Hamabi aireporturen hainbat alderdi aztertu dira: sarbideak, zerbitzuak, segurtasuna, erosotasuna, aisia, antolamendua, garbitasuna eta mantentzea

Erosotasun eta komunikazioei dagokienez, Espainiako aireportu nagusi gehientsuenek hobera egin behar dute

Seguruak dira, garbi eta egoera onean daude eta aireportu batek eduki behar dituen zerbitzu guztiak eskaintzen badituzte ere, badira hobetu beharreko hainbat kontu
1 ekaina de 2002
Img listado temap

Erosotasun eta komunikazioei dagokienez, Espainiako aireportu nagusi gehientsuenek hobera egin behar dute

AENA-ren arabera, joan den urtean Espainiak dituen 47 aireportuek milioi eta erdi hegaldi kudeatu zituzten, 120 milioi bidaiari garraiatzeko eginkizunean. Madrilgoa (Barajas), urtean 34 milioi pasaiari mugitzen dituelarik, mundu osoan lan gehien duten aireportuetan 16. tokian agertzen da.

AENA-ren arabera, joan den urtean Espainiak dituen 47 aireportuek milioi eta erdi hegaldi kudeatu zituzten, 120 milioi bidaiari garraiatzeko eginkizunean. Madrilgoa (Barajas), urtean 34 milioi pasaiari mugitzen dituelarik, mundu osoan lan gehien duten aireportuetan 16. tokian agertzen da.

Duela laurogei urte Espainiak hiru aireportu (Bartzelona, Alacant eta Malagan) baizik ez zuelarik, azpiegitura hori elementu estrategiko bilakatu da zeinahi hiri edo eskualderen garapen sozioekonomikoak aurrera egingo badu.

Abiatu eta itzultzeko tokia izateaz gainera, aireportua elkartzeko gune eta, batik bat, itxaron leku da, puntualtasunik eza dela eta, Europako aireportuen zerrendetan espainiarrak kondarrean utzi dituzten ohiko atzerapenak jasateko. Lanbideak hala agindurik edo bidai turistikoren bat egitearren, horrelako instalazioetan sarri orduak eta orduak ematen dituzten herritarrak milaka asko dira. Horregatik komeni zen espainiar aireportuak nolakoak diren ezagutzea, hegaldiekin eta aire konpainiekin lotura estuagoa duten kontuak bazterrean utzirik.

Aztertu beharreko alderdiak zehaztu zituzten aireportu sektoreko adituen aholkularitza tarteko, CONSUMER-eko teknikoek ekainean 12 aireportu bisitatu zituzten: Madril (Barajas), Bartzelona (El Prat), Bilbo (Loiu), Valentzia (Manises), Alacant (Altet), Malaga (Pablo Picasso), Iruñea (Noain), Kanaria Handi (Gando), Palma (Son San Juan), Santiago (Lavacolla) Sevilla (San Pablo) eta Donostiakoa (Hondarribia).

Nola egin zen

Tokian tokiko aireportutik gertueneko hirian hasi zen ikerlana, aldizkari honetako teknikoek bertan taxia hartu baitzuten, delako hiri horretatik aireporturainoko ibilbidea zenbat kostatzen den egiaztatzeko. Aireportuan zirela, sei multzotan sailkaturiko dozenaka alderdi aztertu zituzten: aireportuekiko komunikazioa (garraio publikoa, bertaraino iristeko seinaleak, etab.), sarbideak eta antolamendua (azpiegitura mugikortasun murriztu eta itsuentzat egokiturik dagoen, aireportu barneko orientazioa errazteko argibideak, etab.), erosotasun eta aisia (atseden hartzeko guneak, itxaronaldia arintzeko doaneko aukerak, haurrentzako zerbitzuak, etab.), aireportuko zerbitzuak (jendeaz arduratzeko pertsonala, kontsignak, ekipajea garraiatzeko orgak, kutxazain automatikoak, etab.), (aireportuaren, oro har, eta komun eta antzekoen) garbitasun, kontserbatze-egoera eta segurtasuna (suteen kontrako tresneriak, segurtasun pertsonala, larrialdiko irteerak, etab.). Azterketaren emaitzetan ikus daitekeenez, aireportuetako segurtasuna oso ona dela esan daiteke, orokorki. CONSUMER-en azterketan “bikain” kalifikazioa jaso dutelako, Altet (Alacant), Barajas (Madril), Kanaria Handi (Kanariar Uharteak) eta San Pablo (Sevilla) nabarmendu dira eta El Prat (Bartzelona) bakarrik ez zen iritsi proba gainditzera, bi arrazoirengatik: batetik, larrialdiko irteeren seinaleztapena ez da egokia eta, bestetik, beste gainerako aireportuetan ikusi ziren segurtasuneko bideo-kamerak ikusi ez zirelako Bartzelonakoan.

