Sei depilagailu elektriko, aukeran

Eraginkortasuna, minetan

Mina arintzeko sistemak funtsezkoak dira depilagailua aukeratzeko orduan
1 ekaina de 2002

Eraginkortasuna, minetan

Hiru markatako sei depilagailu elektriko aztertu dira oraingoan (bi Braun, bi Philips eta bi Rowenta marketakoak), horien prezioak 64 eurotik (Braun Easy Start) 85 eurora (Philips Satin Ice HP) doazelarik. Egindako proben ondoren, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Philips Satin Ice HP laginak agertzen du, bera baita akzesorio gehien dauzkana eta, gainera, funtzioa betetzeko egokitasun eta erabilerako probetan kalifikazio onenak jaso dituena, depilazioa burutzeko denbora gehien hartu behar izan dutenetako bat bada ere. Philips Satinelle eta Rowenta Access EP 385 ere aukera politak dira, dena den.

Depilagailu elektrikoa, biloa sustraitik erauzten duen aparatua da, abiada bizian jiraka doazen pintzak ilea heldu eta ateratzen duen mekanismoa baitauka buruan. Buru bakoitzaren pintza kopurua desberdina da aparatu batetik bestera. Zenbat eta pintza gehiago hainbat eta pasada gutxiago egin behar eta, beraz, aparatua orduan eta eraginkorrago gertatuko da. Horrela bada, Rowenta markako bi laginek 32na pintza dituzten bitartean, beste lauek 20na bakarrik dauzkate.

Philips eta Braun marketako laginen buruak erauzteko modukoak direnez, ordezkoak jar daitezke eta, gainera, sakon garbitzeko errazagoak dira. Rowenta-ko lagin biek buru finkoak dituzten arren, Access EP 385 lagineko burua baskulatu egiten du, larruazalaren ingeradari hobeto egokitzeko.

Buru-gehigarrietako bat defoliatzailea da, hots, larruazal azpian ilea haztea galarazten duena. Burua horrela daukate Philips markako bi laginek. Rowenta markakoek horrelako burua ez badute ere, depilatzeko buru nagusiari erantsi behar zaizkion bi plaka dauzkate: bata larruazal normalarekin erabiltzekoa eta bestea, aldiz, larruazal delikatuetan baliatzekoa. Philips eta Rowenta markakoek burua babesten duten estalkia daukate, aparatua baliatzen ari ez denean jartzekoa, alegia.

Depilagailuaren erabilerak mina eragiten duenez, sentsazio hori arintzen duten mekanismoek berebiziko garrantzia hartzen dute. Hori dela eta, Braun markako bi laginek daukate balorazio txarreneko eraginkortasuna agertu duen sistema: depilazioak dirauen bitartean, alderdi horretan masajea egiten duten arantza edo hortzez josiriko bi arrabola, alegia.

Minaren kontrako sistemak

Masajeei esker, mina arintzeko sistema bana daukate Rowenta markako bi laginek: Access EP385 izenekoak 16 esfera txiki darabiltza eta Expertise EP345 laginak, 68 hortz edo arantza. Philips Satinelle-k hortz samurrez josiriko bi orrazi baliatzen ditu, bata buru normalarekin erabiltzekoa eta bestea larruazal edo alderdi sentikorretan aplikatzekoa. Rowenta Expertise eta Philips markako bi laginetan, buruaren jarduera-gunea murriztu egin daiteke larruazal edo alderdi sentikorretan erabiltzean (besape eta iztaietan). Era horretan depilazio zehatzagoa lortu eta mina arintzen da, bidenabar.

Minaren kontrako sistema berriena Philips Satin Ice laginak erakusten du: alderdi sentikorretan jarduteko berariazko burua (biloa erauzi ordez, ebaki egiten duena) daukan bakarra izateaz aparte depilatu beharreko gunea anestesiatzen duen hotz-sistema berezia dauka. Mekanismo horrek, aurretiaz izoztu behar den likidoa dauka eta, erabiltzailearen premiek hala agintzen dutenean, aparatuko buruan kokatzen da.

