Antzeko prestazioak, prezioetan alde handiak
Irabiagailua ere egungo sukaldean ohiko aparatu bilakatu da. Hori gabe ezin uler genezake gaur hainbat saltsa eta pure egitea eta, areago, irabiatzeaz gainera, aspaldiko partez tresna horiei birrintzea, txikitzea, papurtzea edota irintzea ere eskatzen diogu, baldintza batekin: erabilera eta garbitze errazekoa izatea.
Laborategian azterketa egin eta erabilera-proba ezarri zaie 600 watteko zazpi irabiagailu elektrikori; horien prezioak 33,45 eurotik (Philips HR1363) 65 euroraino doaz (Braun Multiquick). Kontsumitzaileek nahiena dutena, berriz, merkeenetako bat izan da (Moulinex Optipro, 37,40 euro): proba guztiak gainditu ditu eta, gainera, bere eginkizuna (elikagaiak irabiatzea) aise betetzen duenez, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena eskaintzen du. Irabiagailuaz gainera, birrintzen edo txikitzen duen aparatua eskuratu nahi duten erabiltzaileek Ufesa BP4515 aukera dezakete: garestia da (53 euro) baina osagarri askoz hornitua.
Taurus, Braun, Krups eta Moulinex marketako laginek errezeta liburu baliagarria ematen dute, aparatuari zukuak eraginkortasun handiagoz ateratzeko. Zazpi laginek zuzen daukate etiketa eta derrigorrezko adierazpen guztiak dauzkate. Gida-liburuak ulergarriak eta ongi osatuak izaki, hein batean arriskutsu izan daitekeen aparatua baliatzeko kontuan hartu behar diren segurtasun neurriez informazioa egokiro ematen dute. Legeak derrigortzen duen bi urteko bermea zazpiek emateak eta agiriak espainieraz egoteak (arauak xedatua duen bezala) ez lukete albiste izan beharko baina bermeei buruzko lege berria duela lau urte indarrean sartu zenetik hauxe da CONSUMER EROSKI-k azterturiko lagin guztiek funtsezko atal honetan huts egin ez duten aldi bakarra. Taurus markakoak, legezko bi urtez gainera, beste bat ere eskaintzen du pieza akastunei dagokiela (eskulana kanpo geratu da).
Segurtasun aldetik, ongi
Aparatuen segurtasunaz ari garela, behar bezain isolatuak daude, ezinezkoa da karga elektrikoa daukaten zokoetaraino hatzekin iristea. Berotze-proban, berriz, aparatuek normal funtzionatzen dutenean beren atal sentikorrenek ez dute hartzen tenperatura beroegia. Emaitzak onak izan dira aparatuak okerreko baldintzetan edo muturreko egoeretan martxan jartzean: segurtasuna behar bezainbestekoa da, aparatuak suteen kontra edo hondamen mekanikoen aurka babestuak daudelako. Denetan garrantzizkoena: atalik arriskutsuena (ahoa) ondo babestua dago.
Bateragarritasun elektromagnetikoko probek, tresna hauek beste aparatu elektrikoen funtzionamendu egokia galaraz dezaketen adierazten dute. Irabiagailuak behar bezain ongi isolatuak ez badaude irrati edo telebistetan interferentzia gogaikarriak sortaraz ditzakete. Hori ez da arazo larria (amaitu egiten baita ekipoa itzaltzean) baina tresna hauek ez dituzte gainditu behar Arautegiak xedaturiko gehieneko mugak. Taurus Bapi 600 laginak ez du proba gainditu, baimendutako emisio-mugak hautsi dituelako.
Esku bakarrarekin heltzekoak direnez, irabiagailuok arinak izan behar dute, maneiagarriak izan daitezen. Pisu batetik bestera ez da alde nabarmenik hauteman: Braun eta Krups (800 gramo) laginek denetan arinenak (Ufesa) baino 150 gramo gehiago baizik ez dute. Luzeran ere ez dira arras desberdinak: Philips 37,5 zentimetro da eta Braun eta Krups, bi zentimetro gehiago. Kable luzeak erabilera erraztu egiten du, tresna entxufetik urruti baliatzeko aukera ematen duelako. Kable motzenak Taurus (116 zentimetro) eta Braun (122 cm) laginenak dira; luzeena, berrez, Moulinex-ena (154 cm).