Aireportuen garbitasun eta kontserbatze-egoerari ere batez besteko kalifikazio ona eman zaie. “Gutxiegi” nota ez du batek ere merezi izan eta, alderantziz, “bikain” edo “oso ongi” mailaraino %40 iritsi dira. Garbiketa eta kontserbatze-egoeran puntuaziorik hoberena, 9na puntu baino gehiagorekin, Barajas (Madril), Kanaria Handi (Gando), Loiu (Bilbo) eta Noaingo (Iruñea) aireportuek merezi izan zituzten bitartean, garbitasun eskasen edota kontserbatze-egoera kaskarrenean zeudenak, hurrenez hurren, Altet (Alacant), El Prat (Bartzelona), Palma, Donostia eta San Pablo (Sevilla) aireportuak izan ziren: onartzeko moduko soilak dira hauek denak.

Aireportuetako zerbitzuei dagokienez, batez beste “ongi” kalifikazioa merezi izan dute denek. Pablo Picasso (Malaga), Barajas (Madril) eta Palma nabarmentzen dira besteen artetik eta Alacantekoak ez zuen proba gainditu, CONSUMER-eko teknikoei aireportu horretako pertsonalak eman zien informazioa eta agertu zuen adeitasuna, batetik, eta erabiltzaileek baliatzeko zeuden karrotxoen kopurua, bestetik, onartzeko modukotzat jo ez zirelako, batik bat. Sarbide eta antolamenduaz ari garela, aldizkari honek ezarritako proba denek gainditu zuten arren, Loiukoa (Bilbo), “onartzeko moduko” baino lortu ez zuelarik, batez bestekoaren azpitik geratu zen. Aireporturainoko komunikazioak eta seinaleztapenak (garraio-zerbitzu publikoa, ordutegi zabalak, etab) dira Espainiako aireportuen alderdi txarrena, erosotasun eta aisia multzokoekin batera. Aztertutako aireportuen erdiek (Alacant, Iruñea, Kanaria Handi, Palma, Bilbo eta Santiagokoak, hain zuzen) ez dute proba gainditu aireportuarekiko loturen atalean eta nota ona Malaga eta Sevillakoek bakarrik irabazi dute. Aztertu ditugun aireportu guztien %25ean (Malaga, Donostia eta Sevillan) bakarrik hartzen ditu garraio publikoak lehen eta atzen hegaldiko ordutegiak.

Bukatzeko, erabiltzaileei eskaintzen zaien erosotasun eta aisiari dagokiola, hiruk bakarrik gainditu dute azterketa: “bikain” Pablo Picassok (Malaga), “ongi” Donostia eta Madrilgoak. Gainerakoek ez dute inondik inora gainditu interes handirik, bai bidaiariek, bai hauei harrera egitera doazenek maiz jasan behar izaten dituzten amaigabeko itxaronaldiak eramangarri egiteko bezalako eta bezainbeste atseden-gune eta aisialdi erakargarria eskaintzeko.

