Sei edari "energetiko", laborategian

Energetiko baino zehazkiago, edari estimulagarriak dira

1 ekaina de 2002

Energetiko baino zehazkiago, edari estimulagarriak dira

Oraingoan “edari energetiko” (“energy drink”) izeneko bost produktu eta “estraktuen edari freskagarri” gisa agertzen den bat (Guaraná Lamanita) aztertu dira. Horien ekarpen energetikoa ez da handiegia: 45 kaloria baizik ez ehun mililitroko. Produktu hauen osaketa eta eraginak kontuan izaki, “edari estimulagarri” deitzea iradokitzen du OMS erakundeak.

Burbuiladun beste zeinahi edari freskagarri bezalakoak dira hauek, ur karbonatua eta azukrea baitituzte oinarrizko osagai. Beren burua energetikotzat jotzen duten edarien bereizgarri nagusia kafeina eta bitaminak edukitzea da eta, beste hainbatek, taurina, inositola, mineralak, guarana-estraktua eta bestelako osagaiak ere sartu dituzte. Horrez gainera, badauzkate metabolismoan eraginak dituzten konposatuak ere.

Ekartzen duten energia osoa azukre soiletatik dator (sakarosa, glukosa edota fruktosa), eduki osoaren %11tik %12ra bitarteko proportzioan, eta ez dute inolako gantz edo proteinarik. Portzentaje horiek kontuan izaki, xurgatze azkarreko azukreen proportzioari dagozkionez, onuragarri gerta liteke produktua likido eta energi iturritzat jotzean, iraupen luzeko kirola praktikatzen ari den bitartean hartzen bada. Edari hauek bitamina eta mineralez (elektrolitoak) ere hornitzen gaituzte; izan ere, produktu horiek 100 mililitro aski (eta gehiago ere) dira hainbat oligoelementuren (B6 bitaminarena, esaterako) eguneko kopuru aholkatua betetzeko. Beste hainbat bitaminatan (C, B2, niazina, etab.) kopurua askoz txikiagoa den arren, edukia handia da.

Nolanahi ere, edari hauen ezaugarri bereizgarriena kafeina edukitzea da: litroko 340 miligramoraino iristen da, koladun edari freskagarrienaren bikoa (dena den, katilukada bat kaferen parean dabiltza gehientsuak), alegia.

Kafeinak nerbio sistema zentrala estimulatu, muskuluen etekina areagotzen lagundu eta, energi iturritzat, gantz azidoen erabilera areagotu dezake, glukogenotik aurreztuz (hauxe baita kirola praktikatzeko energi iturri behinena). Nazioarteko Komite Olinpikoak horregatik hartzen du kafeina dopagarritzat. Dopatze horrez gainera, ongizate eta ernetasun sentsazioak induzitzen dizkio kafeinak hartzaileari.

Venezuela eta Brasilen ugari hazten den landarea da guarana; berak eraginiko efektuez hamaikatxo legenda eta istorio zabaldu izan dira, inongo berme zientifikorik izateke. Osagai nagusia guaranina du, kimikoki kafeinaren pare-paretsua. Guaranaren haziak %5,8 kafeina du (batez beste, arabika motako kafeak %1,2 baizik ez duelarik). Teofilinaz eta teobrominaz (kafeinaren efektuaren antzekoa dute biek) aparte, landare-zuntza, almidoia, erretxina, pektinak, azido tanikoa eta saponinak ere baditu hazi horrek. Guarana haziaren izaera gantzatsuari eta hainbat sustantziarekin (azido tanikoa edota saponinak, adibidez) batera nahasirik egoteari esker, guaranina mantsoago liberatzen du organismoak kafeina baino.

Edari hauek duten beste sustantzietako bat taurina da: funtsezko aminoazido baldintzatu honek (gure organismoa taurina sintetizatzeko gauza den arren, oso litekeena da une jakin batean behar bezainbeste ez egotea) gantzen metabolismoan esku hartzen du, gantz-azidoen xurgapena, garraioa eta erabilera ahalbideratuz, energia lortzeko prozesuan. Betetzen dituen beste hainbat funtzio muskulu-ehunari dagozkionez, zenbait kirol praktikatzean komenigarri izan daiteke taurina bera ere.

