Oso maite dugun pertsona baten heriotzari nola aurre egin
Haurtzaroan gizarte mailako festarik adierazgarrienak bataioak eta lehenengo jaunartzeak dira; adoleszentzia eta gaztaroan katalogo atsegin honi ezkontzak gehitzen zaizkio. Baina behin berrogei urte gainditutakoan erritu sozial nagusia hilabete batean bai eta bestean ez lagun, lankide edo senideren baten hiletara joan beharra izatea da. Eta heriotzak gugan min berezi bat sortzen du, gure bizitzan funtsezkoa den pertsonaren heriotzak arazo konponezina ekarri digula eta pertsona horri betiko faltako zaigula aurkitzen baikara. Ezinbesteko eta ohiko gertaera gisa onartzeko aurrez prestatzen ez garenez, harritu edo nahastu egiten gaitu heriotzak, errealitate horri bizkarra emanda bizi baikara.
Nahigabea
Maite duten pertsona bat galtzen dutenek sintoma berezi batzuk izaten dituzte, eta galera hori onartzeko hainbat etapa pasatzen dituzte. Batzuetan prozesua geldiarazten duten zailtasunak agertzen dira, eta prozesu hori are gogorragoa egiten dute, baina nahigabearen neurrigabeko sentipen hau planteamendu eta laguntza egoki batekin gaindi daiteke. Gaur egungo kultura honek zaildu egiten du nahigabea, baina biziraupen-sen handiko izaki azkarrak izaki, zailtasunen aurrean erreakzionatu eta aurrera egiten dakigu, eta bestela ikasi egiten dugu. Ezbeharra gertatu da, baina bizitzak aurrera egiten du eta egunerokotasunak gure arreta, gogo bizia eta buru-argitasuna eskatzen digu. Nahigabea ondo eramanez gero, errazago egingo zaio mina duenari egunerokotasunean beharrezko indarrarekin hastea.
Nola jartzen da agerian nahigabea?
Sintomak depresioetan jasaten direnen antzekoak dira: tristura, lo egiterakoan gorabeherak, gose eta libidoan aldaketak, pisua galtzea… Munduarekiko interesa ere galdu egiten da, batez ere hildako pertsona gogorarazten duen edozer bada. Lanagatik ere interes falta azaltzen da, harreman berriak egitean ere bai, estualdiak izaten dira, kulpa sentimendua, apatia, esperantza falta eta -kasurik larrienetan- norbere buruaz beste egiteko ideia.
Gainera, sintoma fisikoak ere sortzen dira; hala nola, zefaleak, ultzerak, arnasketa arazoak, bihotz-taupadak, izerdia eta organismoaren defentsak gutxitzea.
Nahigabearen pausoak hauek izaten dira:
- Sinesgogorkeria. Lehenengo erreakzioa izaten da norbait galtzen dugula jakitean, eta horrekin batera buru nahasmendua (“hori ez zait niri gertatzen ari”). Errealitatetik urruntzen gara gertaera dramatiko hori arindu nahian.
- Agresibitatea, haserrea. Pertsona odolberotu egiten da, ez dagoela ados adierazten du, eta zaila izaten da tratatzen. Inguruko pertsonen aurrean jarrera kritikoa hartzen du eta atsekabe hau zergatik gertatu behar zaion galdetzen dio bere buruari.
- Depresioa. Gogorik eza eta isiltasuna. Galerak ez duela atzera bueltarik konturatzen hasten da eta falta duen horren irudira ez lotzen saiatzen da. Etsipen triste eta isil bat da.
- Onarpena eta bakea. Galera lasai hartzen da. Pertsona zentratzen hasten da eta egunerokotasunera itzultzen da.
Eta nahigabea patologiko bihurtzen bada?
Nahigabea gainditzeko bizi egin behar da; horrek dakartzan ondorioak zeintzuk diren jakin ahal izateko aukera eman behar diogu geure buruari. Eta egoera hori jasaten ari denaren tristura ulertu behar dugu, gehiegizkoa edo exageratuegia dela iritzi arren. Baina nahigabea ez bada behar bezala eramaten -ez badira fase batzuk bizi izan, eten egin bada edo emozio mingarriak gordez gero- sintoma patologikoak sortu daitezke falta zaigun pertsona horri etengabe lotuta egon beharragatik. Azter ditzagun nahigabe patologikoaren adierazleak.