Aireportuaren komunikazioa

Aireporturainoko garraioaren arazoa bitan azaltzen da: garraiobideen nolakotasunean eta ordutegietan. Aireportu gehientsuenek garraiobide-mota bakarra izaten dute (autobusa, eskuarki) jendea bertaraino gerturatzeko. Alderdi horretan soilik nabaritzen dira Malaga, Madril eta Bartzelonakoa, hirurok baitira garraiobide-mota gehien eskaintzen dituztenak. Kasuen %66an, berriz, aireportua eta hiria lotzeko autobusa baizik ez dago eta, areago, Iruñeko aireportua hiriarekin ez du lotzen garraiobide publikoak.

Gauza bat da aireportua eta hiria lotzeko garraiobide publikoa egotea eta beste bat, beti berdina ez dena, garraiobide publiko horrek irteera eta helduera guztiak betetzea. Aireportuen %75ean garraiobidea ez dator bat aurren eta atzeneko hegaldiekin. Donostia, Malaga eta Sevilla aireportuetako garraio publikoko ordutegia bakarrik egokitu zaie bertako hegaldiei.

Azterturiko aireportuek erakusten duten garraio publikoen bidezko komunikazio eskasak erabiltzailea taxi zerbitzuak kontratatzera behartzen du askotan. Hiru aireportutik batean bakarrik kostatzen da 10 euro baino gutxiago hiri erdialdetik aireporturainoko ibilbidea egitea (Iruñea, Alacant eta Malagan, hain zuzen). Kasuen %25ean gastua 10 eta 25 euro bitartean dabil (Valentzia, Sevilla, Santiago eta Palman) eta gainontzekoetan (denen %41) distantzia hori egitearen prezioa 15 eurotik gora joaten da (hala nola Madril, Bartzelona, Kanariak, Bilbo eta Donostian). Herri edo hiriburu batetik aireporturainoko ibilbiderik garestiena Donostia eta Hondarribia bitartekoa da: 23 euro. Aireportuan taxiak izatea dela eta, Iruñeko aireportua bakarrik nabarmentzen da alderdi txarretik, hegaldietako pertsonen premiak betetzeko bezainbeste ibilgailurik ez izatearren.

Bai kasuan kasuko herritik irteeretako, bai aireportura bideko seinaleztapenari dagokionez, azterturiko aireportuen %60 inguruk behar bezainbesteko seinaleak ditu; halaxe gertatzen da Valentzia, Malaga, Madril, Kanaria Handi, Palma, Santiago eta Sevillako aireportuetan. Seinaleztapena hobetu beharko luketen %33 horretan sartzen dira Iruñea, Bartzelona, Bilbo eta Donostiakoak. Adiera honetan, Alacanteko aireportuak seinaleztapen eskasena du, azterturiko denetan.

Mugikortasun eta antolamendua

Mugikortasun eskaseko pertsonen premietara daude egokiturik aireportu guztiak, baina ez ikusmenean arazo larriak dituzten edo erabat itsu diren pertsonenetara. Aireportuen erdiak hartu duen neurri bakarra, zenbakiak braille sistemaz ere adierazita dituzten igogailuak jartzea izan da (Alacant, Valentzia, Kanaria Handi, Bilbo, Santiago eta Sevillan halaxe daude). Bartzelonako Prateko aireportuan, aldiz, aparkaleku berriko igogailuak bakarrik daude itsuentzat egokiturik.