Laburbilduz, inoiz edo behin edariok metabolismoan aldaketak eragin ditzakete, gure organismoko energia erreserben erabilera eraldatuz, gantzen erabilera areagotuz eta glukogenoaren (karbohidratoak biltzeko mota jakin bat) gastua aurreztuz, kafeinaren eragin estimulagarria ahantzi gabe. Ez dute energia gehiegirik ekartzen baina, ikerlan zientifikoek adierazi bezala, kontsumitzailearen ernetasun maila hobetzen omen dute.

Zer daukaten, zein proportziotan

Sei laginek dauzkate azukre soilak (%12 inguruan). Red Bull laginean sakarosaren proportzio handia (%8) nabarmentzen den bitartean, gainerakoen eduki erlatiboa urria da (%1etik %2ra Guaraná Lamanita eta Speed Unlimited laginetan) edo hutsaren hurrengoa. Red Bull laginak ez du ia fruktosarik erantsi baina beste gainontzekoetan proportzioa %5etik %6ra inguruan dabil. Gainerakoek baino glukosa (%2,6) gutxiago du, besteak %6 inguruan dabiltza eta. Gure organismoak sakarosa azkarrago xurgatzen du glukosa baino eta askoz ere azkarrago fruktosa baino.

Kafeinaz ari garela, alde handia dago lagin batetik bestera: 6mg/l Guaraná Lamanita laginekoa 6 mg/l den bitartean, 341 mg-etaraino iristen da Red Bull markakoa. Kafeinaren bigarren proportzio apalena B52 laginarena da (263 mg/l), ondotik Guaraná Natural (300 mg/l) datorkiola. Bost edari hauen kafeinaren edukia katilukada baten parekoa da.

Kontsumitzaileak ez ditu produktu hauek axolagabekeriaz hartu behar, are eta gutxiago kafeinaren aurrean hipertsentsibilitatea, hipertentsioa edota bihotzeko arazoak nozitzen dituztenek.

Beste aldetik, Guaraná Lamanita eta Guaraná Natural laginek etiketan ez dute aipatzen guarana-estraktuaren edukirik. Pentsatzekoa da Guaraná Lamanita laginak oso gutxi daukala, azterketan atzemaniko kafeina-kopurua txiki-txikia zelako. Guaraná laginean -guarana-estraktuaz gainera kafeina ere badu-, berriz, guaranina eta kafeina kimikoki berdin-berdinak direnez, ezin bereiz daiteke guarana-estraktua kafeinaren guztirako edukitik. Taurina ugari atzeman da Dynamite (4,6 g/l) eta Red Bull (4,0 g/l) laginetan, eta dosi txikiagotan Speed Unlimited (0,7 g/l) eta B52 (0,5 g/l) markakoetan. Guaraná Lamanita eta Guaraná Natural laginek ez dute aminoazido horren aztarnarik agertzen.

Bukatzeko, bitaminen edukia aztertu zuten laborategian. Guaraná Lamanita (produktu honetan ez zen inongo bitaminarik atzeman) laginak izan ezik, beste guztiek daukate B6 bitamina: 4 mg/l-tik hasita (Speed Unlimited eta Guaraná Natural) 24-25 mg/l-raino (Dynamite eta Red Bull). Azido pantotenikoa ere denek dute 23-24 mg/l-tik (B52 eta Red Bull) 5-6 mg/l-raino (Dynamite eta Guaraná Natural). C bitaminari dagokionez, Speed Unlimited eta Guaraná Natural laginek antzeko proportzioan daukate (138-139 mg/l), B52 laginaren (231 mg/l) azpitik. Niazina edo B3 bitamina agertu zen Red Bull (81 mg/l), B52 (62 mg/l) eta Guaraná Natural (34 mg/l) laginetan. Riboflabina edo B2 bitamina, berriz, Red Bull (6 mg/l), Guaraná Natural (3,2 mg/l) eta Dynamite (0,9 mg/l) laginek daukate. Beste hiru bitamina ere agertu ziren: azido folikoa (B52 laginean bakarrik: 0,64 mg/l), biotina (Speed Unlimited laginean bakarrik: 0,32 mg/l) eta B12 bitamina (Red Bull laginean bakarrik: 23,9 mikrogramo litroko). Elementu horietako batzuen proportzio handia deigarri gertatzen da: Red Bull lata batek egun osoan hartu behar dugun azido pantotenikoaren %100, B6 bitaminaren %310, B3 bitaminaren %113, B2 bitaminaren %94 eta, harrigarriena, B12 bitaminaren %598 ekartzen digu. Kopuru horiek kaltegarri gertatzen ez diren arren, edariok ez dira hartu behar gehigarri bitaminiko gisa. Guaraná Lamanita laginak bakarrik ezarri ditu kontserbagarriak (sorbikoa eta benzoikoa: 326 mg/l, guztira). Bien batuketak kontserbagarri horiei legez onetsitako gehienekoa (400 mg/l) gainditzen ez badu ere, berari dagokionaren gainetik dabil benzoikoa: 289 mg/l daukalarik, arauak 150 mg/l baino gehiago ez du onartzen.