Ozentasun probetan frogatu zenez, sei depilagailuak zaratatsuegi dira, 100 dezibeliotik (dBA) gertuko balioetara iristen baitira martxan. Ohiko hizketaldi bat 60 eta 70 dBA tartean gertatzen da eta min-atalasea 130 eta 140 dBA inguruan dabil; beraz, hots-emisioa gainditu beharreko atala dute etxetresna elektriko txiki hauek.

Moldagarritasun eta ergonomia frogak azterturiko modelo guztiek aise gainditu zituzten arren, Philips Satin Ice laginari beste gainontzekoei baino balioztapen hobea aitortu zitzaion, bera gertatu baitzen denetan arinena (102 gramo) eta, gainera, bere forma erabiltzailearen eskuari hobeki moldatzen zaionez, erabilerak irauten duen bitartean egokiago heldu daiteke aparatua. Denetan astunena, aitzitik, Rowenta Expertise izan zen (148 gramo).

Erabilera proba

Laginen panela probatu zuen CONSUMER-ek, ezaugarri desberdinetako (ile-mota eta bilo-dentsitatea, depilatzeko modua eta maiztasunak, adina, etab.) 36 emakumeri aparatuak baliaraziz. Emaitzek, oro har, erakutsi dutenez, Philips markako bi modeloek Rowenta-koek baino balorazio hobea jaso zuten, eta hauek, berriz, Braun markakoen gainetik gertatu ziren. Nolanahi ere, batetik besterako aldeak ez ziren nabarmenak izan: erabilera probako puntuazio hoberena Philips Satin eta Satinelle laginek lortu zuten (4,3na puntu, 5ekiko) eta apalena Braun Body Epliation modeloak (3,4 puntu) eraman zuen.

Erabilera panelean 13 aldaki balioztatu ziren. Philips Satin laginak puntuazio hobea lortu zuen biloa erauzteko eman beharreko pasatze kopuruan eta depilazioan bitarteko min-sentsazioan eta gainontzeko aldakietan kalifikazio onak erdietsiz. Philips Satinelle lagina, berriz, aparatuaren estetikan, martxan jartzeko praktikotasunean, heltzeko erraztasun eta ergonomian, maneiagarritasunean, hots-mailan, erabiltzeko erraztasunean, esfoliatze funtzioan eta aparatua garbitzeko erraztasunean nabarmendu zen.

Rowenta Expertise laginak (Rowenta Access-ekin batera) 4 puntu irabazi zituelarik, lehen pasatzean lorturiko depilazioaren kalitatean eta larruazalaren depilatu ondorengo leuntasunean nabarmendu zen eta Philips Satin laginak bezainbeste puntu jaso zituen biloa erauzteko eman beharreko pasatze kopuruan. Braun markako bi modeloek ez zituzten horren emaitza bikainak erdietsi baina zuzen agertu ziren, Body Epilation 3,4 punturekin eta Easy Start 3,5ekin.

Denbora, funtsezko faktorea

Hanka erdia depilatzeko denbora gutxien behar izan zuen aparatua Rowenta Access izan zen (5 minutu eta 33 segundo), ondotik Philips Satinelle (6 minutu eta 7 segundo) zetorkiola. Eginkizun horretan gehien luzatu zirenak Braun Body Epilation (10 minutu eta erdi) eta Philips Satin (9 minutu eta 17 segundo) izan ziren.

Produktuaren segurtasunari eta elkargarritasun elektromagnetikoari dagozkion probetan, azterturiko sei laginek ederki funtzionatu zuten: erabiltzailearentzat ez dira arriskutsuak eta gainontzeko etxetresna elektrikoen funtzionamendua ez dute eragozten.

