturiko berdegune guztiek gainditu dute aldizkariaren azterketa, nota onez gainditu ere; baina interes handiko ñabardura ugari dago. Bereziki aipagarria da berdeguneen kalitate naturala, batez beste “oso ongi” bat merezi izan baitu eta parke guztiek gainditu dute azterketa alderdi horretan. Segurtasunaren arloan, parkeen %8k azterketa gainditu ez duten arren, “onargarri” da batez besteko nota. Baina gauza bat da CONSUMERen azterketa teknikoa eta besterik (oso bestelakoa kasu batzuetan) erabiltzaileen iritzia. Aldizkari honek parke bakoitzeko 20 bisitariri galdetu zien parkea egun osoan zehar segurua iruditzen ote zitzaien. Datuak oso adierazgarriak dira: inkestatuen %40k uste du parkea ez dela segurua.

Hirietako biztanle kopuruak herri txikietakoak baino hiru aldiz azkarrago egiten du gora eta itxura guztien arabera, joera horrek bere horretan jarraituko du datozen hamarkadetan ere. Herri txikietatik hirietarako exodo tradizional horrek eguneroko bizitzan berdeguneei nolabait uko egitea eragiten du, Munduko Osasun Erakundeak ezinbesteko jotzen dituen arren, gure ongizate fisiko eta emozionalari egiten dioten mesedea dela eta. Aire fresko eta garbia hartzen laguntzeaz gain, berdeguneak atseden-toki eta aisialdirako gune dira, pertsonen arteko harreman sozialak bultzatzeko ingurune egokiak. Hirietako hirigintza-hondamena arintzen ere laguntzen dute eta bizigarriago egiten dituzte. Gainera, hiritar askorentzat berdegune horiexek izaten dira naturarako hurbilpenik handiena eta antzinako lorategi eta parke batzuek landaretza eta faunako espezie baliotsuak biltzen dituzte; arreta berezia merezi du horrek gizartearen aldetik.

Gure hirietako berdeguneak aztertu eta zein egoeratan dauden jakiteko asmoz, CONSUMER aldizkariak 36 parke edo lorategi adierazgarri bisitatu ditu 12 hiritan: Madril, Bartzelona, Valentzia, Alacant, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruña, Malaga, Santander, Logroño eta A Coruñan.

MOEk dio hiriek gutxienez bizilagun bakoitzeko 10-15 m2 izan behar dituztela berdegunetan, biztanle-dentsitatearen eta horrenbestez, eraikuntza-dentsitatearen arabera banatuta. Azterturiko 12 hirietatik, eta iturri ofizialek emaniko datuen arabera, MOEk emaniko ratio hori gainditzen duten hiri bakarrak Gasteiz (20,8 metro karratu berdegune bizilagun bakoitzeko), Logroño (18,3), Iruñea (16,9), Madril (15,9) eta Santander (14,9) dira; Bartzelona, Bilbo, Malaga, Valentzia, Logroño eta A Coruña ez dira bizilagun bakoitzeko 7 metro karratu berdegune izatera ere iristen. Donostia eta Alacanteko udalek ez diote horri buruzko daturik eman aldizkari honi, CONSUMEReko teknikariek behin eta berriz eskatu arren.