- Errudun sentimendua. Heriotzaren errudun sentitzea, heriotza hori gerta ez zedin ez dugula nahikoa egin sentitzea, hildakoarekin arduratsua edo maitekor izan ezaren damua.
- Heriotza pentsamenduak. Bizi dena hildakoarekin joan beharko litzateke, edo bere ordez hil.
- Gauza ez izatearen sentimendua. Ezerk ez dauka zentzurik, zendutakoa gabe ezerk ez du interesik, bera gabe ezer ez da berdina, ezin izango diogu bizitzari aurre egin.
- Aluzinazioak. Adibidez, zendutakoaren ahotsa entzun edo bere imajina ikusi.
- Zendutakoaren gaixotasun bera daukagula irudikatu, pertsona maitatuaren heriotza ekarri duen arazoa geure eginez.
- Nahasketa. Geure barruan eta munduan aldaketa sakona ari da gertatzen.
- Alderdi psikomotorea moteldu eta hainbat funtzio organiko hondatu.
- Komenigarria da gure mina ulertu eta konpartituko duen norbaitekin lasaitzea. Baina ez diezaiogun gehiegi eskatu geure buruari, zaila da zuzenean eragiten ez dionak gure mina zenbaterainokoa den ulertzea.
- Sufrimendua ez da desagertzen edo ez da gutxitzen min eragiten duen egoera horretatik urrunduz edo falta zaigun hori gogorarazten diguten gauzetatik urrunduz.
- Kanpoko egoerak aldatzea baino komenigarriagoa da errealitatea onartzera eramaten gaituzten prozesu mentalak aldatzea. Aldaketa mental horren ondoren, eta errealitatean argi egonez gero, bidaiak, etxean aldaketak edo beste edozein gauza egin daiteke.
- Nahigabearen faseak ezagutzea komeni da, gertaera normal gisa onartzeko.
- Hildakoaren gauza guzti-guztiak zeuden bezala uztea desagerraraztea bezain kaltegarria da. Egokiena oroitzapen adierazgarrienekin geratzea da eta gainontzekoak baztertzea.
- Nahigabe patologikoa adierazten duten sintomak agertzean familiako medikuarengana jotzea komeni da. Eta beharrezkoa izanez gero, psikologoarengana joatea.
- Heriotzaren xehetasunik ez dela jakin behar pentsatu eta ezta gorpua ikusi ere.
- Gogorra izan arren, maite dugun pertsona horren desagerpenaren inguruko xehetasunak jakiteak desagerpena onartzen laguntzen digu. Informazio faltak nahastea eta errealak ez diren fantasiak sorraraz ditzake. Amorrua, mina edo etsipena negar lazgarri edo garrasien bidez adierazten bada depresiorako bidean gaudela pentsatzea.
- Sentimendu hauek adieraztea behar-beharrezkoa da, galera barneratzen eta nahigabea gertatzen laguntzen baitute, gehiegizko adierazpenak edo gutxi garatutako kultura edo herrialdeetako gauzak direla pentsatu arren. Pertsona bat hiltzean bere oroitzapena galduko dela pentsatzea.
- Oroitzapena eta emoziozko loturak ez dira galtzen. Iraun egiten dute eta oroitzapen iragankor edo amets gisa agertu ohi dira. Mina lehenbailehen gainditzeko eguneroko lanetara berehala itzuli behar garela pentsatzea.
- Hausnartu eta mina bizi izateko denbora hartzea komeni da galerak dakarren emozioen prozesu gogor horri aurre egiteko. Falta den horren aldeko maitasuna kontuz adierazi behar dela pentsatzea.
- Gure kulturan izaera tinkoa eta adorea baloratzen diren arren emoziozko sentimenduak lasai adierazi behar ditugu. Haurrak lutu egoera hauen partaide ez ditugula egin behar pentsatzea.
- Haurrak nagusiok bezain gai dira nahigabeei aurre egiteko. Ez diezaiegun errealitatea ezkutatu. Galerak gainditzen ikasi egin behar dute, lehenago edo beranduago iritsi egiten dira eta.