Seinaleez ari garela, instalazioetako ordutegiaren kartel adierazlerik ez zen ikusi oraingoan aztertutako aireportuetako bakar batean ere. Espainiako aireportuek bi ordutegi-mota dituzte: H12 edo H24; horrek esan nahi du bertako zerbitzuak (ez gara komertzioaz edo ostalaritzaz ari) egunean 12 edo 24 orduz daudela erabilgarri. Aireportuko gune batetik bestera errazkiago joatea eta zerbitzu guneak aiseago aurkitzeko gezi edo argibideei dagokiela, gune horiek denetan daude ongi adierazita. Horri esker, Alacant, Valentzia, Malaga, Iruñea, Madril, Kanaria Handi eta Santiagokoak harro egon daitezke bertako orientazio-erraztasun handiaz; gainerakoetan ona da alderdi horrek merezi duen kalifikazioa. Helduera eta irteeren informazio-pantailak badiren, nolakoak diren eta non kokatuta dauden kontuan izaki, hiru aireportutik bitan kokapen hobezina dute pantaila horiek eta behar adinakoak dira. Horrela gertatzen da Valentzia, Malaga, Iruñea, Madril, Bartzelona, Palma, Donostia eta Sevillako aireportuetan. Gainontzeko aireportuak nekez iristen dira “erdipurdiko” batera, pantailen kopurua aski ez delako eta, gainera, aireportuko hainbat gune garrantzitsutan ez daudelako.

Malaga, Madril eta Loiuko (Bilbo) aireportuetan megafoni sistema ez da argi aditzen toki guztietatik. Informazioa (karteletan, idatzizkoa, megafoni bidezkoa) eskaintzeko baliatzen diren hizkuntzen atalean, berriz, sekulako ahalegina hauteman da aireportu guztietan: den-denetan informazio gehiena bi, hiru edo lau hizkuntzatan ematen da. Mintzaira nagusiak ingelesa eta espainiera diren arren, aireportu askok informazioa hizkuntza lokalean, alemanez edo frantsesez eskaintzen dute.

Erosotasun eta aisia

Adierazitako ordua baino geroago hegazkina hartu behar duten bidaiariek eta, era berean, garaiz iritsiko ez diren bidaiariei harrera egitera etorri diren erabiltzaileek, itxaronaldi luzeak denek jasaten dituzte aireportuan, maiz jasan ere. Berez aspergarriak direlarik, deseroso eta neketsu ere bihur daitezke egonaldi luze horiek. Erosotasuna dela eta, funtsezkoa da aireportuek komertzio edo ostalaritzako establezimenduen jabetzakoak ez izanik, aulki, besaulki eta antzekoez hornitutako atseden-guneak eskaintzea. Ez bidaiariek, ez bere bila joan direnek ere, ez dute zertan aparteko dirurik gastatu gutxieneko erosotasunez itxarotearren: txartelaren prezioan sarturik beharko luke, berez, zerbitzu horrek. Valentzia, Malaga, Iruñea, Madril, Kanaria Handi, Palma, Santiago eta Donostiako aireportuetan badira nahikoa atseden gune eta behar bezala banatuta daude; gainera, erabiltzailearentzat eroso gertatzen dira. Gainontzekoetan -Alacanten izan ezik: bertan, gune batekoak soilik dira eroso- horien kopurua urria izateaz gain, ez dira erosoak edota eskasak dira. Horregatik atseden guneei buruzko kalifikazioa “erdipurdi” gordinean gelditu da gehienetan. Hegaldien zain, kanpora doan bidaiaria laguntzen edo kanpotik datorrenaren zain dauden erabiltzaile eta bisitarien egonaldia atsegin bihurtzeko eginiko ahaleginari dagokiola, hobetzeko modukoa da egungo panorama, inondik ere. Proba gainditu dutenak Malaga (pintura erakusketa bat ez ezik, txikientzako jolastoki bat zegoen), Donostia (koadro eta zeramiken erakusketa, batetik, automobilena bestetik) eta Madrilgo (haurrentzako aisi gunea du) aireportuak baizik ez dira. Sevillakoak “Andaluzia eta hegazkintza” erakusketari esker “erdipurdiko” kalifikazioa jaso du atal honetan. Gainerako zortzi aireportuek ez dute gainditu itxaronaldia atsegin bilakatzeko aukeren proba.