Garraiorako

Lagin guztiek garraiatzeko zakutoa dakarten arren denetan hoberena Philips Satin laginekoa da, aparatuarentzat eta gainerako osagarrientzat berariazko tokiak antolatuak dituelako. Braun markako biek, aldiz, metalezko sarexka dirudien eta urraketa eta kolpeen aurrean erresistentzia ona ezartzen duen materialez eginda daude. Braun Easy Start laginaren poltsa hobea da, lokarrien ordez kremailera baliatzen duelako ixteko. Philips Satinelle modeloaren zorroa oihal iragazgarrizkoa da, soila, eta lokarriarekin ixten da.

Kontsumitzailearentzako informazioa

Argibideetako liburuxka guztiak ongi balioztatu baziren ere, bazen aldetxorik batetik bestera: Philips eta Rowenta marketakoak oso onak dira baina Braun markakoei ez zaie horren kalifikazio ona aitortu, depilagailua edo indar-elikagailua hondatuz gero zer egin behar den argitzen ez dutelako. Philips HP 6447/00 modeloarekin zetorren liburuxka ez zegokion lagin horri.

Azterturiko sei aparatuek agertzen dituzten marka eta ikurrek urratu egiten dute indarreko arautegia, modelo guztietako ezaugarri elektrikoen plakak erabat bete gabe daudelako. Philips markako laginen berme-agiriak zuzenak badira ere, akats bat daukate, kafeontzi batekoak direla baitiote bertan. Braun 2550 laginekoa ez dagokio modelo horri eta Rowenta EP 385 aparatuaren formatua ez da zuzena: saltzailea, data eta eroslea adierazteko espaziorik ez du.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Philips, Braun eta Rowenta marketako sei depilagailu aztertu dira; horien prezioak 64 euro (Braun Easy Start) eta 85 euro (Philips Satin Ice) bitartean daude.
  • Kontsumitzailearentzako informazio eta babesari dagokion araua, berriz, lagin guztiek urratzen dute Philips markako laginen berme-agiriek kafeontzi batekoak direla diote, ez depilagailukoak.
  • Rowenta markako modeloen buruek 32 pintza dituzte (gainerakoek 20 baino ez) baina marka honetakoak dira burua finko (beraz, garbitzeko unean zailagoak eta, gainera, ezin aldatzekoak) duten bakarrak.
  • Erabilera proban ongi agertu ziren denak. Philips markakoak izan ziren hoberenak (4,3 puntu, 5ekiko); ondotik Rowenta (4 punturekin) eta azkenik Braun (3,5 eta 3,4 puntu) markakoak zetozen.
  • Aparatu hauek hobetu behar duten alderdietako bat hots-maila da, sei laginetan ere altuegia zelako.
  • Hanka erdia depilatzeko behar izaniko denbora dezente aldatu zen, aparatu batetik bestera: 5 minutu eta erditik (Rowenta Access) 10 minutu eta erdira (Braun Body Epilation).
  • Philips Satin Ice, denetan garestiena (85 euro) eta mantsoenetako bat den arren, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena berak eskaintzen du: minaren aurkako sisteman, moldagarritasun eta ergonomian eta garbitzeko eta mantentzeko erraztasunean nabarmendu zen. Philips Satinelle eta Rowenta Access ere aukera politak dira.
Marka PHILIPS PHILIPS BRAUN BRAUN ROWENTA ROWENTA
Modeloa SATINELLE BODY ZARE HP 6447/00 SATIN IZE TOTAL ZARE HP 6438/PB BODY EPILATION 2550 EASY START 2240 AZZESS EP 385 EXPERTISE EP 345
Prezioa (euroak) 69,95 84,55 71,67 63,71 69,33 64,98
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa
Markak/ikurrak EZ EZ EZ EZ EZ EZ
Erabili, mantendu eta garbitzeko Z Z EZ EZ Z Z
Bermea Z Z EZ Z EZ Z
Ezaugarri teknikoak
Pisua (g) 122 102 118 118 133 148
Buruko
pintzen kopurua
20 20 20 20 32 32
Buru
finko edo erauzgarria
Erauz- garria Erauz- garria Erauz- garria Erauz- garria Finkoa / Baskulagarria Finkoa
Buru
motak
Ez Ez Bai Bai Ez Ez
Alderdi
sentikorrentzako burua
Ez Bai Ez Ez Ez Ez
Ebakera-burua Bai Bai Ez Ez Ez Ez
Buru
esfoliatzailea
Bai Bai Ez Ez Bai Bai
Buruko
akzesorioak
Orrazia Ezargailu hotza Arrabolak Arrabolak Esferak Hortzak
Babes-estalkia Orrazia Ezargailu hotza Arrabolak Arrabolak Esferak Hortzak
Min-aringarria Ez Ez Ez Ez Plakak Plakak
Zehaztasuna
/ Alderdi sentikorra
Bai Bai Ez Ez Ez Bai
Segurtasuna Z Z Z Z Z Z
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa Ongi Ongi Bik Ongi Ongi Bik
Erabiltzeko
egokitasuna
Argibide
liburua
Bik Bik Ongi Ongi Bik Bik
Kanpoko
itxura eta bukaera
Ongi N Ongi Ongi N N
Markak
/ Ikusgarritasuna
Gaizki Gaizki Gaizki Gaizki Gaizki Gaizki
Depilazio
burua
N N N N Ongi Ongi
Zona
minberetako sistema / zehaztasuna
N N Ongi N N
Esfoliazio
sistema
Ongi Ongi Ongi Ongi
Minaren
aurkako sistema
Ongi Bik N N Ongi Ongi
Burua
doitzea
N N N N Ongi N
Moldagarritasun
eta ergonomia
Ongi Ongi Ongi Ongi N N
Erabilera proba 4,3 4,3 3,4 3,5 4,0 4,0
Osoko balioztapena N Bik N N Ongi N