Hona ondorio nagusia: azterturiko berdegune guztiek gainditu dute aldizkariaren azterketa, nota onez gainditu ere; baina interes handiko ñabardura ugari dago. Bereziki aipagarria da berdeguneen kalitate naturala, batez beste “oso ongi” bat merezi izan baitu eta parke guztiek gainditu dute azterketa alderdi horretan. Segurtasunaren arloan, parkeen %8k azterketa gainditu ez duten arren, “onargarri” da batez besteko nota. Baina gauza bat da CONSUMERen azterketa teknikoa eta besterik (oso bestelakoa kasu batzuetan) erabiltzaileen iritzia. Aldizkari honek parke bakoitzeko 20 bisitariri galdetu zien parkea egun osoan zehar segurua iruditzen ote zitzaien. Datuak oso adierazgarriak dira: inkestatuen %40k uste du parkea ez dela segurua. Baina bada salbuespen bat: Donostia, bertako hiru berdeguneetan ez baita inolako erantzun negatiborik izan segurtasunari dagokionez eta, beraz, harro esan dezake hiritarrak bertako parkeetan benetan seguru sentitzen direla (zalantzarik gabe, ordu jakin batetik aurrera parkea ixtea lagungarri da erabiltzaileen artean segurtasun-irudi hori sortzeko). Segurtasun aldetik kritika gehien jaso zuten parkeak honakoak izan ziren, (iritzien %50 baino gehiago negatiboak izanik), eta balorazio okerrenetik onenera ordenaturik: Piquio lorategiak (Santander), Lomorán (Alacant), Doña Casilda (Bilbo), Lakua-Arriaga (Gasteiz), Mendebaldeko Parkea eta Retiro (Madril), Mendebaldeko Parkea (Malaga), El Carmen parkea (Logroño), Takonera (Iruñea) eta Pablo Ruiz Picasso (Malaga). Batez bestekoez hitz egitean, erabiltzaileek segurtasun gutxieneko gisa aipatu dituzten parkeak (azterturikoen artean, jakina) Madril, Malaga eta Alacanten daude. Bereziki deigarria da parkeetako segurtasunari buruzko azterketa teknikoko datuen eta erabiltzaileen iritziaren arteko aldea. Kontraesan hori oso agerikoa da Madrilgo parkeetan, “oso ongi” emaitza atera baitute segurtasunean CONSUMERek eginiko azterketan eta, hala ere, kontsultaturiko erabiltzaileen iritziz segurtasun gutxien eskaintzen dutenak baitira. Zainketarik eza edo zainketa urria, lapurretak eta eskeko, toxikomano, gazte-talde eta prostituten presentzia aipatu dituzte, ordena horretan, inkestatuek parke eta berdeguneei segurtasunean nota eskasa ematerakoan. Edozein kasutan ere, oso bestelako alderdiak aztertu ditu CONSUMERek.

Eta, azkenik, ekipamenduak eta gainerako zerbitzuek batez beste azterketa gainditzea besterik ez dute lortu eta parkeen %8an (ekipamendu eta zerbitzuetan azterketa gainditu ez dutenetan) hobekuntza garrantzitsuak egin beharra antzeman da, batez ere haurrentzako jolas-gune, kirol-gune, bidegorri, minusbaliatuentzako sarbide, txakurrentzako komun, gune estali, iturri eta telefono kabinarik ez dagoelako eta erabiltzaileentzako ordutegi mugatua dutelako.

Segurtasuna, hobetzeko modukoa

Hamar parketik bat baino gehiagotan, eguneko ordu jakin batzuetan prostitutak, proxenetak edo toxikomano eta xiringak zeudela agertu da. Horren lekuko dira Gasteizko Florida parkean aurkitutako xiringak, edo Arriaga (Gasteiz), Pereda lorategiak (Santander) eta Mendebaldeko Parkean (Madril) prostituta eta proxeneten presentzia antzeman izana, edo Madrilgo Retiro parkeko bisitari gehienek lapurretan izateko arriskuaz eginiko ohartarazpena. Atal hau gainditu ez duten berdeguneen portzentajea %11 baino zertxobait handiagoa den arren eta azterketa teknikoa gainditu ez duten bakarrak Malagako berdeguneak izan arren, datuen irakurketa ezin da positiboa izan (eta are gutxiago erabiltzaileen inkestako datuak kontuan izanda). Azterturiko berdeguneen %42tan ez zen segurtasuneko langilerik ikusi eta %32tan noizean behin baino ez dira ibiltzen.

Datu positibo bat: berdeguneen %83 hesi bidez itxita edo perimetro guztia nolabait mugatuta dago. Eta beste datu negatibo bat: azterturiko berdeguneen %64an trafikoa dago eta horrek baldintzatu egiten du aisialdiko ekintzak egitea. Horien artean, kasuen %54an trafikoak zeharkatu egiten du berdegunea, %38tan periferikoa da eta kasuen %8an bietara gertatzen da zirkulazioa.

Onena eta txarrena... hiriburuz hiriburu

Iruñea

Azterturiko parkeak: Media Luna, Takonera, Yamaguchi

Onena:

  • Onenen artean dago berdeguneen kalitateari dagokionez.
  • Azterturiko gune guztietan belarraz gozatzeko aukera dago.
  • Loreak daude eta oso kontserbazio eta garbitasun egoera onean gainera.
  • Haurrentzako guneak, iturria eta telefono kabinak daude.
  • Azterturiko hamabi hirien artean balorazio orokorretan laugarren onena (batez beste 7,6 puntu).