Aireportuko zerbitzuak

Erabiltzaileez arduratzeko pertsonala instalazioetan zehar behar bezala banatuta eta behar bezainbestekoa dute aireportu denek (txikiak direnean, Informazio zerbitzuan bakarrik). Jendeaz arduratzeaz, behintzat, Alacant eta Sevillako aireportuetako pertsonalak agerturiko adeitasuna eta emaniko informazioaren kalitatea, behintzat, ez ziren nabarmen agertu. Palma eta Santiagokoetan, aldiz, AENA-ko pertsonalak gure teknikoa lagundu zuen galdetutako tokiraino (nahiz eta hori, erabiltzaileekin AENA-k gogo onez harturiko konpromiso hutsa baizik ez zen).

Valentziakoan iradokizunak egiteko postontzi bat ageri-agerian zegoen eta erreklamazio-orriak inolako eragozpenik jarri gabe ematen zituzten. Dena dela, gainerako aireportuek, postontzi hori toki ikusgarrian ez bazuten ere, erreklamazio orriak inolako oztoporik jarri gabe eman zituzten. CONSUMER-eko teknikoek egin zuten kontsultan eskainitako arreta eta zerbitzua onartzeko modukoak ez zirela ikusi zen Alacant eta Sevillako aireportuetan; Valentzia, Iruñea, Madril, Canarias eta Bilbokoetan eginikoek, aldiz, adeitasun eta jendearenganako arreta izan zuten bereizgarri. Aireportu guztiek ageri-agerian eduki beharko luketen Europar Batasuneko Bidaiarien Eskubideen Kartari dagokiola, ez zeukaten Santiagokoan (bertako pertsonalak argudiatu zuenez, ezagutu ere, ez zuten ezagutzen agiri hori).

Madril eta Donostiakoak bakarrik daukate kontsigna-zerbitzua aireportuan; gainerakoek ez diote erabiltzaileari ekipajea aldi batez gordetzeko aukerarik ematen. Aireportu baten beste alderdi kritiko bat, ekipajea garraiatzeko karrotxoa da: behar bezainbeste eta behar den tokietan ote dauden, alegia. Aireportuen erdietan (Alacant, Iruñea, Bartzelona, Bilbo, Sevilla eta Donostiakoan) karrotxo horiek ez ziren behar adinakoak edo bestelako gabeziaren bat agertzen zuten. Haurtxoei fardelak aldatzeko zerbitzua, berriz, Donostiakoak bakarrik eskaintzen du. Malaga, Madril, Bartzelona, Palma, Bilbo eta Sevillakoan bakarrik ahalbideratzen zaio aitari eginkizun hori betetzea; aireportu horietan, bietako bat, edo bada haurtxoak aldatzeko tresneria emakume zein gizonezkoen komunetan, edo zerbitzu hori berariaz betetzeko toki berezia dute. Gainontzekoetan, emakumea izango da nahitaez haurraz arduratuko dena.

Ostalaritzako prezioetan berebiziko aldeak hauteman ziren, batetik bestera. Iruñea, Madril, Kanaria Handi eta Palmako aireportuetako kafetegien garestitasuna nabarmendu zen bitartean, merkeenen artean agertzen dira Alacant, Malaga, Bartzelona, Bilbo eta Santiagokoa. Freskagarri garestiena Kanaria Handikoan hartu zen (2,10 euro) eta merkeena Bilbon (1,25 euro). Kafearen muturreko prezioak Palman (1,32 euro) eta Santiagon (0,85 euro) ordaindu ziren. Makina edari-saltzaileez ari garela, prezio garestiena Iruñean ordaintzen da (lata bat freskagarri 1,95 euro kostatzen da) eta Bilbokoak du denetan merkeena (1,05 euro baizik ez koladun freskagarria latan). Alacant eta Palmako aireportuetan ez zen aurkitu makina edari-saltzailerik. Zerbitzuen ugaritasunean Madrilgoa nabarmentzen da: gutxienekoak (informazioa, bidaiariaren arreta, moneta trukea, kutxazain automatikoa, jatetxe eta kafetegia, komun arruntak eta ezinduentzako berariazkoak eta ibilgailuen alogera) ez ezik, haurtzaindegia, ekipajeen kontsigna, banka bulegoak, erlijio zerbitzuak eta beste hainbat eskaintzen ditu. Zerbitzu gutxien eskaintzen dituztenak Alacant, Valentzia eta Iruñekoa dira.

