Tabakoaren aurkako lege espainiarrak lehen emaitzak erakutsi ditu: toki publikoetan orain dela hiru urte baino askoz gutxiago erretzen da
Aurtengo urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean 28/2005 Legea, Tabakismoaren aurkako osasun-neurrien edo tabakodun produktuen salmenta, hornikuntza, kontsumo eta publizitatea arautzen duena, alegia. Handik hiru hilabetera, lege testuak xedatzen dituen “kerik gabeko espazioak” zein gradutaraino errespetatzen diren aztertu nahi izan du CONSUMER EROSKI-k. Aldizkari honek 1998 eta 2003 urteetan argitara eman zituen landa-lanetan oinarrituriko txosten banatan, establezimendu publikoetan erretzea debekatzen zuen araua gutxi-gutxi betetzen ari zela ondorioztatu zen. Lege berriak, ostera, aurreko lege-testuak baino zorrotzagoa izaki, “kerik gabeko espazio” izendatu ditu hainbat taberna, jatetxe, diskoteka, etc.
Egun, espazio publiko batzuetan erretzea debekatua dago edo, erre nahi izatekotan, berariazko guneetan soilik egin daiteke. CONSUMER EROSKI-ko teknikariak mota horretako 425 espaziotan izan dira, Espainiako hamazortzi hiritan (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Granada, Logroño, Madril, Málaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valencia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozan) jenderik gehien zebilen orduetan, 45 minutuko bina bisita eginez, 18 aireportu, 18 udaletxe, 18 banku edo aurrezki kutxa, 100 metro karraturik gorako 90 taberna edo jatetxe, 20 merkataritza gune, 17 diputazioren eraikin nagusi, 30 helduentzako diskoteka, 25 adingabeentzako light diskoteka, 19 autobus geltoki, 18 tren geltoki, 18 ospitale handi, 20 hotel, irakaskuntza ertaineko 27 institutu, 20 merkatu, lau metro instalazio (Bilbo, Valencia, Bartzelona eta Madrilen), 24 estalpeko parking eta 21 unibertsitatetan, alegia.
Beren presentziaren arrazoia isilpean, aldizkari honek bidalitako behatzailek toki bakoitzean jendearentzako guneak (erabiltzaileak artatzeko zonak, itxaron gelak, erakustokiak, korridoreak, atariak, eskailerak, komunak) bisitatu zituzten aurrenik.
Bertara iritsita, norbait erretzen ari ote zen begiratzeaz gainera, beste hainbat konturi ere erreparatu zioten: erretzearen debekua adierazteko seinaleak ba ote ziren, erretzaileentzako guneak -horrelakorik zegoen tokietan- behar bezain ongi egokitu eta adierazita ote zeuden, sarreran tabako usainik hautematen zen, lurrean zigarrokinik ikusten zen eta establezimenduetako enplegatuek tabakoa saltzen ote zuten (legeak berariaz debekatua baitu hori).
Hasteko, erabat debekatua dagoen espazio publikoetan erretzen ote den (toki horietan erretzaileentzako gunerik egokitzea bera ere ez du onartzen Legeak) galdetu beharra dago. Erantzuna, tamalez, baiezkoa: bisitatu ziren espazio publiko gehienetan, ospitale (hauetan ere, bostetik batean zigarrokinak ikusi ziren lurrean) eta diputazioen eraikin nagusietan izan ezik, jendea erretzen ari zen: adingabeentzako diskoteken %60tan, merkatuen erdietan, unibertsitateen %35etan, estalpeko parkingen %30etan, bisitatu diren lau metroetako batean, institutuen %15etan, eta museo, banku, aurrezki kutxa eta udaletxeen %5etan.
