Autobus ekologikoak
Ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa hartzeak, adibidez, hiri handietako kutsadura urritzen laguntzen du. Autobusek ere, dena den, erregai fosila kontsumitzen dutenez, ingurugiroa hondatzen duten gas kaltegarriak emititzen dituzte. Horrenbestez, autobus ekologikoak gure kaleetan barrena ugaltzen hasiak dira, energi iturri garbiak baliatzen baitituzte erregai gisa: sukaldeko olio erabilia, hidrogenoa, gas naturala edota, areago, ardi gernua bera ere.
Ingurugiroa zaintzea dela eta, abantaila handiak erakusten dituzten arren, horrelako alternatibak herritartzea urruti dago oraino. Garraio-teknologia berrien bideragarritasuna jorratu duen Europar Batasuneko “Utopia” ikerkuntza proiektuko diren teknikariek lehen mailako zailtasunen artean alderdi ekonomikoak (gai horien prezioak, merkatuan behar bezain maiz eskuratu ahal izatea, funtzionatzeko kostuak, etc.) ipini dituzte.
Gaur-gaurkoz, behintzat, subentzioak ezinbestekoak dira prototipo horiek abiatuko badira. Espainian, adibidez, “Ecobus” proiektua garatzeko LIFE – Ingurugiroa europar programatik laguntza ekonomikoa jasotzen du Valentziak. Proiektuaren mamia, jakina denez, elikagaiak frijitzean baliaturiko landare-olioa bildu eta dagoeneko ehun ibilgailu baino gehiagok osaturiko flotaren erregai izango den biodiesel bihurtzea da, proiektuaren kostua 1,67 milioi euro izaki.
Europar Batasunaren finantzaketari esker gorpuztu den beste proiektu bat “Europarako Hiri Garraio Garbia” (CUTE, ingelesezko siglez) izenekoa da. Bertan, 2003 urtetik hona Europako bederatzi hirik (Madril eta Bartzelona, tartean) hartu dute parte. Horietako bakoitzean hidrogenozko pila-mota desberdinez hornituriko hiruna autobusen prestazioak ikertzea izan da horren helburua. Hiru autobus horiek martxan jarri ahal izateko sei milioi euro inbertitu dira eta prezio horretan, besteak beste, artapen tekniko iraunkorra sartuko da. Kontuan izan, dena den, diesel motorra daukan antzeko ibilgailu komertzial baten kostua 200.000 euro inguru dela.
Hori dela eta, datozen urteotan energi iturri alternatiboez funtzionatuko duten ibilgailu horien kopurua ugaltzea espero da. Horrelako konponbideak jeneraliza daitezen hainbat neurri hartzea proposatu dute “Utopia” proiektuaren arduradunek: gas-emisioak urritu eta zorrozki kontrolatzea, trafiko mota batzuk hiriko kaleetan debekatzea, zientzia eta automobilgintzaren gaineko ikerkuntza sustatzea, erabiltzaileak jokabidez aldatzea…
Aldeko eta kontrakoak
Etorkizun politena duten alternatibetako bat, adituen iritziz, hidrogenoa da. Erregai honen funtzionamenduaren funtsa soila da: airea eta hidrogenoaren arteko erreakzio kimikoari esker pila batzuek motorra elektrizitatez elikatzen dute; elementu kimiko hori, esate baterako, eguzki panelen bidez erdietsita, andeletan bildu eta ibilgailuei presio handiz iragaziko litzaieke. Energia garbia -ur lurruna baizik ez da emititzen bertatik- eta isila da -motorra ez baita errekuntzakoa, elektrikoa baino-.
Gas naturalaz (konprimitua, gure honi dagokionez) ari garela, honek ere eragiten du emisio kutsagarriak eta hotsak biziki murriztea. Hidrogenozko autobusek bezala, gas natural konprimituz dabiltzan ibilgailuek ere biltegi batean bete behar dituzte deposituak, motorraren premiak asetzeko moduko presio garaian, noski.
Erregai berri horiek, halaz ere, oraingoz nornahik erabiltzea ezinezko bihurtzen duten eragozpenak agertzen dituzte. Kostu ekonomiko handiez gainera, “Utopia” proiektuaren arduradunek bigarren tokian alderdi tekniko eta praktikoak aipatu dituzte: depositua betetzeko behar den denbora, ibilgailuaren autonomia, fidagarritasuna, etab. Beste hainbat faktoreren garrantzia (konforta, gidatzeko erraztasuna, etc.), berriz, atzean geratzen da.
Eragozpen horiei saihets egiteko, aditu batzuek motore konbentzionalak eta propultsio-sistema alternatiboak konbinatzen dituzten ibilgailu hibridoak erabiliz, trantsizio epe bat betetzea aholkatzen dute. Seattle-k (AEB) hiriak, adibidez, General Motors-ek fabrikatu dituen 200 autobus hibrido ditu martxan.
Valentziak 2002 urteaz geroztik daukan biodieselezko autobusen flota aurrera ateratzeko hiritarren kolaborazioa ezinbestekoa da. Lehengaia, hasteko, hiri hartako taberna, jatetxe, ikastegi, ospitale eta hotelen kolaborazioari esker erdiesten da: establezimendu horiei 25 litroko bidoia entregatu eta hurrengo batean jasoko dute proiektuaren arduradunek. Kontua da, laster, etxebizitza partikularretako biztanleek ere proiektuan esku hartzea. Espainiako beste hainbat hirik ere (Mataró, Iruñea, Santander, Bilbo) landare jatorriko dieselez dabiltzan diren autobusak dauzkate hirietan.
Erregai horien jatorriak asko dira. Winchester (Britainia Handia) herriko kaleetan zehar dabilen autobusak, adibidez, ardi gernua baliatzen du erregai gisa. Ureak daukan amoniakoak ihes-hodiko keen oxido nitrosoarekin erreakzionatu eta nitrogeno eta ur lurrun bihurtzen ditu, era horretan atmosferari kalte gutxiago eragiten zaiolarik.
Alternatiba erabilienetako bat, mundu zabaleko hamaika hiritako autobusak daramatzan hidrogenoa baliatzea da. Oraindik orain, Soria eta Leon-eko arduradun instituzionalek iragarri dutenez, udalerri horiek hidrogeno-piladun autobusak erosiko dituzte, Hychain – Ministrans europar proiektuaren baitan. Malaga, Madril, Bartzelona, Valentzia, Tenerife eta Donostiako udalek sorturiko Operatzaileen Elkarteak hidrogenozko autobusen erabilera ez ezik, erregai hori erdiesteko lantegien eraikuntza ere sustatuko du. Gas naturala, berriz, Bartzelona, Valentzia, Malaga eta antzeko hirietan dabiltzan autobusetan baliatzen da erregaitzat.