Haurrak: istripurik ez izateko, etxea egokitu behar

Etxebizitza, umeen bizitoki

Haur txikien lesioen kausa ohikoena etxean jazoriko istripua da. Horrelakoak ez dira txiripaz gertatzen eta gehienak saihesteko modukoak dira, gainera.
1 maiatza de 2006

Etxebizitza, umeen bizitoki

/imgs/20060501/informe01.jpgEstufak, zoru labaingarriak, entxufeak, leiho irekiak, eskailerak, kristalezko mahaiak, aparatu elektrikoak, botikak… Umea lau hankatan hasten denean etxea emozioak bizitzeko eta aurkikuntzak egiteko toki aproposa bihurtzen da baina horrek denak arriskuak ere sortarazten dizkio. Osasunaren Inkesta Nazionalaren bidez jaso eta Gurutze Gorriak emaniko datuen arabera, etxeko istripuengatik hildako adingabekoak 1.121 izan ziren 2003 urtean. Horrek esan nahi du etxebizitza dela haur txikientzat istripu-toki behinena, trafikoa baino ere arriskutsuagoa.

Horrelaxe egiaztatu zuen Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak egin zuen Etxeko eta Aisialdiko Ezbeharrak Atzemateko txostenak ere: 2003an urtebete oraindik ez zuten umeek nozituriko ezbeharren %89 etxe barruan gertatu zirela dio. Istripu horien erdia baino gehiago etxeko jantokian edo logelan jazo ziren eta kasuen %65etan erorikoak izan ziren haurtxoen lesioen kausa. Azterlan horretan adierazten denez, tarterik kritikoena arratsaldeko bostetatik zortziak artekoa zen, ordu horietan egokitu baitziren ezbehar guztien %24 – %45 (adinen arabera), hots, haurtzaindegi edo eskolatik etxera iristean eta, noski, ilunabarrean oheratzean, orduantxe baitaude umeak nekatuen eta urdurien, gurasoek energia guztiak xahututakoan.

Areago Leku arriskutsuak

Sukaldea

  • Sukaldean ez utzi haurrak bakarrik. Egokiena, barrurako pasabidea galarazten duen langa bat atean ipintzea da. Hori ezinezkoa bada, eduki beti atea itxita. Ez utzi haurrei sukaldean oinutsik sartzen.
  • Armairuek eta tiraderek segurtasunezko sarraila edo antzeko zerbait izan behar dute, barruan tresna ebakitzaile edo ziztatzaileren bat dagoenean, batik bat.
  • Ez utzi haurrei jolasten pizgailuekin edo gaseko giltzarekin. Ahal bada, babestu sutegia blokeo-sistema batez. Sukaldean lanean aritzeko, erabili hormatik gertueneko suak; ipini padera eta eltzeen kirten eta heldulekuak barrura begira, kanpo aldera irten gabe.
  • Labeak toki garai batean kokatuta egon behar du. Horrela ez bada, ez utzi haurrei bertara hurbiltzen, bero dagoenean batez ere.
  • Ikuzgailuak irekitze geroratua eduki behar du. Geldirik dagoela, atea beti itxita egongo da. Zakarrontzia armairu barruan gorde behar da, txikien eskueratik kanpo. Etxetresna elektrikoen hariek, plantxarena bereziki, bildurik egon behar dute, haurren eskueratik at. Arropa lisatzen ari zarenean, ez utzi haurrik gerturatzen.
  • Sukaldeko mahai zapiaren ertza zintzilik badago, zaindu bertatik tira ez dezaten, gainean dagoena eror ez dakien.

