Merkea, ona, goxoa
Herritarren ohituretan arras sustraitua egoteaz gainera, dena alde duen jangai horietako bat aztertu du oraingoan laborategiak: atuna goxoa da, merkea, nornahiren gustukoa, hamaika plater bero eta hotz osatzeko balio du, baita ogitartekoan jateko ere eta, kalitate on-oneko proteina asko daukanez, nutrizio aldetik bikaina dugu. Areago oraino: asegarria da eta ez dauka kaloria gehiegirik. Azkenean, soja edo ekilore oliotan kontserbaturiko arrain urdina denez, horrelako atuna kontsumitzea biziki mesedegarria da osasunarentzat, atunaren omega-3 eta olioaren omega-6 motako gantz ugari dauzkalako: gantz horiek bihotz eta zainen gaitzak -patologia kardiobaskular beldurgarriak- prebenitzen eta sendatzen laguntze dute. Mineralez ari garela, bai fosforoa baita magnesioa ere, ugari dauzka atunak.
Haur, nerabe eta emakume haurdunek askari hobezina egingo dute atunez moldaturiko ogitartekoa hartzen badute. Atuna maiz jateak, ordea, eragozpen bakarra omen du: arrain honek purina asko (gure organismoan azido uriko bilakatuko direnak) dauzkanez hezueria nozitzen duenak hobe du atunetik asko ez kontsumitzea.
Gure Herrian gehien kontsumitzen den kontserbetako bat honakoa izaki, landare oliotan kontserbaturiko zazpi atun-lagin aztertu dira oraingoan. Lataren pisu garbia 80 eta 266 gramo bitartekoa da eta garestienen (Rianxeira eta Campos) prezioa 10,11 euro kiloko da, produktu xukatuaz (olioa erauzita) ari garela; merkeenak, berriz, (Isabel) 8,39 euro kostatzen da, kiloko.
Osaketa nutrizionala zazpi laginetan ere ia-ia berdina omen denez (atuna, ekilore edo soja olioa eta gatza baizik ez daukate), horien artean hautatzeko unean ezaugarri organoleptikoetara eta preziora jo beharko litzateke: azterketa honetan aukera egokienak Palacio de Oriente eta Miau badira ere, Rianxeira (besteak baino %16 garestiago) hoberena izan zen dastatze proban.
Nola egiten den
Kontserba fabrikara eskuarki -18ºC-tara izozturik iristen da atuna. Bertan, kasu gehien-gehienetan, eskuz, arraina ireki, ezkatatu, erraiak erauzi eta, azkenean, garbitu egiten da. Produktuari azken zaporea emango dion sukaldaritza-prestaketa egin aurretik arraina puskatan ebaki ohi da, formatu edo tamainaren arabera. Sutan prestatutakoan, atun pusketak latetan sartu eta oliba edo landare olioa erantsi edo “era naturalean” uzten dira. Ondoren lata itxi eta esterilizatu egiten da: tenperatura egokian behar bezainbesteko tartean edukiko da erresistentzia bizieneko mikroorganismoak suntsitzeko. Era horretan, nutrizio-alorreko onurak edukiko dituen iraupen luzeko jangaia erdietsiko da. Kontsumitu arte atuna onik iraunarazteko lata esterilizatzea aski denez, gatza beste aditiborik ez zaie gehitzen kontserba hauei: gatza, izan ere, jangaia kontserbatzeko eta zaporea areagotzeko baliatzen da.
Etiketak ongi
Produktu honetako etiketan derrigorrez agertu behar den informazioa salmentako izendapena (arrain mota, aurkezpena eta olio mota), enpresaren datuak, osagaien zerrenda, pisu garbia eta xukatua, lotea eta kontsumo egokiko data. Erabilitako landare-olioa nolakoa den zehaztea arauak ez du behartzen, oraingoz.
Irregulartasun bakarra hauteman da azterketan: Conservas Peña markako latak ez du adierazten ikuspen-eremu berean arauak xedatua duen informazio osoa. Nabarmentzekoa, berriz, osaketa nutrizionala lagin guziek ematen dutela, nahiz hori zertan adierazterik ez dagoen, eta ontzia biltzea bermatzen (eta, horrenbestez, birziklatzea errazten) duen kudeatze-sistema jakin bate dagokionez, “puntu berde” ikurra agertzen dute lagin denek. Campos, Rianxeira eta Calvo, publizitatezko mezu gisa, beren produktuak “omega-3” gantz-azidoak dauzkala adierazten dute. Ez lukete horrela jokatu behar, omega-3 horiek berez baitauzka atunak eta, beraz, azterturiko lagin guztietan dautza.