Etiketan, irregulartasun ugari

Izendapenean Lo más prohibido (hau da, “Dagoenik debekatuena”, Speed Unlimited laginean) edo antzekoak agertzea, legearen ikuspegitik, ez dago zeharo garbi. Elikagai bati ezin egotz dakizkioke berak ez dituen ezaugarri edo eraginak. Hala eta guztiz, sei laginetako bitan esaten dena nekez froga daiteke: Guaraná Natural laginak: “Amazoniako guarana naturala bertako aborigenek hartzen dute eragin suspergarri ahaltsuak dituelako; hartzen duena kemen eta indarrez hornitzen du edariak”. Red Bull laginak dio “Taurinarekin, suspertu gorputz eta gogoa”.

Izenburuan azaldu edo etiketan nabarmentzen bada osagaietako bat, kuantitatiboki ere agertu beharra dago. Horrenbestez, Guaraná Natural eta Guaraná Lamanita laginek, guarana-estraktuaren portzentajea adierazi behar dute, baina ez dute horrela egin. Guaraná Natural laginean guaranaren “eragin suspergarriak” aipatzen dira: nekez lor daiteke horrelakorik guarana hori oso dosi txikitan baldin badago, lurringarri gisa bakarrik. B52 laginaren osagaien zerrendan akats bat atzeman zen, bertan agertzen baita: “Acidulatzailea: taurina”, baina seguruenik azido zitrikoa aipatu nahi zen. Guaraná Lamanita laginean, gainera, lotea eta iraungipen-data ezin egiazta daitezke erosteko unean, dauden tokian daudelako.

Alderdi onuragarrietan, Guaraná Lamanita laginak izan ezik, denek jarri dute informazioa energi kopuruaz, proteinez, gantzez, karbohidratoez eta bitaminez. Dynamite laginak bakarrik dakar mineralei buruzkoa. Red Bull eta Dynamite laginek ohar hau erantsi dute, espainieraz: “Diabetikoei eta kafeinarekiko hipersentsibilitatea agertzen duten pertsonei ez zaie edari hau hartzea aholkatzen” eta B52 eta Speed Unlimited markakoek haurrak ere sartu dituzte aholku horretan. Guaraná Natural laginak dioenez, “Kafeina-eduki handikoa denez, kopuru mugatuan hartu beharra dago” eta, ondoren, diabetikoei, kafeinarekiko hipersensibilitatea dutenei eta haurrei ez hartzea aholkatzen zaiela.

Ondorioak

Laborategiak egiaztatu duenez, Guaraná Lamanita laginean kafeina 6 mg/l-ko proportzioan agertzen den arren, gainontzeko bost edarietan sustantzia horren kopurua litroko 263 miligramotik 341 miligramoraino doa. Beste alde batetik, Dynamite eta Red Bull laginek taurina (4 eta 4,6 g/l) askotxo daukate, eta Speed Unlimited eta B52 laginek, aldiz, askoz ere gutxiago (0.7 eta 0.5 g/l). Guaraná Lamanita (ez du etiketan adierazten kafeina daukanik) eta Guaraná Natural laginek guarana-estraktua daukate (guaranina, kafeinaren pare-pareko sustantzia), baina horren portzentajerik ez dute aipatzen. Bitaminei goazkiela, Guaraná Lamanita da horrelakorik sartzen ez duen marka bakarra. Gainerako bost edariek azido pantotenikoa eta (besteak beste) B6 bitamina erantsi dituzte. Red Bull da denetan bitamina gehien dauzkana.