Kerik gabeko espazioen seinaleztapena, hobetzeko moduan
Horrenbestez, duela hiru urte diagnostikatu zen egoera haren aldean gaurko panorama hobea al da? Hobetu egin da, denean eta dezente hobetu, gainera: unibertsitateetan duela hiru urte portzentaia %100 zelarik, egun %35 baizik ez da; aireportuetan, %100etik %20ra jaitsi da; tren geltokietan, %92tik %25era; institutuetan, %42tik %15era eta ospitaletan %33tik %0ra. Zorionak emateko moduko erdiespena, beraz. Dela legea indarrean sartu delako, dela erretzen ez duen jendeak osasuntsu segitzeko eskubidearen aurrean kontzientzia soziala areagotu egin delako, kerik gabeko espazio publikoetan orain dela urte batzuk baino gutxiago erretzen da. Nolanahi ere, 2003 urteko txostenean espazio publikoen artean ez ziren ikertu egun jendez beterik egon ohi diren adingabeentzako diskotekak, baina kezkagarria da haur eta gaztetxoen biltoki diren espazio horien %60tan jendea erretzen ikustea. Are kezkagarriagoa oraino, light diskoteka horien %22tako zigarro-makinetan adingabekoek tabakoa erosten dutela ikustea, legeak xedatua baitu erretzea debekatua duten espazioetan horrelako makinarik ezingo dela ezarri eta, era berean, horrelako makinak erabiltzea 18 urtetik beherakoei galarazia dielako.
Bigarren galdera nagusia: horretarako egokituriko guneetan bakarrik erre daitekeen espazio publikoen gainerako tokietan zer gertatzen ote da? Aurreikus zitekeen legez, erabat debekatua dagoen lekuetan baino dezente gehiago erretzen den arren, harrigarria da, erretzeko berariazko guneak edukita, hori galarazita dagoen tokiak ia-ia errespetatzen ez direla egiaztatzea. Ikus ditzagun datu orokorrak, lehenik eta behin: bisitatu ditugun helduentzako diskoteka denetan ikusi dira pertsonak erretzen, 100 metro karratutik gorako taberna eta jatetxeen %85etan, hotelen %60tan, autobus geltokien %55etan, aireportuen %40tan, merkataritza guneen %35etan eta tren geltokien %30etan.
Kerik gabeko espazioen seinaleztapena, hobetzeko moduan
Bisitatu diren hamar espazio publikotik bederatzitan agerian zeuden (Legeak xedatua duen bezala) erretzeko debekua edo, aukera zegoen tokietan, berariazko guneetan bakarrik egin beharra adierazten zuten kartelak. Betetze gradua, beraz, onartzeko modukoa da. Dena den, toki publiko askok eta askok ez dute horrelako seinalerik agertzen, horietako batzuek bereziki: estalpeko parking eta helduentzako diskotekei dagokienez, hamarretik hirutan ez zegoen horrelako kartelik; beste horrenbeste gertatzen zen adingabekoentzako diskoteka, banku eta museoetan ere: hamarretik bitan, kale. Seinalez hobekien hornituriko espazio publikoak (horietako bakar batean ez baitzen hauteman horrelako kartelen gabezia) aireportu, institutu, merkataritza gune, tren geltoki, ospitale, metro eta unibertsitateak dira.
Erretzaileentzako behar adina gure egokiturik ez
Toki publiko batzuetan, legeak adierazi bezala, erretzaileentzako berariazko guneak antola daitezkeen arren, gauza bitxia da oraindik horrelakoak ez eratu izana. Txosten honetan, erretzaile guneak eduki zezaketen 215 lekuetatik, 122k bakarrik daukate (soilik %22). Horrela gertatzen da aireportuetan (bisitatu diren 18etatik 3tan bakarrik ikusi dira erretzaileentzako toki bereziak), merkataritza guneetan (hogeitik lau), tren geltokietan (18tik lau) eta bus geltokietan (18tik sei). Beste hainbatetan, hala nola 100 metro karratutik gorako taberna eta jatetxeetan (bisitatu diren 90etatik 72k daukate erretzaileentzako berariazko gunea), helduentzako diskoteketan (30etik 19), hoteletan (20tik 14) aukeraz baliatu dira, baina ez beharko lukeen bezala: erretzeko gune bereziak dituzten espazio publikoen %43k bakarrik dituzte egun ongi seinaleztatuak (halakotzat seinaleztatuak “16 urtetik beherakoen sarrera debekatua dago” ohartarazpenaren bidez) eta, garrantzi handienekoa, establezimendu edo espazio publikoaren gainerakotik behar bezala bereizi eta isolatuak. Gainerakoek, hamarretik ia seik, ez dute araua betetzen.
