Seme-alabak etxetik joan arren, bizitzak aurrera egiten du
Gauza jakina da seme-alabek -beren bilakaera pertsonalak uzten dien neurrian- erantzukizunak beregain hartzen ikas dezaten lagundu behar dutela gurasoek eta haien autonomia bultzatu behar dutela, eta era independentean bizi izateko prestatzen lagundu. Sarritan hain ahalegin, kezka eta angustia handia eskatzen duen dedikazio hori, askotan zuzen ari ote diren kezka eragiten duena, beren buruari ere eskaintzen ote diote gurasoek, pertsona bezala beren autonomia propioa ere sendotzeko? Seme eta alaba askok, etxetik alde egiteko gogotsu egon eta horretarako aukera izan arren, atzeratu egiten dute une hori, gurasoei hutsune sentsazio desatsegin hori ez sentiarazteagatik. Eta guraso askok, borondaterik onenez, moteldu egiten dute seme-alaben eta beren emantzipazioa, etorkizunak sortzen dien kezkaren beldur. Seme-alabek gurasoen etxea utzi eta proiektu autonomoa garatzen hastea erabakitzen dutenean, ordura arte bezala guraso izaten jarraitu behar duen galdetzen dio aita-ama askok bere buruari. Erantzuna argia da: guraso izango dira bizi diren artean. Eta beste hainbeste seme-alabak ere, familia sortu edo beste etxe batean bizi arren. Gurasoen emantzipazio prozesuak seme-alabek aldegiteak sortzen duen galera sentsazioa gainditzea eskatzen du eta emantzipazio horrek dakartzan etapa berrietan eta bilakaeran inplikatzea.
Ez gehiegi babestu
Zenbait guraso eta seme-alabaren arteko harremanak ez dira errazak izaten, lotura emozional estua dutelako, hainbeste urtez elkarrekin bizi izanaren pisuagatik eta batzuengan eta besteengan emantzipaziorako urratsa ematean sortzen diren kontraesanengatik. Zenbait gurasok seme-alabak larregi babesteko duten joeraren eraginez, seme-alabek zalantzak izaten dituzte erabakiak hartzerakoan eta etengabeko laguntza behar izaten dute, gurasoen orientaziora eta baldintzarik gabeko babesera oso ohiturik daudelako. Beren ordez gauzak egiteak, hitz egin edo pentsatzeak, erabakitzeak, behar duten guztia emateak, gazteen emantzipazioa atzeratu ez ezik, indartu egiten du gurasoek seme-alabez duten beharra ere.
Gurasoak eta seme-alabak entitate independenteak dira, bidearen zati bat elkarrekin egiten dutenak, elkar onartu eta egoerei aurre eginez, bakoitzaren mugak eta helburuak eta bakoitzarenak finkatuta eta familia unitate bereko kide gisa elkar maite dutenak. Seme-alabengandik direlako dira gurasoak guraso, eta alderantziz. Eta emantzipazioaren adierazpen gorena bakoitzak bere eremu propioa izatea da, etxebizitza independenteak edukitzea.
Elkarrengandik emantzipatzea
Guraso eta seme-alaben arteko emantzipazioak etxe berean bizi diren artean hasi behar du. Ez da seme-alabek etxetik alde egiten dutenean nahitaez konpondu beharreko egoera; mundura iristen direnean hasi behar du. Etxetik alde egitea mugarri garrantzitsua da eta mingarria batzuetan, baina azken batean, bizitzako etapa bat gehiago da. Seme-alaben emantzipazioa prestatzeak gurasoena ere aldi berean prestatzea esan nahi du. Horrela, seme-alaben autonomia bultzatzeak seme-alabekiko gurasoen independentzia ere bultzatu behar du. Seme-alabek baloratu egingo dute bizitza independentea eta hori lortzen ahalegindu egingo dira, gurasoek ere hala egiten dutela ikusten duten heinean. Independentziari ez zaio beldurrik izan behar, ongi eramanez gero ez baitu ausentzia, lotura galtzea edo abandonua esan nahi.
Erantzukizunez eta kontzienteki harturiko independentziak egiazko askatasuna ematen du eta guraso eta seme-alaben artean borondatezko dependentzia orekaturako espazio bat uzten du, ingurukoekiko izaten ditugun behar-loturen aldean oso bestelakoa.
