Uda parteko jarduerak aprobetxatu daitezke umeak besteekin bizitzen, eskarmentua partekatzen eta autonomo izaten ikas dezan
Etxeko txikiek ere deskonektatu egin behar dutelako
Espainian, hiru milioi eta erdi haurren gurasoek urteroko erronka dute berriro ere uda honen aurrean: Zer egingo ote dugu umeekin? Etxeko txikientzat oporraldia atseden eta atseginaren pareko delarik, aitamen ikuspegitik beste estres bat eta beste hamaikatxo buruhauste esan nahi du, hilabete bakarreko atsedenaldia dute eta. Kontua, beraz, ez da batere erraza: haurren aisialdiko orduak betetzea, beraien jarduerak gainbegiratuko dituen heldu baten laguntzarekin, ahal dela. Ikasgaiak, etxeko lanak, ikastorduak, eskolaz kanpoko jarduerak eta ikasturtean zehar eguneroko bizitzaren osagai diren eginbehar guztiak, denbora tarte batez bederen, bazterrean uzteko moduko oporraldiaren premia baitu ume txikiak, helduak legetxe. Uda partean ere, famili giroz kanpo egun batzuk pasatzeko aukerak ugariak dira, eta era askotakoak.
Aukerarik egokiena, haren zaletasunen, premien eta, batez ere, haren adinaren arabera hautatu beharko da. Udalekuak, udako eskolak, hizkuntza eta kirol eskolak… aukera guztiak dira balekoak ikastetxeko oporraldiak eta helduarenak bat ez datozenean. Hasiera batean hezkuntzaren euskarritzat planteatzen zen hura, etxeko txikiak entretenitzeko modu atsegin eta praktiko bilakatu da, gurasoek lanean diharduten bitartean. Oporraldiez gozatzeaz gainera, umeak beste umeekin bizitzen, eskarmentuak izaten eta autonomo bihurtzen ikasten du. Etxekoengandik urruti, autosufiziente izaten ikasten du umeak, ohiz egiten ez dituen zereginez arduratu behar izaten duelako: mahaia prestatu eta jaso, ohea zabaldu edota bere gauzak antolatzea, adibidez.
Aiton-amonak, eskurako aukera
Egitura sozial berrietan aita eta ama dabiltza lanean: hor egiazko arazoa da umeaz nor arduratuko den erabakitzea. Biderik seguruen eta merkeenetako bat, gehienetan, txikiak aiton-amonekin uztea.
Uda partean aiton-amonek betetzen duten kanguru eginkizuna, gehientsuenetan, alderdi guztientzat biziki mesedegarri gertatzen da: haurrentzat, familiaren bilakaera eta jarraitasunaren kontzeptua ulertzen laguntzen dielako, beraien afektibitatea hobetzeaz gainera; gurasoentzat, seme-alabak esku onetan utzi izana bermatzen dielako, eta doan utzi ere (aiton-amonak ez du kobratzen lan hori egitearren) eta zaharrentzat, berriz, baliagarri eta bizirik sentitzen delako.
Udalekuak
Alternatibarik eroso eta seguruena, etxeko txikienentzat batik bat (4 urte bete berriak dituen umea joan daiteke bertara). Lojamendua, talde handiei ostatu emateko prestaturik dauden aterpetxe edo antzekoetan egiten da. Bertan garatzen diren programak jarduera ludikoek eta pedagogikoek osatzen dituzte. Zaindarien begiradapean egiten dira txangoak, jolasak, sortze-lanak, antzerkia, kirolak eta hizkuntzak ikasten dira. Haur txikientzako honelako topaketak antolatzeko ardura ikastetxe, udal eta diputazioek hartzen dute urtero. Burgosko Aurrezki Kutxak, adibidez, 10 eta 12 urte bitarteko haur burgostarrei Saldañuela errenazimenduko jauregian hainbat egun pasatzeko aukera eskaintzen die. Horrelako udalekuetako egonaldia 145 euro inguru kostatzen da. Udalekuak antolatzen dituen beste finantza-erakunde bat BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa) da. Erakunde horren Gizarte Ekintzako udalekuetan 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutikoek hartzen dute esku.
Kanpamenduak
Udalekuen tankerakoak direlarik, honelakoetan natura-gune aukeratuetan behin-behingoz altxaturiko kanpin dendetan bizi dira haurrak, naturarekiko harremanak sendotuz. Horrez gain, bizimodu horrek auzolana eta elkarbizitza garatzen laguntzen du eta arintasuna eta psikomotrizitate ona hobetzen.
Ingurugiroarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak praktikatzen dira kanpamenduetan: animalia eta landareak aztertzea, inguruetatik oinezko txangoak egitea, etab.