Alderdi nutrizionalaz, zehazkiago
Atunaren batez besteko proteina-edukia %23 da eta proteina horiek balio biologiko handikoak dira, gainera, gure organismoak behar dituen funtsezko aminoazido guztiak dauzkatelako. Bestetik, arrai urdina den aldetik, gantz asko dauka atunak: freskoak edukiaren %12 eta kontserbakoa hortik gora dabil, bere gantzak eta olioa baitauzka. Kontserbako atunaz ari garela, arrain urdinak berezkoak dituen omega-3 gantz-azidoen jarduera mesedegarriei, ekilore eta soja olioetan ugari dautzan omega-6 gantzen onurak gehitu behar zaizkie. Beste alde batetik eta gehituriko olioa dela medio, plantxan edo labean erretako atun freskoak baino kaloria gehiago ditu honek: kontserbako atun honetako ehun gramok 285 kaloria dituzte; freskoak, berriz, 200 kaloria. Kolesterola ere ez dabil urri kontserbako atunetan (50 mg/100 g); dena den, kontuan izan dezagun, substantzi hori ugari daukaten ohiko elikagaiek baino dezente gutxiago daukala atun honek, horra: gibela (100 gramoko 300 mg-tik gora), hestekiak (70 – 80 mg/100 g), foie-grasa (ia 400 mg/100 g), patea (100 mg/100 g), etab. Gizakiaren odoleko kolesterol maila areagotzeko ahalmen txikiagoa du arrainak bestelako animaliazkoek baino, arrainaren gantz azidoak bestelakoak baitira. Elikagaien gantz azido aseak eta odoleko kolesterolaren arteko proportzioa aldatu egiten denez, dietan zenbat eta gantz ase gehiago hartu, orduan eta hiperkolesterolemia nozitzeko arrisku larriagoa dugu. Arrainetan gantz aseen proportzioa bestelako elikagaietakoa baino dezente apalagoa delarik, odoleko kolesterol maila altxatzeko ahalmena ere ahulagoa da.
Kontserbako atuna kontsumitzean barneratzen dugun mineralen edukia ere kontuan hartzekoa da: potasioa (264 mg/100 g), fosforoa (230 mg/100 g) eta sodioa, alegia. Honakoa denetan ugariena da (400 mg/100 g) gatza kontserbatzaile gisa baliatu baita. Esterilizatzeko unean kontserbari ematen zaion tratamendu termikoa azkar egiteak atunaren bitamina-edukiak ia osorik iraungo duela bermatzen du. Atuna, arrain gantzatsua den aldetik, bitamina liposolubleak (D eta E) eta hidrosolubleak (B3, B6 eta B12) dauzka, berez. Azkenean, lataren altzairuak edukia ilunpetan mantentzen duenez, osagai fotosentsibleak (1 eta B6 bitaminak eta, neurri txikiago batean, azido folikoa) hondatzeke kontserbatu dira
Konparaketako taula
Laburbilduz
- Landare oliotan kontserbatutako atuna aztertu da oraingoan. Zazpi laginen pisu garbiak 80 eta 266 gramo artean dabiltza. Prezioetan ez dago alde handirik: garestienen (Rianxeira eta Campos) pisu xukatua 10,11 euro kostatzen da, kiloko, eta merkeena (Isabel) 8,39 euro.
- Ongi burututako produktua da hau: pisuan eta etiketan ia akatsik ez; zazpi laginak egoera higieniko sanitario egokian daude, ez dute freskotasun alorrean akatsik, kalitate komertzialeko akatsik ere ez eta lagin guztietako arraina atun argia (Thunnus albacores) da, ez beste arrain merkeagorik.
- Latako atuna biziki elikagai osasuntsua da: kalitate hobereneko proteina ugari eta kardiopatien kontra eraginkortasun handiko gantzak (omega-3, besteak beste).
- Osaketa nutrizionala zazpi laginetan berbera omen denez (atuna, ekilore edo soja olioa eta gatza baizik ez daukate denek), horien artean hautatzeko garaian ezaugarri organoleptikoetara (usain, zapore, itxura, etc.) eta preziora jo beharko litzateke.
- Azterketa honetako aukera egokienak Miau eta Palacio de Oriente diren arren, Rianxeira (besteak baino %12 garestiago) da hoberena, askozaz ere.
