Loturarik gabe
Irrati uhin kolorge, usain bako eta gezak, gure eguneroko bizitza aztoratzen duten traste teknologiko guztiak elkarrekin konektatuko dituen iraultza isil berriaren protagonista dira. Mahai gaineko eta eskuko ordenagailuek, esku telefonoek, agenda elektronikoek, argazki kamera digitalek, eskanerrek, inprimagailuek eta, areago, ikuzgailu eta hozkailuek, aurki jardungo dute etxea hariz josi gabe.
Hari gabeko konexioa ez da kontu berria. Sagu, inprimagailu eta agenda elektroniko ugari ari dira elkarri informazioa trukatzen aspaldi honetan, harien premiarik gabe; zer dela eta, aztoratu zaizkigu orain bazterrak? Behetik gora datorren teknologiak funtsezko bi aldaketa dakartza: lehenik, infragorriak baztertu egiten dira, irrati-uhinen mesedetan, bigarren hauen jarduera-frekuentziak informazio-trafiko arinagoa ahalbideratzen duelako. Bestetik, infragorriek bidaltzaile eta jasotzailearen arteko ikuste-lerroa ezinbestekoa dutenez, bata eta bestearen artean horma, apalategi edo antzeko zerbait denean edo, bestela, bi aparatuak aurrez aurre ez daudenean, jai dago.
Hari gabeko mundua asaldatzen ari den bigarren aldaketa estandarizazioa da. Gaur jazotzen ari den ez bezala, unibertso horretan nagusitasuna erdiesteko lehian diharduten teknologiek fabrikatzaile gehientsuen aldekotasuna lortu dutenez, dispositibo bakoitzak aurrerantzean ez du funtzio bakarra beteko: esate baterako, egungo hari gabeko teklatua daukanak badaki ordenagailuan aritzeko balio duela baina ez, ordea, agenda elektronikoan datuak sartzeko edo bideoa programatzeko, denok nahiko genukeen bezala. Batzuk eta besteak elkarrekin mintzatzea erraztuko lukeen lingua franca delako hori sortu gabe dago.
Mintzaira estandarra
Bluetooth da, hain zuzen, distantzia laburretan elkarrekin ulertzea ahalbideratuko digun arau zabal hori. Industriaren gehiengoaren onespena duelarik, meritu handiena du gaurdaino bakoitza bere aldetik, bereiz, ziharduten hainbat aparaturen erabilera bateratua soiltzea: ordenagailutik pasa gabe, irudiak inprimagailura zuzenean bidaltzen dituzten argazki-kamerak, poltsan edo patrikan dagoen esku-telefonotik hitz egiteko aurikularrak, harien premiarik gabe etxeko ekipoarekin sinkronizaturik dauden PDA agenda elektronikoak edo esku telefonoan pasahitza markatzean zabaltzen diren ateak. Interkonexiora iristeko lasterketa horretatik kanpo aparatu elektronikorik nekez arituko da etorkizunean.
Duela urtebete baino gehiago dendan salgai daude produktu horietako gehientsuenak -esku telefonoak, gehienbat- eta beren prezioak beheraka doaz, lehenago bestelako teknologia berriek egin zuten bide beretik. DVD-rekin gertatzen den bezala, adituek ez dute auzitan jartzen gehienok onartuko dugula sistema hori. Noiz eta nola, horixe da kontua.
Baina Bluetooth-ek duen transmisio-ahalmen urria ikusirik -bai distantziaz, ez baita iristen metro gutxi batzuetara baizik, bai ahalmenez (ADSL arrunt baten hiru halako, edo, bestela esateko, ohiko CD-ROM batek baino 50 aldiz gutxiago), aski da dispositibo txikiak maneiatzeko baina datu-bolumen handien transmisioa eskatzen duten teknologietan aritzeko, eskas-, ezinbestekoa da bestelako bideak arakatzen segitzea, hari gabeko oihan horretan.
Abiadura eta hedadura handiagoak
Irrati-telebista komertzial digital eta analogikoko kontzesioek, telefonia mugikorreko GSM (egungo estandarra) hiru lizentziek eta aurki ezarriko dizkiguten UMTS laurek, polizia, anbulantzia, abiazio edota armadaren emisorek espektro radioelektriko gehien-gehiena betea dute. Gehiena, baina ez dena. Asterixen herrixka bezala, hortxe geratzen zaio oraino erabiltzaile arruntari askatasun-bazter txiki bat uhinetan: 802.11b edo, bestela esateko, wi-fi.