Aireportuko aparkalekuan ibilgailua ordubetez uztea euro bat baino gehixeago kostatuko zaigu, batez beste. Adiera honetan garestienak Madril eta Bartzelonakoa izan ziren (1,30 euro orduko), Santiago (1,20 euro) eta Malaga (1,14 euro). Merkeenak, aitzitik, Valentzia (0,80 euro), Palma eta Bilbo (0,82 euro) dira. Gainerakoak batez besteko horren ertzean dabiltza. Ibilgailua egun osoa uztea baldin bada kontua, berriz, aldeak handiak dira. Bilboko aireportua (ordubetez uzteko merkeenetako bat izaki) bigarren garestiena dugu, egunean 9,75 euro kostatzen delarik. Horren aurrean Madrilgoa bakarrik dago: 11,35 euro, hau da, hamar aireportuen batez bestekoa (8,17 euro eguneko) baino hiru euro garestiago. Iruñea eta Donostian aparkalekua dohainekoa da. Madril eta Bilbokoaren ondotik Bartzelonakoa dator (9,10 euro). Ibilgailua egun osoa uztearren gutxien kobratzen dutenak Valentzia, Palma eta Sevillakoak dira (6,50 euro eguneko, hauetan denetan).

Garbitasun eta kontserbatze-egoera

Bisita egin zen egunean hiru aireportuk (Alacant, Malaga eta Bartzelona) ez zuten agertu garbitasun-egoera hobezina, bai onartzeko modukoa. Alderdi hori dela eta, Iruñea, Madril, Kanaria Handi, Bilbo eta Santiagokoa nabarmendu ziren. Kontserbatze-egoerari dagokionez, Donostiakoak bakarrik ez zuen proba aise gainditu; Malaga, Iruñea, Madril, Kanaria Handi eta Bilbokoak, berriz, oso-oso irudi ona eman zuten. Komunen garbitasunaz, Malaga eta Bartzelona “erdipurdikoa” erakutsi zuten, Santiagokoarekin batera; komunik xahuenak Alacant, Madril, Kanaria Handi eta Bilboko aireportuetan zeuden. Komunen kontserbatze-egoeraz ari garela, kalifikazioak onak izan ziren eta Alacantekoak bakarrik jaso zuen “erdipurdikoa”. Komunetako hornikuntza (papera, eskuak lehortzeko aukera, xaboia eta ura lababoetan, etab.) zuzen zegoen aireportu guztietan. Argikuntzaren atalean, Sevillako aireportuak eraman zuen kalifikazio eskasena (“erdipurdikoa”) eta, beste muturrean, Malaga, Iruñea, Madril, Bartzelona eta Palmakoa izan ziren hoberenak. Paperontzirik ez zegoen Malaga eta Sevillako aireportuetan, harritzekoa bada ere. Malagakoak garbitasunean erdietsitako “erdipurdiko” kalifikazioa paperontzien gabeziak azaltzen du, baina Sevillakoa egoera onean zegoen. Alacanteko aireportuko hainbat paperontzi beteegi zeuden, inguruetan zaborra erori eta barreiatuta; horrez gainera, birziklapena egiteko ez zeuden prestaturik. Palmakoak ere, birziklapena egiteko prestaturik ez egoteaz aparte, urri-urriak ziren, Bartzelonakoan bezala. Gainerako aireportuetan bazen behar adina paperontzi, egoera onean eta birziklapena egiteko egokiturik.