Arestian, era askotako abenturez osaturiko jarduerak jarri dira modan: horrelakoetan, irakasle eta zaindari adituen begiradapean hainbat kiroletan hastapenak egin ditzakete haurrek: eskalada, bela, ekitazioa, mendiko bizikleta, piragua, gezi-jaurtiketa, etab.
Udal, diputazio, ikastegi eta kultura alorreko erakundeek antolatu ohi dituzten udako kanpamendu horietan 15 eguneko egonaldi bat 90 eta 390 euro bitartean kostatzen da.
Baserri-eskolak
Horrelako zentroetan baserri mundua ezagutzen hasiko da kalekumea: behia jezten edota oiloei arrautzak biltzen ikasiko dute, baratzea prestatuko dute, ogia eta gailetak egingo dituzte, etab. Horrekin batera, beste hainbat jardueratan ere har dezakete parte, hala nola antzerki tailerretan, eskulangintza, kirol edo hizkuntza eskoletan.
Establezimenduaren izaeraren (publiko ala pribatu) arabera aldatzen da prezioa. Astebeteko egonaldiaren kostua 180 euro ingurukoa da.
Ludoteka, hiritarren aisia
Hiritik kanpora irten beharrik izateke, haurrak egun osoan ezer egin gabe emateari alternatiba eskaintzen diote. Udal eta erakundeek sustaturik, haurra informalki hezteko ikuspegitik zuzenduriko aisia-gunea da ludoteka. Bestela esateko, jarduera ludikoen bitartez, hezkuntza-alorreko hainbat helburu betetzea dute xedea. Horrelako zentroek haur edo gaztetxoari etxean ez dauzkan jokoak (prezio handikoak direlako) baliatzeko aukera ematen diote. Horrez gainera, heziketan profesionalak diren bizkortzaileek antolatutako jolas eta jokoetan ere esku har dezakete. Elkar eragintza eta auzolanaren bitartez, alderdi fisiko, emozional eta kognitiboa garatzen dituzte adin bertsuko haurrek, hainbat eratako jarduerei esker.
Hiriko kirola
Garai aproposa da uda haurrak kirolen bat praktikatzen segi edo hasteko. Oso modu onean hamaikatxo ikastaro antolatzen dituzte udalek, udal kiroldegiek eta klub pribatuek.
Madrilen, Club Estudiantes elkarteak entrenatzeko kanpusa jartzen du aspaldian: eguneko jarduera delarik, 6 eta 14 urte bitarteko haurra, eguna amaitutakoan, etxera joango da berriro. Kanpus itzaltsu horren prezioa 239 euro da.
Etxeko txikienentzako udako kanpus eta eskolak futbol taldeek ere antolatzen dituzte. Valencia C. F elkarteak aurten bigarren aldiz antolatu du 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoentzako kanpusa: uztailean astebete osoa (gauak barne) eman dezake umeak 450 euroren truk. Gaua etxean igarotzeko aukera ere ematen du, prezioa 270 euroraino jaitsita. Egonaldi horretan, futbolera zuzenduriko ariketa fisiko eta entrenamenduez gainera, ingeles eta igeriketa eskolak, elikadura eta bizimodu osasuntsuari buruzko mintzaldiak ematen zaizkie gaztetxoei.
Espainiako kostaldean, ur-kiroletan hasteko hamaika ikastaro eta egonaldi topatuko ditugu. Valentzia eta Andaluzia erkidegoetako itsas ertzeko herri gehienetan udalek bela, nabigazio eta urpeko jardueren ikastaroak antolatzen dituzte. Prezioetan, alde handiak: 87 eurotatik hasita, 421 euroraino, Greenpeace-ren Zorba belauntzian sei eguneko nabigazioa egitearren.
Bilboko Udalak bertako 6 eta 12 urte bitarteko haurrei era guztietako kiroletan hasteko aukera ematen die: labainketa, herri kirolak, tenisa, aerobicka, badmintona, hipika, surfa eta piraguismoa dira bilbotar txikiek praktika ditzaketen kiroletako batzuk, gurasoek ikastaro horiengatik 30 euro ordainduz gero.
Hizkuntza ikastaroak
Geroz eta zaletu ugariago duen ekintza, kanpamendu, aterpetxe edo udalekuetan antolatzen diren hizkuntza ikastaroak dira. Lau urtetik aurrera, haurrak udako oporraldien zati bat hizkuntza bat ikasten eman dezake, bestelako jarduera osagarriekin batera: tailer kulturalak, musika edota kirolak, adibidez. Natura gunean 15 eguneko ingeles ikastaroa 206 eta 600 euro bitarte kostatzen da.
