Eskuz zein makinaz, landarearen premietara egokitu behar
Lorategiak izango duen arrakasta, hein handi batean, garastatze sistemaren diseinu on-onean datza. Eskuz egiten bada, lorategiko alderdi batzuetan ur-gabezien ondorioak aurreikusi behar dira bertako alderdirik garastatu gabe gerta ez dadin. Sistema mekanikoa aukeratu bada, ur barreiatzaileen, ihinztagailuen eta tantaz tantako elementuen kokapenik egokiena zehaztasun osoz erabaki behar da, belazeko alderdi eta landare guzti-guztiek ura izango dutela bermatzeko. Sistema egokitzeko ezinbestekoa den ur-kopurua zuhaixkaren mota, garapen, lurrazpiko, urte-sasoi, klimatologia, haize, giroko hezetasun, azken euriteen nolakotasun eta beste hamaikatxo faktoreren arabera aldatuko da. Ondoriozta dezagun, beraz, garastatzean asmatzeko modu bakarra arreta handiz jardutea dela: landareek igortzen dizkioten seinaleak lorazainak berak behatu eta interpretatu beharko ditu.
Garastatzeko hiru modu
Aukeratuko den garastatze sistema lorategiaren, sistemen kostuaren eta landareak zaintzeari eskaini nahi zaion denboraren arabera aldatuko da.
- Eskuz garastatzea. Ura landareei entregatu eta alferrik ez xahutzea bermatzen digu eskuzko ureztaketak. Hauxe da sistema egokiena etxeko txokoetan aplikatzeko: metro gutxiko lorategia edo lorontziekin apainduriko terraza, adibidez. Nolanahi ere, sakon garastatzen dela ziurtatu beharra dago. Horretarako behar den denbora guztia hartu, garastatzen ari den alderdia arreta biziz zaindu eta oinarrizko hainbat teknika (hemen azaltzen direnak, adibidez) ezagutu behar dira.
- Azpialdea ureztatzea, hau da, lorontzia urez beteriko plater baten gainean uztea denbora-tarte labur batez (ordubetez, gehienez ere), sustraiek ura xurga dezaten. Ordubetea igarota platerean urik badago, kendu egin behar da, landarea egarriak ez dagoela adierazten baitu horrek. Lorontzi txikientzat bakarrik balio duen formula honen abantaila substratua ez trinkotzea da; kontrako alderditik ikusita, epe luzera, goialdean gatz mineralak metatu egiten direla.
- Euria imitatzea. Substratu motaren arabera -turbaren kasuan, bereziki-, garastatzeko modurik egokiena ura gainetik poliki-poliki isurtzea da (entsalada prestatzen ari bagina bezala). Gainaldeak lehor dirudien bitartean substratuaren azpialdea hezeegi geratu den egiaztatzeko, hoberena lurretan bertan hatza sartzea da eta, horrela, zenbat ur gehiago behar duen erabakitzea. Gehienetan, substratuaren goiko herena hezetzea aski izango da, ura beheraino jaitsiko delako. Horrelakoetan ura ez da beheko zuloetatik irteten.
- Tantaz tantako garastatzea. Honelako sistemak ezartzeko diru-inbertsioa egin beharra dago (mila bat euro hamar metro karratuko, tenporizadorea barne), baita nahikoa denbora eman ere; martxan jarritakoan, ordea, eskuz garastatzea baino egokiagoak dira eta, gainera, ur gutxiago eskatzen dute lan bera betetzeko. Tantaz tantako sistemak aholkatzen dira landare multzoak, apaindura guneak eta lorontziak ureztatu behar direnean. Horrelako sistemen helburua, landareak maiztasun gutxiz baino sakon garastatzea da. Eskuarki, astean behin edo bitan ureztatzen da, aldi bakoitzean ordubete edo pare bat orduz. Arretaz ibili behar da, lurra gehiegi blaitu gabe. Lur azalak lehorra badirudi ere, oso litekeena da sustraiak hazten diren alderdian nahikoa ur egotea. Zalantzarik izatekotan, egokiena lurra arakatzea da.
- Ihinztadura. Ihinztagailuen alderdi kaltegarria ura xahutzea da, dudarik gabe, landarerik ez duten lorategi zein terrazako alderdiak eta bidexkak berdin-berdin ureztatzen dituztelako. Zelaiak garastatzeko bakarrik erabili behar dira, beraz. Ihinztagailu oszilagarriak baliatzen badira, landarerik altuenen gainetik egon behar dute, horrelako tantaiek urak toki osoa bustitzea galaraz ez dezaten.