Erabilitako kalifikazioak: Z (zuzen), EZ (ez dago zuzen), Bikain, Ongi, Normal, Gaizki, GG (oso gaizki)

Banan-banan

Sei depilagailu elektrikoak, banan-banan

PHILIPS SATIN ICE TOTAL CARE HP 6438/PB

  • 84,55 euro, denetan garestiena
  • Osoko balorazioa: oso ongi.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Pack-a: kutxatila, hotz-aplikagailu anestesiagarria, esfoliatze, ebakitze, depilatze-burua, doitasun-moldagailua, sareko elikagailua eta garbitzeko eskuila. Markatu eta ikurrak, gaizki. Denetan arinena. Ebakitze-burua daukan bakarra. Oso ongi argibideetako liburuxka, minaren aurkako sistema, moldagarritasun eta ergonomia, eta mantenu eta garbiketa.
  • Erabilera proba: Philips Satinelle laginarekin batera, onena (4,3 punturekin, 5ekiko). Alderdi hoberena: “Oso ongi bloke hoztailea, min gutxiko depilazioa, esfoliatze funtzioa eta depilazio eraginkorra”. Alderdi txarrena: mantsoenetako bat da.

PHILIPS SATINELLE SUPER SENSITIVE BODY CARE HP 6447/00

  • 69,95 euro
  • Osoko balorazioa: normala.
  • Aukera polita.
  • Pack-a: bidaiarako kutxatila, depilatzeko burua disko birakariekin, minaren aurkako sistema (hankak), minaren aurkako sistema (besape eta iztaiak), esfoliatzeko burua, alderdi sentikorretarako egokigailua, sareko elikagailua eta garbitzeko eskuila. Markatu eta ikurrak, gaizki. Esfoliatzeko burua dakar. Argibideetako liburuxka oso ona; kanpoko itxura eta bukaera onak, minaren aurkako sistema, eta garbitu eta mantentzekoa.
  • Erabilera proba: Philips Satin Ice laginarekin batera, onena. 4,3 puntu, 5ekiko. Alderdi hoberena: “esfoliatze funtzioa eraginkorra, min gutxi eragiten du depilazioak”. Alderdi txarrena: “pasatze gehitxo egin behar”.