Mahai, lokarri edo apalategien bidez bereizitako erretzaileentzako guneak ez daude ongi egokituak, legearen arabera, erre ezin daitekeen guneetatik erabat bereiz egon behar baitute. Kasuren batean, horrelako establezimenduen arduradunek argudiatu zuten gune horiek “aireztatzeko sistema ahaltsuak” dauzkatela, baina hori ez da nahikoa. Erretzaileentzako berariazko tokia eratzeko legearen baimena duten ostalaritzako establezimendu eta bestelako espazio eta instalazioek egokiro jokatu behar dute, hots, erretzaile ez den jendearen eskubideak (tabakoaren ke kaltegarriak ez arnastea) zorrotz errespetatuz. Toki batzuetan, nolanahi ere, egoera hobea hauteman da: hamar hotel eta autobus geltokitik ia zazpitan gune horiek ongi egokitu eta isolatuak daude. Egoera okerrenean daudenak helduentzako diskotekak dira: bisitatu diren 30etatik bitan bakarrik daude legeak agindu bezala bereiztuak.
Erretzaileei utziriko gune horiek bereizteko erabili diren baliabideak hauek dira: beirazko “hormak” (kasuen %48tan), bionboak (%27), aparteko gelak (%23) eta kordoiak (%2). Granadako taberna batean erretzaileentzako gunea bereizteko upelak metatu zituen, elkarren gainean.
Ke usaina eta zigarrokinak
Gauza bat da espazio publiko batera eginiko hiru ordu laurdeneko bi bisitatan norbait erretzen ikustea; beste bat, ordea, zeharo bestelakoa, bertan egun osoan erretzea edo ez erretzea. Jendea erretzen duela ikusi duten espazioen proportzioa betetzeko edo, CONSUMER EROSKI-ko teknikariek beste bi datu ere jaso dituzte, dirudien baino sakonagoak, inola ere: tabakoaren ke usaina atzematea eta lurrean zigarrokinak ikustea. Bisitatu dituzten espazio publikoen %15etan tabakoaren ke usain berezi-berezia atzeman dute; gehien-gehientsuena, diskoteka, metro eta ehun metro karratutik gorako taberna eta jatetxeetan. Ospitaleak ere ez daude horretatik salbuetsiak: bisitatu diren seitik batean hauteman da tabako usaina, nahiz eta legeak “ospitaleetan eta bertako instalazioetan” erretzea zeharo debekatua duen. Bisitatu diren tokien ia %30etako lurrean ere zigarrokinak ikusi dira; horietako gehienak, gehien erretzen den tokietan, helduentzako diskoteketan, (horrelakoen %80etan zeuden zigarro muturrak lurrean) eta estalpeko parkingen %54tan (nahiz eta hauetan, erretzea ez ezik, erretzeko guneak egokitzea ere debekatua dagoen). Metroko instalazioen erdietan ere ikusi dira zigarrokinak, espazio publiko horretan erretzea zeharo debekatua badago ere. Bisitaturiko merkatuen %45etan, horrelako tokietan erretzeko galarazpena erabatekoa den arren, zigarro mutur itzaliak ikusi dira saltokietatik gertu, igogailu eta inguruetan.
Duela hiru urte baino askoz gutxiago erretzen dute enplegatuek
Espazio publikoetan orain dela hiru urte baino dezente gutxiago erretzen dela (bereziki deigarria da unibertsitate, aireportu eta tren geltokietan gertatu den jaitsiera) ez ezik, horietan lanean diharduten enplegatuek orduan baino askoz gutxiago erretzen dutela ere frogatzen du txosten honek. Tabakoaren kontsumoa mugatzen duen arau hori erabiltzaileek bete dezaten ezinbestekoa omen da enplegatuek ere zorrotz betetzea eta, egiari zor, hautemaniko jokabidea egoki-egokia da: bisitatu diren espazio publikoen %1ean bakarrik ikusi da enplegaturik zigarroa erretzen ari zela; 2003 urtean, aldiz, enplegatuen %24k erretzen zuten.