Marka | MIAU | PALACIO DE ORIENTE | RIAN- XEIRA | CALVO | CON- SERVAS PEÑA | ISABEL | CAMPOS |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Izendapena | “Atun argia ekilore oliotan” | “Atun argia landare oliotan” | “Atun argia soja oliotan” | “Atun argia landare oliotan” | “Atun argia landare oliotan” | “Atun argia ekilore oliotan” | “Atun argia landare oliotan” |
Pisu xukatuaren prezioa (euro/kiloko) | 9,00 | 9,02 | 10,11 | 8,65 | 9,40 | 8,39 | 10,11 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Inzuzen | Zuzen | Zuzen |
Adierazitako pisu garbia (g)1 | 111 | 111 | 80×3 | 80×3 | 80×3 | 80×3 | 266 |
Adierazitako pisu xukatua (g)2 | 73 | 72 | 52×3 | 52×3 | 52×3 | 52×3 | 190 |
Egiazko pisu garbia (g) | 107,1 | 116,2 | 76,4×3 | 80,6×3 | 79,8×3 | 80,6×3 | 265,8 |
Egiazko pisu xukatua (g) | 77,8 | 78,7 | 54,4×3 | 55,9×3 | 53,2×3 | 56,3×3 | 206,3 |
Pisu garbia/pisu xukatua (%) | 72,6 | 67,7 | 71,2 | 69,4 | 66,7 | 69,9 | 77,6 |
Olio mota3 | Ekilorea | Soja | Soja | Soja | Soja | Ekilorea alto oléico | Ekilorea |
Histamina4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
Kalitate-akatsak5 | Bat ere ez | Bat ere ez | Bat ere ez | Bat ere ez | Bat ere ez | Bat ere ez | Bat ere ez |
Arrain espeziea 6 | Thunnus alba- cores | Thunnus alba- cores | Thunnus alba- cores | Thunnus alba- cores | Thunnus alba- cores | Thunnus alba- cores | Thunnus alba- cores |
Egoera mikrobio- logikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastatze proba (1 a 9) | 6,5 | 6,7 | 7,1 | 6,1 | 6,2 | 4,9 | 6,0 |
(1) Pisu garbia: atunak gehi olioak pisatzen dutena
(2) Pisu xukatua: atunaren pisua, olioa kenduta
(3) Olio mota: zazpi laginetan identifikatutako olioak landarezkoak dira
(4) Histamina: proteina honen agerpena arrainaren freskotasun eskasaren seinale izaten da
(5) Akatsak:halakotzat hartzen dira gai arraroen, hezurren, azalen, ezkaten, mami gorrien, odol-hodi eta kapsulen agerpena. Lagin bakar batean ere ez zen akats nabarmenik hauteman
(6) Espeziea: ADN determinatuz identifikatzen da. Atun argien kontserbetan onartzen den espezie bakarra Thunnus albacores da. Lagin guztietan erabilitako espeziea zuzena da
Banan-banan
Atun argia landare oliotan: zazpi laginak, banan-banan
Miau
/imgs/20060501/atun_miau.jpg “Atun argia ekilore oliotan”.
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 9 euro.
Bi aukera politenetako bat. Latako pisu garbia, 111 gramo. Ekilore olioa. Dastatze-proban, 6,5 puntu; tarteko posizioan. Aldekoak: “gatz puntu egokia”, “kolore zuria”, “zukutsua”. Kontrakoak: “lehor samarra” eta “olio gustu nabarmenegia”.
Palacio de Oriente
/imgs/20060501/atun_palacio.jpg “Atun argia landare oliotan”.
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 9,02 euro.
Bi aukera politenetako bat.
Latako pisu garbia, 111 gramo. Soja olioa. Dastatze-proban, 6,7 puntu, tarteko posizioan. Aldekoak: “zapore ona”, “kolore zuri-zuria”, “oso zukutsua”. Kontrakoak: “geza samarra” eta “papurtu samarra”.
Rianxeira
/imgs/20060501/atun_rianxeira.jpg “Atun argia soja oliotan”
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 10,11 euro; garestienetako bat.
Latako pisu garbia, 80 gramo. Hiru latako sorta. Soja olioa.
Dastatze-proban, 7,1 puntu; denetan hoberena. Aldekoak: “zapore goxoa”, “zukutsua”, “kolore argia”. Kontrakoak: “lehor samarra” eta “gazia”.
Calvo
/imgs/20060501/atun_calvo.jpg “Atun argia landare oliotan”
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 8,65 euro.
Latako pisu garbia, 80 gramo. Hiru latako sorta. Soja olioa.
Dastatze-proban, 6,1 puntu; atzealdeko posizioan. Aldekoak: “kolore polita”, “zukutsua”. Kontrakoak: “lehor samarra” eta “gustu motela”.
Conservas Peña
/imgs/20060501/atun_pena.jpg “Atun argia landare oliotan”
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 9,40 euro. Soja olioa
Latako pisu garbia, 80 gramo. Hiru latako sorta. Soja olioa. Etiketa ez dago zuzen: informazio osoa ez du ematen ikuspen-eremu berean.
Dastatze-proban, 6,2 puntu, tarteko posizioan. Aldekoak: “ez gaziegia”, “zukutsua”. Kontrakoak: “kolore iluna”, “lehor samarra” eta “zaporea”.
Isabel
/imgs/20060501/atun_isabel.jpg “Atun argia landare oleiko ugaridun olioan”
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 8,39 euro; denetan merkeena.
Latako pisu garbia, 80 gramo. Hiru latako sorta. Oleiko ugaridun ekilore olioa (hazi-olio horren aldaera bat).
Dastatze-proban, 4,9, atzealdeko posizioan. Aldekoak: “zapore suabea”. Kontrakoak: “geza”, “oliotsua” eta “papurtu samarra”.
Campos
/imgs/20060501/atun_campos.jpg “Atun argia landare oliotan”.
Pisu xukatuaren prezioa, kiloko: 10,11 euro; bi garestienetako bat.
Latako pisu garbia, 266 gramo. Ekilore olioa.
Dastatze-proban, 6 puntu; atzealdeko posizioan. Aldekoak: “zapore suabea”, “usaina”, “zukutsua”. Kontrakoak: “lehor samarra”, “geza”, “oso papurtua” eta “kolore iluna”.