Potentzia bai, baina ez horrenbesterako
Zazpiek adierazi dute 600 watteko potentzia dutela baina, halaz ere, benetakoa egiaztatu nahi izan zen, aldi berean azenarioak eta ura abiadura berean birrinduz, Arautegiak dioen legez. Potentzia horretatik urrun daude denak: Krups eta Moulinex 185 wattekoak dira eta, beste muturrean, balio nominalera Taurus bakarrik gerturatu zen: 406 watt. Adierazitako 600 watt horietara iritsi ziren aparatuak elikagai gogorragoak irabiatuz baina proba normalizatuan ez zuten inondik ere lortu.
Errezeta batzuk prestatzeko osagaiak abiadura jakin batean irabiatu behar dira. Philips eta Moulinex laginek bi abiadura baizik ez dituzte: normala eta “turbo” izenekoa; honakoa baliagarria da elikagai gogorrak (ogia, haragia, etab.) lantzeko. Braun markakoak 16 abiadura ditu, Taurus-ek 10 eta Krups-ek, 6. Ufesa eta Bosch laginek daukaten erregulatzaile aldagarriari esker, erabiltzaileak nahi duen abiadura lortuko du, zehatz-mehatz.
Irabiagailua baliatzeko ontzia ematen dute zazpi laginek ere. Bosch, Philips eta Ufesa laginetako ontziek estalkia daukate, irabiatutakoa bertan gorde ahal izateko. Bosch eta Philips laginak dira horman eskegitzeko euskailurik ez daukaten bakarrak. Philips irabiagailuak elikagaiak birrintzeko osagarria dauka eta Braun eta Ufesa, birrintzeko osagarriez gainera, hainbat eginkizunetan (esnegaina harrotzeko, adibidez) baliagarri diren ziriez osatuak daude.
Esfortzu proba
Esfortzu proba ere ezarri zitzaien irabiagailuei: abiadura ertain-altuan ura irabiatu behar zuten minutu batez eta, ondoren, bost minutuz itzali egiten ziren. Prozesu hau 2.230 ziklotan errepikatu zen, hots, bederatzi egun pasatxotan. Proba zorrotz honen ostean, irabiagailu denek martxan segitu zuten gorabeherarik gabe.
Sukaldean lurrera etor daitezkeenez, aparatuen erresistentzia frogatzeko besoa (berau baita erortzeko aukera gehien dituen atala)bota zen haritzezko azal baten gainean. Beso bakar bat ere ez zen hondatu.
Irabiagailuak sei erabiltzailek probatu ondoren, hainbat alderdi puntuatu zituzten 1etik 10era. Irabiagailuak baloratu aurretik, hainbat elikagai (ogia, fruta, tomateak, piperrak, patata egosia) irabiatu, birrindu eta txikitze lanetan baliatu zituzten. Beste aldetik, errezeta soil batzuk ere prestatu zituzten, hala nola purea eta gazpatxoa, eta azkenean aparatuak garbitu behar izan zituzten. Lagin denek nota onarekin gainditu dute proba: hoberenak Moulinex (10 puntutik, 8,5), Bosch eta Braun (8,4 puntu), erabiltzeko errazak direlako, potentzia politekoak eta prestazio ugari dituztelako. Gertu-gertu geratu zen Taurus (8,2 puntu). Dena den, kalifikazio txarrenak ere on-onak izan ziren: Philips, Ufesa eta Krups laginek 7,8 puntu erdietsi dituzte.
Gida-libururik ulergarriena Bosch laginena da baina Philips tresnarena ez da eroso eta praktikoa. Diseinuari dagokiola, Moulinex da kontsumitzaileei gehien gustatu zaiena eta Ufesa gutxien atsegin zaiena. Bolumen eta pisu handienekoa aukeratzean, Krups aipatu dute erabiltzaileek baina proba objektiboek ez dute nabarmendu pisu edo luzeran alde handirik. Moulinex laginaren kable luzea ondo balioztatu dute. Isilena Braun da eta zaratatsuenak, aldiz, Ufesa eta Krups (honakoak, gainera, bibrazio bortitzak ditu). Ergonomia eta prestazioetan Braun eta Moulinex hobetsi dira besteen gainetik. Atal bi horietan Krups laginak kalifikazio txarrena eraman du baina nahasketak egiteko ontzirik onena dauka. Irabiagailuekin hainbat errezeta prestatu ondoren, Krups eta Ufesa laginek puntuazio apalagoa eraman dute (6,3 eta 6,5 puntu). Lana hobekien egin duena Braun da (8,3 puntu). Beste hainbat alderditan (garbitzeko edo muntatzeko erraztasuna, aginteen ulergarritasun eta baliagarritasuna, etab.) zazpi irabiagailuek erdietsi dituzte antzeko notak.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Besodun zazpi irabiagailu elektriko aztertu dira. Merkeena (Philips) 33,5 euro kostatu zen; garestiena (Braun), 65 euro.