CONSUMER EROSKI-ko teknikariek bisitatu dituzten instalazioetako enplegatuei erretzerik ba ote zegoen galdetzen zieten, dena den, debekaturiko tokietan norbait erretzen ikusiz gero.
Erretzaileentzako berariazko guneak sortzeko baimenik ez duten tokietan (institutu, adingabekoentzako diskoteka, udaletxe, banku edo aurrezki kutxa, merkatu, metro, museo, parking eta unibertsitateetan, alegia) kontsultatu diren hamar enplegatutik ia lauk “erretzea debekatua” zegoela erantzun bazuten ere, deus ez zieten esan erretzen ari zirenei. Areago, erretzerik ez zegoela ondotxo jakin arren, hamarretik bik onartu zuten: “nornahik erretzen du hemen”; garrantzizkoena, dena dela, galdeturiko enplegatu guztien %8k bakarrik aurpegiratu zietela erretzaileei beren lege-haustea.
Adingabeentzako diskoteken kasua berezia da: horietan, hamar enplegatutik lauk erretzerik ez zegoela aitortu zuten arren, ezer ez zieten esan araua urratzen ari ziren haur eta nerabeei. Horrelako diskoteketako hamar enplegatutik lauk argi eta garbi onartu zuten: “erretzerik ez badago ere, nornahik erretzen du hemen”.
Tabakoa saltzen duten makinak eta estankoak
Lege berriak zehazki xedatua du: “Tabakoa berariazko saltokietan (estankoetan) eta berariazko makina saltzaileetan bakar-bakarrik saldu ahal izango da”. Makina horiek, legez, erretzea debekatua ez duten toki eta establezimenduen barruan bakar-bakarrik egon daitezke, bertako arduradunen begi-bistan. CONSUMER EROSKI-ren ikerlanak frogatzen duenez, bisitatu diren tokietan tabakoa saltzen den kasuen %82tan betetzen da araua baina, adibideren bat ematearren, bisiten %4tan (tren geltokietako %22tan eta hotelen %10etan) teknikariek ikusi dute bertako enplegatuek tabakoa zuzen saldu dutela, nahiz hori galarazia dagoen.
Hona beste irregulartasun bat: tabakoa saltzen duten hamahiru makinatik batek bestelakoak ere saltzen ditu (metxeroak, gehienbat) nahiz legeak horixe debekatua duen. Era berean, adingabekoei tabakoa saldu zaiela ikusi dute teknikariek tren geltoki batean, hainbat diskotekatan eta merkataritza gune batean.
Non ezin da erre?
2006ko urtarrilaren 1etik, kerik gabeko espaziotzat definitu diren eta seinalez egokiro berezituak egon behar duten tokietan erretzea zeharo debekatua dago. Horra horiek:
- Lantoki guztietan, aire zabaleko lekuetan izan ezik.
- Osasun zentro eta zerbitzuetan.
- Ikaskuntza-irakaskuntza zentroetan.
- 18 urte arteko gazteentzako zentro sozialetan.
- Kirol-instalazio eta ikuskizun-aretoetan, non eta aire zabalean ez dauden.
- Merkataritza gune, galeria eta azalera handietan.
- 18 urte arteko gazteen sarrera baimendua duten aisialdi-guneetan (diskotekak).
- Zentro kultural, liburutegi, irakurketa-areto eta museoetan.
- Elikagaiak maneiatzen diren establezimenduetan.
- Garraiobide publikoetan.
- Igogailu, kabina, diru-kutxa eta antzekoetan.
- Arduradunak horrela erabakitzen duen zeinahi tokietan.
Zein espazio publikotan antola daitezke erretzaileentzako guneak?
- Hotel eta ostatuetan.
