Sukaldeko gain edo estalkiak
Horietan denetan, erabiltzaileak egun gehien eskatzen duena Silestone marka komertzialekoa da: kontsultatu ditugun adituen iritziz, lau sukalde berritatik hirutan ipintzen omen da hori.
Egungo materialak
Altzairu herdoilezina. Aresti arte sukaldeko gainetan oso erabilia ez bazen ere, aspaldi honetan zaletuak ugaldu zaizkio. Altzairu herdoilezina egun dagoen materialik higienikoenetako bat da (horregatik baliatzen da sukalde industrial eta jatetxeetan, besteak beste). Eragozpen larriena, zipriztinak asko nabarmentzea du, baina, beste aldetik, erraz-erraz garbitzen dira bertatik eta erresistentzia handiko materiala da. Honelako gainak egur aglomeratuak eta 1 edo 2 milimetroko lodieradun altzairuzko txapak osatuak daude. Metro linealeko 150 euro inguru dabil honen prezioa.
Listoika antolaturiko harizkia. Horrela estalirik agertzen den formika edo kalitate apaleko beste material batez osaturiko gain hauek sukaldeko altzariekin, lurrarekin, azulejoekin… konbinatuz molda daitezke. Erresistentzia handikoa izaki, ez da izaten metro linealeko 110 euro baino garestiagorik.
Pagoki bernizatua. Bai sukaldeko, bai bainugeletako gainak fabrikatzeko baliatzen da. Urteak joan urteak etorri, hezetasunak gaia honda ez dadin, egurra iragazkaitz bihurtzeko tratamendua eman behar zaio, beste eskakizunik ez du agertzen pagoki bernizatu mate edo distiratsuak. Honen prezioa 250 euro inguru dabil, metro linealeko.
Beira eta altzairua. Bi material hauek sukaldeetako gain abangoardistetan agertzen dira konbinatuak, espazio eta forma jakinetara egokituak. Gainetan beira leundua ezartzen da, altzairu herdoilezinezko profil batez errematatua. Ipini nahi den beiraren lodierak eta altzairuaren kalitateak aldarazten dute prezioa baina 100 eurotik aurrera badira honelakoak.
Beira eta egurra. Material hauen konbinazioa ederra da baina biziki hauskor eta garestia (aukeratutako egurraren arabera. Ez da oso praktikoa gertatzen lan handiko sukaldeetan, zaintza artatsua eskatzen baitu konbinazio honek. Horregatik ez da mukuru instalatzen horrelakorik.
“Mikro” marmola. Mineral eta erretxinez osaturiko material hau berrienetako bat da. Erresistentzia handikoa izaki, marmol naturala baino askoz ere merkeagoa da: 100 euro inguru, metro linealeko.
Kuartzo, beira eta erretxinen konbinazioa (Silestone). Kuartzo naturalak (%94), erretxina polimeroek eta beirak osaturiko estalki edo gain hauek sekulako erresistentzia agertzen dute higaduraren eta igurtzien aurka. Kolore denetan fabrikatzen direnez, gainaren eta sukaldeko gainerako elementuen koloreak errazkiago konbina daitezke. Berotasunak silestonea hondatzen ez badu ere, sukaldeko tresna bero-beroak gainean ez jartzea aholkatzen dute teknikoek. Bestetik, materiala porotsua ez denez, granitoa baino lau aldiz erresistentzia handiagoa du, hau da, dezente nekezago zartatu edo pitzatuko da. Mantenu eta garbiketa errazekoa da, gainera. Hots, hamaika abantaila dituenez, hauxe da orain instalatzen ari diren sukaldeen %90etan ipintzen den materiala. Gainaren lodieraren eta aukeratutako kolorearen arabera, metro lineala 250 kostatzen da, gutxi gorabehera.
Material tradizionalenak
Marmola. Duela hamar bat urte nagusi zen marmola Espainiako sukaldeetan, granitoaren baimenarekin, hori bezain erresistentzia handikoa izanik, merkeagoa zelako, batik bat. Material honetan gertatu den berrikuntza behinena: Espainiako marmol zuriak ez ezik, inportazioko koloretsu eta bukaera onekoak ere badira orain merkatuan salgai.
Granitoa. Marmolak ez bezala, mantenu txikiagoa eskatzen duen eta erresistentzia handiagoa agertzen duen material honen abantaila nagusia naturala izatea da. Espainiako merkatuan hamaika eratako granitoak daudenez, bertakoarekin batera, kolore-aukera zabal zabalekoa izatearren, dezente garestiagoa den inportaziokoa komertzializatzen da. Espainiarra metro linealeko (lodieraren arabera) 300 eurotik gora instala daiteke; inportaziokoaren prezioa altuxeagoa da: 350 eurotik hasita, koloreen arabera.
Egurra. Landa- edo baserri-estiloko sukaldeetan gehien jartzen den materiala da hau, sukaldeko altzariak haritz, pago eta antzeko egur noblezkoak izaten baitira. Esan beharrik ez: egurrezko gainak, bestetik, sukaldeko gainerako elementuekin ederki konbinatzen du. Harraska ondoan egurrezko gainik ez jartzea aholkatzen dute fabrikatzaileek, urak hondatu egin dezakeelako. Hezetasunak behar baino lehenago honda ez dezan, dena dela, instalatu aurretik gai iragazkaitz edo isolatzaileren batekin tratatzea komeni da. ;Metro karratuaren prezioa 200 – 350 euro inguru dabil, egur mota eta lodieraren arabera.
Estratifikatua. Sukaldeko gaina fabrikatzeko materialik merkeena da hau. Abantaila nagusiak: garbitze errazekoa da eta gaina biltzen duen lamak zeinahi gai imitatzeko aukera ematen du. Eragozpenak, berriz, erraz marratzea, eta eguzki argiaren aurreko erresistentzia motel-motela dira.