Txarrena:

  • Segurtasuneko langilerik ez.
  • Ez dago txakurrentzako komunik azterturiko berdeguneetan.
  • Ez dago euritatik babesteko aterperik.

Logroño

Azterturiko parkeak: Príncipe de Vergara (El Espolón), San Miguel, El Carmen.

Onena:

  • Hiriko berdeguneetan ez dago elbarrientzako hirigintza-oztoporik eta artelanak dituzte, kontserbazio aldetik oso egoera onean.

Txarrena:

  • Ez dago euritatik babesteko aterperik.
  • Hiru parkeetatik bakarrik zituen loreak.
  • Lurrean seinaleztatu gabeko ubidea Carmen parkean, eta hainbat farolak kableak aske eta umeek ukitzeko moduan.
  • Bigarren hiririk txarrena segurtasunari dagokionez, 6,3 punturekin.

Santander

Azterturiko parkeak: Pereda lorategiak, Península de La Magdalena, Piquío.

Onena:

  • Paperontziak oso egoera onean kontserbazio eta garbitasun aldetik eta parke guztian zehar ongi banatuta; hiru berdeguneetan baldintza hori betetzen duen hiri bakarra da.

Txarrena:

  • Pereda parkeak ez du azterketa gainditu (4,8 puntu) kalitateari dagokion atalean, belarra kontserbazio eta garbitasun aldetik egoera txarrean zegoelako; dena dela, badirudi berehala hasiko dituztela parkea hobetzeko lanak.
  • Berdegune bakarrean daude komun publikoak eta horien kontserbazio eta garbitasun egoeran badago zer hobetua.
  • Azterturiko hamabi hirien artetik hirugarren notarik txarrena ekipamenduari dagokionez, Alacant eta Madrilen atzetik.
  • Balorazio orokorrean azken aurrekoa (6,4 punturekin, hala ere) Malagaren aurretik.

Valentzia

Azterturiko parkeak: Mendebaldeko parkea, El Real lorategiak, Turiako lorategiak (X-XI zatia).

Onena:

  • Batez beste baloraziorik onena izan duten parkeak (8,1 puntu).
  • Segurtasuna: 8,3 puntu lortu dituzte; bigarren onena.
  • Bisitaturiko hiru berdegunetatik bitan segurtasuneko langileak etengabe.
  • Zuhaitzak oso egoera onean eta itzal onena ematen dute.

Txarrena:

  • Azterturiko hiru parkeetatik bik ixteko ordutegia daukate.
  • Batez ere ez zuen txakurrentzako komunik.

Alacant

Azterturiko parkeak: Lomorán, El Palmeral eta Castillo San Fernando.

Onena:

  • Belar-guneak, azterturiko onenak.
  • Parkeak hesi bidez itxita edo perimetro osoan nolabait mugatuta daude eta hori oso baliagarria da haurrek ihes egin ez dezaten.

Txarrena:

  • Zuhaitzak, landarezko hesiak eta loreak egoera txarrean.
  • Ekipamendua (4,8 puntu): azterturiko parkeetan batek ere ez du kabinarik edo txakurrentzako komunik eta bakarrak dauka minusbaliatuentzako sarbide egokia.
  • Logroñorekin batera, azterturiko hiru parketatik bitan lorerik ez duen hiri bakarra.

A Coruña

Azterturiko parkeak: Méndez Núñez lorategiak, Santa Margarita parkea eta Europa parkea.

Onena:

  • Bilboko parkeekin batera, onenak ekipamendu aldetik (7,4 puntu).
  • Balorazio orokorrean, bigarren onenak (7,9).
  • Parkeak zabalik daude egun osoz eta erabiltzaile elbarriei sarbidea errazteko prestatuta.
  • Bartzelonakoekin batera, gune estalirik onenak dituzte.
  • Zuhaiztietan onenen artean.

Txarrena:

  • Trafikoak zeharkatu egiten ditu azterturiko bi parke eta horrek eragotzi egiten du aisialdiko ekintzak egitea.

Bartzelona

Azterturiko parkeak: Ciudadela, Diagonal Mar eta Güell.

Onena:

  • Seguruenak (9,4 puntu); hala ere, nota positibo horretan lagungarri da parkeak eguneko ordu jakin batzuetan itxita izatea.
  • Azterturiko parkeen artetik bik segurtasuneko langileak dituzte.
  • Parke guztiek zituzten jarlekuak, artelanak eta iturriak, kontserbazio eta garbitasun egoera onean gainera.
  • A Coruña eta Bilbokoekin batera, onenak gune estaliei dagokienez.
  • Kirola egiteko gunerik gehien dutenak.

