Etxeko animalien oporraldia
Zakurrak ditugu, zalantzarik gabe, etxeko animalia gogokoenak. Errolda ofizialik ez dagoen arren, estatuko etxeetan bi milioi eta erdi txakur baino gehiago bizi direla kalkulatzen da, horietatik mikrotxip bidez identifikaturik 800.000 baino ez dauden arren. Hala ere, badirudi adiskide maitagarri horiek traba bihurtzen direla etxe askotan, batez ere oporrak antolatzeko garaian.
Zifra ofizialen arabera, Espainiako estatuan 125.000 txakur inguru uzten da abandonaturik urtero. Horietako batzuek etxera itzultzea lortzen dute, baina gainerakoak sakrifikatu egin behar izaten dituzte edo autoen harrapatuta edo goseak hiltzen dira. Espainiako estatuko animalienganako tratu txarrek aldendu egiten gaituzte Europatik, herrialde gehienetan askoz ere kontzientzia handiagoa baitago arazo honen inguruan. Urrutirago joan gabe, Alemanian bada erakunde bat (Alba izenekoa) Interneten bere burua iragarri eta Espainiako maskotak adoptatzeko gastua bere gain hartzen duen zerbitzua eskaintzen duena. Orain arte ezer gutxitarako balio dute uda guztietan hainbat erakundek abian jartzen dituzten sentsibilizatzeko kanpainek; kanpaina horietan, handi egin den txakurkumea edo etxe berrian tokirik ez dagoenean lau hankako adiskidea abandonatzeko ohitura ikaragarriaren aurrean hiritarrak kontzientziatzea izaten da helburu (horiexek izaten baitira txakurrak abandonatzeko bi arrazoi nagusiak). Delitua hutsegite oso larri gisa dago jasorik ia erkidego guztietan eta 300 eta 18.000 euro arteko isunak aurreikusten dira. Egoera lazgarri horren aurrean, beraz, txakurren egoitzak dira etxeko animaliak oporraldia eman dezan aukerarik baliozkoena.
Txakurren egoitzak
Familiako edo lagunen batekin uztea da aukera bat, baina ez da beti posible izaten. Bidaian eramatea ezinezko izan edo gastu ugari eragin dezake. Eta, horrela, gero eta aukera erabiliagoa da Espainiako estatuan dauden txakurrentzako 515 egoitzetako batean uztea. Hasiera batean merkeak ez iruditu arren -egunean 8 euro inguru ordaindu behar izaten da- ez da ahaztu behar egoitza horietan lau hankako gure lagunaren alde egingo duten guztia: zaindu, elikatu, ibiltzera atera eta garbi edukiko dute. Eta horrelako egoitza batera doan lehen aldian animaliak abandonua sumatu eta depresio arina izan eta jateari utziko dion arren, etsi-etsian onartu egingo du azkenean hurrengo aldietarako, aurrez ongi tratatu badute.
Egoitzari eskatu beharrekoak
Etxeko animaliarentzat egoitza aukeratzea, begiratu ongi honako alderdi hauei:
-
Egoitzak bere oinarrizko funtzioak ongi betetzen baditu, -animaliei jaten eta edaten eman, pixa eta kaka egiteko tokia eskaini eta toki hori desinfektatu-, animaliaren ahoa eta azkazalak egoera onean izango dira jasotzean eta txakurra ondo zaindu dutela adieraziko du horrek.
- Nutrizioak ere toki garrantzitsua du animaliaren osasunean eta animalia bakoitzari bakarka begiratuta zaindu behar da, gogokoen dituen alderdiak zainduta. Bistan denez, animalia arraza bakoitzak zainketa bereziak behar ditu.
- Uraren kalitateari ez zaio sarritan garrantzirik ematen, baina badauka. Garbitasuna eskatu behar da eta ura analisi bidez kontrolaturik egotea.
