Infusioak

Kamamila baino askozaz ere gehiago

Infusioen aniztasuna beraien eragin terapeutikoen zerrenda bezain handia da; dena den, axolagabekeriaz hartzeak espero ez diren erreakzioak eragin ditzake organismoan
1 maiatza de 2006
Img alimentacion

Kamamila baino askozaz ere gehiago

/imgs/20060501/alimentacion.jpgInfusioak kamamila, menda, te eta ezki-urarekin bakarrik identifikatzea lehenaldiko kontua da. Sendatze-propietateak baliatzeko xedez, ur berotan murgiltzen diren landare ugari ezagutu ez ezik baliatzen dituzten pertsonen kopurua goraka doa egunez egun: lasaigarriak, bizkorgarriak, digestioa laguntzekoak, emakumearen ongizatea lortzekoak, argaltzekoak, diuretikoak, libratzen laguntzekoak, gibela garbitzekoak, arnasketa hobetzekoak… Infusioen mesedeen zerrendak ez du amaierarik baina, kontuz, dena ez baita onura hutsa: landare batzuen infusioek populazio-talde jakin zenbaitetan eragin kaltegarriak izan ditzaketenez (haur, bularreko ume, emakume haurdun, pertsona zahar eta antzekoetan) gaitz jakin batzuk nozitzen dituztenek ezin dezakete hartu edo, gutxien-gutxienez, espero ziren efektuak ez dira erdiesten behar den unean hartu ezean. Hainbat landarek, gainera, botika zehatz batzuen sendatzeko eragina areagotu edo desagertu egiten dute.

Infusioak hartzea fitoterapiaz aritzeko -landare bidez osatzeko- modu bat da; izan ere, botika askoren oinarri eragileak zuztar, zain, sustrai, lore, orri edota fruituetatik erauzten dira eta eragin horixe bera (moteldua, baina) infusioak hartuz lor daiteke. Sendabelarrak hartzeari dagokionez, tartea zabal samarra ohi bada ere, norberaren osasun egoera eta gainerako gorabeheren arabera, infusio zenbaitek alboko eraginak izan eta, noski, kontrako emaitza sortaraz dezakete.

Ur sendagarria

Landareek hamaika eratako ahalmen eta baliabide terapeutikoak dituzte: bitaminak, mineralak, olio esentzialak, taninoak, antioxidatzaileak, etc. Infusioa hartzea afekzio arinak tratatzeko unean komenigarria izan daiteke, botiketara jo ordez. Horrela gertatzen da digestioa laguntzen duten belarrekin, horietatik kontsumitzeak ez baitu eragozpenik ondorioztatzen. Landare diuretiko, lasaigarri edo bizkorgarriek organo edo sistema batzuen baitan, aldiz, eragin berariazkoago eta intentsuagoak izaten dituztenez, horien balizko alboko eraginez sendagileari kontsulta egitea aholkatzen da galdetzea, botikaren bat hartzen ari garenean, bereziki.

Digestioa eragiteko infusioak

Kamamila da egun ere digestioa laguntzeko hartzen diren landareetan erregina, multzo horretan beste hamaika espezie ere bilatzen ditugun arren: anisa, menda-belar piperita, txortaloa, mihilua, kuminoa, kanela, berbena limoi-usaina, garraiska, erregaliza, etc. Kontuan izatekoa da hainbat landare elkarren artean konbinatzeak horien efektuak biderkatzen dituela. Apetitua iratzartzen edo digestio mantsoa azkartzen dutenak mahaira eseri baino ordu erdi lehenago hartzea aholkatzen da.

Anisa, kamamila, mihilua, menda eta antzeko infusioak bero hartu behar dira, horien propietateetako batzuk beraien olio esentzialek dituztelako; olio horiek, infusioa hoztean, lurrundu egiten dira. Erregaliza ultzerak sendatzen dituela frogatua dago; landare mikatzek (boldoa, orburua etab.) gibel eta behazuneko sekrezioa areagotzen dutenez, gantzak digeritzen eta organismoa garbitzen laguntzen dute. Janari oparoen ostean hartuz gero, emaitzak aiseago nabarituko dira.

Infusio laxante eta diuretikoak

Landare diuretiko eta laxanteek gorputzeko gantzaren baitan duten efektua hutsaren pareko da baina, dena den, sendagilearen aginduz hartzea komeni izaten da. Gizakiak nozi dezakeen bolumen eta pisuaren murrizketaren eragilea hertsaturiko diuresia izan da, hots, ura eta elektrolitoen galera edo gorozkiak maizago kanporatzearen ondorioz, landare laxanteak hartu ondotik, baina gantza ez da inondik ere eliminatzen.