- 100 metro karratu baliagarritik gorako taberna, kafetegi eta jatetxeetan.
- 18 urtetik gorakoentzako diskoteka, joko-areto eta erabilera publikoko tokietan.
- Espazio itxietako antzerki, zinema eta bestelako ikuskizunetako aretoetan.
- Aireportu, tren, eta autobus geltokietan.
- Helduentzako artapen sozialeko zentroetan.
- Erretzea debekatua ez duten eta bertako arduradunak horrela erabaki duen tokietan.
Erretzaileentzako gune horiek egokiro adieraziak egongo dira eta bertara ezingo dira sartu 16 urtetik beherako gazteak. Horrez gainera, ez-erretzaileentzako guneetatik fisikoki bereiz egongo dira eta, aurtengo azaroaren 1etik aurrera, erretzaileentzako guneek eguraste-sistema egokiak izango dituzte eta ez dira egongo erretzen ez duten pertsonen pasabidean.
Tabako salmentaren mugak
Tabakodun produktuak estankoetan edo berariaz baimenduriko makinetan bakarrik saldu ahal izango dira (Kanariar Uharteetan izan ezik).
- 18 urtetik beherako pertsonei tabakoa saltzea debekatua dago.
- Zigarroak aleka saltzea eta 20 ale baino gutxiago duen paketerik saltzea debekatua dago.
- 18 urtetik beherakoek ezin dituzte erabili tabakodun produktuak saltzen dituzten makinak; horiek kontrolatzeko, seinaleztatzeko eta ezartzeko neurri zorrotzagoak xedatzen dira.
- Erretzea debekatua dagoen tokietan tabakoa saltzea debekatua dago.
Publizitatea, sustapena eta babesa
Legea indarrean sartutakoan, debekatua dago tabakoaren publizitaterik egitea prentsan, irrati-telebistan, hesietan, markesina eta gainerako hiri-altzarietan, Interneten eta beste zeinahi komunikazio-bide edo euskailutan. Era berean, sariak edo opariak emanez, zozketak eginez, erosketetan deskontuak eginez eta antzekoez baliatuz tabakodun produktuen sustapena egitea debekatua dago. Musika, kultura, kirol, gizarte edo bestelako zeinahi ospakizun tabakoarekin zerikusia duten enpresek edo produktuek babestea ere debekatua dago.
Ondorioak ateratzeko...
Tabakismo pasiboari (erretzen den tokietan bizi ohi diren pertsonek nozitzen dutena, alegia) biriketako minbizia, asma eta arnasketa-aparatuko gaitzak pairatzeko arriskua areagotzea leporatu izan zionez, erretzeari uzten dionak edo beste pertsona batzuk diren tokietan erretzen ez duenak, bere buruaren eta gainerakoen osasunaren mesedetan dihardu. CONSUMER EROSKI-ren ikerlan honek aurkeztu duen balantze orokorra aski positiboa den arren (debekatua dagoen tokietan geroz eta gutxiago erretzen da) aurretik genekiena datu askok egiaztatu egin dute: bide luzea dago oraindik hobetzeko, tabakoaren aurkako legea erabat bete arte, zehazkiago.
“kerik gabeko” espazio publikoetan Ezrbaitek erretzen al du?
Bai | Ez | |
---|---|---|
Helduentzako diskoteka | %100 | %0 |
100 m2-tik gorako taberna edo jatetxea | %85 | %15 |
Adingabeentzako light diskoteka | %60 | %40 |
Hotela | %60 | %40 |
Autobus geltokia | %55 | %45 |
Merkatua | %50 | %50 |
Aireportua | %40 | %60 |
Unibertsitatea | %30 | %65 |
Merkataritza Gunea | %35 | %65 |
Parking estalia | %30 | %65 |
Tren geltokia | %30 | %70 |
Metroa | %25 | %70 |
Institutua | %15 | %75 |
Museoa | %5 | %85 |
Bankua edo aurrezki kutxa | %5 | %95 |
Udala | %5 | %95 |
Ospitale handia | %0 | %100 |
Diputazioa | %0 | %100 |