- Instalazioak era desegokian eraikita egoteak ere sor ditzake arazoak. Funtsezkoa da aireztapen egokia izatea: trakeobronkitis infekziosoa ohikoa izaten da toki itxietan dauden txakurren artean, baina askoz ere eragin txikiagoa izaten du tokia behar bezala aireztatuta baldin badago. Gainazal porotsuak zailak dira garbitzen, eta agente kutsakorrak, parasitoen arrautzak edo gernua pila daitezke eta horiek animaliaren larruazala urratu. Horregatik, ongi zaindu behar da gainazalek drenaje on bat izatea (sareta edo slat erako sistemek asko erraz dezakete garbiketa eta desinfekzioa, baina animaliaren azkazalak ez trabatzeko eran egon beharko dute diseinaturik). Labainkorra izan gabe, animaliaren zangoak arraspatuko ez dituen zorua izango da egokiena.
- Kaiolek ere ez dute porotsuak izan behar, errazago garbitu eta animaliek osasun arazorik izan ez dezaten. Gertatu izan dira berunagatiko kutsatze kasuak ere, gainazal pintatu, kaiola eta toskadun zeramikazko ontzien ondorioz.
Maskota egoitza batean lehen aldiz uzten baduzu…
- Bisitatu egoitza animalia bertan utzi aurretik. Erreparatu kaiolen garbitasunari, ibiltzeko gune irekiei eta bertan dauden txakurren jarrerari.
- Egiaztatu txakurrak 6 metro karratuko espazioa izango duela; eta bi halako kaiola beste animalia batekin konpartitu behar badu.
- Gogoan izan animaliaren kartilak arauz egon behar duela; hala eskatzen badigute, gainerako guztiek ere hala izango dutela adieraziko digu horrek.
- Utzi harremanetarako telefono zenbaki bat eta familiako edo lagunen bat joan ahal izan dadila egoitzara, zerbait gertatuz gero.
- Egoitza egokia izango bada, egunean 8 euro inguru kostako da (janaria barne).
- Ahal bada, errespeta dezatela txakurraren ohiko dieta eta pentsu marka berbera eman diezaiotela.
- Aurrez hartu egoitzan lekua; onenek eskaera handia izaten dute.
- Animalia egoitza batean uzten duzun lehen aldian, jabearen usaina izango duen kuxin edo prendaren bat eraman dezake; horrela ez du hainbeste nabarituko abandonua.
- Ahal den neurrian, beti egoitza berera eraman animalia; horrela, bigarren aldian ez zaio hain gogorra egingo hara joatea. Hala ere, jasotzen duzuenean zaputz samarra agertuko da gehienean eta egun batzuk behar izango ditu aldi batez abandonatu duenarekin berriro adiskidetzeko.
- Jakinarazi zaintzaileei animaliaren karakterraren berri: sexu bereko beste txakur batzuekin paseoan atera daitekeen, esanekoa den, jolasa gustatzen zaion; ardien atzetik joaten baldin bada, aurkitzen duen guztia jateko ohitura badu. Adierazi bere ahulguneak eta ez lotsatu azalpen ugari emateagatik; zaintzaileentzat lagungarri izango dira zure animalia hobeto zaintzeko.
Maskotarekin bidaian abiatu aurretik, hainbat galdera egin beharko diogu gure buruari: osasunez ongi dago txakurra? Bidaiaz gozatuko du? Oporretako lekuan ongi hartuko dute? Etxean bezala zaindu ahal izango dugu?
Bidaian eramateko animaliarik onenak etxetik irten eta autoan joaten edo animalientzako kaioetan ibiltzen ohituta daudenak izaten dira. Zuen txakurra etxetik irteten ohituta ez badago eta bidaia luzea baldin bada, irten aurretik autoan ibiltzea komeniko zaio, ohitzeko.
Hala ere, badira zenbait alderdi, zaindu beharrekoak:
- Egiaztatu albaitariaren kartila arauz dagoela.
- Beste herrialde batera joan behar baduzu, galdetu egiaztagiri berezirik behar duen ala ez.
- Eraman aldean bidaian behar izan dezakeen edozein botika.
- Ohiko janaria aurkitzea zaila izango dela uste baduzu, eraman oporretarako behar adina kopuru, elikadura kolpetik aldatzeagatik digestio arazorik izan ez dezan.
- Ez ahaztu txakurraren platera eta ur-ontzia, eta garbitasunerako elementuak (eskuila, esku-oihalak, xanpua etab.)
- Mikrotxipik ez baldin badauka, jarri egin behar zaio. Dagoeneko derrigorrezkoa da ia toki guztietan: animalia errekonozitzeko bermea da, galtzen baldin bada.