Txarrena:

  • Ez dute telefono kabinarik.
  • Azterturiko parke guztiak itxita izaten dira eguneko ordu jakin batzuetan.

Madril

Azterturiko parkeak: El Retiro, Parque del Oeste eta Capricho lorategia.

Onena:

  • Donostia, Valentzia eta Iruñekoekin batera, onenak dira berdeguneen kalitateari dagokionez (9 puntu).
  • Bisitaturiko hiru parkeek zuhaizti eta lore-guneak dituzte.
  • Artelanak kontserbazio egoera onean.

Txarrena:

  • Alacantekoekin batera, txarrena ekipamendu aldetik (4,5).
  • Batek ere ez du haurrentzako gunerik edo gune estalirik.
  • Hiru parkeetatik bitan ez dago komun publikorik eta daudenean, ez daude egoera onean kontserbazio eta garbitasun aldetik. Gainera, ez dute txakurrentzako komunik.

Donostia

Azterturiko parkeak: Aiete, Miramar eta Cristina Enea

Onena:

  • Balorazio orokorrean bigarren onena: 7,9 puntu.
  • Bigarren onenak berdeguneen kalitateari dagokionez (9,3 puntu),Valentziakoen atzetik.
  • Guztiek dituzte haurrentzako jolas-gunea, artelanak eta iturriak kontserbazio egoera onean eta bermaturik dute minusbaliatuentzako sarbidea.

Txarrena:

  • Ez dute telefono kabinarik eta txakurrentzako komunik.
  • Parke guztiak itxita izaten dira eguneko ordu jakin batzuetan.
  • Parke horietatik bik hainbat gune dituzte seinaleztatu eta hesi bidez itxi gabe; horiexek dira segurtasun aldetik hiru parkeetan antzeman diren akats bakarrak.

Bilbo

Azterturiko parkeak: Doña Casilda, Etxebarria eta Europa (Txurdinaga) O

Onena:

  • Ekipamendua: azterturiko hamabi hirietan onena.
  • Zakarrontzi kopuru handia eta kontserbazio eta garbitasun aldetik oso egoera onean.
  • Kirol guneak oso egoera onean.

Txarrena:

  • Ez dago segurtasuneko langilerik berdeguneetako batean ere.

Gasteiz

Azterturiko parkeak: La Florida, Lakua-Arriaga eta El Prado.

Onena:

  • Hiru berdeguneak irekita daude egun osoz.
  • Hiru guneetatik bitan bidegorria duen hiri bakarra.
  • Ez dago hirigintza-oztoporik elbarrientzat gune guztietan.

Txarrena:

  • Baloraziorik kaskarrena belar, zuhaitz eta abarri dagokionez.
  • Parkeetako batean toxikomanoak eta xiringak aurkitu dira eta prostitutak beste batean.

Malaga

Azterturiko parkeak: Pablo Ruiz Picasso, Paseo del Parque eta Mendebaldeko parkea.

Onena:

  • Heskaien zainketa, garbitasuna eta kontserbazio egoera; aipagarria da gainera ez dagoela erabiltzaileek sortutako pasabiderik ere.

Txarrena:

  • Nota orokor txarrena: 6 puntu.
  • Segurtasuneko langilerik ez.
  • Parkeetako bakarra dago trafikorik gabe.
  • Parkeetako batean metalezko plakak daude lurrean zulatuta eta herdoilduta, eta ebakiak eragin ditzakete.
  • Hiri honetan bakarrik suspenditu dute berdeguneek segurtasunean (4,2 puntu).