Hona beste aukera bat, adin batetik aurrera (gaztetxoa autonomo izaki, familiarik gabe astebete baino gehiago jasateko gauza denean), noski: umeak beste herrialde batera bidaltzea. Aukera-sorta zabala da: nerabe eta aurre-nerabeentzako barnetegietatik (hizkuntza eskolak, ibilaldi antolatuak, ikastetxeko lojamendua, adin txikikoez erabat arduratzen diren zaindariak) hasita, haur edo gaztetxoa familia batekin bizitzeko etxe partikularrak bilatzen dituzten erakunde pribatuetaraino. Familian baitako egonaldiaren prezioa, hizkuntza-eskolak eta antolatutako hainbat ekintza barne, 1.560 eurotik hasi (Frantzian hilabete) 1.953 euroraino doa (lau aste Ingalaterran). Barnetegiko egonaldiak bikoiztu egiten ditu prezio horiek.
Jarduera aukeratu aurretik...
- Baliozta itzazu zure seme-alabaren zaletasun eta gaitasunak eta bila itzazu haren garapen psikologiko eta sozialaren araberako jarduerak.
- Haurtxoei gehien komeni zaizkien jarduerak, beste mutiko-neskatoekin harremanetan izatea ahalbideratzen dietenak dira, ingurune naturalean, ahal dela: udaleku, kanpamendu, kirol-kanpus eta antzekoak.
- Umea udaleku edo kanpamenduetara estreinakoz joatean, ingurune berrian zenbat eta elementu ezagun gehiago aurkitu, orduan eta errazago izango du ateraldia.
- Jakinaraz iezazkiozu xehetasun guztiak, eraman ezazu prestakuntzarako bilera guztietara, eutsi haren ilusioari pizturik. Halaz ere, joan nahi ez badu, errespeta ezazu haren nahia, senti dezakeen beldurra leporatu gabe.
- Zeinahi ekintzatan seme-alabarik inskribatu aurretik, ziurta ezazu haurrez arduratuko diren monitoreek beren jarduerari dagokion titulua badaukatela. Kirol monitoreek dagozkien federazioen agiria izan behar dute.
- Eska ezazu istripu-arriskuak estaltzen dituen asegurua.
- Ezbehar edo ustekabeko antzekorik gertatuz gero nori abisatua izateko, eman antolatzaileei telefono-zenbakia.
- Ziurtatu instalazioak higiene eta segurtasun egoera egokian daudela. Oporraldi-gune guztiek udal lizentzia eta jardueren egitaraua eduki behar dituzte. Horrela ez bada, ez fidatu.
- Haurra hizkuntza bat ikastera beste herrialde batera bidaltzen baduzu, famili giroan bizi dadin, apunta ezazu arduradunaren telefonoa eta jakin ezazu haurra jasoko duen familiaren ohitura, ordutegi, harreman eta besteren berri.
- Zure txikiak gaixotasunen bat duelako botikak hartu behar baditu, eman horren berri oporraldi guneko arduradunei. Ez ahantzi txertoen txartela eta Gizarte Segurantzako txartelaren kopia. Zure seme-alabak alergiarik nozitzen badu, jakinarazi monitoreei.
- Ez da gehiegizko neurria haurrak bere nortasun agiria edo bestelako dokumenturen bat edukitzea, bertan bere helbidea eta harremanetan jartzeko telefonoa ageri direla.
- Ekipajeak arina behar du izan: kotoizko arropa erosoa, euritarako jantziak, toaila, garbitzekoak, kantinplora, linterna eta ohiko tresnak osatuta. Jarri gauza guzti-guztietan haurraren izena.
Haurrentzako parkeak
Jatorri anglosaxoikoak izaki, haurrentzako parkeak AEB eta Ingalaterrako fast food-eko jatetxeetan ikusi ziren estreinakoz. Pixkanaka, eskarmentu hori azalera handi eta antzekoetara hedatu zen, gurasoek erosketak egin edo aisialdia gozatzen duten bitartean, haurrek denbora-pasa atsegina izan dezaten.
Espazio zabal-zabalak dira parke horiek eta, esan bezala, gaztetxoek ongi pasatzea dute xedea. Horretarako, hamaikatxo jarduera egiteko aukera ematen dieten tresneriak eta instalazioak dituzte haurrek eskura: txirristak, bolaz beteriko kaiolak, jolas sinbolikoa betetzeko espazioak, eraikuntzarako txokoak, marrazteko mahaiak eta, kasuren batean, koxkorrentzako euskailu informatikoak ere bai.
Urtebetetik hamabi urte bitarteko umeentzakoak izaki, zentro horietan diren monitoreen zeregin nagusia parkeak eskaintzen dituen jolas jardueren ardura eta antolamendua da. Egunero zabalik daude, 10etatik ilunabarreko 9ak arte; orduko 3 eta 4,80 euro kostatzen dira.
Erakunde batzuek, Nafarroako Aurrezki Kutxak adibidez, uda partean “Pequeland” eta “Txiki-Park” haurrentzako parkeetan berariazko jarduerak antolatu dituzte Club 10 txartela dutenen seme-alaba txikienentzat.