Oinekin aukeratu behar da, ez begiekin
Alde batetik bestera eraman eta egun osoan zehar gure pisuari eusten diote, sarritan takoi larregi, horma estuegi edo punta zorrotzegiarekin gainera, eta horrek lesio konponezinak eragin ditzake luzera. Eta hala ere, oso arreta gutxi eskaintzen diegu oinei, beste gorputz atalei baino gutxiago behintzat, gure osasunean eta ongizatean zenbaterainoko garrantzia duten ohartu gabe. Gure organismoari oinarria eta euskarria ematea da oinen funtzioa, baina mugitzeko eta gelditzeko, ekintza erritmikoak egiteko, propultsiorako eta talkak moteltzeko eta orekari eusteko ere erabiltzen ditugu. Oso organo espezializatua dugu, beraz, eta bereziki zaindu eta arreta eskaini behar zaio. Eta oinetako egokiak erabiltzea da horretarako lehen urratsa.
Lehen urteak
Jaiotzen garenean, egin gabe izaten da gure oina eta arkuak ezin izaten dira antzeman; haurra zutik jartzen denean baino ez dira antzematen hasten arku horiek, luzetarakoa batez ere, gorputzaren pisuari eusteko eta oinez ibiltzeko egin beharreko ahaleginaren ondorioz. Bizitzako lehen urteetan zehar eratuz joaten da oina eta hasieran batez ere, oso egitura malgua izaten du, behar adina sendotasun garatu gabe; horrenbestez, oinaren gainean edozein presio anormal egiteak ondorio negatiboak izan ditzake. Gure gizarte urbano honetan etxeko azalera gogor eta irmoen gainean eta hormigoizko bide edo zoladurazko espaloietan ematen ditugu lehen urratsak eta hori kaltegarri izan daiteke gure oinentzat. Txikitatik sarritan oinetako desegokiak erabiltzea ere lagungarri da horretan.
Pisua banatu egiten da
Pertsona helduaren oina hiru arkuren bidez eutsitako ganga dela esan daiteke, haizeak puztutako bela triangeluaren antzeko forma duena. Gorputzaren pisua oinaren aurreko aldearen eta orpoaren artean banatzen den arren, posizio bertikalean kargarik gehiena orpoaren gainean izaten da eta gorputzaren pisuaren erdia baino gehiago izaten da. Horrela, ulertzekoa da gorputzaren pisu osoa zentimetro karratu bateko orratz erako takoiaren gainean biltzen denean, takoi horrek zorua “zulatzea”. Takoien bidez orpoa altxatu ahala, pisua banatzeko era ere aldatu egiten da eta takoia zenbat eta altuagoa, orduan eta gehiago kargatzen da oinaren aurreko aldea. 10 cm inguruko takoiak erabiliz gero, ia gorputzaren pisu guztia behatzen gainera erortzen da.
Oin tipologiak
Oinetakoak erostean gogoan izan behar da oinetan morfologia mota desberdinak daudela eta horietako bakoitzak desberdin erantzuten duela oinetakoaren aurrean.
Hiru mota bereizten dira:
- Oin greziarra, garai klasikoetako estatuetan ikusten den mota delako deitu ohi zaio horrela: behatz lodiaren ondoren, bigarrena izaten da luzeena eta hirugarrenak ia tamaina bera izaten du; laugarrena eta bosgarrena txikiagoak izaten dira. Oin mota honetan pisua hobeto banatzen da oinaren aurreko aldean.
- Oin polinesiar edo karratua, Gauguin-en koadroetan ikusten direnak bezalakoa: behatzak berdintsuak dira guztiak eta altuera berean daude.
- Oin Egiptoarra, faraoien estatuetan ikusten den motakoa: behatz lodia izaten da luzeena eta gainerako guztiak txikiagoak, bata bestearen atzetik. Arriskurik gehien duen oin mota da, oinetakoarekin kargatu egiten baita eta juanikoteak (hallux valgus) eta metatartso eta falangeetako artrosia (hallux rígidus) izateko joera izaten dute.
Oinetako desegokiak erabiltzearen ondorioak
Argi geratzen da, beraz, takoi altua eta punta zorrotzeko oinetakoa erabiltzea eraso latza dela oin eta zangoentzat eta hainbat patologia sor dezakeela, oso gogaikarri eta mingarriak gainera. Hona horietako batzuk:
- Hallux valgus edo juanikoteak
- Metatartsalgiak edo oin azpiko mina
- Behatzen deformazioak: erpe eta mailu erako behatzak
- Behatzetako kailuak, oinetakoaren igurtzi eta presioak eraginak, edo behatzen arteko kailuak.
- Sesamoiditisa: sesamo-hezurren (lehen metatartsianoaren buruaren azpian kokaturiko hezurtxo biribilen) inflamazioa.
- Akilesen tendoiaren hantura, igurzteagatik eta tendoia laburtzeagatik, bikietako minak, edo baita belaunetakoa ere, gainkargaren eraginez.
- Zainetako zirkulazioa ere okertu egiten da, odol-ponpaketa zaildu eta hankak handitu, edemak eta barize txikiak agertzen dira.
Bada pertsona talde bat arrisku handikoa, era honetako lesioren bat izanez gero: zirkulazio arazoak dituzten diabetikoek bereziki zaindu behar dituzte oinak eta baita beheko gorputz-adarretako arteriosklerosia eta odol-fluxuaren arazoak dituzten pertsonek ere.
Azkenik, ez da ahaztu behar oinetakoak erosteko eguneko unerik onena iluntzea dela, egun osoko jardunaren ondoren baliteke eta oinak handiturik izatea eta oinak estutuko ez dizkiguten oinetakoak erosi ahal izango ditugu. Eta, nola ez, zapata biak probatu behar dira, oin bat bestea baino handiagoa izaten baita sarri.
- Zer gertatzen da takoi altuak erabiltzen direnean?
Takoien bidez orpoa altxatzeak oinazpian deformazioa eragiteaz gain, zangosagarretako muskulu bikiak laburtzea eta behatzeko hezurretako gainkarga sortzen da. Horrela, behatzak zapataren puntaren kontra zanpaturik geratu eta erpe eran deformatzen dira. Ia gorputzaren pisu guztia buru metatartsianoek jasan behar izaten dute eta oinak egonkortasuna galtzen du. -
Eta zer gertatzen da punta zorrotzegiekin?
Behatzek, preso geratu eta oreka galtzen dute. Behatz lodiak kanpo aldera irteten du eta laugarren eta bosgarren behatzak barrurantz okertzen dira. Behatz guztiak deformatzen badira ere, behatz lodiak jasaten du ondoriorik gehien: kanporantz lokatzen da eta metatartsianoaren buruan hallux valgus edo juanikotea agertu ohi da. Behatz lodiak, deformatu eta okerturik, behartu egiten ditu besteak eta horiek ere okertu egiten dira; bosgarren behatz edo txikienak alderantzizko deformazioa jasaten du. Deformazio eta desoreka horiek iragankorrak izaten dira hasieran, baina oinetako desegokia luzaroan erabiliz gero iraunkor bihurtzen dira.