Kasia, frangula, azal sakratu, arabarba eta antzeko landare laxante narritagarriak seguru eta eraginkorrak dira baldin eta beherako iragankor bat (kronikoa ez dena, alegia) tratatzeko bakarrik eta behar bezainbeste hartzen badira. Desoreka elektrolitikoak eta potasio galerak eragiten dituztenez, ez da komeni egunero edo maiz hartzea, pazientea botika antiarritmikoak edo kardiotonikoak hartzen ari bada, bereziki.

Txikori belar, azeri buztan, ortosifoi, pilosela eta antzeko landare diuretikoen eraginak samur-samurrak dira, botika diuretikoenen aldean eta, gainera, eraginkorrak izan daitezke, likido-atxikipenaren sentsazioa nozitzean. Horiek kanporatzeko, dena dela, ura bezain diuretiko eraginkorrik ez da. Beste aldetik, fakultatiboaren kontroletik kanpo infusio diuretikoak erabili ohi izateak giltzurrun, bihotz edo hormonetan kausa daukan likido atxikipenarekin loturiko trastorno bat ezkuta dezake.

Infusio lasaigarriak

Eragin lasaigarria duten landareen artean ere badira insomnioa, urduritasuna eta narritagarritasuna tratatzeko unean efektu motelagoak dituztenak, hala nola kamamila, ezki edota laranjondo loreak. Landare horiek berez duten efektu lasaigarriari likido beroa hartzeak eragiten duen ongizate sentsazioa eransten zaio. Belar bedeinkatuak, pasiflorak edota elorri zuriak, adibidez, nerbio sistemaren erlaxazioan, garunaren aktibitatean eta bihotz taupaden erritmoan intentsitate handiagoz eragiten dute. Horrelakoetan eta depresioaren kontrakoak edo antsiolitikoak hartzen ari bada, hobe du pazienteak sendagilearekin kontsultatzea, bada ez bada.

Te berdea

Tea -tanino eta substantzia antioxidatzaile ugariz eta teina pittin batez osaturiko edaria den aldetik- digestioa laguntzen, aldartea bizkortzen eta apetitua mantsotzen duen landaretzat jotzen da. Te berdeari berariaz egotziriko efektuak -organismoko gantzak murriztea, energiaren gastua areagotzea, etc.- landare horren estraktuz fabrikatzen diren piluletan kontzentrazio handiagoan agertzen diren katekol izeneko antioxidatzaileen eraginarekin lotzen dira; botika horiek Espainiako merkatutik Osasun Ministerioak kendu ditu, horrelakoak hartzearen ondorioz toxikazio hepatikoren bat agertu delako. Infusioan, goian genioen bezala, eraginak horren parte txiki-txiki baten parekoak dira, antioxidatzaileen presentzia ere askoz urriagoa baita. Hortaz, te berdearen infusioa tamainaz (hiruzpalau katilu egunean) hartzearen ondoriozko etekin fisikoa diuresia azkarrago egin eta apetitua hein batean galtzea izan daiteke. Gogoan izan, gainera, edari kitzikagarria denez, horretara ohituak ez daudenek eragin hori nozi dezaketela.

Legeria

Salmenta askeko fitoterapiako produktuen -infusioak barne- kalitate eta osasun kontrola arau dezakeen legeriarik ez da sortu oraino Espainian: medikuntzan baliatzeko landare espeziez osaturiko produktuen erregistroa xedatzen duen 1973ko urriaren 3ko Agindura baizik ez da jotzen.

Lege-hutsune horrek gehiegikeria eta iruzur askotarako ateak zabaldu ditu. Aspaldi honetan bizi dugun sendabelarren erabilera eta komertzioa biziki igo denez, Espainiako Osasun Ministerioak lanean dihardu alor hori legeztatzeko. Funtsezko aurrerapausoa 2004 urtean egin zen, aipatu Ministerio espainiar horrek urtarrilaren 28ko 190/04 Agindua plazaratzean; izan ere, toxiko izatearren, berrehun bat landare ezin dira salgai jarri edo muga batzuekin bakarrik sal daitezke. Debekaturiko bat azal sakratua dago, tradizioz idorreriari aurre egiteko hartzen zena.