Erabili egin behar dira, larruazalak badu memoria eta
Uda iristean, ia ezinbestekoa da kolore beltzaran erakargarria edukitzea eta badirudi edozerk balio duela eguzki-kolore desiragarri hori lortzeko. Urtea joan eta urtea etorri, eguzki-izpien eragin kaltegarrien berri gogorazten digute garai hauetan urtero dermatologoek: erredurak, garaiz aurretik larruazala zahartzea, melanomak…; baina kolore onaren moda errotuegi dago gure artean. Beraz, eguzkia hartu behar badugu, erantzukizunez jokatzea komeni da. Iazko erredurak sendatu zirela pentsatzeak ez du balio: larruazalak memoria dauka -pilatu egiten ditu jasandako gehiegikeria guztiak- eta eguzkia hartzea utzi eta gerora ager daitezke arazoak.
Zergatik kremak erabili?
- Behar bezala erabiliz gero, eguzkiarengandik babesteko lagunik onenak dira, erredurak gertatzeko arriskua eta intentsitatea murriztu egiten baitute, izpi ultramoreak (UV) blokeatu egiten dituztelako.
- Eguzki larregi eta babesik gabe hartzeak dituen bigarren mailako efektuak izan ohi dira larruazaleko erredurak, garaiz aurreko zahartzea, melanomak…
- Larruazalak memoria dauka eta kalteak metatu egiten dira.
- Kolore iraunkorra lortu eta larruazala ez zigortzeko, apurka-apurka eta babestuta hartu behar da eguzkia.
Beltzarantzeko krema nola aukeratu
- Fotobabesle bat erosi aurretik, egiaztatu UVB izpien aurkako babes-filtroak dituela -horiexek eragiten dute beltzarantzea, baina baita eritema eta erredurak ere-; eta UVAren aurkako filtroak -oso azkar ematen dute kolorea, baina zimurrak, orbanak, larruazala zahartzea eta minbizi prozesuak sortu ohi dituzte-.
- Alde handia dago uda mendi puntan edo hondartzan pasatzearen artean. Izpi ultramoreen eragina askoz ere indartsuagoa izaten da altuera handietan eta babes-faktore altuko krema erabili behar dela esan nahi du horrek, 15etik gorakoa. Eguzki-izpiek larruazala zenbat eta bertikalago jo, orduan eta arriskutsuago izango dira eta orduan eta babes-neurri gehiago hartu beharko dugu.
- Larruazal argi eta sentiberakoa bazara, edo kuperosia izateko joera baduzu, babes maila handiko kremak erabili behar dituzu (30 eta 15 bitartekoak). Eguzkia ongi jasaten duten horietakoa bazara (larruazal normal edo beltzaranak), 15etik beherako Indizea daukaten kremak ere erabil ditzakezu.
- 20 faktoretik beherako kremarik ez dela erabili behar esaten dute dermatologoek behin eta berriz. Izan ere, hala ez iruditu arren, babes handia erabiltzeak beltzaran jartzea eragotzi beharrean, kolore beltzaran iraunkorragoa ematen du eta larruazalak ez du sufritzen.
- Gorputzeko zenbait tokitan -aurpegian, ezpainetan, paparrean…- babes-indize altuagoko eta zimurren aurkako osagai aktiboak erabiltzea komeni da.
Haurrak, nerabeak eta zaharrak
- Neurri bereziak hartu haur, nerabe eta zaharrekin. Hiru urte bete arte ez jarri haurrak eguzkitan eta eguzki-babes bereziak erabili, indize altukoak (25etik gorakoak) eta ura jasaten dutenak. Sarri-sarri eman produktua haurrari eta babestu kamiseta, txano eta betaurrekoekin. Zaharrekin ere hartu babes-neurri horiek.
- Akne daukaten nerabeek ere ez dute babesa albora utzi behar, eguzkiak granoak “lehortuko” dizkielakoan. Aknedun larruazalak okertu egiten dira sarri eguzkia hartu ondoren.
- Ez zalantzarik izan babes osoko kremak erabiltzeko, zure larruazala oso sentibera baldin bada edo kuperosia, oreztak, orbanak edo orbain berriak baldin badituzu.
Eguzkitarako krema nola eman
- Azalak lehor behar du krema emateko; eman krema eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago eta ugari. Eman berriro bi ordutik behin eta bainu bakoitzaren ondoren.
- Sarritan bainatzea gustatzen bazaizu, ura jasaten duten produktuak erabili. Waterproof direlakoek bermatu egiten dute ontzian jartzen duen babes-maila, uretan 80 minutuz ibili ondoren ere. Water resistant izenekoek, 40 minutuz bakarrik.
- Ez sekula erabili ez edari freskagarririk, ez garagardo eta antzeko produkturik beltzarantzeko; babesik ez emateaz gain, fotosentiberatasuna areagotu egin dezakete eta eguzkiaren erredura neurri gabe handitu.
- Ez hartu eguzkirik larruazalean makillaje edo lurrin hondarrak dituzula; martxak ager daitezke.
Kontuz urarekin eta hondarrarekin
- Gogoan izan urak eta hondarrak hurrenez hurren %50 eta %35 islatzen dituztela eguzki-izpiak eta areagotu egiten dela larruazalean eragiten duten kaltea.
- Ez jarri eguzkitan 12:00etatik 16:00etara; ordu horietan bertikalki iristen dira eguzki-izpiak eta, beraz, UBA eta UVB erradiazioak (ultramoreak) indartsuagoak izaten dira.
- Babestu larruazala egun lainatuetan ere. Laino meheetan pasa egiten dira UVB izpiak, erredura eragile nagusiak.
- Beltzaranduta egon arren, ez utzi krema emateari. Larruazal beltzaranak erreduren aurrean hesiarena egiten duen arren, ez da hala gertatzen izpi ultramoreen aurrean, larruazalean sartu eta zeluletan kalteak eragiten baitituzte.
- Eguzkia hartzen zauden artean ez ihinztatu urik larruazalera; ur tantoek luparena egiten dute azalean eta bizkortu egin dezakete erredurak agertzea.
Kremak nola zaindu
- Eguzkitarako babesleek urtebete inguruko iraupena izan ohi dute. Denbora hori pasatakoan baliteke eraginkor ez izatea eta larruazalean erreakzioak sortzea, batez ere hondartzan edo autoan tenperatura handitan egon badira, filtroak ez baitira egonkorrak eta hondatu egiten baitira.
- Zaindu kremak ondo, erabiltzen dituzun bakoitzean produktu eta harea-hondarrak ondo garbituta eta leku fresko eta lehorrean gordeta.
- Aurreko udako kremaren bat baduzu, begiratu kolorea, testura edo usaina aldatu zaion. Konposizioa aldatu ez bazaio, arazorik gabe erabil dezakezu.