Bizi eta utzi bizi izaten
Seme-alaba eta gurasoen arteko errespetua praktikatzeak elkarri askatasun, hazkunde pertsonal eta bizitza propiorako esparruak aitortzea esan nahi du. Seme-alabak independentzia ondorio guztiekin onar dezaten prestatzea komeni da. Seme-alabekiko betebeharrak gero eta gutxiago izan behar dira. Gurasoek ere berreskuperatu egin behar dituzte askatasun-espazioak, seme-alabak aurrera atera, hezi eta haiei laguntzeko lehentasunaren aurrean urte luzez albora utzitakoak.
Emakume batzuek ama paperari heldurik jarraitzen dute, seguru eta baliagarri sentitzeko eta loturarik eza egozten diete seme-alabei, “hau al da hainbeste kezkaren ondoren jasotzen dudan ordaina?”. Badirudi lotura horri, zilbor-heste metaforiko horri eusten jarraitu nahi dutela, seme-alaben emantzipazioa ez ezik, gurasoena ere moteldu eta eragozten duena.
Batzuetan, kontua ez da gurasoek askatasun uneak berreskuratzea, barne askatasuna konkistatzea baizik, azkenean Gibran-en poemak dioena bizitzara eramateko: “Zure seme-alabak ez dira zure seme-alaba”, hau da, seme-alabek beren bizitza izan behar dutela eta beste hainbeste gurasoek ere.
Guraso motak
- Guraso lotura-gabe eta hotzak. Nolabaiteko hoztasunez bizi izan dute seme-alabekiko harremana, lehen urteetatik seme-alaben heziketa erakundeen edo beste pertsona batzuen esku utzi dutelako edo, batez ere, beren buruari begira bizi izan direlako. Emantzipazio egoista da eta guraso eta seme-alaben arteko loturak oso ahulak dira. Guraso mota hau oso azkar hasten da emantzipazio eskubidea erabiltzen eta abusuz jokatzen dute.
- Guraso posesibo eta menderatzaileak. Dena dute kezka eta ardura. Seme-alabak sekula ez dira behar bezain helduak, “ume mokoak dira oraindik…”. Funtsean, gurasoen segurtasunik eza dago azpian, ongi sentitzeko eta beren bizitzak zentzurik izango badu eginkizun hori bete beharra baitute. Semea edo alaba hazi ahala eurak ez emantzipatzeaz gain, eten edo moteldu egiten dute haren emantzipazioa. Horrela, semeak edo alabak etxea uzten duenean krisia iristen da. Eta euren nekearen ordainik jasotzen ez dutenez, kexu dira: “honetarako hazi ditugu haurrak?”.
- Guraso emantzipatuak. Hasiera-hasieratik, ongi ulertu dute seme-alabak izateak alde bietatik indibidualizazio prozesu bat onartzea esan nahi duela. Semea edo alaba bera da, gero eta gehiago, guraso eta gainerako neba-arrebengandik bereizia, eta gurasoak ere gero eta autonomoago dira. Errespetuzko jokaera horrek erantzukizunean hazteko aukera ematen die seme-alabei, sendo eta erabakiak hartzeko gaitasunez. Eta gurasoek ere gizon eta emakume gisa -eta ez aita eta ama gisa bakarrik- beren nortasuna berreskura dezakete horrela, eta baita seme-alabengandik aparte esperientziak eta jarduerak bizi izateko gaitasuna ere.
- Beharrezko da gurasoak bikote gisa eta pertsona indibidual gisa garatu eta indartzea, seme-alabak izaki autonomo bihur zitezen egin zuten ahalegin berberarekin.
- Gurasoek, seme-alabak etxean diren artean, beren espazioa eta denbora aurkitu behar dute.
- Etxetik alde egin baino askoz ere lehenago hasi behar dute seme-alabengandik emantzipatzen.
- Seme-alabengandik eman duten adina ez jasotzen ohitu behar dute. Bestela, zapuztuta bizi izango dira beti.
- Seme-alabengandik emantzipatzea, amatasuna eta aitatasuna beste ikuspuntu batetik bizi izatea da, ama eta aita izatearen beste etapa bat.
- Gurasoengandik emantzipaturik egoteak ez du esan nahi seme-alabei gertatzen zaienaz kezkatu behar ez dutenik edo familiako harremanari uko egin behar dietenik. Harreman mota berri bati ekitea besterik ez da, batzuetan barneratu eta aplikatzea kosta egiten den arren, gurasoei zein seme-alabei egoki garatzeko bidea ematen diena.