- Zazpiak ere seguruak dira; esku-liburuak, markak eta garantiak zuzen daude. Taurus Bapi 600 laginak ez du bateragarritasun elektromagnetikoko proba gainditu, sare elektriko berean konektaturik dauden irrati edo telebistetan interferentziak eragin ditzakeelako.
- Bolumen eta pisurik handieneko tresnak Braun eta Krups dira; txikiena Philips eta arinena Ufesa.
- Beren burua 600 watteko potentziaduntzat agertzen badute ere, proba normalizatua eginez (azenarioak eta ura irabiatuz) agertu duten egiazko potentzia hortik urrun dago: 180 wattetik (Krups) 406 wattera doa (Taurus).
- Prestazioetan ez dago alderik, ia. Philips eta Braun laginek bi abiadura baizik ez izatea ez zaie gustatu erabiltzaileei. Nahasketa egiteko ontzia lagin guztiek daukaten arren, osagarrien kopuruz Braun eta Ufesa ugariagoak dira.
- Erabiltzaileekin eginiko proba zazpi laginek gainditu dute, erraz gainditu ere. Denetan hoberenak Moulinex (10 puntutik 8,5), Bosch eta Braun (8,4na puntu); horrenbeste ez zitzaizkien gustatu Taurus (8,2 puntu), Krups, Philips eta Ufesa (hirurak ere, 7,8na puntu).
- Kalitatearen eta prezioaren erlazio egokiena Moulinex Optipro laginak ematen du: merkeenetakoa izanik (37,40 euro), kontsumitzaileen balorazio onena jaso du. Hobeki osaturiko aparatuaren bila doanak, Ufesa BP4515 du aukera polita: garestienetako bat da baina pieza osagarri askoz hornitua.
Marka Modeloa |
Moulinex Optipro | Ufesa BP4515 | Philips HR1363 | Krups GPA 1 | Bosch MSM 6280 | Braun Multi- quick | Taurus Bapi 600 |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Prezioa (euro unitateko) | 37,40 | 52,95 | 33,45 | 40 | 57,73 | 65,07 | 39,37 |
Kontsumitzailea- rentzako informazioa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Segurtasun elektrikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Bateraga- rritasun elektro- magnetikoa1 | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Incumple |
Alderdi teknikoak | |||||||
Altuera (mm) | 390 | 385 | 375 | 395 | 390 | 395 | 380 |
Pisua (g) | 750 | 650 | 700 | 800 | 750 | 800 | 750 |
Adierazitako potentzia (W) | 600 | 600 | 600 | 600 | 600 | 600 | 600 |
Neurturiko potentzia (W) | 185 | 310 | 240 | 180 | 200 | 205 | 406 |
Kablearen luzera (cm) | 154 | 147 | 130 | 144 | 144 | 122 | 116 |
Abiaduren kopurua | Turbo botoia | Aldagarria | Turbo botoia | 6 | Aldagarria + turbo | 15 + turbo | 10 |
Besoaren materiala | Metal- ezkoa |
Metal- ezkoa |
Plasti- kozkoa |
Metal- ezkoa |
Metal- ezkoa |
Metal- ezkoa |
Metal- ezkoa |
Osagarriak | Horman itsasteko euskailua Nahasteko ontzia | Irabia- gailua, Horman itsasteko euskailua Nahasteko ontzia, Tapa, Osagarri birrin- tzailea | Nahasteko ontzia Estalkiak Osagarri birrintzailea |
Horman itsasteko euskailua Nahasteko ontzia | Nahasteko ontzia Tapa |
Irabia- gailua, Horman itsasteko euskailua Nahasteko ontzia, Osagarri birrin- tzailea | Horman itsasteko euskailua Nahasteko ontzia |
Bizitza iraupena | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Erorikoen aurreko erresistentzia | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Erabilera proba (1 – 10) | 8,5 | 7,8 | 7,8 | 7,8 | 8,4 | 8,4 | 8,2 |
1. Beste hainbat aparatu elektrikotan (telebista, irrati, etab.) interferentziak eragin ahal ditzakeen.
Banan-banan
Zazpi irabiagailu elektrikoak, banan-banan
Moulinex Optipro
- 37,40 euro
- Kalitatearen eta prezioaren erlazio egokiena. Egiazko potentzia txikienetako bat (185 W). Honen kablea luzeena da (154 cm). Bi abiadura baino ez. Pieza osagarriak: hormako euskailua eta nahasteko ontzia.