Dastatze probako emaitzak apal-apalak izan ziren: dastatzaile gehienek edariok ondo ezagunak dituzten arren, lagin bakar bat ez zen 6,5 puntuetara iritsi; areago, seietako hiru (B52, Guaraná Natural eta Speed Unlimited) ez ziren proba gainditzeko gauza izan. Guaraná Lamanita izan zen oro har kalifikazio hoberenekoa (6,1 puntu).

Etiketan hainbat irregulartasun atzeman ziren: Speed Unlimited laginak agertzen duen azalpena (Lo más prohibido, hots, “Dagoenik debekatuena”) ez da arauaren araberakoa; Guaraná Natural laginak bere buruari aitortzen dizkion ezaugarrietako batzuk nekez froga daitezke eta, nahiz bi edariak guaranaz eginak diren, ez batak ez besteak dio nolako proportzioan daukan sustantzia hori, araua nabarmen urratuz.

Denetan merkeena Guaraná Lamanita da, 0,54 euro kostatzen baita 200 ml-ko botilatxoa; garestiena, berriz, Guaraná Natural (1,21 euro 250 ml-ko lata). Produktu hauek oso bereziak direlako eta baten osaeratik beste batenera sekulako aldeak daudenez, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena zein den aukeratzea bidezko ez zela erabaki da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

“Edari energetiko” edo “energy drink” deituriko bost produktu eta bere burua “estraktuen edari freskagarri” gisa jotzen duen bat (Guaraná Lamanita) aztertu dira oraingoan.

  • Denek dute ur karbonatatua eta azukrea oinarri. Bost edari “energetikoek” kafeina eta bitaminak erantsi dituzte eta horietakoren batek taurina, inositola, mineralak, guarana-estraktua eta beste hainbat sustantzia.
  • Energia-ekarpen txikikoak dira (45 kaloria/100 ml) denak, azukre soiletan oinarrituak (sakarosa, glukosa edo fruktosa). Gantz eta proteinarik ez dute bat ere. Izenak izen, “edari estimulagarri” deitu beharko lirateke.
  • Kafeina: 6 mg/l baizik ez Guaraná Lamanita laginean; gainerako bost “edari energetikoetan”, aldiz, 263 mg/l-tik 341 mg/l-raino.
  • Dynamite eta Red Bull laginek taurina daukate (aminoazido bat). Baita Speed Unlimited eta B52 laginek ere, baina askoz ere gutxiago.
  • Guaraná Natural eta Guaraná Lamanita laginek guarana-estraktua daukate (sustantzia horrek guaranina dauka, kafeinaren berdin-berdina).
  • Bitaminak: Guaraná Lamanita da horrelakorik erantsi ez duen bakarra. Beste bostek azido pantotenikoa eta B6 bitamina (besteak beste) ipini dituzte. Red Bull da bitamina gehien dauzkana.
  • Dastatze proban sei laginetatik hiru ez dira 5 puntura iritsi. Denetan hoberena, Guaraná Lamanita (6,1 puntu), merkeena ere bada: 0,54 euro 200 mililitroko botilatxoa.
  • Etiketan, irregulartasunak: “Speed Unlimited: Dagoenik debekatuena”, arauaz bestelako azalpena da. Guaraná Natural eta Red Bull laginek nekez froga daitezkeen eraginak aitortzen dizkiote bere buruari. Guarana daukaten bi laginek ez dute horren portzentajea adierazi.
Guaraná Lamanita Dynamite Red Bull Speed Unlimited Guaraná Natural B52
Prezioa (euroak aleko) 0,54 euro 1,11 euro 1,11 euro 0,97 euro 1,21 euro 0,72 euro
Fruktosa (%) 5,4 5,7 0,6 5,0 5,8 5,9
Glukosa (%) 6,1 6,4 2,6 5,5 5,9 6,1
Sakarosa (%) 1,1 0,0 8,0 1,8 0,1 0,2
Azukreak, guztira (%) 12,6 12,1 11,2 12,3 11,8 12,2
Sorbikoa (mg/L) 37 0 0 0 0 0
Benzoikoa (mg/L) 289 0 0 0 0 0
Taurina (g/L) 0 4,6 4,0 0,7 0 0,5
Kafeina (mg/L) 6 336 341 322 300 263
C bitamina (mg/L) 0 0 0 138 139 231
Ázido pantotenikoa (mg/L) 0 5 24 13 6 23
B6 bitamina (mg/L) 0 23,6 24,8 4,1 4,0 7,4
B3 niazina (mg/L) 0 0 81 0 34 62
Riboflabina B2 (mg/L) 0 0,9 6 0 3,2 0
Azido folikoa (mg/L) 0 0 0 0 0 0,64
Biotina (mg/L) 0 0 0 0,32 0 0
B12 bitamina (m g/L) 0 0 23,9 0 0 0
Dastaketa (1 – 9) 6,1 5,5 5,6 4,2 4,8 4,8