Bainua

  • Bainuko atea itxita egongo da beti; komuneko tapa, jaitsita. Umea komuna erabiltzen hastean, aparatuarena baino diametro txikiagoko euskailu berariazkoa ezarri behar da bertan, umea eginkarietan eserita egon dadin, bertatik erori gabe.
  • Kosmetikoak edo beste zeinahi produktu toxiko daukaten tiraderek segurtasun itxiera eduki behar dute.
  • Baineran, dutxan eta bertatik irteteko tokietan labaingarri ez diren materialak ipini behar dira. Horiek ez ezik, baineran eserleku egokigarria eta heldulekuak ezartzea komeni da, haurren bainua errazteko. Arau behinena: ez utzi haurra bakarrik baineran, une batean eta ur gutxi-gutxitan ito egin liteke eta.
  • Estolda-zuloan iragazkia ezarri behar da, bertan umeak hatzik ez harrapatzeko eta bestelako gauzak bertatik sar ez ditzan.
  • Ur beroa erabilitakoan, kanila berriz irekitzean aurreko ur beroaren kondarra irteten da lehenik: haurretan erredura arin asko horregatik gertatzen dira, horien larruazala biziki sentibera delako. Horrela gerta ez dadin, ur beroa erabili ondoren, utzi ur hotza ateratzen, tenperatura epel dadin.

Logela

  • Toxikoak ez diren suaren kontrako lehengaiekin fabrikatutako altzari homologatuak aukeratu behar dira, izkina biribilduak dauzkatenak. Kalitate kontrolik zorrotzena gainditu duten altzariek TUV hitza agertzen dute etiketan.
  • Bizitzako lehen hilabeteetan -lauzpabostetan, gehienez ere- moises estiloko kapazuan lo egiten badu, ohantze horren hondoak zurrun eta laua izan behar du, ertzak altu eta bigungarridunak dituena (kotoizkoak, ahal dela). Sehaska mota hori aski egongaitza denez, kontuz ibili behar da bertan apoiatu gabe, irauli egin ez dadin.
  • Sehaskak sendoa, segurua eta egonkorra behar du izan, aska daitekeen apaingarririk gabea. Barroteen arteko tarteak 4,5 zentimetro baino handiagoa eta 6,5 zentimetro baino txikiagoa behar du izan. Alboek gutxienez 60 cm-ko altuera izan behar dute. Umeak, lo dagoela, buruarekin jo ez dezan edo barroteen tarteetatik hankarik sar ez dezan, barrualdean babesa ipini behar zaio sehaskari.
  • Sehaska izan, kapazua izan, su-iturrietatik (kalefakzio, estufa, etc.) urrun jarriko dira ohetxoak. Entxufeak, hari elektrikoak, pertsianetako zintak eta gortinetako tirak haurren eskueratik kanpo egongo dira.
  • Ohean lo egiten duenean, altzariari babesa edo segurtasun barra ezarri behar zaio, bertatik eror ez dadin.

Haurrak: istripurik ez izateko, etxea egokitu behar

Altzariak

  • Altzarien izkina eta irtenetan babesak ipintzea komeni da.
  • Altzariek egonkorrak izan behar dute, torloju askerik eta ertz bizirik gabeak.
  • Iraul daitezkeen apalategiak eta antzekoak hormari josi edo kateatu behar zaizkio
  • Kristalezko mahaiak eta bestelako gainak baztertu egin behar dira. Ateak beiradunak badira, kristal arruntaren ordez segurtasunekoa ezarri behar da; bestela, beira estaltzen duen film gardena ipin daiteke: horrela, kristala hausten bada ere, pusketak ez dira erori eta sakabanatuko.
  • Geletako ateei topeak ezarri behar zaizkie, ixtean haurren hatzak harrapa ez ditzaten.

Leiho-balkoiak

  • Horrelakoak erabat edo hein batean irekitzea eragozten duten segurtasun sarrailak edo irekitzeko sistemak ezartzea komeni da.
  • Ez utzi leiho-balkoietatik gertu lorontzi, kutxa, mahai, aulki edo bertara igotzeko moduko gauzarik.
  • Metroko altuera ez duten leihoek esku-baranda edo sarexken bitartez babestu behar dira.