Barnealdeko landareak: muga ertzean, ia
Etxe barneko landareak eskuarki beharko lukeen baino dezente argitasun gutxiago izaten du. Egoera zailari aurre egiteko, estomak partzialki irekitzen dira, landareak arnasketa ahul egiten du eta, horrenbestez, bestela baino ur gutxiago kontsumitzen du. Substratua blaitzen badugu horrela iraungo du luzaro, ur-kontsumo txikia egiten duelako, baina sustraiak ito eta landarea hil egingo da, azkenean. Landare bat etxe barruan dagoenean zekenkeriaz garastatu behar dugu. Areago, egunero behatu eta ur premia gorria duela adierazten hasi arte ez garastatzea komeni da.
Erne, giroko hezetasunarekin
Garastatzearekin lotura ahula duen kontzeptua, giroko hezetasuna mantentzea da. Etxe barrukoen kasuan, ura daukan azalera (plater handi bat) baten gainean eduki dezakegu landarea, lorontzia zerbait gogorren gainean jarrita, urak sustraiak blaitu ez ditzan. Platereko uraren lurrundura aski izango da etxeko giro lehorra konpentsatzeko. Kanpo aldeko landarea gusturako egon ohi da landaredi ugariko alderdi batean. Inguruko masa berdearen lurrundurak behar bezalako hezetasunaz hornituko du landare hori. Landaredi urriko lorategi eta giro lehorreko landareei dagokienez, gabezia hori irudimenak eta bidezkotasunak aholkatzen dizkiguten konponbideetako bat aukeratu beharra dago: ordubetean minutu erdiz martxan jarriko den ihinztagailuen sistema ezartzea (eguzkitan dauden orri eta hostoak ez bustitzen saiatuz) mangera bitarteko garastatze eskuzkoak, etab. Giroko hezetasuna berreskuratzea bada kontua, zeinahi sistema da egokia.
Garastatzeko ordurik egokiena
Garastatzeko une aproposa dela eta, lorazain profesionalek beti ematen dute aholku hau: neguan, goizez; udan arratsaldez (uda partean, ilunabarrean zabaldutako ura hobeki aprobetxatzen da, mantsoago lurruntzen delako. Premisa horrek, ordea, garrantzizko zerbait uzten du isilean: arratsalde edo gauean garastatzen bada urak luzaro irauten duenez, sustraiak blaitu bai, baina landareak ez du aprobetxatuko orduan. Unerik egokiena, beraz, goiztiria da, aurreneko orduak. Ihinztagailuek ordubetez bustitzen duten belazearen kasuan, berriz, programagailua doitu egin beharko da, garastatzea goizaldean amai dadin, eguzkia irten baino lehenago.
Aukeratutako sistema gorabehera, helburua beti bera da: landareak behar zuten ura irentsi eta erabili ondoren, lurrundu dutenaren bestekoa sustraiei itzultzea. Zenbat eta zein maiztasunekin erabaki aurretik, kontuan hartzeko faktoreak dira lur mota, inguruko flora eta klima, gutxienez. Hondar lurrak buztin lurrak baino ur gutxiago atxikitzen du; landare handiak sortu berriak baino ur-premia gorriagoa du; eguraldi bero eta haizetsuak lurra lehortu egiten du.
Kalkuluan edo egutegian oinarritutako ordutegia bete ordez, zain itzazu zure landareak ur-premia noiz duten zehatz-mehatz jakiteko, hurrengoak gogoan izaki, nolanahi:
- Lurra hezerik behar du haziak noiznahi, baina ur-zorrotada bortitzak hazia eraman egingo du. Ureztatu egunero edo bi egunean behin, zirimiri antzeko batez.
- Landare “helduak” maizegi ez, baina sakon garastatu behar dira, sustraiak ongi haz daitezen. Ureztatu gutxienez 18 cm-ko sakoneraraino eta, berriro busti aurretik, utzi azaleko lau zentimetroak lehortu arte.
- Orokorki, behar bezala garastatu diren (eta, hortaz, sustraiak sakon dauzkaten) landareek 5 – 7 egunean behin izaten dute ur-premia, uda partean.