ROWENTA ACCESS BODY & CARE EP 385

  • 69,33 euro
  • Osoko balorazioa: Ongi.
  • Aukera polita, berau. Pack-a: buru estandarra, soft precision depilaziokoa, bidaiarako kutxatila, bi plakatxo esfoliatzaile (larruazal normal eta delikatuentzakoak), sareko elikagailua eta garbitzeko eskuila. Ikur, markatu eta berme-agiria, gaizki. Buru finkoa du, jiratzen da eta 32 pintza dauzka, 20ren ordez. Argibideetako liburuxka oso argia; oso ongi depilatzeko burua, minaren aurkako sistema, eta burua moldatzeko sistema.
  • Erabilera proba: 4 puntu, 5ekiko. Alderdi hoberena: “esfoliatze funtzio eta depilazio eraginkorrak”. Alderdi txarrena: “zaratatsua, pasatze asko egin behar dira, depilatze mingarria”.

BRAUN SILK EPIL EVER SOFT EASY START 2240

  • 63,71 euro, denetan merkeena.
  • Osoko balorazioa: Normala.
  • Pack-a: depilatzeko buru estandarra, depilatzeko burua starter, pintza gutxirekin, ever soft minaren kontrako osagarria, bidaiarako kutxatila, sareko elikagailua eta garbitzeko eskuila. Markatua, ikurrak eta erabili eta mantentzeko argibideak, gaizki. Alderdi sentikorrentzako burua dakar baina ez esfoliatze-sistema, ezta burua babesteko estalkia ere. Funtziorako egokitasunean, kanpoko itxura, bukaera, mantendu eta garbitzeko erraza, nabarmentzeko modukoak.
  • Erabilera proba: 3,5 puntu 5ekiko. Alderdi hoberena: “depilazio eraginkorra, garbiketa baliagarria”. Alderdi txarrena: “pasatze gehitxo egin behar da”.

ROWENTA EXPERTISE BODY & CARE EP 345

  • 64,98 euro
  • Osoko balorazioa: Normala.
  • Pack-a: depilatzeko burua doitasun-soft-a, bidaiarako kutxatila, burua alderdi sentikorretara egokitzeko osagarria, bi plakatxo esfoliatzaile (larruazal normal eta delikatuentzat), sareko elikagailua eta garbitzeko eskuila. Markatu, ikur eta berme-agiria, gaizki. Denetan astunena. Buru finkoa du, ez da jiratzen eta 32 pintza dauzka, 20ren ordez. Erabiltzeko eskuliburua oso ongi, eta ongi depilatzeko burua eta minaren aurkako sistema.
  • Erabilera proba: 4 puntu, 5ekiko. Alderdi hoberena: “esfoliatze funtzioa eta depilazioa, eraginkorrak”. Alderdi txarrena: “zaratatsua, depilatze mingarria”.

BRAUN SILK EPIL EVER SOFT BODY EPILATION 2550

  • 71,67 euro
  • Osoko balorazioa: Normala.
  • Pack-a: depilatzeko burua pintaduna alderdi sentikorrentzat, ever soft minaren aurkako osagarria, bidaiarako kutxatila, sareko elikagailua eta garbitzeko eskuila. Ikur, markatu, argibide eta berme-agiria, gaizki. Alderdi sentikorrentzako burua baina esfoliatze sistemarik gabea. Elkargarritasun elektromagnetikoan oso ongi. Alderdi sentikorrentzako burua, kanpoko itxura eta bukaera, eta mantendu eta garbitzeko alderdiak, nabarmentzeko modukoak.
  • Erabilera proba: 3,4 puntu 5ekiko. Alderdi hoberena: “aparatuaren estetika”. Alderdi txarrena: “pasatze gehitxo egin behar, zaratatsua”.