Aparatu elektriko eta erradiadoreak

  • Haurtxoen eskueran dauden entxufe eta luzagarri guztiei babesa jartzea komeni da. Era berean, aparatu elektrikoek lur-hartunea edukitzea ere komeni da.
  • Segurta ezau badaukazula pizgailu diferentziala (ICP). Zirkuituen babes-mekanismo horrek boltajearen desbideraketa atzematean korrontea eten egiten du. Eraiki egin berrietan horrelakoak instalatzea nahitaezkoa da baina, zure etxebizitzan ICP entxuferik ez badago, kontaktatu konpainia elektrikoarekin, horrelakoak ipin ditzan.
  • Kable guztiak haurren eskueratik kanpo ipini behar dira, eta aske edota isolatzailerik gabe daudenak zeharo baztertu.
  • Itzali ostean ere, labe, plaka elektriko eta bitrozeramikako hondar-beroak erredurak eragin ditzake.
  • Umeak ukituz gero erredurarik ez eragiteko bezain epel egon behar dute erradiadoreek.
  • Gasezko estufak eta ikatzezko sutontziak ez dira bat ere egokiak, horiekin itotzeko eta erretzeko arriskua bizi-bizia baita. Halaz ere, horrelakoak erabiltzen badira, babesa ezarri behar zaie, umeak bertaraino hurbil ez daitezen eta gauza suharberarik bertan sar ez dezaten.

Botikak eta garbitzeko gaiak

  • Botikak eta garbitzeko produktuak haurren eskueratik at gorde behar dira, armairu altuetan edo giltzapean.
  • Hobe da horrelako produktuen ontziek segurtasun-itxiera edukitzea, umeek ireki ahal izan ez dezaten.
  • Botikina ez dugu toki sekretu gutiziatsua bihurtu behar, umeen ikusmina ez pizteko. Hobe, haiek aurrean direla, botikarik ez hartzea.
  • Bere botikak protestarik harrotu gabe har ditzan, ez esan haurrari gozokiak direla: horrela uma bere kabuz har ditzan animatzen ari zara eta.
  • Arreta berezia eskatzen dute antitermikoek eta analgesikoek, horien kolore eta zaporeak umeei erakargarriak gertatzen zaizkielako.
  • Garbitzeko produktuak edota toxikoak beren ontzietan gorde behar dira, botila edo edarietako ontzietan sartu gabe. Erabiltzean, eduki beti-beti bistan, umeak har ez dezan.

Gogoan hartzeko egokierak eta arriskuak

Gogoan hartzeko egokierak eta arriskuak

/imgs/20060501/img.informe.01.jpg

  • Erabilera anitzeko itxierak. Hauei esker armairuak, tiraderak, komuneko tapa, hozkailu edo labeko atea itxita manten ditzakezu, haurrak horien barnerako irispiderik izan ez dezan.
    Prezioa: 3 – 15 euro.
  • Segurtasuneko itxiera. Haurrek helduleku soilak dituzten ateak ireki eta armairuetan sartzea galarazten dute.
    Prezioa: 5 – 9 euro.
  • Hatzak ez harrapatzeko segurua. Atea ixtean haurren hatzak harrapatzea galarazten duen dispositibo hau goialdean ipintzen da, txikiak bertaraino hel ez daitezen.
    Prezioa: 2 – 6 euro.

/imgs/20060501/img.informe.02.jpg

  • Ateentzako langa. Etxeko hainbat tokietarako sarrera galarazten die umeei. Eskaileretara ez gerturatzeko ere balio du.
    Prezioa: 23 – 69 euro.
  • Ohean ipintzeko babesa. Ohe alboetan instalatzen da, llo daudela umeak ohetik eror ez daitezen.
    Prezioa: 36 – 41 euro.
  • Sutegien aurreko babesa. Umeak sutontzietaraino iritsi eta eltzeetako edukia botatzea galarazten dute.
    Prezioa: 16 – 42 euro.

/imgs/20060501/img.informe.03.jpg

  • Entxufe-babesa. Umeek entxufean hatzak edo beste zernahi sartzea galarazten du. Batzuek entxufea ixten dute eta beren ziria baliatuz bakarrik ken daitezke; beste batzuek, berriz, babesa kendu behar izan gabe ere entxufea baliatzea ahalbidetzen dute.
    Prezioa: 2 – 6 euro. Hainbat aledun bildumatan daude salgai.
  • Izkinak babestekoak. Plastiko edo gomazko pieza txiki hauek altzairuetako ertz bizietan jartzen dira, umeek minik har ez dezaten.
    Prezioa: 2 – 13 euro. Hainbat aledun bildumatan daude salgai.
  • Bideoa babestekoa. Plastikozko pieza honek zintak sartzeko zirrikitua ixten du, haurrek hatzak edo beste zernahi sartzea galaraziz.
    Prezioa: 4 – 10 euro.