Gehieneko informazio-bidaltze teorikoa segundoko 11 megabit inguru (hau da, Espainian eskaintzen den abiadurarik handieneko ADSL baino sei aldiz azkarrago), wi-fi teknologiari esker ekipoak elkarrekin konekta daitezke, zeinahi enpresatako sare lokal konbentzional (LAN) batean loturiko osagaiak legez. Teknologia horrekin hornitutako esku telefonoa daukaten erabiltzaileei, Internetera hari gabe konektatzeko aukera ematen diete hotel, aireportu eta parke zenbaitek.
Nodo edo wi-fi sarrera-gune bakoitzak (wireless txartelaz eta antenaz hornituriko ordenagailua) 100 metrotik 300 bitarteko erradioan konexioa eskaintzen du: distantzia horretan aise konekta daitezke etxe, bulego edo, areago, etxalde bateko ordenagailuak haririk gabe. Halaz ere, antena bereziak baliatuz eta egoera meteorologiko bikainean dozenaka kilometrotara konektatzea ere lortu izan da. Brikolaje teknologikoan diharduten zaletu adituek aurkitu dutenez, patata frijituen ontzi jakin batzuetan dauden hodi metalikoekin ere antena eraginkor eta merkeak egin daitezke.
Sare hiritar libreak
Hari gabeko konexio-nodoak osatzeko erraztasun horri esker internauta batzuek horrelakoak martxan jarri dituzte eta, musu truk, edonori Interneteko konexioan sartzeko aukera ematen diote. Izan ere, inork ez darabil ADSL batean kontrataturiko zabaltasun guztia uneoro beteta: atseden-une ugaritan besteek ere aprobetxa dezakete aukera hori. Espainian ere sortu diren sare hiritar libreetan (Madridwireless, Pucelawireless…), egoera hobezinean, oinezkoa kaletik dabilela, bere esku ordenagailutik edo agendatik nodoz nodo ibili daiteke, Internetera konektaturik, baina xentimorik ordaintzeke.
Arazoa sortuko da sistema hori jeneralizatzen baldin bada, operadorek bezeroei banda-zabaltasun zehatz bat prezio jakin batean eskaintzen baitiete, internauta gehienek etengabe baliatuko ez dutelakoan. Baina sare hiritar libreak ugaltzen badira, hauek konpainia telefonikoetan izango duten eragina, barra libreko ostatuan txartel bakarra ordainduta seme-alaba txiki guztiekin sartzen den kontsumitzailearena bera izango da.
Nolanahi ere, izan dezagun gogoan hari gabeko sareetan dena ez dela abantaila. Eskuarki, haridunak baino garestiago eta segurtasun gutxiagoko gertatzen dira. Fikziozko kontakizunetan ez bezala, norbaitek Sarea fisikoki atzematerik ez badu, nekez izan dezake bera erasotzeko parada. Horregatik, inguruetan dabilen edonori konexioa egiteko aukera ematen dion hari gabeko sistema nahitaez erasokorragoa izango da entxufatzea ezinbesteko baldintza duena baino.
Horrelakoetan neurri bereziak hartzea komeni izaten da, programak behar bezain egokiro eguneratuta, batik bat. Horrez gainera, Windows edo hedapen handi-handi bateko sistema erabiltzen badugu, birusen kontrako txertoa beti indarrean mantentzea izango dugu gotorleku fidagarri bakarra.
-
Zona Bluetooth
Aparatu elektronikoen arteko interpretari-eginkizunak bete beharko dituen teknologia horri buruzko azterketa, testu eta erreportaje ugari. Atalik ikusgarrienetako bat, dudarik gabe, teknologia hori aplikatua duten aparatuen ezaugarriak eta balizko erabilerak jasotzen dituena. -
Sin Cables
Era guztietako testuak dakartzala, hari gabeko sareak jorragai ditu komunitate honek: etorri berrientzako azalpenetatik hasita, trebezia gehien eskatzen duen brikolaje elektronikorik modernoenera. Hiztegia eta antzeko baliabideetara sarrera izateko, bertan izen ematea komeni da. -
Pucelawireless
Valladoliden jarri dute martxan sare hiritar libre hau; hots, erabiltzaileek antolamendu onean ideia, iradokizun eta proposamenez aberasteko ateak zabalik dituen wiki bat da web hori. Hari gabeko sareetan barrena ibiltzeko eta nork bere antena fabrikatzeko aholkuak eta erreferentzia interesgarriak ematen ditu.