Azterketa: datu bi, besterik gabe

  1. Berdeguneen %64 egun osoz irekita izaten da.
  2. %58,3an trafikoa dago eta horrek eragina dauka aisialdiko ekintzetan. Horien artean, kasuen %54an trafikoak zeharkatu egiten du berdegunea, %38an periferikoa da eta %8an bietara gertatzen da zirkulazioa.
  3. Bisitaturiko berdeguneen %89k zuhaitzak ditu. Horietatik %89tan erabiltzaileei itzala eskaintzeko bezain zuhaitz handiak daude. Zuhaitz batzuk hondatuta ikusi dira, egoera txarrean edo bandalismo arrastoekin, azterturiko guneen %14an.
  4. Berdeguneen %14tan zaindu gabe zegoen belarra, eta %7an ez zegoen behar bezainbateko garbitasunik. Belarra zapaltzeko aukerari buruz, berriz, berdeguneen %19an ez dago horretarako aukerarik.
  5. Berdeguneen %22k ez zuen lorerik. Loreak zeudenetan, %3tan ez da egokia kontserbazio eta garbitasun egoera, eta%11tan loreak egoera txarrean edo bandalismo arrastoekin aurkitu dira.
  6. Berdeguneen %92an heskaiak zeuden eta horietatik %14tan garbitasunik eza antzeman zen.
  7. Berdeguneen %44k ez dute kiroletarako gunerik eta horrelakoak dituztenen artean, %10 kontserbazio eta garbitasun aldetik egoera kaskarrean daude.
  8. Eguzki edo euritatik babesteko gune estalirik ez zegoen berdeguneek %67an.
  9. Hirietako berdeguneen %52tan ez zegoen telefono kabinarik.
  10. %92k iturriak zituen eta horietatik %12k edateko ura zuten, %6 apaingarri baino ez ziren eta %82k mota bietako iturriak zituzten.
  11. Berdeguneen %42tan ez zen segurtasuneko langilerik aurkitu, %32tan, berriz, aldian behin bakarrik ikusten ziren.
  12. Berdeguneen %83 hesi bidez itxita edo nolabait mugatuta dago perimetro guztian.
  13. Berdeguneen %53k ez dute komun publikorik, gehienak (%97) doakoak dira eta %52 baino ez daude garbitasun eta kontserbazio egoera on-onean. Berdeguneen %78k ez dute txakurrentzako komunik.
  14. Berdeguneen %78k artelanak dituzte, baina hirutik bitan bakarrik zen kontserbazio eta garbitasuna ona.
  15. Azterturikoen artetik %97k paperontziak zituzten, baina lautik baten kontserbazio egoera ez zen egokia, eta garbitasunari dagokionez, %8 bakarrik zeuden oso egoera onean.
  16. Berdegune guztietan zeuden esertzeko bankuak, baina %50ean bakarrik zen kontserbazio eta garbitasun egoera paregabea eta %17k mantentze-lan hobeen premia zuten.
  17. Azterturiko parkeen %25ek ez zuen haurrentzako aisialdirako gunerik eta horrelakoak dituztenen %30ean kontserbazio egoera ez da egokia, gutxienez onargarri bazen ere. Garbiketak ere huts egiten zuen haurrentzako guneen %7tan, baina on-ona zen guztietatik %70ean.
  18. Berdegune guztietan %8k bakarrik zuen bizikletentzako bidegorria.
  19. Parkeen %17 ez daude behar bezala egokituta minusbaliatuentzat.

Nola egin zen?

Consumer-eko teknikariek hamabi hiritako 36 berdegune handi bisitatu zituzten urriko lehen eta bigarren astean zehar, horietako berdeguneen kalitatea, zerbitzuak eta ekipamendua eta segurtasuna ebaluatzeko asmoz. Hiri bakoitzeko hiru berdegune esanguratsuenak bisitatu ziren; hiri-altzariak eta bestelako zerbitzu eta ekipamenduak dituzten landaretzadun parke edo lorategiak hartu ziren berdegunetzat. Baldintza horiek betetzen dituzten berdeguneak aukeratzeko Udaletako Parke eta Lorategi edo Ingurumen sailekin jarri ginen harremanetan, hiriko hiru berdegune nagusiak izenda zitzaten. Nolabaiteko hedadura eta bisitari ugari izatez gain, hirian tradizioa duten guneak aukeratu ziren horretarako. Berdegune horietara iritsitakoan, CONSUMEReko teknikariek hainbat alderdi aztertu zituzten, hiru bloketan sailkatuta: berdeguneen kalitatea (belar, zuhaitz, lore, landare, heskai eta abarrak badauden eta zainketa eta garbitasun aldetik nola dauden), zerbitzuak eta ekipamendua eta segurtasuna. Bloke bakoitzean azterturiko aldagaiak hirietako parke eta ingurumenean aditu direnen laguntzaz ezarri ziren. Gainera, azterturiko berdegune bakoitzean inkesta egin zitzaien 20 erabiltzaileri (guztira 720 elkarrizketa labur), berdegune bakoitzaren segurtasunari buruzko iritzia jasotzeko.