- Erabilera proba: 10 puntutik 8,5. Gehien gustatu dena. Diseinua eta kablearen luzera nabarmendu dituzte erabiltzailek. Laginik hoberenetako bat ergonomian, erabiltzeko erraztasunean eta muntatzeko eta garbitzeko erosotasunean.
Ufesa BP4515
- 52,95 euro, garestia
- Denetan arinena (650 gramo). Egiazko potentzia handienekoa (310 W). Abiadura aukeratzeko dispositiboa. Pieza osagarrien aukera zabalena: hormako euskailua, nahasteko ontzia, estalkia, birrintzeko pieza eta nahasteko ziriak.
- Erabilera proba: 10 puntutik 7,8. Argibide liburu ulergarri eta baliagarria Neurri eta pisuagatik, hobekien baloratu dena. Okerrena: mantsoen eta zaratatsuena, gutxien gustatu den diseinukoa. Erabiltzeko erraztasun eta prestazioetan ere, puntuazio kaskarrenak.
Philips HR1363
- 33,45 euro, denetan merkeena
- Txikiena (375 mm). Bi abiadura baino ez. Plastiko hutsezko besoa daukan bakarra. Osagarriak: nahasteko ontzia, estalkiak eta birrintzeko pieza.
- Erabilera proba: 10 puntutik 7,8. Argibide liburua ulergarritasun eta erosotasun apalekotzat jo dute. Abiadura kontrolatzeko dispositiborik z edukitzea ez zaie gustatu erabiltzaileei.
Krups GPA 1
- 40 euro
- Luzeen (395 mm) eta astunenetako bat (800 gramo). Egiazko potentzia txikienetako bat (180 W). Abiadura erregulatzeko dispositiboa dauka. Pieza osagarriak: horma-euskailua eta nahasteko ontzia.
- Erabilera proba: 10 puntutik 7,8. Neurriak eta pisua, ergonomia, garbitu eta muntatzeko erosotasun eta erraztasuna ez dira erabiltzaileen gustukoak Bigarren zaratatsuena izanik, bibrazio handiak eragiten ditu. Gehien gustatu den irabiagailua dauka
Bosch MSM 6280
- 57,73 euro
- Abiadura erregulatzeko dispositiboa eta “turbo” funtzioa dauzka. Pieza osagarriak: nahasketa egiteko ontzia eta estalkia.
- Erabilera proba: 10 puntutik 8,4. Hoberenetako bat: bertako argibideen liburuaren ulergarritasun eta baliagarritasuna, garbitzeko erosotasuna eta besoa desmuntatzeko erraztasuna, nabarmentzeko modukoak.
Braun Multiquick
- 65,07 euro, denetan garestiena
- Altuen (395 mm) eta astunenetako bat (800 gramo). Abiadura erregulatzeko dispositiboa eta “turbo” funtzioaz hornitua. Pieza osagarriak: ziriak, hormako euskailua, nahasteko ontzia eta birrintzeko pieza.
- Erabilera proba: 10 puntutik 8,4. Hoberenetako bat: isilenen artekoa, erabiltzeko eta desmuntatzeko erraza, garbitzeko erosoa.
Taurus Bapi 600
- 39,37 euro
- Bateraga- rritasun elektro- magnetikoaren araua urratzen duen bakarra: honen funtzionamenduak sare elektrikoan konektatuak dauden aparatuetan interferentziak sortaraz ditzake. Egiazko potentzia handiena (406 W). Kablerik laburrena (116 cm), badauka abiadura erregulatzeko dispositiboa. Pieza osagarriak: hormako euskailua eta nahasketa egiteko ontzia.
- Erabilera proba: 10 puntutik 8,2. Ez du nabarmentzeko moduko alderdirik.