Segurtasuna

Azterturiko aireportu guztiek badituzte suteen kontrako instalazioak. Segurtasun pertsonal ugariagorik ez izatea nabarmendu zen Malaga, Bartzelona, Bilbo, Santiago eta Sevillakoan. Erabiltzaileak bestelako segurtasun-sistemarik (bideo-kamaren zirkuitu itxia, adibidez) hauteman ote dezakeen egiaztatu nahi izan zen; Bartzelonan izan ezik, CONSUMER-eko teknikoek segurtasun-giroa hauteman zuten aireportu guztietan. Bartzelona eta Palman larrialdiko irteeren behar bezalako seinaleztapenik ez izatea nabarmentzen da. Larrialdirik gertatzekotan zer egin behar den (larrialdiko irteerarik gertukoena zein den eta bertaraino nola irits daitekeen) adierazten duen kartelik Sevillakoan bakarrik aurkitu zen.

Hemen aztertutako aireportuetan Iruñea eta Donostiakoak dira osasun-zentrorik ez duten bakarrak, bertako enplegatuek adierazi zuten bezala. Indarreko legeriak xedatua duen legez, aireportuetan erretzeko debekapena dela eta, egoera ez da batere asetzeko modukoa. Alacant, Malaga, Bilbo eta Sevillako aireportuetan ezin da erre, inon ere. Madril, Kanaria Handi, Bartzelona eta Santiagokoan badira erretzaileentzako berariazko guneak. Amaitzeko, Valentzia, Iruñea, Palma eta Donostiakoan debekapenik ez zen ikusi aireportu osoan.

Aireporturik egokiena... eta konparaketako taula

  • Bertaraino iristeko, Malagakoa, hiritik bertatik abiatuta seinaleztapen egokia erakusten duelako, garraio publikoaren bidez irits daitekeelako hegaldien ordutegiari egokiturik, eta taxi-zerbitzua ona delako (merkea eta ibilgailu-kopuru handia martxan).
  • Barruan ez galtzeko, Valentziakoa, bertako orientazioa on-ona delako, seinaleak oso eraginkorrak direlako, helduera eta irteeren berri ematen duten pantailen kopuru ugari eta kokapen onagatik, megafoni sistemaren funtzionamendu zuzenagatik eta informazioa eskaintzeko baliatzen diren hizkuntzen kopuruagatik.
  • Itxaronaldi luzeetan itolarriak ez jotzeko, Malagakoa, bertako atseden-guneen erosotasunagatik eta itxaronaldiak atsegin bihurtzeko kezkagatik (pintura erakusketa eta, txikientzako, jolastoki egokitua).
  • Aireportuko pertsonalari kontsultak egiteko, Palma eta Santiagokoak: arreta eta zerbitzu ona eskaintzeaz gainera, galdeturiko tokiraino lagunduak izateko eskatu zitzaienean ez zuten inolako eragozpenik ezarri.
  • Itxaronaldia aprobetxatzeko, erosketak egin eta aireportuko zerbitzuez gozatuz, Madrilgoa: bertan, ohikoez gainera, beste hamaikatxo zerbitzu ere eskaintzen dira: 30 komertzio baino gehiago, banka bulegoak, erlijio zerbitzuak, haurtzaindegia, etab.
  • Aparkatzeko, Iruñea eta Donostiakoa, bietan ere aparkalekua doanekoa baita, nahiz eragozpen txiki bat duen: zaintzailerik ez da bertan.
  • Diru askorik gastatu gabe, kafe edo freskagarri bat hartzeko, Bilbokoa, freskagarriari dagokionez bereziki; beste aireportu batzuetan 2 eurotik gora ordaindu behar delarik, Bilbokoan 1,25 euro baino ez da kostatzen.
  • Makina edari-saltzailean freskagarri bat hartzeko, Bilbokoa berriz; makinak emaniko freskagarria 1,05 euro kostatzen da; Iruñekoan, aldiz, 1,95 euro (garestiena, atal honetan).
  • Aireportu garbien eta hobekien kontserbatua, Madrilgoa: sekulako arreta nabarmentzen da, bai instalazioetan, bai komunetan ere.