Banan-banan

Edari "energetikoak", banan-banan

GUARANÁ LAMANITA

  • 0,54 euro aleko (200 ml), 6 aleko pack-a.
  • Azalpena: “Estraktuen edari freskagarria. Alkoholik gabea”. Kontserbagarriak dituen bakarra: sorbikoa eta benzoikoa (honetarako legeak onartua duen muga gainditurik). Kafeina gutxien (6 mg/l) eta azukre gehien (%12,6) daukana. Guarana-estraktuarekin egina. Etiketari buruzko araua urratzen du, estraktu horren proportziorik ez baitu adierazten. Lote zenbakia eta iraungitze data ikustea galarazten du kartoiak.
  • Dastaketan hoberena, 6,1 puntu: “Xuabea, kola edo gozo zaporea. Intentsitate ahuleko zaporea eta gas gehitxo”.

DYNAMITE

  • 1,11 euro aleko (250 ml).
  • Azalpena: “Edari energetikoa, taurina, kafeina, bitaminak eta mineral gatzak dituena”. Taurina gehien daukana (4.6 g/l) eta kafeina edukian bigarrena (336 mg/l). Azido pantotenikoa (gutxi: 5 mg/l) eta B6 bitamina (eduki handietan bigarrena: 23,6 mg/l) erantsi ditu.
  • Dastaketan, 5,5 puntu: “Freskagarria, gozoa, zapore sakonekoa. Usain eta eferbeszentzia onekoa. Xarabe-zapore bizia”.

RED BULL

  • 1,11 euro aleko (250 ml).
  • Azalpena: “Edari energetikoa, taurina daukana”. Besteek ez bezalako azukre-edukia: sakarosa gehiago eta glukosa eta fruktosa gutxiago. Kafeina (341 mg/l) gehienekoa. Bitaminak: kopuru handienekoa, aukera zabalenekoa. B12 bitamina erantsi duen bakarra.
  • Dastaketan, 5,6 puntu: “Hondar-zapore onekoa. Kolore eta usain txarrak, gas gehitxo”.

B52

  • 0,72 euro aleko (250 ml). Merkea.
  • Azalpena: “Energy Drink”. Taurina gutxien (0,5 g/l) eta kafeina gutxien daukana, “edari energetikoetan” (263 mg/l). C bitamina (gehien daukana: 231 mg/l), azido pantotenikoa, B6, B3 eta azido folikoa erantsi ditu. Osagaien zerrendan akats bat (“Azidulatzailea: taurina”).
  • Dastaketan, 4,8 puntu, txarrenetako bat. “Botika zaporea, mikatz-garratza. Usain txarrekoa”.

GUARANÁ NATURAL

  • 1,21 euro aleko (250 ml). Denetan garestiena.
  • Azalpena: “Edari energetikoa”. Taurinarik ez, baina kafeina eta guarana-estraktua dauzka. Etiketan, gehiegikeria: kontsumitzailea suspertzeko modukoa dela dio. Guarana-estraktuaren kopururik aipatzen ez duenez, araua urratzen du. C bitamina, azido pantotenikoa, B6 (gutxien jarri duena), B3 eta B2 bitaminak ipini ditu.
  • Dastaketan txarrenetako bat, 4,8 puntuz: “Freskagarria baina izugarri garratza. Gas gehiegi”.

SPEED UNLIMITED

  • 0,97 euro aleko (250 ml).
  • Azalpena: “Edari energetikoa”. Azalpen (“Dagoenik debekatuena”) okerra. C bitamina (jarri dutenetan, hauxe da eskasena), azido pantotenikoa, B6 bitamina eta biotina erantsi ditu.
  • Dastaketan, txarrena: 4,2 puntu baizik ez: “Garratza, mingotsa, mikatza. Zapore ahulekoa”.